BERRIA:JOSEBA ERREKALDE. HARRIBELTZA ELKARTEKO LEHENDAKARIA «Sexualitatea ondo bizi ez dugun heinean, beti gaizki ibiliko gara»

Sexu harreman askoren atzean dauden tabuak eta lotsak ikusten ditu GIBa saihesteko eragozpen handienetakoak; urterik gogorrenetatik ari da infekzioaren aurka, eta oraindik ere lan handia egiteko dagoela dio.

JOSEBA ERREKALDE

JOSEBA ERREKALDE

Gizon barea da Joseba Errekalde (1963, Oiartzun, Gipuzkoa), GIBdunen babeserako lanean diharduen Harribeltza elkarteko sortzaile eta lehendakaria, baina badira asaldatzen duten hitzak. Kutsatu da horietako bat; atzean duen zama ilun eta baztertzailearengatik. Azken urteotako abenduaren 1 guztietan ohikoa den eran —Hiesaren Kontrako Nazioarteko Eguna da— elkarrizketaz elkarrizketa eman zuen eguna atzo, eta kabitu-ezina eragin zion hitza sarri-sarri aditzeak. «Goiz osoa daramat GIBa kutsatu egiten dela entzuten, eta ez, GIBa ez da kutsatzen: transmititu egiten da». Hogei urte bete berri ditu Harri Beltzak, eta zifra biribilaren harira gogoeta egitea dagokie: ikusitakoaz, eta datorrenaz. Izan ere, azken datuek argi uzten dute ezin dela bazter utzi GIBaren gaineko arreta. Hego Euskal Herriko osasun zerbitzuek egunotan 2013ko datuak eman dituzte: 187 diagnostiko berri izan ziren.

Eztabaidarako bide asko ireki dituzte egunotan emandako zifrek. Jaurlaritzak, esaterako, ohartarazi du gizonen arteko sexu harremanen ondorio izaten direla diagnostiko berri asko, horren inguruan berariazko lana egin behar dela. Arrisku taldeei buruz mintzatzen ezingo da ba hasi berriz ere, ezta?

Ez, inondik inora ere ez. Egia da: kolektibo batzuk, egon, badaude. Baina ondo jorratu nahi badugu gaia, ezin dugu esan kolektibo bakar batzuei dagokienik ardura hori; denok dakigu preserbatiboa erabiltzen ez duen edonork izan dezakeela atea irekita infekziorako. Hala ere, nik ez dut uste gaizki dagoenik esatea kolektibo konkretu batekin lan egin behar dugula, betiere argi esan badugu atea guztiok daukagula irekita, eta guztion arazoa dela. Gainera, adi, administrazioa ez da ari kolektibo homosexualaz: gizonen artean babesik gabeko sexu harremanak dituztenez mintzo da. Izan ere, badira tartean beren burua homosexualtzat ez duten gizonezkoak ere; noizean behin izaten dituzte gizonekin harremanak, eta hor gertatzen ari da benetan transmisio kopuru handia.

Eta zer egin behar da?

Lan asko. Kolektiboa estigmatizatu gabe, zuzenean egin behar da lan talde horrekin, eta hor asko sartu behar du LGTB mugimenduak, hurbiltasunak asko laguntzen baitu. Gaur egun,elkarteetan laguntzen da, adibidez, test azkarrak egiten. Hemen, Donostian, Gehituren egoitzan, esaterako, kalitate handiko testak egiten dira; kalitate handikoak harrera eta aholkularitza ona egiten delako, denbora handia hartzen delako pertsona bakoitzarentzat. Eta gero sexu heziketari garrantzi handiagoa eman behar diogu; pertsonak ahaldundu egin behar dira beren osasunaren ardura izateko. Zenbat eta osasuntsuagoak izan harremanak, orduan eta osatuago egon pertsona sexu harremanetan ere, orduan eta ardura handiagoa izango du osasunaz.

LGTB kolektiboak behar adinako kontzientzia badu arazoaz?

