DEIA: Itziar Zunzunegi Etxeberria ikerlaria eta pedagogoa “Genero sistema eta sexu kategoria guztiak zalantzan jarri beharko litzateke eskolan”
Iruñea – Jaiotzeko momentu beretik edo lehenagotik ere lehenengo sailkapen batean erortzen da gizakia: mutikoa edo neska. Arra edo emea. Lehenengo sexu klasifikazio horretatik abiatuta, kulturalki eraikitako genero roletara bideratzen da haurra, bere bizitzako lehenengo urteetan. Jolas motak, janzkera, jokabideak… Tankera batekoak edo bestekoak izango dira generoaren arabera. Itziar Zunzunegi Etxeberriaren arabera, alta, sailkapen eta rol horiek mugak eta, ondorioz, barne gatazkak eragin diezaiokete sistema horren baitan eroso sentitzen ez denari. Hezkidetza: nondik eta nola hasi izenburupean, hezkuntza ikerlari eta pedagogoak arlo honetan eskolak daukan papera aztertu eta aldatu beharreko kontzeptuak proposatu ditu.
Nondik abiatzen da hezkidetzaren kontzeptua?
-Genero identitateen garapena eta eraikuntzatik abiatu behar gara. Hezkidetzak identitateak zalantzak jartzen ditu, zer den identitatea, nola ulertzen dugun eta zer egin behar dugun proposatzen da.
Jendarteratze prozesuan haurrak neska izatea zer den eta mutikoa izatea zer den ikasi generoaren ezaugarriak barneratzen dituela diozu. Noiz hasten dira definitzen generoaren muga horiek?
-Urtebetetik aurrera, haur bati galde-tzen badiogu, janzkerarengatik neskak eta mutilak bereizten jakingo du, desberdintasunak nabaritzen dituzte eta gainera horretara eramaten ditugu. Bi urterekin jada generoaren araberako rolak ikusten hasten dira, hau da, urtebetetik aurrera neska eta mutilak berdin jokatzen dute eta bi urterekin beste generoarekin lotzen dituzten portaerak erreprimitzen hasten dira. Generoaren gaineko kontzientzia osoa hiru edo lau urtetik aurrera izaten dute: garai horretan oso argi daukate zer egin behar duten mutilek eta zer neskek.
Eta rol horiek, noski, mugak ezartzen dituzte pertsonaren gain.
-Bai, eta hausnarketa horretatik hasi behar gara. Generoak eta sexuak eraikiak, kulturalak diren heinean aldatu egin daitezke, izan ere, anitzagoak dira errealitatean.
Zein dira genero bakoitzarekin lotzen diren portaera edo gaitasun horiek?
-Kontua da sistemak estereotipo zehatzak ezartzen dituela neska edo mutilentzat. Egia da aldaketa prozesuan gaudela baina oraindik badira hor dauden kontzeptu batzuk. Nesken kasuan, adibidez, mutilak baino lehenago hitz egiten hasten direla esaten da, berritsuagoak direla eta horren araberako jarrerak garatzen ditugu. Zenbait ikerketek adierazten dute, hartara, neskei gehiago hitz egiten zaiela. Mutilei dagokienez, bortitzagoak direla esaten da eta naturaltzat hartzen dugu, mutil txiki baten kasuan, jokaera bortitza izatea, nesken kasuan ez bezala. Nesken kasuan, jokabide horiek erreprimitu egiten dira eta, erreprimitzen badituzu, noski, ez dira etorkizunean ematen.
Zer egin beharko litzateke hezkuntzaren arloan, eskolan, genero perspektiba hori aldatzeko?
-Oso modu irekian tratatu behar da identitatea. Identitateak poliedrikoak dira, alde asko dituzte. Pertsona bat ez da bakarrik emakumea, ez da bakarrik nafarra edo bakarrik ikaslea. Hori guztia izan daiteke eta askoz gehiago, kontutan hartu behar da. Genero identitatea edo genero batekiko identifikazioa oso modu desberdinean eman daiteke eta eskolan aitortu eta sustatu behar da.
Barne hausnarketa batetik hasten da prozesua, beraz?
-Hezkidetza planak garatu eta aplika-tzen direnean hausnarketa sakon bat egoten da ikastetxean non hezitzaile eta irakasle guztiek parte hartzen duten, eta hortik abiatzen da. Oso garrantzi-tsua da barne hausnarketa, zure lanarekiko ikuspuntu kritikoa, behaketa lana… Eskolan ematen ditugun ereduak oso eredu maskulinoak dira gehienetan, eta eredu femeninoak eskaintzen direnean estereotipoetan oso finkatuak egon ohi dira. Beste motatako ereduak eman behar dira. Gorputza eta sexuaren ereduen inguruan ere bada egitekorik, oso markatua baitago, sexualitatearen arloan adibidez, heterosexualitatea.
Eta sexualitatea genero perspektibarekin zuzenean lotuta dagoen arloa da…
-Bai, genero-sexu sistema eta kategoria guztiak jarri beharko litzateke zalantzan. Ulertu beharra da badirela kategoria batzuk bereizgarriak gizartearen analisirako baina sistema bezala, kulturak sortutako sistema dela eta beste bat eraikitzerik badagoela.
Aldaketa guzti horrek, oinarritik hasten den berreraikuntza guzti horrek ikaratu dezake, ezta? Kontutan hartuta emakumezko-gizonezko generoak hain barneratuta daudela...
-Bai, generoaren eta sexuaren kontzeptuak oso kontzeptu egonkorrak direlako. Jaiotzen gara ar edo eme eta sexua definituta datorkigu. Baina generoaren kontzeptua zalantzan jartzeaz gain sexuarena ere eztabaidatzen baduzu, dena aldatzen da. Badira ikerketak emakumearen eta gizonezkoaren kromosometatik abiatuta ezaugarri bereizgarriak ezartzen dituztenak: emakumearen garuna halakoa da eta gizonezkoena halakoa. Baina badira beste ikerketa batzuk bi sexu ezartzearen ordez zazpi ezartzen dituztela, edo hamabost… Sailkapen berriak egin daitezke, inportanteena zalantzan jartzea da eta bigarren pausua nork bere burua aztertzea: nola bizi dut nik emakume izatea? Nola bizi dut nire gorputza?
Gizartean dagoeneko bada generoa edo sexualitatea ezarritako estereotipoetatik kanpo bizi duenik ere.
-Bai, eta horrek erakusten du badela sailkapen berri bat egiteko parada. Gizartean eta hezkuntzaren barnean onartu beharreko gauzak dira, azken batean, eskola ez delako aparte dagoen burbuila bat. Eskolak badu asko egiteko arlo honetan. Eskolak bilakatu behar du toki batean non sexualitatea eta generoa bizitzeko modu guztiak babesa izango duten, ulertuz pertsona horiek konpeten-tziak garatu beharko dituztela jendarteratzea aurrera eramateko. Sexualitatea edo genero identitatearengatik ematen diren erasoak ezin dira eskolan onartu.