Maiatzaren 17an, Nazioarteko Homofobiaren aurkako egunean, hainbat ekitaldi burutuko dira Euskal Herrian. Adi egon eta parte hartu!!
Urtero bezala, bertan gara, maiatzaren 17an sexu eta genero disidenteen elkarte eta kolektiboak, lesbofobia, homofobia, bifobia, transfobia, transmisoginia, serofobia eta bestelako gaitzik gabeko gizarte libre bat aldarrikatzeko, zeinetan pertsona guztiek euren osotasunean adierazi dezaketen euren burua.
Berriz ere pasa den urtean baina pixka bat hobeto gauden galdetzen diogu geure buruari, ea geure esfortzuak inolako eraginik izan duen urte honetan zehar. Eta, beste urte batez, egiari erantzunez, ezekoan gaude ez baitugu hobera egin.
Gorroto erasoen aurrean erantzun azkar eta eraginkor bat ematea ahalbidetzen digun LGTB+fobiaren aurkako legerik gabe jarraitzen dugu. Erakundeekin komunikazio eraginkorrik gabe jarraitzen dugu, eta horrela ezin dugu gizarte aske baten alde behar bezala lan egin. Eta, noski, LGTB+fobiaren aurkako fiskaltza espezifikorik gabe jarraitzen dugu, beharrezko kasuetan esku hartzeko.
Estatu Espainiarrean gertatzen denak beldurtzen gaitu. Nazional-katolizismoa pil-pilean dago, eta apezpikuak alde batetik eta elkarte kristo-faszistak eta euren autobusak bestetik, ez dago urteko egunik gure kolektiboak erasorik jaso gabe. Honetaz gain, izugarri ikaratzen gaitu sistematikoki eragiten zaigun indarkeriak, kolektiboari eragozten zaizkion eskubideak kontuan hartuz; esate baterako trans pertsonek behar dituzten hormonen hornidura-gabetzea edota cishetero-araua jarraitzen ez duten familiek izaten dituzten arazoak.
Maila internazionalean gertatzen denak, ordea, erabat izutzen gaitu. LGTB+fobiak urtero milaka kide (bereziki aktibistak) hiltzeaz gain, erakundeek boterearen erabilera osoa egiten dute LGTB+ kolektiboa erasotzeko. Honi lotuta orain Chechenian gertatzen ari dena, non genero eta sexu disidenteak bahitzen, kontzentrazio esparruetan gartzelaratzen, torturatzen eta erahiltzen ari diren.
Politikoki Europa orain arte lortutako askatasunaren galera eta atzerapen prozesu batean murgilduta dago. Egoera honek okerrera egingo du lehen bait lehen gelditzen ez badugu, eta horretarako antolatuta eta aktibo egon beharra dugu eta eraso bakoitzari behar bezalako erantzuna eman.
Maiatzaren 17an homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zitzaiola ospatzen dugu, eta horregatik ez dugu aukera galdu nahi trans pertsona guztien alde, euren familien alde eta aktibisten alde egiteko, gaur egun trans pertsonen despatologizazioaren borrokan jarraitzen baitugu.
Antolakuntza eta borroka ezinbestekoak dira testuinguru honetan. Animo, guztion artean lortuko dugu.
Bizkaiako E2 Koordinakundea.