Gertatu zaiguna da oso ikasle aurreratua zela, oso ondo ikasita zeukala, eta erlaxatu egin dela. Eta atzera egin da. Eta, gero, belaunaldi gazteak etorri dira: lezioa ikasi gabe. Eta probabilitate hutsa ere badago: gizonekin sexu harremanak dauzkaten gizon askok —ez denek, ezta gutxiago ere— heterosexualek baino hiru aldiz sexu harreman gehiago dituzte, eta, probabilitate hutsez, handitu egiten da arriskua. Hori hor dago. Gizonen arteko sexu harremanak askoz ere antolatuagoak daude modu horretan, eta erlazioak ugariagoak dira. Baina hor ere oso garrantzitsua da sexu arloko heziketa: sexualitatea ondo bizi ez dugun heinean, osasun aldetik ere, beti gaizki ibiliko gara.

Harribeltzara helduko zaizkizue diagnostikatu berri asko. Egin daiteke horien soslai bat?

Bai. Nik aipatu nahi nuke askotan gazteez hitz egiten dela, baina estatistikek behin eta berriro erakusten digute test positibo gehienak 35, 36, 37 urte arteko jendean izaten direla. Bestalde, argi eta garbi dago sexu harremanen bitartez transmititzen dela gaur egun, oro har, birusa.

Ez da heriotzarekin lotzen egun hiesa: eritasun kroniko bat dela esaten da. Nola hartzen dute diagnostikatu berriek albistea? Garai batean baino lasaiago?

Diagnostikoa berdin-berdin: beldur eta mamu guztiak agertzen dira. Bitxia da: orain dela 20 edo 25 urte, niri tokatu zitzaidan garaian, bagenekien diagnostikoak ezinbestean heriotzara eramango gintuela. Orain ez da horrela. Baina baiezkoa jakindakoan jendeak uste du segituan gaixotuko dela, eta bat-batean bere sexu bizitza amaitu egingo dela. Berehala lotzen da, gainera, estigmarekin: ‘Zer pentsatuko dute nitaz?’, ‘Zer esango dute nitaz?’… Denborarekin bizipenak aldatu egiten dira: dena beltz ikusteari uzten diote, birusarekin bizitzen ikasten dute.

Estigma aipatu duzu. Datu arras kezkagarriak badira zentzu horretan ere. Moral hertsiko sexualitate baten ikuspegi itogarria bada horren atzean, ezta? 

Bai, bueno, guztian dago hori. Bekatu bat egin dugu’, ‘Zerbait gaizki egin dugu’… Hori, adibidez, GIBdun berriek askotan partekatzen dute gurekin: ‘Zerbait egin dut gaizki’. Eta zer egin duzu gaizki? Bale, beharbada, babes neurririk ez erabiltzea, baina norbaiti sexualitate mota bat, edo maiztasun bat, edo taldean sexua praktikatzea gustatzeak ez luke inolako bekatu kargarik izan behar. Baina gizartean dago hori. Eta prebentzio lanetan ere bai asko; ez gara konturatu oraindik XXI. gizaldian sexualitatea erabat ezberdin bizi dugula denok. Halako paternalismo batekin gabiltza oraindik, zeinean esan behar den gauzak nola egin. Eta ez: egin behar da jendea ahaldundu, eta preserbatiboaren erabileran jartzen dugun arretaz harago, garrantzia eman behar zaio testak egiteari. Sexualki aktiboak bagara, beti kontrolatu egin behar dugu. Eta azkenaldian errespetua galdu zaio hiesari; beste era batera bizi da. Gertatzen den arte: orduan agertzen dira mamu guztiak.

Hiesaren inguruko taldeak azkenaldian dezente mugitu zarete C hepatitisaren inguruko aldarriekin, eritasun hori ere bai baitute GIBdun askok. Administrazioak botika bat, Sovaldi, ematen hasteko hainbat eskari egin ziren —botika konpainiak aski salneurri handia jarria zion—. Ondo bideratu al dira?

