GARA: HARROTASUN MARTXA, HOGEI URTETAKO LGBT+ BORROKA BIARRITZEN

Aurten Biarritzen hogei urte beteko dituen Gay Pride martxa bihar zen egitekoa, baina, covid-19ak eragindako krisiaren eraginez, aldarrikapen eta festa eguna Internetez eginen da. Bi hamarkadotan egoerak hobera egin du, baina borrokatzeko arrazoiak ez dira bukatu.

Urtero, Gay Pride martxa data ofiziala baino astebete lehenago ospatzen da Biarritzen, egun handian, jende gehiago biltzen dituzten Okzitaniako Tolosako edo Pariseko hitzorduetara joateko aukera uzteko. Bihar egin behar zen 20. Harrotasun Martxa, baina, krisiaren ondorioz, Internet bidez egiteko deia zabaldu dute Ipar Euskal Herriko LGBT+ mugimenduek eta ordezkari duten Bascos elkarteak. Bertako bozeramaile den Beñat Gaschenek azpimarratu duenez, «2020ko martxa oso sinbolikoa da, ez dugu nahi oharkabean pasatzea. Egunean zehar, Instagram, Facebook eta Zoom bitartez, aurreko urteetako bideoak, musika eta hitzartzeak izanen dira».

Urteurrena ospatzeko, bi hamarkadotan zehar izandako aldarrikapenak eta aitzinamenduak gogoan atxikitzeko “20 urte martxan, 20 urte borrokan, 20 urte berdintasunaren alde” erakusketa atondu du elkarteak. Pandemiaren ondorioz, ekainerako aurreikusitako estreinaldi data, irailera atzeratu da. Bitartean, erakusketaren osagarri izateko egindako Biarritzpride.fr webgunean, argazki, bideo, prentsa artikulu, azalpen… ugari aurki daitezke. «Transmisioa egitera behartuta gaude, eskubideak lortzeko eraman ditugun borroken berri eman behar diegu gazteei. Oraindik bada zer borrokatu», uste du 2004tik parte hartu duen Gaschenek.

Lehen martxa ofiziala 2001ean egin bazen ere, 2000. urtean baimenik gabeko manifestazio txiki bat egin zen Biarritzen, «gauzale eta elkartearen inguruko pertsona talde baten eskutik». 2001. urtean hiesaren kontrako borrokan ari ziren Aides eta Arsa elkarteek antolatu zuten Harrotasun Martxa, hiriko auzapeza zen Didier Borotraren baimenarekin. Tokiaren aukeraketan, alkatearen onespenak garrantzia izan zuen, baina baita historikoki Lapurdiko kostako hirian gay pertsonei egin izan zaien harrerak ere. Izan ere, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan dagoeneko, baziren homosexual giroko tabernak Biarritzen, eta beste estatuetako jendea ere hurbiltzen zen bertara.

Hala ere, LGBT+ talde egituraturik ez zen izan Biarritzen 2002ko martxa antolatzeko Lesbian Gay Pride Impact elkartea sortu zen arte. 2010erako mugimendua aski desegituratuta zegoenez, ordura arte kirol elkarte zen Bascosen esku gelditu zen antolaketa: «Galdetu ziguten arduratu nahi genuen, eta geroztik taldea ez da bakarrik kirolaren ingurukoa, soziala eta militantea ere bada».

Lehen urte horietako martxen eta egungoen artean izandako aurrerapausoa agerikoa dela nabarmendu du antolatzaileak. Garai batean LGBT+ jendea karriketan ikustea apartekoa zela oroitu du, eta mugimenduan bertan ere aldea agerikoa dela nabarmendu du: «Garaian hiesaren gaia bazen, desmasia handiak eragin zituena berdintasuna lortzeko, eta bikote homosexualen ezagutza administratiboa ekarriko zuen PACS itun zibila lortzeko borroka handia izan zen; injustizia sentimendua oso azkarra zen. Gaur egun, parte hartzaileak oso gazteak dira, beraien ikusgarritasuna bermatzearekin pozik daude, eta borroka zentzu hori, krispazio edo gatazka zuzeneko uneetara mugatzen da, 2013an sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren momentuan bezala. Baina guk etengabe oroitarazten dugu, martxa aldarrikatzailea dela; musika bada, karroak badira, baina aldarrikatzeko momentua da. Gaur egun ere egoera ahula da, eskubide berdintasunaren kontrako indarrak daudelako».

Egungo egoerari, azken 20 urteotako esperientziatik begiratzen dio: «2000. urtetik Interneten garrantzia handitzen ikusi dugu, aplikazioen sorrera… haustura ikusi dugu norbanakoen eta sozializazio tokien artean. Orain norbera bere alde ari da, eta, lortutako gauzei begiratuta, egoera arinki begiratzeko joera dago. Baina elkarteak eskubideak lortzen segitzeko borrokatzeko gaude».

EHGAM eta Gehitu, bidaide

Gipuzkoako EHGAM eta Gehitu LGBT+ elkarteen presentzia eta laguntza lehen urteetatik agerikoa izan da. 2005ean Biarritzeko Harrotasun Martxara Bidasoaren hegoaldeko kideak hurbildu ziren, eta gerora ere sostengua eta elkarlana etengabekoa izan da. «Laguntza horren beharra izan dugu. Mugimendua Iparraldean gehiago garatu ahal izan bada, Estatu frantseseko mugimenduagatik izan da, noski, baina baita laguntza hori zegoelako ere, teorikoa eta militantea», azaldu du Gaschenek. Azpiegitura mailan ere izan da elkarlana: «Iparraldeko gure elkarteak ahulak ziren eta, ondorioz, beraien laguntza izan dugu, adibidez, Euskal Herria Zuzenean festibalean prebentzio lana egiteko eskuorriak EHGAMek eman zizkigun».

Bascos antolatzeko ere Hego Euskal Herriko taldeek izan duten garrantzia azpimarratu du: «Gehitu bezalako elkarteen egituraketa eredu izan dugu. 300 kide gara, eta hamabost taldetan antolatuta gaude: soziala, besta girokoa…». Bilboko Aldarterekin ere lan egin izan dute, eta Hegoaldeko elkarteekin kolaborazioa jarraitzea «derrigorrezkoa» deritzo bozeramaileak. Bide horretan hiru hizkuntzetan izango den gida praktiko bat egiten ari direla jakinarazi du.

Bascos elkarteak bere lanarekin segitu ahal izateko beharrezkoa duen finantziazioa lortzeko bidean, koronabirusari loturiko krisiak eragin handia izan du, Baionan duten Txalaparta zentroa itxi behar izan baitute, eta udaberri eta udako ekitaldi handiak bertan behera utzi, aurrekontuaren %25 galduz. Egoera ekonomiko zailari aurre egiteko, “Gure koloreak berriz atzeman ditzagun” lelopean finantzazio kanpaina bat abiatu du.

Talde sozialak lanean jarraitu du, eta konfinamenduak pertsona batzuei kalte handia eragin diela egiaztatu du. «Harrera egiten diogun eta mobilizatzera eramaten gaituen publikoaren zaurgarritasuna agerian gelditu da. Eremu familiar LGBT+ fobikoa duten pertsona gazteen, lotura familiarrak hautsi dituzten adinekoen, prozedura administratiboak bertan behera uztera behartuta izan diren pertsona transgeneroen… prekaritate administratiboa egiaztatu dugu». LGTB+ migranteak ere gogoan dituzte Bascos elkartean, normalean asilo eskaerarako desmartxa administratiboetan laguntzen baitituzte.

“HARROTASUNA EZ DAGO SALGAI”

2018-06-28, Bilbo. LGTBI kolektiboaren nazioarteko eguna, manifestazioa E28 koordinadorak deituta.

Peru Azpillaga Diez

Arnasa luzeko mugimendua da LGTBI komunitatearena. Urteak daramatza lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eskubideak defendatzen, eta kontaezinak dira azken hamarkadetan emandako aurrerapausoak. Gaur egun, handiak dira genero dibertsitatearen alde lortutako garaipenak, eta sakonak bestelako gizarte bat osatzeko erroak. Alta, askatasunaren bidean dena ez da beti arrosa. Izan ere, azkenaldian “merkantilizazio eta zurikeria” amaraun batean harrapatuta geratu da LGTBI mugimenduaren zati bat. Hala iruditzen zaio Ekainak 28 koordinakundeari.

Herri botereaz harro, zioen joan den maiatzaren 17an LGTBfobiaren aurkako eguneko manifestazioan zabaldutako pankartak. Ekainak 28 koordinakundeak antolatutako mobilizazioa zen, eta aspaldian azaldutako kezka bati erantzuten zion leloa plazaratzen zuen. Azken hamarkadan LGTBI mugimendu osoa astindu duen kezka bera bildu zuen koordinakundeak egun hartan; besteak beste, Bilbon eta Bizkaian 2015etik hona handituz joan den kezka. Izan ere, urte hartan hasi ziren Bilboko Udala eta Bizkaiko Diputazioa ekainaren 28aren bueltan, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna dela eta, Pride jaia antolatzen; aurten Bilbao Bizkaia Harro izena hartu duena.

Koordinakundeak ez ditu, baina, begi onez ikusten instituzioek LGTBI mugimenduaren izenean antolatutako egitasmo horiek, eta salaketa eginez erantzun dute behin baino gehiagotan: “Harrotasuna ez dago salgai”. Koordinakundearen iritziz, instituzioek LGTBI kolektiboa erabiltzen dute irudi “ireki eta tolerantea” emateko, “gizarte eredu baztertzaile, elitista eta kapitalista bat” bultzatzen duten bitartean. Esaterako, nabarmendu dute 2018an Pride jaiaren antolakuntzak 36.000 euro jaso zituela instituzioetatik; horietatik 18.119,75 euro, Bilboko itsasadarrean egindako desfile pribaturako.

“Gure behar errealak eta gu babesteko baliabideak bultzatu beharrean, marjinalizazio sozialera garamatzate. Ez dugu su artifizialekin ospatu nahi instituzioek urtean zehar sortzen duten utzikeria”, kritikatu dute maiatzaren 17aren harira kaleratutako oharrean; Euskal Herriko eta Bizkaiko LGTBI kolektiboaren historiak bost urte baino gehiago dituela ere gogora ekarri dute. “Historia hau kolektibo eta pertsona anitzez beteta dago, eta instituzioak pertsona eta kolektibo hauek ezabatzen ari dira, modu oso zikinean, gure izenean”.

Genero dibertsitateak oro har kontsentsu soziala lortu duen arren, badirudi instituzioen eta zenbait LGTBI elkarteren arteko harremana ez dela ari fruiturik ematen. Irudipen hori du, gutxienez, Bea Macias Ozen elkarteko kideak: “Instituzioek, diputazioak zein udalak diru publikoa erabiltzen dute festa pribatu batzuk finantzatzeko”. Ur Parade desfileaz ari da Macias. “Itsasontzi batzuetan egiten dute, eta gonbidapenen bidez soilik hartu daiteke parte”. Horregatik kritikatzen du instituzioen rola: “Badirudi gure borroka erabiltzen dutela”. Izan ere, halako egitasmoak soilik bultzatzen dituztela uste du, eta horietan guztietan alde batera geratzen direla LGTBI pertsonen benetako beharrak.

