Homofobiaren aurpegiak
Gizarteak inoiz baino normaltasun handiagoz ikusten du LGTBI komunitatea, baina ez da guztiz islatzen egunerokoan. Homofobiak bizirik dirau herritarren artean, nahiz eta «kontraesanezkoa» izan daitekeen.
Stonnewalleko (New York, AEB) istiluen 47. urteurrena da gaur. Poliziek izen bereko tabernan egindako sarekadari erantzunez, altxatu egin ziren New Yorkeko gay, lesbiana eta transexualak. Mugarri bihurtu zen altxamendu hura LGTBI komunitatearentzat; ordura arte ilunpean bizi zen talde hura bere eskubideen eta sexu aukeraren alde agertzen hasi zen. Ostadarra kolorea hartzen hasi zen. Horregatik da ekainaren 28a LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna.
Hobetu da egoera 47 urte geroago; agerikoa da urrats handiak egin direla gayen, lesbianen eta transexualen eskubideen alde, baina bizirik dirau homofobiak oraindik ere. Hiltzen. Aldaerarik makurrena erakutsi zuen hilaren 12an: gizonezko batek LGTBI komunitateko 50 lagun hil zituen tiroz Orlandoko (AEB) dantzaleku batean. Samina eta haserrea eragin zuen gertakari hark munduan. Oihartzun txikiagoa izan zuen bi aste lehenago Veracruzko (Mexiko) dantzaleku batean izandako erasoak; lau kide hil zituzten, eta hamar zauritu. Ostadarra belztu zuten erasook.
Tamalez, izozmendiaren erpina besterik ez da. Eraso bortitz horiez aparte, sexu aukera askatasun osoz bizitzeko oztopoak dituzte egunerokoan LGTBI komunitateko kideek. Mikrohomofobien eraginaz hitz egin du Imanol Alvarez EHGAMeko sortzaileak. «Homofobia handia dago; hor daude Orlandoko kasua eta antzeko beste batzuk. Baina egunerokoan agertzen diren homofobia asko daude, mikrohomofobiak, batzuetan gu konturatu gabe; agian gure baitan».
Hainbat adibide jarri ditu: mutiko bati neska-lagunik duen galdetzea edo alderantziz, haurra ustez bere sexuari dagokion arropa erabiltzera behartzea, irainak… «Marikoia esaten duen jende gehienaren helburua ez da norbaiti marikoi deitzea, zerbait txarra esatea baizik, kabroia dela. Hizkera horren atzean ideologia dago». Espainian orain dela hilabete batzuk gertatutakoa ekarri du gogora: Andaluziako futbol epaile batek kargua utzi zuen, ezin zituelako jasan partidaro egiten zizkioten irainak.
Egungo gizartean familia nuklearrak duen garrantzia nabarmendu du Saioa Iraola Bilgune Feministako kideak.Heteroaraua ez da gure bakea! leloa erabili dute gaurkoari begira. «Adierazi nahi dugu bakea ez dela neutroa, patriarkatuak duen funtzionamendu normalari esaten zaiola bake. Heteroaraua bakearen aurkako arau sistema da». Izan ere, Iraolaren irudiz, sistema horren errealitate dira, besteak beste, sexu indarkeria, indarkeria ekonomikoa eta prekaritatea.
«Kontraesanezkoa» da errealitatea, Alvarezen iritziz. Homosexualitateak eta transexualitateak inoiz baino oniritzi handiagoa izan arren, «azalean» dago homofobia. «Balirudike politikoki zuzen izateak egon beharko lukeela azalean, eta gorrotoa barren-barrenean, baina kontrakoa gertatzen dela sumatzen dut: matxismoa eta homofobia daude azalean, pertsona bat zein ar edo zein eme den erakusteko iniziazio erritu bat balitz bezala; baina, gero, barrenean, gehienek normaltzat hartzen dute pertsona bat gaya edo lesbiana izatea».
