Aldarria, harro eta ozen
LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko, Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan. Arratsaldean izango dira deialdi nagusiak: 19:30ean eta 20:00etan.
Ozen entzungo da gaur, urtero legez, Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen aldarria kalean. Aurreko egunetan antolatu diren ekitaldiez gain, hainbat mobilizazio eta bestelako egitasmo egingo dituzte gaur.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak. 19:30ean hasiko dira Bilboko —Moiua plazatik— eta Donostiako deialdiak —Bulebarretik—. Bizkaiko Ekainak 28 Koordinakundeak antolatu du Bizkaiko martxa, Harrotasunak ez du mugarik lelopean, errefuxiatuen afera mahai gainean jarriz. Izan ere, «guztientzako gizarte justuagoa» nahi dutela aldarrikatu zuten prentsaurrekoan, sexu aniztasuna eta genero nortasuna kontuan hartu gabe. Gogora ekarri zuten Europara iritsi nahi duen errefuxiatu uholdea, eta ikusarazi haietako askok «disidentzia sexualaren estigmari» aurre egin behar diotela.
Gipuzkoakoa EHGAMek, Bilgune Feministak, Medeak-ek eta Kitzikan-ek antolatu dute. Gasteizkoa, bestalde, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 20:00etan. Ordu berean hasiko da Iruñeko manifestazioa ere, autobus geltoki zaharretik, E28 plataformak antolatuta.
Ez dira deialdiak antolatu dituzten elkarte bakarrak. Gehituk, esaterako, hainbat ekitaldi antolatu ditu Donostiako Gros auzoko Katalunia plazan. Haurren txokoarekin hasiko dute, 17:00etan, eta musika bideoak jarriko dituzte 19:00etan. Ordu erdi geroago, manifestua irakurriko dute, eta 19:45ean koloretako puxikak askatuko dituzte, Orlandoko (AEB) sarraskiaren biktimen omenez. Musikak hartuko du lekua gero, batukadarekin.
LAB sindikatuak ohar bat plazaratu du, lantokietako sexu askatasunaren eta aniztasunaren aldeko neurriak aurkezteko. 11:00etan Bilboko Arriaga plazan biltzeko deia egin dute.
Lapurdin, ohi bezala, orain dela bi larunbat antolatu zuen mobilizazioa Les Bascos elkarteak. Herritar andana bildu ziren Miarritzeko karriketan.