“Hiri ireki baten itxura eman nahi dute, hemen inongo arazorik ez balego bezala”, kexu da. Maciasek azaldu duenez, LGTBI mugimenduak ez du inondik inora halako zerbaiten beharrik: “Benetako beharrak ditugu, neurri zehatzak, erasoen aurkako protokoloak… eta ez dirudun gutxi batzuentzako jai pribatuak”. Maciasek hezkuntza eremuan lan egiten duten LGTBI eragileek instituzioekin duten hartu-emana nabarmendu duen arren, gainontzekoak baztertuta daudela dio: “Beste askok ez dugu instituzioekin lanik egiten, beti baztertu izan dituztelako gure proposamenak; ez dago gure beharren atzean dagoen udalik, gu lagundu nahi gaituen diputaziorik; beren mesederako erabiltzen gaituzte soilik”.

‘Pinkwashing’

LGTBI komunitateak bizi duen “despolitizazioaz” mintzatu da Macias, eta pinkwashing terminoa erabili du definitzeko: “Beste gauza batzuk ezkutatzeko instituzioek erabiltzen duten metodoa da”. Hori azaltzeko, Israelgo Estatuaren adibidea eman du: “Genozidio bat gertatzen ari da han, baina herrialde progresista baten itxura emanez estaltzen dute, eta, horretarako, gure mugimenduaz baliatzen dira”. Hori dela eta, Maciasek uste du azkenaldian badirudiela LGTBI mugimendua beste gauza batzuen alde dagoela: “Liberalizatu egiten dute, gure borroka instituzio zein enpresen mesedetarako erabiliz”. Hau da, “kapitalismo aseezina” LGTBI mugimendua “instrumentalizatzen” ari dela ohartarazi du, “zuriketarako erabiltzen”.

Hori egotzi dio Maciasek udalarekin eta diputazioarekin batera Bilbao Bizkaia Harro festa antolatzen duen Ortzadar elkarteari: “Zuriketa egin ahal izateko, egiten duten guztia ondo dagoela deritzon kolektibo baten beharra dute, eta horretarako dago Ortzadar elkartea”. Zilegitasuna lortzeko erabiltzen dituztela uste du Maciasek. “18.119,75 euro inbertitzen dituzte desfile baterako; zenbat, gure bizitzak hobetu edota gure beharrei erantzuteko?”.

Oraindik ere aldarrikapen andana dutela adierazi du, azkenaldian “dena eginda dagoen itxura” nagusitzen ari den arren: “Hori da guretzat arazorik handiena: gizartean badirudi dena lortuta dagoela, eta ez da hala”. Egunerokoan lan egiten duten eragileen erronkak nabarmendu ditu: LGTBI immigranteen eskubide urraketa, transexualen langabezia tasa handia, eraso homofoboak, faxismoaren gorakada… “Baliabideak behar ditugu”. Horregatik, instituzioei esku hartzeko eskatu die gauzak aldatu ahal izateko.

‘Gayfriendly’ turismoa

LGTBI komunitatearen “liberalizazioa” aipatu duenean, asko dira Maciasek erabilitako adibideak, eta Bilbao Bizkaia Harro ospakizuna ez da Bizkaiko elkarteei kezka eragin dien egitasmo bakarra. Berriki jakinarazi dutenaren arabera, Axel Hotels enpresak LGTBI komunitatera zuzendutako hotel bat irekiko du Bilbon. Ez da, ordea, konpainia horrek Euskal Herrian irekiko duen lehenengoa izango, Donostian laster zabalduko baitute estreinakoa.

“Donostiako zein Bilboko hotelek estrategia berari erantzuten diote: hiri turistikoak bultzatzearena, prekaritatea eta gentrifikazioa sortuz”, argudiatu du Maciasek. Bilboko adibidea ezin argiagoa dela deritzo; izan ere, hotel berria Bilbo Zaharrean eraikiko baitute. “Bilboko eredu hori saltzen ari dira, hiri turistikoa, auzoko jendea alde batera utzi eta etekin ekonomikoa lortzeko hiria; eta horretarako gu erabiltzen gaituzte, gainera”.

Maciasen esanetan, LGTBI kolektiboak ez du halako hotel baten inolako beharrik: “Azken finean, guri, mugimendu moduan, ez digu inolako onurarik ekarriko. Oso gutxi batzuentzako hotel bat izango da, prezio benetan altuekin”. LGTBI kolektibokoa izateak ekonomikoki baztertzen duela zehaztu du; “heteroarauetatik zenbat eta urrunago egon”, are gehiago. Hori dela eta, haien borroka merkatu bat izango balitz bezala saltzen duten arren, LGTBI pertsonen errealitatea oso bestelakoa dela deritzo Maciasek: “Gutxi batzuena izango da akaso, baina ez gure kolektiboarena”.

Madrilgo adibidea jarri du mahai gainean. Aurreko urtean World Pride egitasmoa antolatu zuten han, eta “jendetza ikaragarria” bildu zuela oroitarazi du. “Egia da LGTB mugimenduak jende asko mugitzen duela, eta lerro horretatik ari dira merkantilizatzen. Madrilen bildu zirenetako asko ez ziren ezta LGTB pertsonak ere: jaia egitera baino ez ziren joan”. Haren ustez, Bilbok azken urteetan egitasmo handiak antolatzeko erabakiarekin bat datorren aukera da etorkizunean Europride jairen bat antolatu nahi izatea, eta horretarako on egiten die halako hotel bat izateak. “Beste edozein ekitaldirekin egiten duten bezala, horrekin batera mugitzen direnen dirua baino ez dute bilatzen, eta orain gure mugimendua jarri dute jopuntuan”.

Hotel horrek auzoan eragin dezakeen kalteaz ere aritu da Macias, eta Madril, Bartzelona eta halako hirietan jada gertatu diren gentrifikazio prozesuak azpimarratu ditu: “Halako proiektuen bidez, San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko eremu osoa garestiago bihurtzen ari dira, bertako auzokideak kanporatzeko”.

Antolakuntzaz Harro

LGTBI komunitateak Bizkaian duen egoera ere azaldu nahi izan du Maciasek. Zehaztu duenez, instituzioen estrategietatik harago, badira eguneroko borrokan lanean dabiltzan hainbat elkarte eta plataforma. “Handiak dira gure komunitateak dituen beharrak, eta horiek lortu arte lanean jarraituko dugu”. Ekainaren 28ko koordinakundean batzen dira elkarte horietako asko. “Aldarrikapenerako eguna da guretzat, eta ez ospakizun hutsa”. Horregatik, beren ekintzen eta ideologiaren bidez, argi erakutsi nahi dute instituzioen jardunarekiko aldea.

Macias, esaterako, Ozen kolektiboko kidea da, LGTB gazteek osatzen duten elkarte batekoa. Alde horretatik koordinakundean egoteak ekarpen handia egiten diela adierazi du, bestelako errealitate bat duten elkarteekin lan egiteko aukera ematen dielako. “Bakoitzak bere ikuspuntua ematen du; gero, talde konkretuak ere badaude, lesbianenak adibidez, eta guztion artean hausnarketa bateratuak egiten ditugu: liberalismoaren aurka, Stonewallen izaera berreskuratu eta Euskal Herriko memoria aldarrikatzeko”.

Logika berari jarraituz sortu da Harro, Euskal Herrialdeetako Transmaribibollo Plataforma: “Esparru politiko koherente eta kritikoak sortzeko eta elkar sostengatuz eta koordinatuz erantzun material bat emateko beharretik”. Datozen urteen egoerari erreparatuz —bai Pride jaiei eta baita hotelen kontuari—, Euskal Herri mailako erantzun bateratu bat emateko beharra ikusi dutela plazaratu du Maciasek. “Batzuetan indarrak falta zaizkigula edo bakartuta geratzen garela ikusita, Euskal Herri osoko plataforma bat sortzea erabaki genuen”, erantsi du. Joan den astean aurkeztu zuten Bilbon, eta ekainaren 15ean egingo dute aurkezpen ekitaldia, Donostian.

“Kide garen elkarteen ekintza partikularrak batzea da asmoa”, zehaztu du. EHGAM, Hiruki Larroxa Kolektiboa, Guztiok, Ozen, Intifada Marika, Sare Lesbianista, Iris Proiektua, Euskal Hartzak eta Lumagorri taldeek osatu dute, gaur-gaurkoz, plataforma; baita beste militante batzuek ere. “Euskal Herrietako hainbat kolektiboren artean lan eta zaintza sareak sortzea, memoria historikoa bildu eta kontserbatzea, eta erasoen aurrean erantzun erreal bat ematea dugu helburu”.

LGTBI mugimenduaren erroak “erradikalak eta antikapitalistak” direla gogoratu du, eta plataformako jarduna instituzioetatik “progresismo itxurak” egiteko erabiltzen duten ereduarekin kontrajarri nahi dute. Hala, Stonewalleko errebolta ekarri du gogora Maciasek, gertaera horretatik mende erdi betetzen dela oroituz. 1969ko ekainaren 28ko gau hartan Stonewallen izandako errebolta adreilu batekin hasi zen, eta adreilu hori hartu dute Harroren jarduna islatzeko: “Suzko adreilu bat gara. Erailtzen gaituzten instituzio eta sistema hauen erraiak suntsitzeko erabiliko dugun adreilua. Berria den zerbait eraikitzeko erabiliko dugun suzko adreilu bat gara. Itzaltzen utziko ez dugun suzko adreilua”.

Sexu eta genero aniztasuna eskolan lantzeko unitate didaktikoa

Iraultzeko prest! unitate didaktikoa argitaratu berri dute, sexu eta genero aniztasuna ikasgelan lantzeko. Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino, maila bakoitzera egokitutako materiala eta ekintzak proposatzen dira. “Jaio aurretik heterosexualak izango garela aurreikusten duen araua zalantzan jartzea” du helburu unitateak, “neska eta mutiletan, femeninoan eta maskulinoan banatzen gaituen eta rol jakinak esleitzen dizkigun heteroarauak guztiongan nola eragiten duen hausnartzea”.

Maiatzaren 17a Homofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz atera du unitate didaktikoa Steilas sindikatuko LGTBI+ lantaldeak.

Gonadun mutilak

Oinarrizko hiztegia du abiapuntu (matxismoa, maskulinitatea, feminitatea, generoa, sexu-genero sistema bitarra…) eta ondoren, hainbat ekintza, artikulu eta ikus-entzunezko proposatzen ditu. Adibidez, ikasle eta irakasleak itxuraldatzea, arropa, osagarriak eta makillajea elkar trukatuz: “Mozorrorik ez –dio unitateak–, gure generoagatik egunerokoan erabiltzeko baimenik ez dugun arropa baizik”. Estereotipoak lantzeko, ipuinak “hankaz gora” jartzera gonbidatzen du, edota arraza/erlijio/genero-identitate/orientazio sexu-afektibo anitza duten hainbat pertsona ezaguni buruz galderak erantzutera (beheko irudian, horietako batzuk).