Egin da egin behar zen guztia? Ez dakit. Nik errespetatzen dut beharrean dagoena; norbait hedabideen aurrean ateratzen bada esaten halako botika behar duela, ni haren inguruan egongo naiz. Hala ere, egia da horrelako borroketan sarri elkarteak sentitu garela mugituta beste batzuen interesen arabera, eta ez gaitu ondo sentiarazi horrek. Finean, konturatzen zara sufrimenduak erabiltzen direla bigarren intentzio batzuekin. Gure elkartean, arazoarekin daudenak, lasai daude; badakite erkidegoan ja hainbat laguni eman zaiela tratamendua, eta soluzio ona emango zaiela.

BERRIA:Gaztetxoek badute jarrera homofoboen berri, ikerketa baten arabera

Eusko Jaurlaritzako Berdindu zerbitzuak Gipuzkoa eta Bizkaiko gaztetxoen artean egindako ikerketa baten arabera, 13 eta 16 urte bitarteko ikasleen %60 inguru jokaera homofoboen lekuko izan dira eta irainak, laidoak eta esamesak entzun edo ikusi egin dituzte.

berdindure ikerketaren aurkezpena

Berdindu zerbitzuak egindako ikerketaren aurkezpena. / Marisol Ramirez, ARP

 

Gipuzkoa eta Bizkaiko DBHko ikasleek badituzte erreferentziak LGTB kolektiboaren inguruan, eta gehienek (nesken %89k eta mutilen %80k) ezagutzen dute kolektibo horretako pertsonaren bat edo beste, baina datu deigarria agertzen da ikerketan: erdientzat, telebista da erreferentzia nagusia, eta horretan agertzen diren gay, lesbiana, bisexual edo transexualak ezagutzen dituztela diote.

Oro har, neskek mutilek baino jarrera irekiago eta positiboagoa erakusten dute. Nesken %71k diote jokaera homofobo baten aurrean horren biktima defendatuko luketela. Mutilen %45,4k baino ez lukete gauza bera egingo.

BERRIA:«Oso ondo dago feminismoak gizonok susmopean edukitzea»

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA. GIZONEN ROLA. FEDERICO ABREU SILVEIRA. KOMUNIKAZIO ETA HEZKUNTZA AHOLKULARIA

Maskulinitateari buruz Bilbon egin diren topaketetan parte hartu du berdintasunaren aldeko ekintzaile honek, eta hitzaldia eman: ‘Gizonen eragintza politikorako grinaren eta desjabekuntzaren arteko tentsioa’.
FEDERICO ABREU SILVEIRA

FEDERICO ABREU SILVEIRA

Zer den gizona izatea gizonen nagusitasunean eraikitako sistema batean. Zer den gizona izatea gizonek emakumeen aurka erabilitako indarkeria izurrite den gizarte batean. Zer den gizona izatea eta emakumeen eskubideak gauzatzeko borrokan gizonek lan egin behar dutela sinestea. Lan hori egitea ezinbestekoa baita, Federico Abreuren arabera.

Maskulinitatez aritu zarete Bilbon. Jende asko izan da entzuleen artean, eta horien artean erdiak gizonak. Ez da ohikoa, zoritxarrez.

Ez, ez da ohikoa halako topaketetan. Generoa emakume kontua da gehienentzat, badakizu; emakumeen borroka ei da hori, gizonokin zerikusia ez daukana. Pertsonen erdiak baztertzen dituen gizarte injustu batean gizonok daukagun erantzukizunean pentsatzea da helburuetako bat, eta gerturatu diren ehundik gora lagunetatik erdiak gizonak izatea, benetan, nabarmentzekoa da.

Gizonek beren pribilegioei bizkarra eman behar diezuela esan duzue topaketotan.

Bai. Bilbon bildutakoak prest egon dira daukaten botereari buruz gogoeta egiteko, pribilegio horiek utzi behar dituztela entzuteko. Batzuen ustez, erabateko parekidetasuna utopia ezinezkoa da. Hori eztabaidagarria da, baina argi dago benetako parekidetasuna erdiestea ezinezkoa izango dela gizonezkoak bide hori urratzen hasten ez bagara. Gizonei pribilegioak dauzkatela ikusarazi behar zaie. Batzuetan agerikoagoak dira, beste batzuetan ez hainbeste. Pribilegio horiek utzi beharraz jabetzen ez bagara, oso zaila da ezer aldatzea.

