Súkubo – Bihurriok Oihuka. Abenduak 14, 12:30ean. Genero-Ariketak. Feminismoaren subjektuak liburuaren aurkezpena

“GENERO ARIKETAK

Feminismoaren Subjektuak”

Liburuaren aurkezpena

Iratxe Retolaza, Amaia Alvarez ta Kattalin Miller

Abenduak 14
12.30etan
Súkubon (Kubo 5)
Gasteiz

Genero ariketak

Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak testu-bilduma gorputz ikusezinak ikusgarri egiteko urratsa baino ez da, isilarazitako gorputzei ahotsa emateko saio txiki bat baino ez. Horretarako, pentsamendu (trans)feministarantz hurbiltzen diren gogoetak eta ekarpenak bildu ditugu (subjektu feministak eta trans subjektuak bat-egitea dakar transfeminismoak). Horrekin batera, ikusgarri egin nahi izan dugu, pertsona, jende, talde eta mugimendu ugariren kezka-iturri dela (trans)feminismoa. Liburuko parte-hartzaileei erreparatuta, gainera, esparru hauetan jorratu da, batez ere, feminismoaren subjektuen inguruko kezka: mugimendu feminista, unibertsitatea, artea eta literatura. Are gehiago, arlo horietan lanean diharduten pertsonek zein kolektiboek elkarguneak eta solasguneak eraiki dituzte, eta horien arteko zubi-lana sendotu eta areagotu egin da. Egitasmo hau, azken batean, elkargune eta solasgune horien emaitza da, parte-hartzaileok mugimendu feminista, Jabekuntza Eskola eta Emakume Etxeetako sareetan ezagutu baitugu elkar.

Genero-ariketak liburuaren helburua ez da (trans)feminismoan ekarpen berriak egitea, ez eta testu esanguratsuenen bilduma egitea ere. Gogoeta egiten lagundu diguten ahotsak ekarri nahi izan ditugu, gure artean tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta liburuak aurkezten izan diren feministak. Horregatik, esperientzia pertsonaletatik pentsamendurantz doan ibilbidea proposatu dugu. «Baina gorputzak dio» atalean, hitza eman diegu gorputz baztertuen ahotsei. Bigarren atalean, «Baina ispiluak dio» izenekoan, hausnarketa eta iruzkin (trans)feminista zenbait bildu ditugu, geure gorputza irudikatzeko ispilu berrietara jotzeko. Azkenik, «Baina pentsamenduak dio» ataleko testuek (trans)feminismoaren testuinguru eta eragin soziopolitikoez jarduten dute.

Azken atal bat ere proposatu dugu, «Glosategia». Pentsamendu (trans)feministan giltzarri diren zenbait kontzeptu bildu dira atal horretan, liburuan garaturiko iritziak, gogoetak eta pentsamenduak laburbiltzeko, horietan sakontzeko edo horiek auzitan jartzeko