Piknik-nudistatik EHGAM-en Gurutze-bidera

Zuzeu-tik hartuta

Ekintza antiklerikalak II: Piknik-nudistatik EHGAM-en Gurutze-bidera

Erdi Arotik ezagutzen badira ere, Trentoko Eliz-batzarraren ondoren hartu zuten indarra prozesio katolikoek, eta XVI. mendea geroztik Aste Santu guztietan izaten dira gure kaleetan elizkoiek kartsu eta besteok aihergatasunez bizi ditugun ospakizun erlijiosoak, asperraldiz ez bada.

Prozesio ateoei dagokienez, 80ko hamarkadan izan zuten indarra Euskal Herrian, Jon Martinez LarreakEHU-n egindako “Procesiones ateas y otras manifestaciones anticlericales en Euskal Herria durante los 80” lanak agertzen duenez. Bertatik Iruñeko kontuak ezagutu genituen atzo, eta Gasteizekoak hurrengorako utzita, gainontzeko Euskal Herria izango dugu hemen berbagai.

Piknik-nudistatik-EHGAM-en-Gurutze-bidera-220x368

Lehen ekintza antiklerikalak
Antiklerikaltzat har dezakegun lehenengoetako ekintza 1979an jazo zen Deustuko unibertsitatean, Jesuitetan. Tomate Rojo deituriko ikasle talde batek San Canuto ospatu zuen, eta elizkizun bat parodiatu zuten inauterietako tankeran. Deia egunkariaren arabera, ekitaldia, “prozesio baten parodia zen, ikur batzuk zituena eta panpina bat, Errektoretzaren aburuz, `gustu txarrekoa eta sexualitate makurrekoa´. Kandelen argitan, liturgia antzeko bat ospatu zuten, eliz-musikarekin. Errektoretzatik esan zutenez, `guzti horrek erakusten du egileen asmoa unibertsitateari zentsua ematen dion sinesmena laidoztatzea zela´”.

Gertakari hauen harira, makina bat ikasle zigortuak izan ziren eta, grebak eta beste izan ziren arren, berrogei ikasleri ekaineko azterketak egitea debekatu zieten.

Errektoretzak, El Correo egunkarian ikasleen gurasoek edo katolikoek sinatutako gutunek agertzen dutenez, babesa jaso zuen. MTL izeneko batek “eta irain-orde bezala”, unibertsitatean ekitaldi bat antolatzea proposatu zuen; “benetako Bilbori, katolizismoa arnasten duenari, fede erakustaldira batu” zedin luzatu zion deia.

Urte batzuk geroago, 1982an, eta Aita Santua Euskal Herrira zetorrela-eta, koordinadora batek (gay, feminista, ekologista eta antimilitaristez osatutakoa) ekitaldiak antolatu zituen Iruñea, Bilbo eta Donostian -Jainkogabeen jaiko afixa dakargu-. Azken hiri honetako alde zaharrean Bien Bebido izeneko parodia burutu zuten berrehun lagun inguruk, txaranga batekin kalejira egin eta eliz-kantuak abestuz, `Antipapa´ beraiekin zutela. Iruñean meza parodiatu zuten eta pegatina zein afixak jarri; bi gazte atxilotu zituzten horretan zebiltzala.

Gurutze-bidea
Ekitaldi antiklerikalak bizkor hedatu ziren Euskal Herrian zehar, hiri zein herrietan. Bilbon presentzia txikiagoa izan zuten, baina San Canutoz gain eta 1988ko prozesio ateo batetik aparte, EHGAM-ek Gurutze-bidea antolatu zuen 1986an. Asmoa, Joan Paulo II.ak homosexualitatea kondenatu izanari erantzutea, ondorengo aldarrikapenak eginda: sexu-orientazioagatik bereizketarik ez, norberaren gorputzaren autodeterminazio eskubidearen alde eta abortu libre, doan eta mugarik gabeko baten alde.

Gurutze-bidea Santiagoko Katedral parean bukatu zuten eta prozesio ateoen antzekoa izan zen. Bertara bilduak apaizez jantzita zeuden, buruan Aita Santua eta Ronald Reagan zirela, kontserbadoreen ikur bezala. Leloek sexuarekin zuten zerikusia: “Las monjitas también se acuestan juntitas”, adibidez. Urte batzuk geroago, talde berak apostasiaren aldeko ekimena jarri zuen abian.

EHGAM-en-Gurutze-bidetik-piknik-nudistetara-368x232

Ipar Euskal Herriari dagokionez, ez dugu ezagutzen ekintza antiklerikal handirik, baina Elizarekin oso kritiko izan direnen artean da Baionako Patxa mugimendua. Kas alternatibaren ordez Gin-Kas alternatiba proposatu zutenean, kontzertu areto bihurtu nahi izan zuten Baionako Katedrala.

Hiriez gain herriei erreparatuta, Portugaleten, Mendeku elkarteak prozesio ateoa egin zuen 1987an,“Cristianos a los leones” lelopean hauek ere -Iruindarrak bezala-. Apaiz urkatu bat zeramaten gurutzean eta apaiz zein moja mozorroak soinean; herrikideak asaldatu eta errepidea mozten ausartu ziren, poliziari aurre eginez.

Azkoitian, eta gaztetxearen aldeko borrokan, mugimendu garrantzitsu bat garatu zen eta honen baitan ekintza antiklerikalak egin zituzten, Gabonetako Belena eraso, kasu.

Altsasun, 1986ko Eguen Santu egunez, gurutze bat iltzatu zuten elizako atean buruz behera, eta udaletxeko leihoetako kristalak apurtu. Biharamunean, gazte batzuek oihuak bota zituzten prozesio ofizialaren kontra eta… su eman zioten elizako ateari!; okupa bat atxilotu zuten horregatik.

Zalantza barik ekintza gehiago ere izango ziren, baina hauexek dira aztertu dugun EHU-ko lanean ageri diren adibideak.

80ko hamarkada bukatzearekin prozesio ateoak ere desagertzen joan ziren, belaunaldi berri bat gehituta mugimendu sozialek indarra hartu ahala. Aldaketa garaia zetorren eta, egia esatera, ekitaldi antiklerikalak antolatzen zituzten taldeak nahiko informalak ziren, ibilbide laburrekoak.

Atzerago joz
Askoz atzerago eginda, Euskal Herrian aurki daiteke ekitaldi antiklerikal bitxiren bat edo beste, beti ere Martinez Larrearen lanak dioenaren arabera. 1903an Portugaleten, esaterako, istiluak izan ziren katoliko eta antiklerikalen artean, Begoñako Ama Bizkaiko zaindari izendatu zutela-eta; ehunka zauritu eta hildako bat izan zen!

Bukatzeko, bitxiena begitandu zaigun ekintza. 1934an, Bigarren Errepublikaren garaian, Isaac Puentek, Gasteizko katedral berriaren aurrean eta oraindik urbanizatu gabe zegoen eremu batean piknik-nudista egitea proposatu zuen; ondoan Las Ursulinas zegoen, neskato aberatsen ikastetxea.

Konturatuko zinetenez, Aste Santuaren aitzakian orainkarira ekarri ditugun ekintza antiklerikal guztiek ez dute harremanik egun hauekin, baina hauen artean ekintzarik ohikoena izaten da prozesio ateoa.