Heterosexual bat armairutik ateratzen

Enpatia garatzeko, armairutik ateratzen den heterosexualaren ariketa planteatzen du, baita rolen jokoa ere (“zuetako bat gay da; zu sokasaltoa maite duen mutila; zuk lesbiana zarela esan diozu lagun-minari eta klasean zabaldu du…”). Lumafobia, transexualitatea, feminitatea eta abarren inguruan ere hausnartuko dute ikasleek.

Unitate didaktikoa ondorengo loturan deskargatu dezakezu: Iraultzeko prest!

Sarah Spatzek eta Juanita Urbinak jasandako eguneroko bazterkeria

Transexualitatearen inguruko jardunaldiak aitzakia hartuta, beraien egunerokoa hurbilarazteko prestu agertu ziren. Biolentzia, marjinazio eta mespretxua behin eta berriz topatu dituzte, bai Brasilen eta bai Nikaraguan, baina gure gizartean ere bai. Generoa deseirakitzea onarpenaren aurreneko pausoa delakoan daude.

Aske bizi zarete?», galdetu nien, eta Sarah Spatz brasildarrak honakoa erantzun zuen: «Nire heriotza erabaki dezaket; beraz, bai». Ez da edonolako erantzuna, bizitza islatzen duen horietarikoa da. «Komunera joate hutsa tortura moduko bat da guretzat», onartu zuen Juanita Urbinak. Begiraden lekuko dira, begirada soil horiek direlarik jaso ditzaketen mespretxuzko jarrera leunenak.

Ez da erraza oraindik ere bulbarik gabe jaio diren emakume edo zakilik gabe jaio diren gizonen egunerokoa. Heteronormetatik at egote horrek gizartetik apartatzera eramaten ditu, pentsa genezakeen mugak gainditzeraino; hilketak, kasu.

Transexualitatearekin lotutako hilketek mundu osoan dute lekua, baina hor bada nabarmentzen den herrialde bat: Brasil. Mundu guztian hiltzen dituzten transexualen erdiak hiltzen dituzte Latinoamerikako LGTBI+ elkarte handiena duen herrialdean. Sanba erritmo eta kolore biziekin apainduriko herrialdeak ez du oraindik barneratu emakume guztiek ez dutela zertan bulbarik izan edo alderantziz.

Bertakoa da Sarah Spatz, estatu espainolean asilo egoeran dagoen transexuala. Brasiletik Europarantz egin zuen ihes, lehendabizi Portugalera zehazki. Brasil Portugalen kolonia ohia izanik, harreman estuan jarraitzen dute, eta hamar urterako baimendua zeukan Portugalen egotea. Amaitu zitzaion arte. «Orduan, herrialdetik irtetera ‘gonbidatu’ ninduten, beraiek bota aurretik. Vigora igotzea erabaki nuen, bizikletan», azaltzen du brasildarrak, normaltasun osoz. «Nire bizitzako abentura onena izan zen udara hartan egin nuena», dio algaraka, egoera gogorretan ere umorea ezinbestekoa dela gogoraraziz.

Vigora iritsi arte. Hainbestetan errepikatu duten tratu bidegabearen adibidea azaleratzen saiatu da. Poliziaren identifikazio eskaria jasoaz batera, NAN edo pasaportea erakutsi, eta migrantea izateaz gain, zurekin bat ez datorren generokoa zalera azaldu beharra. Nahikoa komisariara eramateko. «Jangela sozialetik irtetean gertatu zitzaidan», gaineratu du Spatzek. Eta hor hasten da buruhaustea komisarian: nork erregistratu? «Bertan zegoen emakume batek uko egin zion, berak ez zuela gizon bat erregistratuko esanaz». Biolentziak lagundu zion mespretxuzko jarrerari, eta herrialde “aurrerakoia” izan arren, transexualitatearen kasuan atzerakoiak garela ziurtatu zuen. «Desberdintasun bakarra da disimulatua dela, baina okerragoa izan daiteke honako jarrera hau», ohartarazi du brasildarrak.

Dena den, ulertzen du jendearen harridura-begirada jasotzea eta freskagarri marka baten adibidera jo du: «Gorri eta zuria den lata txuri-urdinez ikusiz gero, denok harrituko ginateke; bada, horrelako zerbait da, eta ulertu nezake». Baina puntu horretaraino, ez gehiago.

 

Biolentzia

Begirada arrotz batetik biolentziara igaro daitekeelako. Ondo dakite Urbinak eta Spatzek. Biek jasan dute indarkeria, nahiz eta nikaraguarrak azaltzen duen inoiz ez duela bere bizitza arriskuan ikusi, «Sarahk legez, baina gogoratzen dut nola gizonek gerrikoa kendu, beraien eskuan batu eta gerrikoaren belarria zintzilikatuta, kolpe galanta besterik ez nuela sentitzen».

«Astebetez koman egon nintzen», jarraitu du brasildarrak. Bere urtebetetzean pasatu zen guztia, 2005eko martxoan. «Erosketak egitera irten nintzen, eliza ebanjeliko baten inguruan aurkitzen zen supermerkatura, eta bertatik pasatzean, elizatik irten zirenen oihuak jasan behar izan nituen. Bat-batean niregana zentozen eta korrika hasi nintzen, hankan tiro bat jaso nuen arte. Lurrera erori eta jipoi galanta jaso nuen». Nabari zaio urduritasun ttantta bat: hortzik gabe geratu zen, buru barruan odol-batua eduki zuen eta, ondorioz, ebakuntza arriskutsu bat egin behar izan zioten garunera zabal ez zedin, saihets-hezurrak apurtu zizkioten eta beste zenbait lesio. «Bizkarrezurra guztiz zuzen ipintzea lortu nuenerako, hiru hilabete igaro ziren». Atera kontuak. Gainera, azaleratu nahi izan zuen, lurrean botata zegoela, zauriturik, orduak pasatu zirela azkenean poliziaren kotxe batek ospitalera eraman zuen arte, «paretik igarotzen ziren bizilagunek muzin egin ostean».

2016an 144 transexual hil zituzten Brasilen, eta LGBTI+ komunitateko 343 hilketa erregistratu ziren, hau da, hilketa bat 28 orduko. Eta 2017ko martxora bitartean 77 hilketa jaso ziren genero diskriminazioagatik.

Nikaraguara begira jarri gara orduan, alderatze aldera. Juanita Urbinak aitortu du, gaur-gaurkoz –azaroaren 30era bitartean– 48 transexual hil zituztela eta 58k biziraun zutela. Hau da, gutxienez 106 transexualek jasan zuten indarkeria. Gutxienez, zifra horiek salaturiko kasuei dagozkielako eta asko eta asko salatu gabe geratzen direlako.

Spatzek berak ere ez zuen salatu. Batetik, jende andana izanik, ezin izan zuelako inor identifikatu eta, bestetik, identifikatuz gero ere komisarian ohartarazi zioten prozedura horren bitartez salatuak bere informazio guztia eskuratuko lukeela, eta beraz arriskua areagotuko litzatekeela. Horiek horrela, aukera bakarra Brasiletik ihes egitea zela ikusi zuen. Eta orain, asilo egoeraren aurreneko fasea amaitzear aurkitzen da.

Hiru hilabete besterik ez ditu bere kabuz alokairu bat aurkitzeko, orain arte CEARen (Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea) babespean egon baita Madrilen bizitzen: «Aurreneko fasean, egokitzapen prozedura denez, Batzordeak laguntzen dizu, zure egoera berdinean, hau da, errefuxiatu legez, dauden pertsonekin bizitzen –beraiek esandako lekuan–, baina jada iraungi da epea eta nire kabuz bizitzen hasi behar naiz». Gipuzkoa gogoko du, Gehitu (+tu) plataformak hasieratik eskainitako laguntzarengatik –identitate sexualagatiko edozein motatako diskriminazioagatik aholkularitza eskaintzen dute–, baina ez dauka lan kontraturik eta hori barik Barne Ministerioak ez dio Madriletik mugitzea baimentzen. «Madrilen geratuz gero urtebetez ekonomikoki laguntzen naute», argitu du.

Marjinazioa

Marjinatze egoera oro jasaten dute ohiko egunerokoan eta situazio deseroso horiek apurtzen joateko izen sozialaren onarpenaren giltzarria plazaratu dute, edozein prozesutarako baliagarri suertatzen baita: hezkuntza arloan hasi, lanerako edota kaleko edozein jardueratarako.

«Transexualen gehiengoa analfabetoa da –zehaztu du Urbinak–, Lehen Hezkuntza bukatzeko eskubiderik ere ez daukagu». «Hezkuntzarako eskubidea ukatzen zaigu aparientzia hutsagatik, zeren eta ikastetxe publiko batera gizon jantzita joan behar duzu zure nortasun agirian Juan Carlos izena ipintzen duelako, eta ez Juanita».

Hezkuntza eta lan egiteko eskubide hutsa denok daukagula esan ohi da askotan, harrotasunez. Baina Urbina Nikaraguako kasua aztertzen dabil Gizarte Lanen ikasketaren azken kurtsoa bukatzeko zorian dagoela: «Genero adierazpen nabarmena izatea biolentzia pizten duen aurreneko bidea da, argi eta garbi. Eta hezkuntza sistemaren argumentazioak kristautasunaren morala du oinarri, erakundeen lege edo eskolako estatutuak defendatu beharrean».

«Egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi da gehiengoa, eta portzentaje handienak apaindegietan lan egiten du, baina menpekotasunean». Nikaraguako paisaiaren deskribapena egiten hasi da Urbina. Adierazi duenez, desberdintasun ugari daude bizilekuaren arabera. Esaterako, ez da berdina Nagaroten –bere bizitokian– emakume trans izatea edo hiriburuan; edota, iparraldean edo herrialdeko Karibe kostaldean: «Trans izateaz gain beltza, txiroa edota indigena izateagatik diskriminatzen dute Karibe kostaldean; iparraldean, txiroa, nekazaria edo hizkera ezberdina edukitzeagatik. Bazterkeria anizkoitza dago».

«2017an osasun arloko profesionalek identitate arazoak ditugun pertsona bezala hartzen gaituzte, guk geuk zer nahi dugun ez dakigula argumentatuz», kontatzen du. Beldurgarria dela baieztatzen du, eta lan nekeza, psikologikoki, autobusean albokoa zutitzen dela erreparatzea zu ondoan eseri izateagatik. «15 urterekin takoiekin korrika egiten ikasi nuen, jipoietatik ihes egiteko». Azaldu du, edo azaltzeko beharra igarri zaio, hamabost urtean itxura «femeninoagoa» –nahiz eta ez zaion terminoa gustatzen– erabili izan duela, konturatu zen arte emakume sentitzeko ez zela beharrezkoa gizarteak eskatzen duen estereotipoen barnean egotea –«titi handiak edukitzea, bikaintasunez jantzita egotea, eta abar»–.