Zein pribilegio utzi behar lituzkete gizonek lehenbailehen?

Niretzat lehentasunekoak diren gauzak ez dira hala izango beste zenbaitentzat. Begiradaren araberakoak dira lehentasunak arlo honetan ere. Bi begirasun nagusi daude gizonak eta generoa gaiari begiratzerakoan. Batek arlo pribatura zuzentzen ditu begiak: etxe, lagun eta familia arlora. Gizonek beren egunerokoan zer egin behar luketen du ardatz ikuspegi horrek. Gertukoen zaintzan egiten duten lana, etxeko lanen kudeaketa… Beste joera bat ere bada —oraintxe aipatu dizudan horren kontra ez doa, inolaz ere—, gaiari justizia eta eskubide ikuspegitik heltzen diona batez ere. Begirada politikoa du nagusi. Beti emakumeen gain utzi diren etxeko eta ugalketa lanetan gizonek daukagun erantzukizuna aldarrikatzeaz gain, aldaketa politiko baten alde daude, justiziaren eta giza eskubideen izenean.

Bi joera horietan, zeintzuk lehentasun jarriko zenituzke zuk zeuk?

Ez daukat erabat garbi erantzuna, baina sinetsita nago geure jarrera matxistak aztertzen, geure pribilegioak ikusten eta bakoitza bere tokitik pribilegioak uzten hastea dela bidea. Aldaketa pertsonalei begirada politikoa, giza eskubideak eranstea litzateke egokiena, nire ustez.

Norbere pribilegioei uko egitea ez da gauza erraza inorentzat.

Ez, baina egia da bide honetan ari garen gizonezko gehienak ezkerreko sentsibilitate politikotik hurbil gaudela. Mundu zuzenago baten alde borrokatzen gara etengabean, injustiziak ezabatzea nahi dugu, eta emakumeen aurkakoa da garrantzitsuena. Ezinezkoa da justizia sozial eta politikoaren aldeko diskurtsoa edukitzea eta begirada feminista ez edukitzea, nire ustez. Orduan, ez da erraza izaten pribilegioei uko egitea. Geuri ere zaila egiten zaigu. Zenbaitetan, ez garelako jabetu ere egiten gure eguneroko jarrera matxistekin. «Aizu, zure hau jarrera matxista bat da, eta jarrera hau daukazu gizona zarelako, toki hegemonikoan zaudelako, horrek dakartzan pribilegioak dauzkazulako». Hori esaten dizuten arte, ez zara konturatzen batzuetan. Horrekin ez nuke diskurtso biktimista bat egin nahi. Geurea da geure begirada kritikoaren gaineko erantzukizuna.

Nola konbentzitu, orduan, orain arte begirada hori garatu ez duten gizonak?

Lagun bat egiten ari den doktore tesiaren arabera, berdintasunaren aldeko gizon taldeetako kide askok —klase ertaineko bikote heterosexualak aztertu ditu—, bikotekide feminista dauka. Emakume feministek kideak zirikatu egiten dituzte, begirasun feminista batera dakartzate. Hor politikoa eta egunerokoa batu egiten dira. Gizonok pixkanaka konbentzitzeko modu zuzena da biztanleen erdiei eragiten dieten gure akatsak azaleratzen dituzten mugimenduetara hurbiltzea. Historian ez dago talde zapaltzaile bakarra ere pribilegioei bere kabuz uko egin diena. Horregatik da hain garrantzitsua mugimendu feminista. Oso urruti gaude. Lehen baino askoz hurbilago gaude? Akaso ez. Bidea oso zaila da.

Zeintzuk dira prozesu hori laguntzeko tresna nagusiak? Legeak beren horretan nahikoa al dira pribilegio ezabatze hori ziurtatzeko?