Kontraesan horren adierazle izan daiteke kale erasoen hazkundea, nahiz eta ez dagoen argi zein aldagaik eragin duen. LGTBI komunitateak orain duen ikusgaitasuna izan daiteke faktoreetako bat, Iraolaren ustez: «Gero eta gehiago gara praktika hegemonikoetan arrakalak egiten ditugun gayak, lesbianak eta transexualak; eta, horren aurrean, areagotu egin da erresistentziaren eta indarkeriaren erabilera. Ilunpean zaudenean, erresistentziak daude, baina ikusgai bihurtzeko apustua egiten duzunean, areagotu egiten dira». Horrez gain, lehen baino beldur gutxiago dago eraso horiek salatzeko garaian.
Alvarez ere iritzi berekoa da, nahiz eta baduen zalantzarik. «Lege aldetik aurrerapauso handiak eman direnez, beharbada gutxiengo bihurtzen ari diren taldeek sutsuago adierazten dute homofobia, amorruaren amorruz; baina ez dakit analisi errazegia ez den hori. Urteak pasatu dira, eta erasoak murriztu beharrean, areagotu egin dira. Kezkatu egiten gaitu horrek». Penduluaren metafora erabili du atzerapausoa irudikatzeko.
Ospakizuna eta borroka
Fobiak gizartean hartzen ari diren garrantzia nabarmendu du Iraolak, beste aldagai bat bezala: «Fobiek oinarritzen dute gure jendarteko joera». Bilgune Feministako kidearen iritziz, «fobiak sustraietan errotuak dituen jendarte batean bizi gara, non gerra letra larriz idazten ez den, eta, meteoritoen gisa, aldizkako gerra uneak bizi direla ematen duen. Bizitza bera baliogabetua dago osoki, eta gorrotoz betetako bizitzak garatzen goaz».
Senegalgo egoera ezagutzeko aukera izan zuen Alvarezek orain dela gutxi, Munduko Medikuek Bilbon antolatu zuten jardunaldi bati esker. Herrialde horretako LGTBI komunitateko kideek azaldu zutenez, «beti egon da homofobia», baina inoiz baino erantzun sutsuagoa egiten dute orain bestelako sexualitateen aurka. «Mendebaldetik desberdintzeko egiten dute, kontra egiteko beste modu bat da. Homosexualitatea Mendebaldeko zerbait dela esaten dute. Erlijioa, azken batean, herria erabiltzeko aitzakia da; berdin du islama edo kristautasuna den, botereak interes jakin batzuk defendatzeko erabiltzen du erlijioa».
Erasoen inguruan hausnartzeko garaian, beste gai bati heldu dio Iraolak: norbere egoera sozialari. «Nazioarteko oihartzunari begira ez da berdin Orlandon, AEBetan, LGTB taberna batean jendea erailtzea, edo Mexikon. Euskal Herrian ere ez da gauza bera gay exekutibo bat izatea edo etxeko langile lesbiana bat. Klase soziala, kultura eta nazio ikuspegia ere kontuan hartu beharreko aldagaiak dira».
Gaurko eguna ospatzeko eta borrokatzeko dela uste dute biek. «Aspaldiko leloa da Euskal Herrian Jaia eta borroka. Bietarako aproposa da gaurko eguna. Ondo dago olgetan aritzea, baina ezin dugu ahaztu lan egiteko asko dugula oraindik ere. Batzuek, batez ere gazteenek, pentsatzen dute: ‘Zer gehiago nahi dugu?’. Legea, oro har, nahiko ona da, ñabarduraren bat salbu, baina gizartean homofobia dago oraindik», azaldu du Alvarezek. Ekainaren 28ak duen «ikusgaitasuna» nabarmendu du Iraolak: «Denak dira borrokarako egunak, baina egia da gaur dimentsio handiagoa hartzen duela. Borroka eta mobilizazio eguna da».