Jasan duten guztia jasateagatik emakume indartsutzat hartzen dute beraien burua. Gizartearen parte direla aldarrikatzen dute, eta nahiz eta urteak joan urteak etorri ezkutatuak izan diren, «indartu egin gara, jende asko gara eta jada zaildu egin zaie hain handia den populazioa gutxiestea».

 

Komunitatea

Dena den, eta trans izaera harrotasunez eraman arren, etiketen aurkako diskurtso eraikia dute, bai Spatzek eta bai Urbinak. Biak bat datoz esatean gizartean integratzea izan behar dela LGBTI+ komunitatearen premisa eta ez etiketen bitartez ghettoak sortzea. Horrez gain, komunitatean bertan pribilegiodunak eta baztertuak daude Sarah Spatzen eta Juanita Urbinaren esanetan, eta gaineratu dute transexualak direla jazarpen gehien sufritzen dutenak.

LGBTI+ eskubideak garatzeko formaziorako beharrizan bat dagoela iritzi dio Urbinak, komunitatean bertan «lumafobia» moduko jarrera bat dagoela gaineratuz, betiere Nikaraguako kontuez ari dela argitu nahian. «Gay komunitateak pribilegio gehiago ditu lana lortzeko garaian, edo diru laguntzak jasotzerakoan. Erakunde publikoetan ere ez da arraroa homosexualak ikustea baina ez zaitzatela emetua ikusi. Bestetik, oso gutxitan ikusten ditugu lesbianak eta, are gutxiago, emakume transexualak».

Spatzek zehazten du berak Madrilen Colegas erakundean parte hartzen duela, egitaraua osatzen, «eta egitarau horiek LGBTI+ populazioarentzat bakarrik izan ez daitezen saiatzen naiz, gure borrokaren masa kritikoa gizartea bere osotasunean izateko. Gu bakarrik borrokatzen bagara, ez daukagu hainbesteko botererik gizartean eragina izateko». Urbinak bide beretik ekin dio bere diskurtsoari. Aktibismoa erresistentziatik sortzen dela nabarmentzen du, eta Nikaraguan hori eraikitzeko lehendabizi hezi egin behar direla. «Eta emakume zer den izatearen estereotipo madarikaturik gabe, nire ustez emakume izatea ez baita %100ean bikain ikustea eta emakume izateagatik gizarteak agindutako mandatuak egitea».

«Nik ez dut nahi jendeak hartzea emakume jaio den emakume bat moduan, emakume transexuala naiz eta kitto», askatu da Spatz. Komunitatean zisgenero diren emakumeen aldetik baztertua sentitzen dela aitortu du, «ulertzen baitute emakume biologikoaren estetika izan behar dugula». «Ez dute emakume trans moduan ikusgarritasunik nahi eta modu honetako jarrerak ere, bere horretan, baztertzaileak dira, transexualak gutxiesten baitituzte».

Etiketak gora, etiketak behera, zaila da kategoriarik gabeko pertsona bat aurkitzea gaurko munduan. Baina Sarah Spatzen aburuz gizartearen etorkizuna «oso androgenoa» izango da. «Berdintasuna edota oreka egon dadin gizartean, ezberdintasunak hautsi behar dira; kategoriei muzin egin eta LGBTIQIA bezalako gehiegizko siglak borratu egin behar direla uste dut».

«Ni trans feminista naiz –La Corriente-ko aktibista da–, autokritika izugarria egin dut, bilakaera prozesuan bakoitzaren bizipenak erabat aldatzen dira. Inork ez luke esango biok garenik trans emakumeak. Sarah argi eta garbi ikusten da, baina ni ikusten naute eta…». Juanita Urbina 11 urte zituela hasi zen emakume bezala janzten, hamabost urte igarota, ordea, ohartu zen ez zela beharrezkoa itxura femeninoegia izatea emakume izateko. «Sarah ikustean jendeak egiten duen irakurketa da emakume jantzita dagoen gizon bat dela, eta nire kasuan, aldiz, gizon bat naizela», kexatu da.

«Generoa gizartearen eraikuntza bat da», defendatu du brasildarrak. «Noski, zergatik dago kategoria bat jartzearen beharrizan hori?», galdetu du segidan nikaraguarrak. «Atzeraka goazen sentsazioa daukat, eta amaierarik gabeko bide honetatik irteteko giltzarria genero identitatea bera deseraikitzea da. Ulertu behar dugu, bai edo bai, guztiok pertsonak garela eta bakoitzak sentitzen duena edo egiten duena pertsonala dela eta guztiz errespetagarria dela». Brasildarrak ohartarazten du askotan kalean paseatzerakoan betaurrekoak kentzen dituela, «jendearen epai-aurpegia ez ikusteko», eta umoreari iskin egin gabe jakinarazi du ikusmen arazo potoloa duela, eta gaitz erdi, horrela ez baitu «jendearen espresioa aguantatu beharrik».

Gobernua eta borroka

«Egunen batean lortzen badugu barnean eta egunero daramagun generoaren polizia deuseztatzea eta gure burua aldarrikatzea, orduan lortuko dugu mugimendu anizkoitz, parekatu eta indartsurik eratzea». Hori uste du Urbinak, eta gizartean onarpen bat jasotzeko mandatuei kasu egin behar badiegu, kili-kolo jarraituko dugula. Hala, errepikatu du, mugimendu sozial bat izan behar direla, edonolako biolentziaren aurka dagoena.

Horrenbestez, Nikaraguako egoerari kritika gogorra egin dio, bai gobernuari eta bai genero dibertsitateen komunitateari. Hain sentimendu kontrajarriak dituenez, engainutzat jo ditu aipatu komunitateak: «Ez da existitzen LGBTI+ mugimendurik, ideia utopiko bat da, elkarte trans, gay, lesbiana eta abarrek beraien interesen alde lan egiten dute, indibidualki eta afera zehatzetan». Berak lesbianen antolakuntzan dihardu lanean, eta konturatu da, bertan, pertsonalki interesatzen ez zaien gaietan jendeak uko egiten diola aldarrikapenari, «familia onarpenaren borrokan, esaterako».

Indibidualtasunaren afera horrek ate ugari itxi dielakoan dago Urbina; informazioa bai baina borondate gutxi dagoela uste du. Gainera, lan egiten saiatzen dabiltzanak Gobernuaren menpe daude: «Ekainaren 28ko mobilizazioan, adibidez, ezin izan genuen exijitzen hitza erabili gobernuari zuzenduriko afixa batean, eta zer erabili behar dugu orduan?».

Gobernuak ate guztiak itxi dizkiela kexu da, «mehatxu moduan ikusten gaituzte, eskubideen alde borrokatzea mehatxutzat ikusten dute eta azken urteetan martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko martxak blokeatu dituzte, hau da, emakumeen eskubideen aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako mugimenduak».

 

LGBTI+ Komunitatearen egoera Latinoamerikan

Nikaraguako eta Brasileko egoera latzak bertatik bertara ezagutzeko parada eman ziguten Sarah Spatzek eta Juanita Urbinak, Donostiara egin zuten bisitan. Baina ze egoeratan daude LGBTI+ komunitateak Latinoamerikan?

Spatzek eta Urbinak diotenez, izaeraren arabera ezberdintasunak daude. Hau da, homosexualen eta transexualen eskubideen artean alde nabarmena dago. Oro har, pauso asko eman dituzte batez ere homosexualen arteko ezkontzak baimentzeari dagokionez. Urbinak berak, Nikaraguako ahotsa izanik, jakinarazi zuen 2008ra arte gay edo lesbiana izateagatik epaituak zirela, kode prozesaleko 204. artikulua deuseztatu zen arte. «Baina, era berean, osasun zerbitzuan trans pertsonek tratu berdina merezi genuela zioen 2009ko ebazpen ministerialak, eta osasun zentroek, aldiz, ez dute aplikatzen».

Latinoamerikako krokis labur bat egiteko asmoarekin –herrialde bakoitza mundu bat baita, are gehiago Karibeko uharteak kontuan hartuz gero–, Argentina eta Kolonbia dira legez eskubideak gehien babesten dituzten herrialdeak. Argentinan, esaterako, genero berekoen ezkontzak eta adopzioak 2010etik baimenduak daude, eta bizikidetza lotura 2015etik. Gobernu kolonbiarrak, aldiz, urte batzuk geroago baimendu zituen, 2013an eta 2015ean hurrenez hurren, nahiz eta bizikidetza lotura 2007tik onartzen zuen. Horretan, Uruguai eta Brasil ere bat datoz.

Transexualen kasuan, izen eta genero aldaketak onartzen dituzte, epaitegietako baimen edo ebakuntzaren beharrik izan gabe. Erabaki berdinak hartu dira Bolivian eta Ekuadorren. Halere, genero berekoen ezkontzak eta adopzioak debekatzen dituzte, Txile eta Peruren antzera.

Brasilen eta Txilen, ordea, nortasun agirian izen eta genero aldaketa egiteko, nahitaezkotzat jotzen dute aurretik ebakuntza egitea, eta epaitegietako baimena eskuratzea ere funtsezkoa da, Perun eta Uruguain legez.

Hego Amerikari dagokionez, Paraguai eta Venezuela dira transexualen inguruko eskubideak zehazten ez dituzten herrialde bakarrak. Modu berean, LGBTI+ komunitatearen aldeko babes bakarra genero bereko pertsonen arteko sexu harremanak legalizatzean dago. Ez dute gehiago baimentzen, nahiz eta bazterketa jarduera oro debekatzen duten.

Nola ez, Amerika erdialde zein hegoalde guztian baimenduta daude sexu berekoen arteko harremanak, nahiz eta nabari den erdialdeko herrialdeetan eskubide gutxiago dituztela oraindik ere. Izan ere, Costa Rica, Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua eta Panaman ez daude onartuta ezkontzak, ezta adopzioen eskakizunak ere. Eta gehienez, transexualek izena aldatu dezakete, Panaman salbu, nortasun agiriko generoa aldatzeko ebakuntza beharrezkoa den arren.

Karibeko uharte batzuetan, baina, penalizatuta daude oraindik ere genero berekoen arteko harremanak. Horiek dira Trinidad eta Tobago, Jamaika, Granada, Dominika, Barbados eta Antigua eta Barbuda. Eta zeresanik ez gainerako eskubideez, zeinak oso herrialde gutxitan dauden onartuta.

SEXUA ZAHARTZAROAN, TABUA GAINDITZEKO GARAIA IRITSI DA

Sexualitatea bizitza osoan zehar mantentzen dugun zerbait bada ere, badirudi nerabe, gazte eta helduen kontua besterik ez dela, haurrak eta adinekoak kanpoan utziz. Haurrak euren gorputza aztertzen hasten direla onartzen dugu, eta zahartzaroan zer?