Legea garrantzitsua da. Legea behar duzu; eta estatu egitura bat; eta aurrekontua ere bai. Legerik gabe, ez daukazu egiturarik eta aurrekonturik; aurrekonturik gabe, alferrik dira legeak eta estatu egiturak. Legea ez da ezeren bermea. Legeak lagundu egiten du. Berdintasunaren bidean lehentasunez landu beharreko gaia da indarkeriarena. Zenbait arlotan, lehen baino okerrago gaude indarkeria kontuetan.

Zergatik diozu hori?

Gizon eta emakume gazteagoekin hitz egiten duzulako, eta beren artean ezarrita dauden harremanetan sartzeko eredu zenbait indarkeriazkoak direlako. Legea ondo dago, baina lan pedagogiko eta kulturalean oso ondo dago mugimendu feministak gu susmopean edukitzea; berdintasunaren alde gauden gizonok, hain mundialak izateko uste horretan, gainditu nahi ditugun rolak errepikatzera hel gaitezkeelako. Oinarrizko lana ezinbestekoa da. Diskurtso sozialean, mediatikoan, kontrola —biolentzia sinbolikoa zein fisikoa, azken batean— balio ontzat ezarrita dago giza harremanetan, bikote harremanetan. Hori puskatzea ezinbestekoa da. Eskolan, etxean, astialdian, gizarte mugimenduetan, ezkerreko taldeetan landu behar da.

Gizonek agenda politiko feminista propioa izan behar lukete?

Galdera horren erantzuna eraikitzen ari gara. Topaketa hauen helburuetako bat, hain zuzen ere, hori izan da. Topaketetan aritu den kideetako batek, Jimmy Telleriak, zera zioen: zenbaitetan, mugimendu feministak eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde ari garen gizonezkoek bat egingo dugu; beste batzuetan, bakoitzak agenda propio eta bereiziari heldu beharko dio, arazo propioak eta bereiziak ditugulako; eta hurrengo batean berriz bat egin dezakegu. Hori da, oraintxe bertan, gehien asetzen nauen erantzuna. Hori bai, ezinbestekoa da mugimendu feministarekin zubiak eraikitzea. Gizonok, gizon gisa, estrategia propioak garatu behar ditugu gizon gehiago berdintasunaren aldera erakartzeko.

 

GARA:GIB eta sexu transmisiozko infekzioak %10 gutxitu nahi ditu Lakuako Osasun Sailak

Bi oinarri ditu Osakidetzak martxan jarri duen 2015-2018 aldirako Hiesa eta Sexu Transmisioko bestelako Infekzioak (STI) Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Plan Estrategikoak: alde batetik, Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) eta sexu transmisiozko infekzioen kasu berriak saihestu nahi ditu, zehazki %10 gutxitzeko helburua jarri du. Eta bestetik, birusek erasandako pertsonei ematen zaien arreta hobetu nahi du, zentzu guztietan.

Plan horretako berrikuntzarik garrantzitsuenetako bat bestelako STI batzuk sartzea izan da. Txostenean azaltzen denez, hainbat arrazoik eraman ditu horretara, tartean gero eta STI diagnostiko berri gehiago egiteak, batez ere sifili eta gonokoziarenak, eta STI bat izateak GIBaz kutsatzeko arriskua handitzeak.

2013an EAEn GIBaren 143 diagnostiko berri egin ziren. Gutxieneko historikoa da 1997an infekzio berrien erregistroa hasi zenetik. Milioi bat herritarreko 65,6 kasu daude eta infekzio berrien %87,4 gizonei dagokie. Batez besteko adina 36,7 urtekoa da. Osakidetzak nabarmendu duenez, orokorrean jende aunitzez gutxiago kutsatzen bada ere, sexua gizonekin izaten duten gizonen artean transmisioaren joera goranzkoa da oraindik. Diagnostiko berri guztien %55,9 dira eta gizonei egindako diagnostikoen %63,2.

