Homosexuala eta arrazista izan zaitezke?

Javier Maroto Gasteizko alkatea gizon batekin ezkonduko dela irakurri eta horra inuzenteki burura etorritako lehen pentsamendua: daukan joera sexualagatik diskriminazioa, jazarpena eta eskubide murrizketa jasaten duen kolektiboko kideak (bere alderdiaren aurka egin zuen Marotok, sexu berekoen arteko ezkontzaren gaian) nola diskriminatu, jazarri eta eskubidez murriztu dezake estigmatizatuta dagoen beste kolektibo bat? Beretzat nahiko dituen errespetua, berdintasuna eta justizia ez ditu aintzat besteentzat, gurutzada kontziente eta erabatekoa izan baita Marotorena, prestazio sozialen afera famatua, lokutorio eta mezkiten aurkako borroka, musulmanen janzkerari buruzkoak… lekuko.

Botere harremanak-lehiak konplexuak dira oso, klase soziala eta kultura tarteko.

Botere harremanak/lehiak konplexuak dira oso, klase soziala eta kultura tarteko.

Tira, inozentziatik errealitatera jauzi eginda, erantzun argia du titularrak: bai, jakina, izan zaitezke homosexuala eta arrazista, beltza eta homofoboa izan zaitezkeen bezalatsu, hizkuntza diskriminatuko hiztuna eta matxista, eta alderantziz… Oihanaren Legea da gurea, beti dago norbait ahulagoa, eta botere harremanak/lehiak konplexuak dira oso, klase soziala eta kultura tarteko. Gure burua non kokatzen dugun ikusi behar, (batzuekiko) zapaldu edo/eta (batzuekiko) zapaltzaile.

Eta hala ere, logikak eskatzen du enpatiak eta konplizitateak lotu beharko lituzkeela oinarrizko eskubideen alde borrokan dihardutenak. Eta bihotzak eskatzen du, Lorea Agirrek dioen moduan, “ahizpa dituzun beste ahalduntze bideei eskua” emateko; bazterrekoen ahalduntze eta borroka, bateratua baldin bada, indartsuagoa izango baita zentralitatea eta normaltasuna lortzeko; oihanean beti lehoiek agintzeari utzi diezaioten noizbait.