Sexua zahartzaroan, tabua gainditzeko garaia iritsi da

Sexua eta zahartzaroa uztarrezinak diren bi kontzeptu direla dirudi, gizarteak estali eta isilarazten duen zerbait, naturala den arren tabu modukoa bilakatu dena. Ez da gehiegi hitz egiten gai honetaz, eta horregatik, Bartzelonako Unibertsitateak ikerketa egin nahi izan du horri buruz. Pauso bat harago joz, adinekoen egoitzetan bizi diren pertsonen jarrera aztertu dute, baita haiek zaintzen dituzten profesionalena ere. Izan ere, egoitzetan bizi diren pertsona asko mendekotasun egoeran daudenez, batzuetan ez dira errespetatzen hartzen dituzten erabakiak. Aipatuko dugun ikerketan Estatu espainoleko 13 erkidegotako 153 zentrotako 2.229 profesionalek hartu dute parte, eta adinekoek sexualitatea ahalik eta askatasun handienarekin bizi ahal izan dezaten gaia normalizatzea eta zabaltzea du xede.

Ikertzaileek lortu dituzten emaitzen arabera, adierazpen sexualak biltzen dituzten egoerak ohikoak dira egoitzetan, batzuk besteak baino anitzagoak. Musuak eta laztanak, zein gizonezkoen masturbazioa askotan gertatzen diren bitartean (%21,67), gay eta lesbianen arteko harremanak ez dira hain ohikoak (%2,77 eta %2,16). Arruntagoak dira langileei egindako ukituak (%12,38) edota exhibizionismoa (%13,53).

Langileek horrelako egoerekin topo egiten dutenean nola jokatzen duten azaldu zuten. Ohikoena jarrera sexualak mugatzea bada ere, jokabide egokia zein litzatekeen galdetzen zaienean irizten diote egokiagoa dela babesa eskaintzea eta toleranteak izatea. Hau da, profesionalek badakite zer egin behar duten, baina euren lanpostuetan ez dute ikusten bide onetik jotzen denik. Desberdintasun hau ikusten da, batez ere, desegokiak diren jarrerak sumatzen dituztenean (exhibizionismoa, ukituak), bestearen azalean jartzea ez delako hain erraza.

Profesionalek ezartzen dituzten mugak are handiagoak dira dementzia tartean dagoenean, batez ere bikote batean bietako batek besterik ez duenean gaitz hori, biek dutenean baino; baimendu gabeko harremanak bezala ikusten dituzte zenbaitetan.

Adineko pertsonen eskubideak babesteko zenbait neurri hartzen badira ere, ikertzaileek uste dute hobetzeko asko dagoela. Adibidez, egoitzen %76k aniztasun sexuala onartzen badu ere, %22k soilik onartzen diete euren logeletan harreman sexualak izateko eskubidea.

Amaitzeko, ikertzaileek gogoeta bat proposatu nahi dute aurrerantzean zentroetan adinekoen sexualitatearen gaia hobeto kudeatu dezaten. Eskubide sexualak onartzea eta beraien erabakiak errespetatzea gomendatzen diete, pertsonak babestuz, behar duten askatasuna emanez, euren ongizatea osoa izan dadin.

«Imajinatzeko gaitasun hori berreskuratu behar da»

IMANOL ALVAREZ ETA EKAITZ HERRERO
EHGAM EUSKAL HERRIKO GAY-LES ASKAPEN MUGIMENDUA

Imanol Alvarez Ehgam Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren sortzaileetako bat da. Berrogeigarrenez, ekainaren 28ko manifestazioan parte hartu zuen bere hirian, Bilbon, eta harrigarria izan zela adierazi digu. Batez beste 1.500 lagun inguru biltzen omen dira; asteazkenean, ordea, 4.000tik hurbil izan ziren. «Moyua plazako abiapuntura heldu eta jada ikusten zen aurreko urteetan baino askoz jende gehiago zegoela. Asko gaztetxoak, gainera. Pozteko modukoa da hori».

Bertze aldean, gero eta eraso homofobo gehiago daude. Mikrohomofobia ere bada, mikromatxismoa dagoen bezala. «Ezin da esan gizartea homofoboa denik kontzienteki, baina badaude sektore batzuk ideologikoki homofoboak direnak. Uste dut konturatzen hasiak direla gero eta gutxiago direla. Legeak aurrera doaz, gero eta erakunde gehiago agertzen da kolektiboaren alde, eta amorratuta daude. Hortik sortzen dira erasoak: batzuk hitzezkoak, besteak HazteOir bezalako talde antolatuenak, eta fisikoak ere bai. Gasteizen gertatu zen duela gutxi».

Alvarezek dio balitekeela akzio-erreakzio efektua gertatu eta gazteek ikusi izana aurre egin behar dietela eraso horiei. Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, 2015ean baino bi aldiz salaketa gehiago jaso zituzten iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan arraza, genero eta identitate sexualarengatik izandako erasoekin lotuta. Horrek ez du erran nahi kasuak hainbertze goititu direnik, gehiago salatzen da eta horregatik gehiago azaltzen da arazoa, baina, Ehgamen sortzaileak ohartarazi duenez, aunitzek ez dute salatzen oraindik, beldurragatik sarri, bai jendarteari bai poliziari.

Filosofia eta antropologia

Ekaitz Herrerok 30 urte ditu. Ikasle Abertzaleak mugimenduan ibili zen urte luzez. Hura utzi gabe, 2010 inguruan, Ehgam-en sartu zen eta gero bertako gazte taldean, Gaztehgam-en. Ondotik, sexualitatea eta ekintza politikoa elkartuz, Kitzikan gazte antolakundearen sortzaileetakoa izan zen. Oraintxe «impasse» egoeran dagoela aitortu digu, hausnartzen.

Filosofia eta antropologia maite ditu, eta sexu askapeneko mugimenduan duten pisuaz ohartarazi gaitu. «Adibidez, jendartearen eraikuntza munduan eta historian beste modu batekoa izan da. Bestelako sustraiak dituzten herri batzuetan oraindik ikusten da. Brasil eta Txina inguruko hainbat kolektibitate edo naziotan ez da existitzen generoa bezala ezagutzen dugun hori, edo beste itxura bat hartzen du. Maitasuna bera Asian ez da ulertzen hemen bezala. Indian eta Pakistanen ez dute ulertzen beste pertsona batenganako maitasun posesibo edo erromantiko hori».

Bere ustez, etorkizuna eraikitzeko komenigarria da horri guztiari begiratzea eta hainbat gauza berreskuratzea iraganetik, «gure kasuan eliza kristauak eta bestek desitxuratu edo desagerrarazi dituztenak».

Heteropatriarkatuak hitz potoloa, abstraktua eman dezake, baina, Getxon bizi den gaztearen iritziz, hagitz gauza zehatza da. «Jendartearen eraikuntza heterosexualitatean bertan hasten da, ez bakarrik orientazio edo praktika bezala, baizik eta erregimen politiko bezala. Heterosexualitateak antolatzen ditu giza arlo guztiak, kontzienteak eta inkontzienteak».

Jaiak ez dezala muina estali

Harrotasunaren Egunean gertatzen den «merkantilizazio lotsagabea» gaitzetsi du Alvarezek. «Ondo dago ekitaldi ludikoak eta kulturalak antolatzea. Guk ere egiten ditugu. Baina halako muntaiak prestatzen direnean, batez ere hiri handietan, aurten Madrilen bezala, muina estaltzen da. Jaia eta negozioa dira gelditzen direnak».

Ez da ahantzi behar ekainaren 28a aldarrikapen eguna dela. Data horretan, 1969an, gay, lesbiana eta transexual batzuek, New Yorken, poliziari aurre egin zioten, erasotzen zituelako nazka-nazka eginda. «Aldarrikapen hori oraindik ere oso inportantea da».

Bilbon talde txiki ugari dago LGBTIQ+ kolektiboan. «Denok batera egon beharrean, taifa erresumetan gaude, baina zorionez, manifestazioa eta manifestua elkarrekin egiten ditugu. Kostatzen da adostea, baina lortzen dugu».

LGBTIQ+ baino nahiago du Herrerok “disidente sexuala” izendapena erabiltzea. Ehgameko beteranoarekin bat dator erratean «irla txiki pila bat daudela ozeano handi batean». Konturatzen da «horrela ez dela posible aurrerapausoak ematea». Defendatu duenez, mugimenduak bateratua eta artikulatua izan behar du. «Ehgamek iraultzailetzat du bere burua eta ez du lan egiten soilik legedia baten alde, baizik eta batez ere jendarte iraultza baten alde. Aldarrikapen guztiz berritzaileak egin zituen bere garairako eta imajinatzeko gaitasun hori, benetan beldurrik gabe gurea dena aldarrikatze hori berreskuratu behar da».

Lehenbiziko manifestazioa

Justu duela 40 urte, azaroaren 25ean, manifestaziora deitu zuen Ehgamek Bilbon bertze kolektibo batzuekin batera homosexual izatearen susmo hutsa zigortzen zuen legearen aurka. Antolatzaileen artean zen Imanol Alvarez. «Oso arrakastatsua izan zen: 4.000 lagun inguru batu ginen. Poliziak jipoitu gintuen, baina handik gutxira lege hura aldatzea lortu genuen. Hurrengo urtean, 1978an, manifestazioa egin genuen ekainaren 28an, eta esango nuke publikoki lehen aldiz erabili genuela ‘harrotasun’ hitza».

Bi lagunek sortu zuten mugimendua. «Martxan ikusi zuenean kideak utzi egin zuen. Ni gustura nengoen, nire ume kuttuna zen, eta segitu egin nuen, orain arte. Tentaldi asko izan ditut uzteko, eta egin dudana izan da azeleragailua hainbeste ez zapaltzea eta gauza batzuei ezetz esatea».

Hasieran, ez zekiten nola antolatu. Franco hil berria zen. «Bileratxoak egiten hasi ginen. Kanpotik informazioa lortzen saiatzen ginen: Kataluniatik, Londresetik, Ipar Amerikatik… Zaila zen Internetik gabeko munduan. Aldizkariak eskuratzen genituen frantsesez edo ingelesez eta katalanekin harremanetan geunden».

Korronteak eraman zituela dio. «Oraindik gauzak nola egin ez genekiela, Euskal Herrian izugarrizko aldaketa gertatu zen. Gogo bizia zuen jendeak aldaketa politikoak egiteko, mugitzeko, eta halako batean gu ere alderdien mahaietara deitzen gintuzten. Alderdi pila zeuden, gehienak txiki-txikiak. Esaten genien ‘gu ez gara alderdia, elkartetxo bat gara’. Baina joaten ginen eta hala hasi ginen nola antolatu ikasten».

Beti izan dira asanblearioak. Hasieran nahiko bilera informalak egiten zituzten, kafe zaharretan, ez zuten-eta lokalik. Noizbehinka, bilera serioago edo handiago bat egin behar bazuten, norbaiti eskatzen zioten lokala. Bitxia da lehen asanblada inportantea, jendaurreko aurkezpena, Bilboko frantziskotarren lokalean izan zela. Ez hori bakarrik, lehen gutuna prentsara bidali zutenean, atera zuen bakarra “Anaitasuna” frantziskotarren aldizkaria izan zen. Lehen elkarrizketa ere bertan egin zieten.