Kongresua Donostian

Plan Estrategikoaz gain, GIBari eta bestelako STIei buruzko prestakuntza programa du martxan Osakidetzak lehen mailako arretako profesionalentzat. Orain arte 600 lagunek ikasi dute bertan STIen bilakaeraz, nola hitz egin sexualitateaz…

Bestalde, Hiesari eta STIei buruzko Estatuko XVII. Kongresua Donostian izanen da 2015eko maiatzaren 6an eta 8an, babes gutxien duten edo STIek gehien eragiten dieten taldeei eskainia.

BERRIA:HIESA. PREBENTZIOA Alertan segitzeko 143 motibo

hiesaren aurkako mahai bat kalean

Hainbat pertsona, hiesari buruzko informazioa zabaltzeko mahai batean, Bilbon egindako ekitaldi batean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Hiesaz ez da garai batean bezain usu hitz egiten. Baina badira motiboak. 2013an, esaterako, 143 pertsonari eman zien Osakidetzak albistea: «Kutsatuta zaude».Garai batetik nabarmen urritu da kasu berrien kopurua —gutxieneko historikoa da infekzio berrien erregistroa hasi zenetik, hots, 1997tik—, baina osasun publikoko arazo bat da oraindik ere GIB birusa. Ezagutzen diren kasuengatik eta ezjakintasunaren gerizan daudenengatik. Osakidetzaren arabera, kutsatutako 7.500 lagun daude egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; 5.500 birusaren kontrako tratamenduak hartzen ari dira, eta beste askok —«herenek», Daniel Zulaika EAEko hiesaren kontrako planeko koordinatzailearen arabera— ez dakite kutsatuta daudenik. Horregatik, 2018ra bitarteko plan bat abiatu du Osakidetzak, helburu jakin batekin: %10 urritu nahi ditu sexu transmisio bidezko infekzioak.

GIBaz aparte plana ardazteko kezka iturri izan dira beste hainbat eritasun; bereziki, sifilisa eta gonokozia. Bilbon plana aurkezteko egindako ekitaldian, atzo, Zulaikak esplikatu zuen eritasun horietako asko erietxe pribatuetan artatzen direla eta ez direla Osakidetzara heltzen: baina gora doaz. Osasun zerbitzu publikoan, esaterako, 40 sifilis kasu tratatzen dituzte urtean; 140 gonokozia. «Azken urte hauetan ugaritzen ari dira, eta ez dago beherakadarik», ohartarazi zuen Zulaikak. Bi infekzio horiek, gainera, lotuta daude GIBarekin: behin horiekin kutsatuta egonda, handitu egiten da GIBaz kutsatzeko arriskua. Horregatik, oro har, GIBak eragindako infekzio berriak %10 urritzeaz gain, hona 2018rako jarritako gainerako helburuak. Ahal bada, %10etik gorako beherakadak lortzea da asmoa. GIBaren diagnostiko berantiarren tasa, esate baterako, %30 txikitu nahi dute, eta adierazitako sifilis eta gonokozia kasuak %30 murriztea da jarritako jomuga.

Lau ildo estrategikotan antolatu du Osakidetzak plana helburu horietara iristeko; sei helburu eta 40 jarduera gomendio lortzera bideratuta daude. Planaren helburuetako bat izango da gizarteko hainbat sektoretara iristea, ikusten baitute kalteberagoak direla GIBaren aurrean. Zerrendatu dituzte talde horien artean, esaterako, harreman homosexualak dituzten gizonak; kasu berrien %55,9 babesik gabe izandako gizonen arteko harreman homosexualen bidez kutsatzen dira. Eta, halaber, aintzakotzat hartu dituzte baldintza zailetan bizi diren hainbat gizarte kolektibo: hala nola prostituzioan ari diren pertsonak eta preso daudenak.

Aparteko ahaleginak

Jon Darpon Osasun sailburuak onartu zuen sexu transmisio bidezko kasu berri asko talde horietan izaten direla eta ez dela erraza izaten maiz horiengana taxuz iristea, ez prebentzio mezuak zabaltzeko, ez arta egokia emateko ere. Adierazi zuen ez duela hiesak garai bateko larritasunik, baina ataka aski zailean daudela oraindik ere haren kontra egiteko plangintzak landu eta ezartzeko orduan. «Infekzioa ez da guztiz desagertu, eta biztanle multzo batzuengana iristea gehiago kostatzen zaigu».

