BERRIA: Askatu nahian

http://www.berria.eus/paperekoa/2063/030/003/2014-06-29/askatu_nahian.htm

E28 Nafarroan

LGTBIren eguneko martxa, atzo, Iruñean. JUANAN RUIZ / ARP

Duela 30 urte, ekainaren 28an, 19:00ak jo orduko ziztu bizian atera ziren dozena bat lagun, pankarta bat eskuan hartuta, taberna zulotik Donostiako Bulebarrera, harrotasun egunaren harira egin nahi zuten manifestazioaren ibilbidea lehenbailehen amaitzera. Jende gehiago izaten zen espaloietan begira, pankartaren atzean joaten zena baino. Beste hiriburuetan egiten ziren manifestazioak ere ez ziren argazki horretatik urrun ibiliko. Garai haietan erakutsitako ausardiari esker egin da toki askotan aurrera, hein batean. Ezin esan, ordea, egoera normalizatu denik.

Ikastetxeetan haur batek marikoia esan eta besteek barre egiten duten artean; neska bati lesbiana deitzea iraingarritzat jotzen den artean; lankide, lagun edo familiaren aurrean sexu joera ezkutatzera eramaten duten arrazoiak desagertzen ez diren artean; kartzeletan, erietxeetan, justiziarekiko tramiteetan heteroarauen barruan sartzen ez den guztiak esplikazio plus bat behar duen artean; sexu joera dela-eta pertsonek sorterria utzi behar duten artean, edo espetxera edo heriotzara eramanak ere izan daitezkeen artean, askatasunetik urrun dago LGTBIren barruan dagoen oro —harreman afektibo-sexualak nola bizi behar diren arautu beharraren ajeak—.

Umorez eta kolorez janzten dituzte hiriak ekainak 28 iristen den aldiro. Festak, baina, aldarritik ere badu.