Palestinako banderak harrotasunaren egunean?

Artikulu hau BERRIA egunkarian argitaratu da

SOZIOLOGOA, EHUKO IRAKASLEA

Obamari esker, 2010az geroztik AEBetako armadan sar daitezke homosexual gisa aurkezten direnak. Lekua lortu dute hiltzeko inoizko makinaririk ikaragarrienean. Ospatzekoa?

2012an Israelgo armadak argazki historikoa argitaratu zuen. Eskutik helduta bi soldadu gizonezko, azpian zera idatzita: «Harrotasunaren Hilabetea da, ba al zenekien armadak berdin tratatzen dituela soldadu guztiak?». Sodoma eta Gomorraren tesia besarkatzetik urruti, Israelgo eskuineko gobernuak hunkigarritzat jo zuen argazkiak eragindako erreakzio beroa (gobernukide zen Netanyahu). Izan ere, jendarte erabat militarizatuan soldaduak behar, eta Israelgo armadak 1993tik aurrera onartzen ditu homosexualak, armada bihurtzeraino gay-friendly espaziorik seguruena. Ospatzekoa?

Irudikatu Bilboko Autonomia kalea 15.000 manifestarirekin gainezka. Irudikatu orain guztiak direla ume sarraskituak. Sei hilabetetan egin du sionismoak basakeria erakustaldia. Ez dira horrenbeste haur hiltzen munduko gerra guztietan lau urtetan.

Marine Le Pen-ek aspaldi normalizatu gintuen, eta 2019an dagoeneko bera omen zen boto asmoan aukerarik gustukoena Frantziako LGTBI+ komunitatean. Eta sexu-disidente andana ibiliko da Chicagoko burtsan jakien espekulazioari emanda, munduko ahulenen sabelak husten, kapital metaketaren bermatzaile. Zenbat ote dira munduko oligarkia korporatiboan gainbalioaren izenean, etekinaren zerbitzari bizia hankapean. Ospatzeko zerbait?

Gurera etorrita, esan digute ospatzekoa dela: hiru milioi euro utziko ei ditu Bilbao Bizkaia Harro jaialdiak, Bilboko Udaleko Turismo Sailak diseinatua. Ez da oso originala Harrotasuna nahastea gay turista dirudunak seduzitzeko plan merkantilistekin, despolitizazioarekin, gay kulturaren kooptazio kapitalistarekin.

Ipurdia bistan, nahi izanez gero, baina bestela ulertu du emantzipazioa EHGAMek. Labur esanda: askapena ez da etorriko gay, lesbiana edo dena delako gisa plisti-plasta murgiltzetik kontsumoaren festa ultra-kapitalistan, ez eta palestinarren kontra misilak jaurtitzeko eskubidetik. Militatu nuen 90eko hamarraldi hartan, armadari intsumisioarekin erantzun genion, eta natural genituen zero pobrezia, Chiapas, euskara, langile sexualen eskubideak, autodeterminazioa, SOS arrazakeria, edota anti-globalizazioa.

Beraz, asko sinplifikatuz, LGTBI+ mugimenduan baditugu gutxienez askapena ulertzeko bi eredu. Batek ardatz bertikala du oinarri: «gora gay eta gaytarrak». Hau da, identitatea eta integrazioa. Helburua da gutxiengo baten bizitza normalizatzea, eskubideetan homologatzea: zuek bezalakoak gara eta baldintza berberak merezi ditugu. Finean, sexu eta genero disidentziak integra ditzagun daukagun gizartean.

Bestetik, emantzipazioaren ulerkera horizontala duzu. Zilborretik atera eta alboetara (horizontalki) begiratzeak erakutsiko dizu opresioen pluraltasuna. Kontua ez da soilik zeure kontrako dominazio espezifikoa, baizik eta dominazioa. Zure opresioa zubi da bestelakoekin konektatu (prekarioa, migrantea, emakumea, euskalduna…) eta aliantza afektiboak mamitzeko. Burbuila auto-erreferentzialaren lekuan, irekidura enpatiko-politikoa. Zilbor-politikaren ordez, osotasunaren politika bat.

Ardatz horizontaletik, kontua ez da gutxiengo bat integratzea daukagun jendarte (gaixo bezain suntsitzaile) honetan, baizik eta hankaz goratzea daukaguna. Batetik, esanez zis-heterosexualtasuna ere senda daitekeela, hau da, auzia da gizarte osoaren sexu emantzipazioa (ez gutxiengo batena). Bestetik, emendatuz osotasuna: kooptazio saiakeren aurrean, kapitalismoaren analisi kritikoa eta desira post-kapitalista. Finean, horizontalak dio sexu-disidentzia erabil daitekeela politika subertsiboa kontrabandoz sar dadin jendearen gorputzetan.

Gutako askok horizontala izan dugu inspirazio eta aspirazio. Amestu dugu subalternoen artikulazio antagonistarekin (gerora intersekzionalitatea deitu zaio). Amai ez dezagun gay jator gisa Starbucks-en ilaran, mugikorrari so, Amazonetik hurrengo zer erosiko. Sexu-disidentea eskubidez hornitzeak ekar ez dezan kriminal kopurua haztea: hamabost mila ume…

Adoptatu genuen eta gurasotasuna hain bizigarri zaidala, nola gutxietsi homologazio juridiko-soziala. Ez da hori. Kontua da mundua askoz arriskutsuagoa dela ardatz horizontal ahularekin, ugaritzen baitira kriminalak, merkatuak irentsitako bizitza neoliberalak, ultraeskuina bera. Gertatu da: osotasunaren politika makal, biderkatu da esplotazioa (giza lanarena zein naturarena), basakeria eta ziurtasun gabezia.

Maiatzean gazteek omenaldia prestatu ziguten EHGAMeko beteranooi. Bihotzez eskertzekoa. Ez zen beharrezkoa, ordea, egin baikenuen gure ustez egin behar zena. Hori bai, askapenaren ulerkera horizontalak, horrexek behar du aintzatespena eta jarraitutasun historikoa. Interes handia baitago egin dadin bere autopsia, hildako ametsa bailitzan. Funtsezkoa izango da, ordea, belaunaldi berrientzako erreminta-kutxa antifaxistan.

Esan dezadan honela: aurten, harrotasunaren egunean Palestinako banderak behar ditugu zientoka, zergatik ez hamabost mila. Gerraren eta genozidioaren aurka. Sexu-disidente kriminalen kontra.

(EHGAMeko Santi Vicente Madelon eta Mikel Martin Mikela ekintzaile horizontalak gogoan)