Lesbianismoa armairutik ateratzen lagundu duen zinegilea
Rose Troche zine zuzendari estatubatuarra omendu du aurten Zinegoak jaialdiak. “Lesbianak ikusle oso zailak dira. Haiei buruzko hain iruditeri murritza dugu, bakarrari heltzeko joera daukagula”, esan izan du Trochek. Berak, lesbianismoari zineman ematen zitzaion kutsu dramatikoa gainetik kendu eta Go fish(1994) egin zuen, kultuzko film bihurtua.
The L World Kaliforniako lagun lesbiana batzuen bizitzari buruzko telesail arrakastatsua ere berak sortua da. Emakume lesbiana edozein emakumek izan ditzakeen eguneroko arazo eta istorioetan irudikatuz haize freskoa ekarri du Trochek ikus-entzunezkoan.
“Identifikatuta senti daitezkeen erreferenteak eman dizkie lesbiana askori”, adierazi du Pau Guillén Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 13. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendariak.
Trochek berak Bilbora egindako bisitan azaldu duenez, Go fish filma lagungarria izan zen emakume ugarik euren sexu-joera publiko egiteko. “Neska batek kontatu zidan ama pelikula ikustera eraman zuela, eta ateratzerakoan, lesbiana zela aitortu ziola”.
“Garrantzitsua da konbentzioetatik ihes egiten duten istorioei balioa ematea”
Pelikulez gain, erakusketak eta eztabaidak ere antolatu ditu aurtengo edizioak, gizartera irekitzeko eta ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz.
“Gaur egun familia tradizionalarekiko ezberdinak diren bestelako familiak elkar bizi direla erakustea eta gure gizartea sentsibilizatzea” da helburua, Guillénen arabera. “Garrantzitsua da aniztasunaz mintzo diren eta arau eta konbentzioetatik ihes egiten duten istorioei balioa ematea, zinema hau kariñoz tratatzea eta ezagutzera ematea. Batzuk eta besteak ez garela hain ezberdinak erakutsi nahi du Zinegoak jaialdiak. Azken finean, arrotza zaiguna ezagutzea da hari beldurra galtzeko lehenengo urratsa”.
Te prometo anarquía garaile
Te prometo anarquía mexikar-alemaniarrak irabazi du fikziozko film luzerik onenaren saria. Pelikularen zuzendariak berriz, Julio Hernández Cordón-ek, zuzendari onenaren saria lortu du.
Istorio “lotsagabea eta ausarta” dela nabarmendu dute epaimahaikideek: Miguel eta Johnny lagunak eta maitaleak dira txikitatik, eta dirua irabazteko odola klandestinoki saltzea erabakiko dute.
Irrawady Mon Amour dokumental italiarra eta Tuva Jagell suediarraren eta Claudia Cantero txiletarraren antzezpenak ere saritu ditu jaialdiak, besteak beste. Guztira, 500 bat pelikula aurkeztu dira aurtengo edizioan.