Txoko Landan lokalean eman zituzten hogei urte baino gehiago. «Orain, klandestinitatean geundenean bezala, kafetegietan biltzen gara».

Euskal Herrian errotua

Euskal Herrian errotutako mugimendua da Ehgam. Hortik izena. Bizkaikoaren ondotik Gipuzkoan osatu zen taldea eta aurrera segitzen du. Arabakoa egin, desegin, egin… Hala ibili da eta orain ofizialki ez dago Ehgamik bertan, nahiz eta harremana izan bertako jendearekin eta batzuetan gauzak egin.

Nafarroan nahiko talde indartsua egon izan da urteetan, gehienbat emakumez osatua. Hori berezia izan da, mugimendua irekia izan arren, batez ere gizonak ibili izan direlako. Azkenean Nafarroako taldea desegin eta Katalingorri osatu zen. Ipar Euskal Herrian ere egon ziren hasieran, baina gazte ugarik Parisera edo Bordelera lanera alde egin behar izan zuen, tartean Ehgamekoek. Orain Les Bascos kolektiboa indartsu dabil.

Pentsatu gabe irentsi

24 bat urterekin hasi zen Ekaitz Herrero mutilekin. «Niretzat berria zen eta neure burua ulertu nahian informazioa bilatu nuen. Ehgam-era jo nuen». Orduan gazte gehiago zegoen mugimenduan. «Sentitzen dut horrela esatea, baina uste dut gaur egun gazteak ez daudela neke-lan askotarako. Tamalez, beste gauza batzuetan pentsatzen ari direla iruditzen zait».

Dioenez, jada ez dagoela deus lortzerik sentitzen du aunitzek. «Mugimenduak ere badu erantzukizunik hautemate horretan. Ezjakintasun handia dago eta gauza asko irensten ditugu pentsatu gabe».

Ehgam-ek sare herritar batek bezala funtzionatzen du. «Badaude pertsona batzuk hasieratik dena eman dutenak, garai oso gogorretan gainera, hau aurrera ateratzeko eta gaur ditugun askatasun mugatu eta kontrolatu hauetaz gozatzeko. Uste dut gazteok baino hobeto baloratzen dutela zelako neketsua izan den eskubide eta askatasun hauek eskuratzea. Halere, ez dago ezer galdua. Historia ziklikoa da eta lantzen baldin bada mugimenduak esateko eta irabazteko asko izango du».

 

«Hori gay-a da, baina oso jatorra da»

Imanol Alvarezek baieztatu du legeak inportanteak direla, baina jendartea aunitzez gehiago. Legearen arloan gauza asko lortuta daude, baina oraindik bada zer aldatu. Adibidez, Estatu espainoleko Immigrazio Legean badago zereginik etorkin batzuek errefuxiatu estatusa eskatzen dutelako beren herrian gay, lesbiana edo transexuala izateagatik jazarriak direlako, baina ia ezinezkoa da onartzea. «Erabiltzen dituzten aitzakiak nahiko zentzugabeak dira. Gay edo lesbiana direla demostratzeko eskatzen diete. Nola demostra daiteke? Batzuetan jatorrizko herrietako egunkariak erakutsi dituzte nola eraso zieten azaltzeko eta, halere, ez dituzte onartu».

Orain dela gutxi Nafarroan lege interesgarria egin dela deritzo. «Halako lege integral bat behar da, ez bakarrik zigortzeko, baizik eta hezkuntzan zerbait egitea, diskriminazioa ekiditea eta transexualitatea patologiatzat ez hartzea posible egiteko. Nafarroan egina dago, eta EAEn ere egin beharko litzateke».

Jendarteari dagokionez, «mikrohomofobia asko dago. Ez bakarrik lehenengo iraina beti ‘marikoia’ delako. Ohartu gabe, norbaitek esaten du ‘hori gay-a da, baina oso jatorra da’. Lan handia dago egiteko jendeak benetan normaltasunez ikus gaitzan, besteak beste, hezkuntzan (zentzu zabalean, ez soilik eskolan) eta komunikazioan. Fobiak beldurra esan nahi du. Nola galdu beldurra? Ezagutuz». M. I.

Homofobiaren erroaren kontrako borrokan

Txinan homosexualitatea 2001. urtetik gaixotasuntzat hartzen ez bada ere, LGTBko ekintzaileek salatzen dute oraindik kontrakoa ziurtatzen duten testuliburu asko daudela. Qiu Bai da horien artean ezagunena.

Qiu Bai gaztea, Txinako Auzitegi Nagusiaren atarian, urtarrilaren 10ean, salaketa aurkeztu zuen egunean. BERRIA

Qiu Bai bere ezizena da, «gerra izena», dio neska gazteak. Qiu berezko abizena du, eta Bai, berriz, Baimax Marvelen pertsonaia famatutik hartu du, gaitzen bat duen edonor besarkatuz sendatzen duen pertsonaia zuri handi potoloa. «Baimax bezalaxe, ni bola zuri sendatzaile bat naiz», dio Qiu Baik, brometan. Sarritan gizarteak bizkarra eman dion arren, Qiu Baik maitasun asko omen dauka eskaintzeko.

Ekintzaile gazteak bi urte daramatza testuliburu homofoboen aurkako borrokan: aurten, Hezkuntza Ministerioaren aurka ere salaketa jarri du. Haren ustetan, homofobiaren erroa testuliburu horietan dago, hain zuzen ere.

Ile motza dauka, laranjaz tindatua; ibilera azkarra, urduri xamarra dela agerian uzten duena, eta begirada tristea, baina oso zuzena. Ez du gerra hau gustura hasi, egin behar zuen zerbait zela dio: «Ez nuen nahi gazte gehiagok nik pasatu nuen beldur bera pasatzerik. Norbaitek liburu homofoboen aurkako borroka hasi behar zuen, eta norbait hori ni izatea erabaki nuen. Unibertsitatean hasi nintzenean, neska batez maitemindu nintzen, eta orduan ulertu nuen lesbiana nintzela. Galduta nengoenez, unibertsitateko liburutegira jo nuen informazio bila. Han irakurri nuenak guztiz beldurtuta utzi ninduen».

Homosexualitatea buruko gaitz bat dela irakurri zuen liburuetan. Eta shock elektrikoen bidez senda daitekeela. Txinan homosexualitatea 2001. urtetik gaixotasuntzat hartzen ez den arren, LGTB mugimenduko ekintzaileek salatzen dute oraindik testuliburu askotan kontrakoa ziurtatzen dela.

Errenditu gabe

Galdu duen borroka bakoitza umorez hartzen du Qiu Baik. Mehatxu eta porroten aurrean kikildu ordez indartu egiten dela dio. Lotsatia izan arren, ez du inolako beldurrik izan zarata egiteko, eta, 22 urte baino ez dituen arren, asko bizi izan du, baita momentu arraro xamarrak ere: beldurra eta ausardia, gertukoen mespretxua, mehatxuak… baina geroz eta gehiago ere fama eta hitz politak. Pekingo LGTB lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarte edo tabernetan edozeini galdetu, eta denek ezagutzen dute Qiu Bai.

«Unibertsitatean azalpen homofoboak zituzten hamar testuliburu baino gehiago aurkitu nituen. Idazle eta argitaletxeei eskutitzak idazten hasi nintzen, beren liburuetan zeuden akatsak zuzentzeko eskatzeko. Ez zidaten kasurik egin. Unibertsitateko errektoreari ere idatzi nion, liburutegitik testuliburu horiek kendu zitzala eskatzeko. Orduan, unibertsitateak mehatxu egin zidan: aurrera jarraituz gero nire gurasoei deitu eta lesbiana nintzela esango zietela esan zidaten».

Beldurtu ordez, urrunago joatea erabaki zuen: zuzenean Txinako Hezkuntza Ministerioa salatu zuen, liburu homofoboak argitaratzeagatik.

«Gurasoei bilera batera deitu zieten, eta lesbiana naizela esan. Ospitalera eraman ninduten, eta txundituta geratu nintzen medikuak ere gaixotasun bat daukadala esan zidanean. Nola da posible? Medikuak ere! Ezin nuen sinetsi. Gero ulertu nuen azken finean mediku horrek unibertsitatean liburu homofoboak irakurri zituela, hori zela ikasi zuena… Ulertu nuen medikua ez zela errudun, liburuak baizik. Arazoaren erroa horrelako testuliburuetan dago».

Dagoeneko hiru salaketa jarri ditu Qiu Baik. Bere probintziako auzitegian kasua aztertzeko ezetza jaso zuenean, Pekinera bidaiatu zuen hiriburuko Auzitegi Nagusian Hezkuntza Ministerioaren aurkako salaketa jartzeko. Hilabeteak erantzunaren zain igaro ondoren, azkenean Auzitegi Nagusiak jakinarazi du bere erabakia: ez duela kasua aztertuko.

Qiu Bairen abokatu Wang Zhenyuren ustez, ezezko borobila eman dute argumentu luze eta ulertezinetan murgildurik: «Banekien auzia galdu egingo genuela. Abokatu batentzat ez da erraza galtzea. Hala ere, nik ez daukat dudarik: Qiu Bairi lagundu nahi diot. Auzitegi Nagusiaren erantzunak argi uzten du Txinako erakundeak ez daudela oraindik prest horrelako kasu bati aurre egiteko; ez dakite nola jokatu, besterik gabe. Beren argumentuak ez du zentzurik; falazia bat da».

Auzitegi Nagusiaren hitzetan, Qiu Baik salaketa jartzeko erabili duen oinarria ez da berari pertsonalki dagokion eskubide bat, LGTB guztiei dagokien eskubide bat baizik, eta Qiu Baik ezin du LGTB guztien izenean eskubide kolektibo bat aldarrikatu; hau da, ezin da izan legearen aurrean lesbiana, gay, transexual eta bisexual guztien ordezkari. «Guztiok dakigu egia oso erraz adieraz daitekeela, baina, norbaitek okerra denari egiaren itxura eman nahi badio, oso zaila da azaltzea», dio abokatuak.

Auzitegi Nagusiak ere argudiatu du testuliburu homofoboek ez diotela Qiu Bairi kalte pertsonalik egin. Wang Zhenyu haserretu egiten da honako hau pentsatuta: «Nola esan dezakete ez diotela kalterik egin? Jingshenbing da testuliburuetan erabili duten hitza: gaitz mentala. Txineraz oso konnotazio negatiboa dauka hitz horrek; ez da bakarrik gaixotasuna, zerbait gehiago baizik: identitatearen ukapena. Jingshenbing gisa sailkatua izatea bizitza guztirako zama izugarria da».

Gizartea, aldatzen

Wang Zhenyuren adineko askok ez dute onartzen oraindik homosexualitatea. Azaldu du berak ere duela urte gutxi homosexualitatearekiko mesfidantza sentitzen zuela: «Ez zen gorrotoa, ezjakintasuna baizik. Ez nekien homosexualekin nola jokatu, nola hitz egin… Ez nuen ulertzen, homosexualak edo bisexualak, heterosexualak bezalaxe, pertsona normal-normalak direla. Orain lotsa ematen dit lehen zein ezjakina nintzen onartzeak. Oraindik lanbro gehiegi dago Txinan gai horren inguruan, ezjakintasuna».

