«Emakume lesbianak ikusezin egin dituzte»

Chiapasko emakume lesbianen borrokaren inguruko ‘Esas, ellas, nosotras’ dokumentala aurkeztu du Gutierrezek Euskal Herrian, Yolanda Garciarekin batera. «Memoria historikoa» du ardatz lanak.

Yolanda Garcia eta Marla Gutierrez Mexikoko dokumentalgileak, Bilbon

Yolanda Garcia eta Marla Gutierrez Mexikoko dokumentalgileak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

K‘inal Antzetik erakundeak sortu du Esas, ellas, nosotras dokumentala (Horiek, haiek, gu). Chiapasko (Mexiko) emakume indigenekin lan egiten duten emakume mexikar lesbianen inguruko lana da. Marla Gutierrez (Mexiko Hiria, 1974) da egileetako bat, eta Euskal Herrian izan da dokumentala erakusten.

Dokumentala lesbianen memoria historikoa berreskuratzeko ariketa bat da, Chiapasko emakume lesbianek egina; kolektiboak 1980ko hamarkadatik egindako erresistentzia jaso du. Nolakoa izan da etengabeko borroka hori?

Dokumentalarekin, memoria historikoaren bidez, emakumeek mugimendu sozialetan izan duten parte hartzea erakutsi nahi izan dugu. 1980ko hamarkadan San Cristobal de las Casasen [Chiapas] bizi ziren emakume lesbianak egiten ari zirena jaso nahi genuen: sindikalismoan, emakume indigenen borrokan eta abortuaren despenalizazioan.

Chiapasko emakume lesbianak erresistentzia borroka guztietan egon dira: nekazari indigenen mugimenduan, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrakoan, zapatista zibilean… Mugimendu horietan desagertu diren emakume lesbianen egiazko erregistrorik ez dagoela diozue.

Erresistentzia mugimenduetan beti egin da ikusezin emakume lesbianen parte hartzea. Dokumentalak ikusarazi nahi du emakume lesbianak borroka horietan guztietan egon direla. Badaude emakume desagertuen estatistikak, baina emakume moduan soilik izendatzen dituzte. Ez da aipatzen desagertuen artean emakume lesbianak daudenik. Emakume lesbianak ikusezin egin dituzte. Emakume desagertuen estatistikak daude, eta kito, lesbianak zehaztu gabe.

Beharrezkoa da emakume horiek lesbianak direla esatea?

Hain zuzen.

Lesbiana izatea jarrera politikoa da, beraz?

Bai.

«Emakume lesbianak ikaragarriak gara». Dokumentaleko hitzak dira. Hori ozenki aldarrikatzea garrantzitsua dela uste duzu, ezta?

Esaera bat da, hau esatea bezala: «Ez dira gelditzen, borrokalariak dira, indar handia dute, etengabe ari dira gauzak aldarrikatzen».

Emakume «eroak» zaretela diozue. Pixka bat eroa izatea ezinbestekoa da nahi dena lortzeko?

Eroa, markatutako bideari ez jarraitzearen zentzuan. Hau da, heteronormatibitatearen bidetik atera, konbentzioei ihes egin, eta txikitatik egin behar duzula uste duten hori ez egin. Horrekin guztiarekin apurtu, eta zu zeu izaten saiatzea da gakoa.

Baina dokumentalean emakume batek dio lesbianak ez direla ausartzen hala direla esatera. Beldurra eta segurtasunik eza dira horretarako arrazoiak.

Oraindik bazterkeria eta indarkeria handia dago. Mexiko Hirian bakarrik da posible gay eta lesbianak eskutik helduta egotea leku publikoetan, eta horregatik kartzelatuak ez izatea. Chiapasen eta halako estatuetan gaia lantzea falta da oraindik, gay eta lesbianek kalean libreki pasea dezaten.

Filma Chiapasko emakume lesbianek egin duzue. Ez duzue beldurrik izan horretarako?

Bai, beti dago beldur hori. Baina une koiunturala da kalera ateratzeko, ikusezintasuna amaitzeko eta bakoitza den modukoa izateko. Uste dut gizarteak aldatzen ari direla, eta bada garaia nor zaren, zein maite duzun eta zer gustatzen zaizun esateko. Eta baita askatasunik handienarekin egiteko ere.

Ba al dago alderik Euskal Herriko lesbianen borrokaren eta Chiapaskoenaren artean?

Uste dugu paralelismo asko daudela. Euskal Herriko emakume lesbianen kolektiboekin izan gara, eta, gure iritziz, garrantzitsua da memoria historikoa berreskuratzea. Euskal Herrian ere gogoeta asko falta da, eta aurrez egindakoa sistematizatzea. Espazio batzuk irabazi badira, aurretik emakume batzuk eskubide horien alde borrokan aritu zirelako irabazi dira. Uste dugu hori gogoratzeak beste ikuspegi bat ematen duela. Egungo gazte lesbianak eta gayak beste espazio batzuetan daude: ziberespazioan, nork bere burua nola irudikatu lantzen…

Ezberdintasunak baino gehiago dira paralelismo horiek?

Europan edo AEBetan, transgeneroaz eta halako gaiez ari dira hitz egiten. Mexikon, beste gauza batzuk aldarrikatzen ari gara: besteak beste, kalean eskutik helduta ibiltzea ekintza moralgabea ez izatea nahi dugu; eta komunitate indigenetan, lesbianak ikusaraztea, haiek onartuak izatea eta lesbiana izateagatik komunitatetik ez kanporatzea eskatzen dugu.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gutxiengoa izango gara gero ere. Garrantzitsua da hausnarketarako espazioak eraikitzea; baina, aldaketa gauzatu dadin, gizarteko eragile guztiek aldatu behar dute.