Bilboko ekainaren 28 koordinadorearen manifestoa: Hamaika sentipen, hamaika bizipen, hamaika izate: ¡aquí ni dios es normal!

Bizkaiko E28 Koordinadora osatzen dugun taldeok 2014. urtea aukeratu dugu gure gaurko egoerari eta orain arteko lorpenei buruzko gogoeta egiteko. 1977. urtean Ehgamek proposatu zuen programa eta gaurko egoera konparatu egin ditugu, hausnarketan sakontzeko bidean ariketa ezin hobea iruditu baitzaigu. Denon artean osatu ditzagun, hona hemen hainbat ideia:

1977an “Peligrosidad y Rehabilitación Social” delako legea indargabetzea eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN espazio publikoa erabiltzeko udal-ordenantza dugu. Honen bidez poliziek afektu-adierazpen publikoak egiten dituzten guztiak jazarri ditzakete, areago ere, isuna jarri diezaiekete; Bilboko udalak berak onartu zuen bezala, gure eta beste hainbaten kontra diseinatutako ordenantza hau bereziki sexu bereko bikoteen kontra erabiltzen da.

1977an kalitatezko sexu-hezkuntza irakasteko erantzukizuna eskatzen genion Estatuari, ugalkortasunera ez bideratua eta sexualitate anitzak kontuan hartuko zituena,

eta GAUR EGUN jakin badakigu gure eskoletan ez dela inoiz kalitatezko sexu-hezkuntzarik eskaini. Osasun-hezkuntza irakatsi omen da, sexu-osasuna barne hartu duena (berriro ere sexua arazotzat hartuta), etika-hezkuntza ere irakatsi omen da, sexu-afektuen aniztasunari zor zaion errespetuaz aritu dena; baina curriculumean ez dira sekula kontuan hartu norberaren gorputza ezagutzea, desira aitortzea, plazerra probatzea, harreman ezberdinekin praktikatzea… azken finean, benetako Sexu-Hezkuntza integrala osatzen duten gaiak baztertu dira.

1977an 16 urtetik aurrerako adin-nagusitasuna eskatzen genuen,

eta GAUR EGUNgo legeak sexua izateko baimena 13 urtetik 15 urtera igo du, sexua arazotzat hartuta eta gazteak eta gizaki oro haurtzat hartuta.

1977an giza harreman askeak osatzea eskatzen genuen, familia patriarkal eta ezkontzaren instituzioak ordezkatuko zituztenak,

eta GAUR EGUN bizitza partekatzeko molde ezberdinen eskubideak ez dira aitortzen eta zilegi diren harreman molde bakarrak betiko instituzionalak dira. Harreman-molde guztiak eredu heteroarautzailearen mendera ekartzeko erabili da berdintasunean oinarritutako ezkontza.

1977an ar/eme, emakumezko/gizonezko, aktibo/pasibo,… kategoriak eta rolak gainditzea eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN binarismoa inoiz baino indartsuagoa da. Hona hainbat adibide: euskaraz genero markaturik gabeko izenak ditugu eta orain Euskaltzaindiak arautu nahi ditu (Aitziber izena neskei baino ezin izango zaie jarri, Ametz mutilei eta Ametza neskei), haur jaioberri intersexualei ebakuntzak egiten zaizkie normalizazio genitala ezartzeko, eta transexualitatea arazotzat hartzen da.

1977an gure afektibitatea publikoan erakusteko eta nahi genuen modura janzteko eta apaintzeko askatasuna eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN homofobia-lesbofobia-transfobia jendartean gailentzen da, eta baita gure artean ere plumafobia ohikoa da.

1977an gure intimitatean ez eliza ez estatua ez eskua sartzerik, eta sexualitatean arau moralik ez inposatzea  eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN estatu teokratikoan bizi gara: estatuko ekitaldi publiko garrantzitsuak erlijiosoak dira, elizaren moralak estatuaren lege-ekintza bideratzen du, estatuak elizarentzako zergak biltzen ditu, lan-egutegia erlijiosoa da, hezkuntza alorreko haurren katekesia diru publikoarekin ordaintzen da, estatuaren segurtasun-indarrek elizaren boterearen kontrako adierazpenak zapaltzen dituzte (erlijiosoek botatzen dituzten gorrotoz beteriko zakarkerien aurrean isilik mantentzen diren bitartean), etab.

1977an sexu-moralak ezarritako zentsura mota guztiak gainditzea eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN adierazpen-askatasunari gero eta muga gehiago ezartzen zaizkio, sare sozialen kontrol polizialak parafaszista itxura hartu du, eta autozentsuraren kontrako borrokan atzerapausuak eman dira.

1977an gaixotasun benereoak eta sexualak prebenitzeko kanpainak egitea, aldian behingo eta doaneko azterketa medikoak egitea eta antisorgailuak erabiltzeko eta abortuak egiteko baimena  eskatzen genion Gizarte Segurantzari,

eta GAUR EGUN etengabeko murrizketak egiten ari dira Gizarte Segurantzan, enpresa farmazeutikoek etikarik gabeko jokabidea dute, hainbat lekutan zaila da antisorgailuak edo kondoiak lortzea, transexualok tratamendu psikiatrikoa onartu behar dugu hormonazio-prozesuan sartu ahal izateko, hiesfobia soziala lazgarria da, eta horretaz gain, abortuaren legean ezarri nahi duten aldaketak larriki mugatuko ditu emakume guztion sexu- eta ugalketa-eskubideak.

1977an sexua berresleitzeko ebakuntzak egiten dituztenak ez baztertzea eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN, transfobia nagusi da gure artean, transexualok pairatzen dugun bazterkeria antzina bezain ikaragarria da, sexua berresleitzeko prozesuan sartzea zaila izateaz gain estereotipatua eta iraingarria ere bada.

1977an norberaren gorputzaz modu askean gozatzeko eskubidea aitortzea eskatzen genuen,

eta GAUR EGUN sexu-afektuzko harremanak oraindik ere arautuak daude eta norberaren gorputza modu askean erabiltzea ez dago onartua (prostituzioan aritzea, kasu).

Konparazio lazgarri honen aurrean, argi dago oraindik egiteko eta des-egiteko asko eduki badugula. Maila legalean eta sozialean eman diren aurrerapausoak gorabehera, badirudi sexu- eta genero-aniztasunean oinarritutako jendartea lortzeke dugula. Arau heterosexista eta binarista nagusi da gure artean, baina arau horrek ez du balio, arau horrek denok kanpoan uzten gaitu, eta hemen gaudenok horren erakusgarri gara, gure artean inor ez baita normala.

GURE HAMAIKA SENTIPEN, BIZIPEN ETA IZATEEN GARRASIA:

ARAUTIK KANPO BIZITZEKO ESKUBIDEA ORAIN!

E28 Koordinadora – Bizkaia