Daniel Zulaikak lehendik ere usu utzi du agerian gay kolektibora heldu eta prebentzio mezuak aparteko indarrez zabaltzeko asmoa; eta zailtasuna. Atzo, berriro: «Ez da erraza kolektibo horrengana iristea». Errazagoa izango delakoan, kolektiboaren alde lanean diharduten gobernuz kanpoko erakundeen bidez bideratzen dituzte kanpainak. «Funtsen %40 horientzat doaz». Eta saiatzen dira infekzioen gaineko arriskuaz abisu ematen usu bisitatzen dituzten aisialdi gune eta topalekuetan. Interneten ere aparteko ahalegina egiten dute: «Asko erabiltzen dute beren artean harremanetan jartzeko, bikotekide bila aritzeko, eta gu ere prebentzio estrategia berriak lantzera eraman gaitu horrek». Plan estrategikoan zerrendatu dituzten neurrien artean, besteak beste, era horretako ahaleginak indartzea proposatu dute, eta, era berean, GKEetan lanean ari den ekintzaileen trebakuntza hobetzea jendearengana hobeto iristeko. GIB kasuetan nola, sifilis kasuetan ere goi-goian daude harreman homosexualen bidez kutsatutakoak: %70 era horretan kutsatutakoak dira, hain justu.

Botiketako testak

Plan estrategikoan hizpide dute botiketan GIBaren testak egiteko abian dagoen programa sustatu eta indartzea ere. Daniel Zulaikaren arabera, zinetan egokia da jardunbidea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 botikatan dago egun test horiek egiteko aukera, eta jendeak jotzen du horietara. «Era horretako 17.000 test egin dira». Zulaikak emandako datua da. Eta balorazioa oso ona egin du: «Benetan tresna egokia da botika batera joan eta, era anonimoan, GIBa duzun jakin ahal izatea; inork positibo edo negatibo eman duzun jakin gabe». 15 minutu behar izaten dute erabiltzaileek GIBa duten jakiteko, eta aski izaten dute behatz batean ziztada bat egitearekin. Datu pertsonalik ez dute eman behar izaten egiten dutenek, eta prebentzioan ari direnen arabera, baliabide oso ona dira. Hainbat gobernuz kanpoko erakundek ere badute test horiek erabiltzeko aukera, eta osasun zerbitzuaren asmoa da, oro har, baliabide horiek ezagutarazten jarraitu eta erabilera sustatzea.

Prebentzioaz gain, planean sustatu nahi dituzte kutsatuen bizi-baldintzak hobetzeko hainbat proposamen ere. Osasun zerbitzuetan eragin nahi dute: izan ere, zenbaitetan GIBaz gain osasun arazo gehiago izaten dituzte kutsatuek —asko hitz egin da azkenaldian, esaterako, C hepatitisaz—, eta horrek aparteko arazoak eragiten dizkie. Eta gizartean ere eragin nahi dute: haren beldur eta bidegabekeriei aurre egiteko, batez ere. «GIBarekin lotutako estigma eta bazterkeria ez dira iraganeko arazoa», onartu du Darpon sailburuak.

Ingurumari zaila dela onartuta, hainbat neurri ebatzi dituzte gobernuz kanpoko erakundeekin lantzeko, eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonak «ahalduntzeko». GIBdunen tratu berdintasuna lortzea da helburua, eta kutsatuei horretarako behar dituzten baliabideak ematea. Osakidetzako buruek nabarmendu dute Hiesaren Espainiako Diziplinarteko Elkarte Seisidaren urteko biltzarra Donostian izango dela aurten, maiatzean. Nahi dute aukera baliatzea GIBaren gaia berriro ere mahai gainean jartzeko. Lehenbiziko lerroan. Inoiz ez baita aski. «143 kasu berri iaz», oroitarazi zuen Darponek. «Jarraitu behar dugu alertan. Etengabe».