Azkuna Zentroak ‘Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan’ ikastaroa eskainiko du

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen

alhhonfiga_20465_1

Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa izango da ikusgai (Oskar Martínez)

Bilboko Azkuna Zentroak “Ikuspegi feministak produkzio artistikoetan eta artearen teorietan” izeneko ikastaroa eskainiko du urriaren 9an eta 10ean, Xabier Arakistain arte komisarioak eta  Lourdes Méndez Artearen Antropologiako katedradunak zuzendaritzapean.

BILBAO. Urriaren 8tik urtarrilaren 10era “Why Not Judy Chicago?” erakusketa  izango da ikusgai zentro bilbotarrean, eta, hori dela eta, aurtengo  ikastaroa arte feministaren aintzindariari eskainiko zaio. Judy  Chicago bera ikastaroan egongo da urriaren 9an.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, ikastaroaren bidez, laguntza  eman nahi da jendarte garaikideetan ekoizpen artistikoaren arloan  gertatzen denari buruzko jakintza kritikoak ezagutzera emateko,  ikuspegi feministetatik abiarazita.

“Jakintza kritiko guztiak bezala, XX. mende erdialdetik eraikitzen  ari den jakintza feminista deserosoa da, ekoizpen artistikoko arloen  mistifikazioa salatzen duelako, arlo horien egitura sexistak agerian  jartzen dituelako, sexuak, etnizitateak, arrazak eta jendarte mailak  haiengan duten eragina aztertzen duelako, artistak sexuko harreman  sozialen bilbean kokatu eta onarpen desberdinen arrazoiak ulertzeko  bidea argitzen duelako, arteari buruz androzentriko eta  etnozentrikoki lerratuak diren kontakizunak -irakaskuntzako maila  guztietan- bortxaz ezartzen direla salatzen duelako, eta ideatikoki  aratz eta garbiak diren ekoizpen artistikoko arlo batzuei buruzko  sinismen faltsuei aurre egiten dielako”, azaldu dute.

Ikastaroak, alde batetik, ikertzaile feministek sexista ez den  jakintza eraikitzen jarraitzeko aurre egin beharreko arazo  historikoak, teorikoak eta politikoak landuko ditu, eta, bestetik,  “arte instituzioaren” alde guztiak zalantzan jartzen dituzten  praktika artistikoak aztertuko ditu, desberdintasun sexualaren  irudikapen nagusien kritika nabarmenduta.

Aurreko edizioan 300 matrikulazio baino gehiago izan zituen  ikastaroa, Azkuna Zentroak kultura eta koproduzio arloan ezagutza  feminista zabaltzeko eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna  lortzeko helburuarekin egiten dituen jardueren artean dago. Izen  ematea egiteko posta elektronikoa bidali behar da  azkunazentroa@azkunazentroa.com helbidera. Sarrera librea izango da  edukiera bete arte.