Urrunera joan gabe, Qiu Bairen gurasoak dira horren adibide: oraindik ez dute onartu beren alaba lesbiana dela. «Zaila da, bereziki nire gurasoen adinekoen artean ez dut babesik aurkitu. Gazteen artean, ordea, bai: unibertsitatean, adibidez, ikasgelako guztiak daude nire alde; denek jarraitzen dute nire borroka, eta asko animatzen naute. Gizartea aldatzen ari da Txinan, eta urte batzuk barru ez dugu homofobiarik izango».

Orain arte izan dituen auzi guztiak galdu dituen arren, Qiu Baik aurrera jarraitzen du. «Ez dut uste galdu dugunik. Auzitegiak bizkarra eman digu, bai, baina orain, Txinan denek ondo ezagutzen dute nire kasua, eta batzuk erantzuten hasi dira. Hilabete honetan idazle eta argitaletxeei beste hamar eskutitz bidali dizkiet, eta bik erantzun didate, eta esan akatsak zuzenduko dituztela», dio poz-pozik. Qiu Baik eta bere abokatu Wang Zhenyuk argi utzi dute Pekingo Auzitegi Nagusiaren ezezkoa ez dela borrokaren amaiera. Orain, salaketa Auzitegi Gorenera eramateko prestatzen ari dira.

Europa oraindik ez da transgenero lurraldea

Europako 30 estatutan alda daiteke generoa agirietan, baina haietako lau soilik oinarritzen dira pertsonaren autodeterminazio eskubidean. Azken urteotan ulermen sakonagoa lortu den arren, Europak giza eskubideen atal horretan dauzkan gabeziez ohartarazi dute LGTBI erakundeek Transexualen Ikusgarritasunaren Egunean.

Argazkia: FRANTZISKA NEUMEISTER

Jaiotzatik gizon edo emakume izendatu eta hala eroso sentitzen den edonorentzat, ebidentzia hutsa izan daiteke bere genero nortasuna aitortua izateko eskubidea daukala jakitea. Beste guztientzat, ordea, ezinbesteko baldintza da bizitza normala egiteko orduan. Transexualitatearen definizioak, gaur-gaurkoz, eremu zabala hartzen du aintzat: jaiotzean ezarritakoaz bestelako genero identitate bat daukatenak eta hura beste modu batera «erretratatu» nahi dutenak sartzen dira, TGEU Europako transgeneroen elkarte nagusiak ematen duen definizioaren arabera.

Prozesu horren abiapuntua pertsonala da, baina burura eramateko ezinbestekoa da ingurunearen aitorpena. Eta, bide horretan, oinarrizko urratsetako bat da generoaren legezko aitorpena jasotzea: agiri pertsonalak bat etortzea norberaren generoarekin. «Maila pertsonalenean, oso prozedura garrantzitsua da, behartutako outing-a eragotz dezakeelako; alegia, ez dituzula okerreko agiriak erakutsi behar postan pakete bat jasotzen duzunero edo garraio publikoan ikasle txartela erakusten duzunero», azaldu du Richard Koehlerrek, TGEUren politika arduradunak. «Esparru pribatuaren babes kontu bat da, baina baita norbanakoarekiko errespetuarena ere». Estatuak, finean, ez dauka zehaztu beharrik zein generotara atxiki zaion pertsona bakoitza. «Erlijioarekin pareka daiteke: Estatuak —Europan, bederen— ez dauka eskubiderik esateko zein erlijiotakoa sentitzen den pertsona bat; gehienez ere dokumentatu egiten du, baina ez nortasun agirietan».

Europako Batasunaz harago, kontinente osoko egoera behatzen du TGEUk, eta herrialde guztietako LGTBI taldeen babesle eta bozeramaile lanak egiten ditu. Gaur egun, Europako 41 estatuetatik 30ek dituzte agiri ofizialak norbere generora moldatzeko prozedurak, hura jaiotzaz bestelakoa denean. Nolanahi ere, haietako askok baldintzak jartzen dituzte, hala nola sendagileen onespen gutunak, tratamendu hormonalak, ezkongabea izatea eta, kasu okerrenetan, pertsonaren esterilizazioa. Lau herrialdek baino ez dute agirien aldaketa pertsonaren autodeterminazio eskubidean oinarritzen.

Erabaki askea da

Europan, oro har, gutxi dira hirugarren genero bat eskatzen duten pertsonak: gehienek genero batetik besterako aldaketa eskatu ohi dute. «Nolanahi ere, geroz eta sendoago ageri dira nortasun ez-binarioak. Alegia, gizon edo emakume sentitzen ez direnak, edo biak, edo tarteko zerbait, edo uko egiten diotenak nola edo hala kategorizatu behar izateari», argitu du Koehlerrek. Horrek oinarrizko galdera batera darama: zergatik erregistratzen da generoa? «Ezkontza heterosexualaren ideia dagoelako atzean. Hori garrantzia galtzen doan neurrian, dokumentazio sistema horien justifikazioa ere desagertzen da».

Azken 30 urteotan, transexualitateari buruz hitz egiteko eta hura epaitzeko logikak nabarmen aldatu dira. «Jarrera kliniko batetik, norbanakoen giza eskubideak direla ulertzera igaro gara», Koehlerren hitzetan: «Transak gaixo daude, eta lagundu behar zaie hartatik, eremu pribatuaren babesa hobeto ulertzera». Mugarrietako bat 2009an izan zen, Europako zKontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak zerrenda bat argitaratu zuenean trans pertsonek sufritu ohi dituzten giza eskubideen urraketa sistematikoekin. 2015ean, genero identitaterako eskubidea existitzen dela berretsi zuen Kontseiluak berak.

Nolanahi ere, horrek ez dio bide eman EB mailako arau bati, eta aginduak estatu gutxitan egin du Bruselatik hiribururainoko bidea. Malta da salbuespenetako bat: TGEUk eredutzat du hango Genero Identitate eta Sexu Ezaugarrien Adierazpenaren Legea. Hark Konstituziora lotzen du genero identitatea adierazteko eskubidea, eta legeak zigortu egiten du administrazioak pertsona transgenero bat nabarmen uzten badu. Aitorpen prozesuak hiruzpalau egunekoak dira, ahalik eta laburren: «Pertsonek lanpostuan jarrai dezakete paperak aldatu bitartean, eta ez dute urtea galdu behar epaitegietan borrokan».

«Ikusgarria izan da Maltaren bilakaera», azaldu du Koehlerrek, pozik: «Transexualentzat egoera okerrenetakoa zeukan, eta bat-batean Erdi Arotik XXI. mendera egin dute jauzi». Hiru osagai nabarmendu ditu errezetan: ahalik eta lege onena lortzeko borondate politikoa, nazioarteko eta bertako trans erakundeekin izandako lankidetza, eta gizartearen babesa. «Maltan, iritzi publikoa baikorra zen lehendik ere, baina legea atera zutenean, albistea nazioartera zabaldu zen goizetik gauera ; besteak beste, debekatu egin zutelako haur intersexualen derrigortutako kirurgia. BBCren bidez, Zeelanda Berriraino heldu zen: maltarrak izugarri harrotu ziren, eta horrek are babes publiko handiagoa ekarri zion legeari».

Haurrak eta migratzaileak

Maltako legeak arreta berezia jartzen die egoera hauskorrenetan dauden pertsonei. Adingabeen kasuan, prozedura euren esku hartzeko aukera ematen die, eta, gurasoak ados ez dauden kasuetan, umeen interesa bihurtzen da administrazioarentzako irizpide nagusia. Koehlerrek azaldu duenez, halako neurriak ezinbestekoak dira, herrialde gehienetan ia ez dagoelako araututa haurren genero aitorpena. «Sarritan, helduei egiten zaizkien galdera berberak egiten dizkiete umeei, nahiz eta helduentzat ere zailak izaten diren erantzuteko, oso intimoak direlako: sexu fantasien inguruan, gurasoekiko harremanaren inguruan… Eta gurasoak kooperatiboak ez direnean, izugarri luzatu ohi dira prozedurak».

Migratzaile eta iheslarien egoera ere antzekoa da: araudi nazional gutxik aurreikusten dituzte eurentzako neurriak. Arriskua bikoitza da halakoetan, transfobia eta arrazakeria nahasten direlako: «Hain zuzen ere indarkeria transfobikotik ihes egin duten pertsonen kasuan, errefuxiatzeko arrazoiaren luzapen bat da».

Maltako legeak neurri batean erantzuten die kasu horiei. Preso egoeran daudenei —espetxean edo migratzaileentzako harrera zentroetan— «behin-behineko genero aitorpena» egiten diete. Koehlerrek adibide batekin ilustratu du: «Demagun trans emakume errusiar bat Maltako espetxe bateko gizonen moduluan dagoela. Bere naziotasuna dela-eta, gizonezkoa dela diote agiriek; baina aukera du, hala nahi badu, administraziotik emakume gisa tratatua izateko, eta, beraz, emakumeen modulura igarotzeko».

Maltaz gain, Norvegia eta Danimarkako ereduak ere txalotzen ditu TGEUk. Lehenbizikoan haurrek sei urtetatik aurrera har dezakete euren esku agirien prozesua. Danimarkan, duela hiru urte sartu zen indarrean lege berria: esterilizaziorako baldintza kendu eta genero nortasuna 18 urtetik aurrera libreki aldatzeko eskubidea bermatzen du.

Ikusgarritasunerako jauzia

Legeak ezinbestekoak dira transexual gisa bizitza normala eraman ahal izateko. Nolanahi ere, paperak dioena abiapuntua da, eta bide osoa egiteko askoz elementu gehiagoren beharra dago. Bizitako errealitatea zailagoa da gehienetan: «Ez dago herrialde segururik trans pertsonentzat». Azken hamarkadan, ehun hilketa baino gehiago dokumentatu ditu TGEUk, eta ondorioztatzen du: «Nabaritzeko moduan transgeneroa den ia edozein pertsonak sufritzen ditu jazarpena, abusuak edo indarkeria fisikoa». Hala eta guztiz ere, soilik hamahiru estatuk debekatzen dute indarkeria transfobikoa esplizituki.

Koehlerren arabera, Europako esparruan Turkian eta Italian sumatu dituzte egoera okerrenak. Nabarmendu duenez, transgeneroek «proportzio handiagoan» dute langabezian geratzeko arriskua, espazio publiko zein pribatuan sufritutako diskriminazioaren ondorioz. Hori nabarmena da iheslariengan edo atzerriko jatorria dutenengan: «Eraso gehien sufritzen dituztenak, alde handiarekin, sexu langile transgeneroak eta migratzaileak dira».

