Transfobia sustatzen duen autobus batek Euskal Herria zeharkatuko du

Martxoaren 5etik 12ra bitartean igaroko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik. Eneko Goiari eskatu diote ez uzteko autobusari Donostian ibiltzen. Asironek, berriz, Iruñean sartzea eragozten saiatuko direla.

adira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak” leloarekin abiatu zuen kanpaina bat Chrysallis elkarteak, eta, hari erantzunez, kontrako mezua idatzia duen autobus bat kaleratu du Hazte Oir talde ultrakatolikoak. “Mutilek zakila dute, emakumeek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu”.

Haserrea eragin du kanpainak, eta hasiak dira erreakzio politikoak ere. Donostiako Irabaziko bozeramaile Amaia Martinek Eneko Goia alkateari eskatu dio galaraz diezaiola autobusari Gipuzkoako hiriburuan ibiltzea. Gogorarazi du Chrysallisen kanpainaren helburua zela haur transexualen errealitatea gizarteratzea eta nortasun sexualen errespetua sustatzea. Hazte Oir taldearenak, aldiz, “giza eskubideen eta genero indentitateagatik baztertutakoen legearen aurka” egiten du, Martinen esanetan. Goiak erantzun dio Martini ez berak eta ez udalak ez dutela eskumenik horretarako: “Alkatea naiz, baina ez jainkoa”.

Gainera, probokaziotzat jo du autobusa Donostian martxoaren 7an eta 8an egotea, kontuan izanik martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna dela. Sare Antifaxistak ere eskatu die Eneko Goia, Gorka Urtaran, Joseba Asiron eta Juan Mari Aburto alkateei ez uzteko autobusari zirkulatzen, argudiatuta ez duela aniztasun sexuala errespetatzen. Asironek eta Urtaranek gaur bertan iragarri dute ahalegina egingo dutela Iruñean eta Gasteizen sar ez dadin.

Hazte Oirrena ez da Chrysallisen kanpainak jasan duen lehen erasoa. Iruñean eta Gasteizen, elkartearen afixa batzuei egin zieten eraso. Horrez gain, Facebook sare sozialak kanpainaren irudia zentsuratu zuen.