Tolerantziatik ikusgarritasunera ere jauzi handia dago oraindik: Koehler kexu da, hedabideetan joera handia dagoelako pertsona transgeneroak biktima gisa irudikatzeko, eta gutxiegitan ezagutarazten direlako eredu positiboak: «Laverne Cox aktorea bezalako pertsonek laguntzen diote ikusgarritasunari, euren ospea erabiltzen dutelako trans komunitatearen arazoei buruz hitz egiteko».

Transfobiak atertu du

Hazte Oir talde ultrakatolikoaren gorroto mezuaren aurka eta Chrysallis elkarteak haur transexualen alde egindako kanpainaren alde, ehunka lagunek aniztasuna aldarrikatu dute.

Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iruñeko Udaletxe plaza mukuru dago. Hotz egiten du. Euria egin duenez, asko busti egin dira, baina animoak bero daude. Transexualitatearen aldeko bandera erraldoia udaletxe aurrean dago, ilunabarrari kolorea emanez. Denen gogoan, berriz, Hazte Oir erakunde ultrakatolikoak zabaldu nahi izan duen gorroto mezua dago. Ustez, bihar hel daiteke autobusa Iruñera. «Transfobiaren eta gorrotoaren mamua dabil Nafarroan, baina argi dugu ez dugula gorrotorik nahi», esan du antolatzaileetako batek. Amaieran, bizi nahiari abesten dion kanta jo du nerabe batek, eta, ondoren, lagun bati bultza egin dio, mikrofono aurrean jartzeko. «17 urteko trans mutiko bat naiz. Urte guztiotan gizarteak bilakaera handia izan du, eta, horregatik, oso kontentu nago gainerakoak bezala ikusten gaituzuelako. Mila esker». Plaza guztia txaloka eta oihuka jarri denez, hunkituta nabaritu zaio. Transfobiak atertu du.

Halaxe amaitu da Iruñean E28 kolektiboak deitutako manifestazioa. «Ozen eta argi esan nahi dugu Nafarroak ezezko irmoa ematen diola transfobiari. Ez dugu utziko ezein autobus transfobo gure lurraldean sartzen, askotarikoak baikara», esan du Erika Salvatierra Kattalinguneko kideak. Nahiz eta Hazte Oir elkarteak desberdintasunarekiko ezinikusia azaldu, Euskal Herriko Chrysallis elkarteak aurretik egindako kanpaina «indartu» egin duela uste du Xabi Sanchez E28 kolektiboko ordezkariak. Zakila duten neskak eta alua duten mutilak badaudela ikusarazi nahi izan dio gizarteari Chrysallisek, eta, Sanchezen aburuz, orain kanpainak bigarren bultzada jaso du: «Ez dugu inoren aurka jo nahi, eta, berez, fabore bat egin digute. Kanpainak jasotako babesa inoiz baino handiagoa izan da».

Euripean hasi da manifestazioa, eta ahoan bilorik gabe hitz egin du Patxi Sanzek: «Hazte Oir-eko lotsagabe hauen aurka etorri naiz, talde sektarioa baitira». Funtsezkotzat jo du edonork sexua aukeratu ahal izateko askatasuna izatea. Txalotu egin du Chrysallisen mezu irmoa, «ezkutatuta zegoen errealitate bat» kalera atera duelako. «Denok gogoan ditugu armairutik ateratzen ziren gay-ak lau katu zireneko garaia, baina hura ez zen errealitatea. Kanpaina honek erakutsi du jende asko dagoela ezkutuan».

Ana Fernandezi «aniztasunarekiko errespetu falta» iruditu zaio talde ultrakatolikoaren ekinaldia. «Batez ere desberdinak diren haurrei min handia egin diezaiekete. Errespeta ditzatela. Norberak nahi duen bezalakoa izateko eskubidea du». Fernandezek aniztasunarekiko errespetua eskatu du. Patricia Esparzaren irudiko, berriz, ulergaitzak dira hainbat jarrera: «Onartezina da gaur egun jende batek horrelako pentsamendua izatea, norberak nahi duen bezalakoa izateko eskubidea ukatzen baitute».

«Ez da patologia bat»

Manifestazioa aurrerantz doa, giro alaian. Euria egiteari utzi dio, eta Karlos III.aren etorbidetik igarotzean erosketak egiten ari diren herritarrek apur bat harrituta begiratzen diote protestari. Aurrera egin ahala, geroz eta jende gehiago elkartu da, eta 2.000 pertsona inguru mobilizatu da. Ez, ez, ez, transfobiarik ez, eta Hemen dago trans erresistentzia dira gehien errepikatutako oihuak. Manifestazioan ordezkari politikoak daude. Tartean, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea. EH Bildu, Geroa Bai eta Ahal Dugu-ko ordezkariak ere ikus daitezke.

Udaletxe aurrean, E28 kolektiboak transfobiaren aurkako mezua zabaldu du: «Gizarteak arazorik gabe onartzen ditu transexualak. Horregatik uste dugu iraganean bizi direnen azken astinaldiak direla eraso hauek. Transexualitatea ez da patologia bat, eta genitalek ez dute erabakitzen inoren generoa».

Chrysallisek jasotako babesa eskertu du. «Diren bezalakoak izanda, entzuteko, errespetatzeko eta maitatzeko gaitasuna duen ingurune batean hezi nahi ditugu. Barre egin dezatela eta euren izaera zabal dezatela duten aukera guztiekin. Bizi daitezela, izan daitezela. Horretarako euren familiak euren alboan izatea erabaki dugu, eta zuen eskua zabalik egotea beharko dugu, gure haurren bizitza jokoan dago eta».

Bilgune Feminista: “Aldaketa gehiago, sozialagoa eta feministagoa behar dugu”

NAFARROAKO GOBERNUAREN BALORAZIOA

2016ko aurrekontuak beren arloan epelak izan zirela deritzote. 2017an bestelakoa izango omen da, baina honen garapena ikusi beharko dute. Diotenez, gobernuak irmo egin beharko du emakumeen eskubideak defenditzeko azaroan ateratako dekretuarekin, Osasunbidearen sustraiak atzerakoiak direlako.

Nola baloratzen duzue Nafarroako Gobernuak 16 hilabetetan zuen esparruan egin duen lana?

2016ko Nafarroako aurrekontuen legea epelegia izan zen, UPNren gobernuaren norabidearen jarraipena kezkaz begiratu genuen. Emakumeok eremu guztietan pairatzen dugun bereizkeria aintzat harturik, aurrekontuak hura orekatzeko politika publikoen oinarrizko tresna beharko lukete. Baina 2016ko aurrekontuek ez dute genero ikuspegia txertatu alor bakoitzean, ez dituzte diru partidak emakumeon behar berezietara bideratu, indarkeria legea adabakiz bete dute kontzientziazio, prebentzio eta berdintasun politikei baliabide urriegiak emanez, edota genero formakuntza feminista (esaterako administrazioko langileena eta arloan diharduten profesionalena) eta hezkidetzan gutxiegi inbertituz. Aurreko asteetan datorren sei urteetarako indarkeria matxistaren aurkako plana aurkeztu zuen Foru Gobernuak eta 22,5 milioi euro bideratuko zirela adierazi. Badirudi hainbat hutsune betetzera datorrela plana, baina 2017ko aurrekontuak onartu arte eta haren bilakaera ezagutu arte goiz da balorazioak egiteko.

Abortatzeko eskubideari dagokionez, Nafar Gobernuak egindakoa aurrera pauso garrantzitsua izan da; halere, aurrera pauso motela eta oraingoz paperean materializatu dena bakarrik. Akordio programatikoan Gobernuak Osasunbidean haurdunaldia borondatez eteteko ebakuntza egingo zuela hitzartu zuten. Urte eta erdi pasa denean labetik atera berri dugu 103/2016 Foru Dekretua, azaroaren 16koa, sexu eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duena.

Dudarik gabe dekretu honek aurrera pauso handiak eta sakonak ekarriko ditu martxan jartzen denean: abortoak osasungintza publikoan burutzea, edozein emakumek –egoera zibila kontutan izan gabe– ugalkortasun-tratamendua eta laguntza bidezko ugalketa teknikak erabili ahal izatea, sexu hezkuntza eta curriculum bidezko programak martxan jartzea, transexualitate kasuei arreta eta berariazko prestazioak eskaintzea…

Dekretua berandu dator eta paperak dena onartzen du, dekretuak baditu itzal eta zirrikituak, kasu honetan egun dugun klinika kontzertatura kasuak bideratzea adibidez. Legeak honela dio:

“…Beste prestazio batzuen artean, arau honek haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko aukera bermatzen du: lehentasunez, bitarteko berekiekin eginen da, eta aipatutako 2/2010 Lege Organikoan ezarritako berme guztiak beteta, emakumeen intimitatearen eta konfidentzialtasunaren errespetua aintzat hartuz, baita gai honekin zerikusi zuzena duten osasun arloko profesionalen kontzientzia eragozpena ere…”

Nork ezarriko du zer den lehentasuna? Kontzientzi eragozleak badaude zerbitzua bermatuko du Osasunbideak? Zirrikitu legal horrek klinika kontzertatuari ateak parez pare irekitzen dizkiola uste dugu. Ez dugu zoritxarren-igarle izan nahi, baina mesfidantza pittin bat badugu. Jakin badakigu ez dela erreza izango honen garapena eta materializazioa. Osasunbidearen sustrai atzerakoiak, sakonak eta sendoak dira. Beraz dekretua aurrera eraman ahal izateko Nafar Gobernuaren borondate irmoa behar izango da.

Zuen esparruan nora heldu beharko litzateke gobernua gelditzen zaion legealdi denboran?

Orokorrean Nafarroako Gobernuan eman den aldaketa politikoa, aldaketa sozial sakona bihurtzea nahi dugu. Aldaketa gehiago, sozialagoa eta feministagoa behar dugu. Horretarako, oraindik eskuinaren erregimen patriarkala ordezkatzen duten botere guneetan aldaketak eman beharko dira. Horrekin batera, borondate politikoa behar da jendartea egituratzen duten genero botere harremanak eraldatzeko sakoneko politika feministak egiteko: bizitzaren sostengarritasuna erdigunean jarriz, hezkidetza plan integralak sustatuz, emakume guztientzako indarkeriarik gabeko bizitza bermatuz. Bide horretan Mugimendu Feministarekiko interlokuzioa ezarri eta hura mintzakide politikotzat hartzea ezinbesteko izanen da, eta hau ez da oraindik gertatu.

103/2016 Foru Dekretua sexu eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duena, modu txukunean garatu eta txertatu, lan merkatuan kontratazioak berdintasun irizpideekin arautu, hezkuntza eta prebentzioan gehiago inbertitu, indarkeria matxistaren aurkako plan integrala garatu eta baliabideez hornitu eta kultur arloan, osasunean zein bestelako eskubide sozialen arloan, edota ekonomiaren garapenerako neurrietan emakumeen errealitate eta behar bereziak kontuan hartuko dituzten politikak ezartzea izan daiteke hurrengo urteetarako bide-orria.

Jarriko diozu nota bat 0tik 10era?

Bost.