NAIZ:Prostituzioa: premiak bultzatuta, baina, aukeran, sexu lanen bidea ibiltzen dutenen argazkia

Astelehenean da Sexu Langileen Nazioarteko Eguna. Aitzakia horrekin, gurean sexu lanetan jarduten dutenen erradiografia egiten ahalegindu gara, eta, horretarako, sexu langileak eskutik hartuta lan egiten duten elkarteetara jo dugu. Jendartean prostituzioaren inguruan hedatutako ikuspegi itxia zabaltzen saiatzen dira guztiak.

prostituzioa

Astelehenean da Sexu Langileen Nazioarteko Eguna. (THINKSTOCK)

Beharrak bultzatuta baina eurek erabakita hartzen dute sexu langile gehienek prostituzioaren bidea. Hala aitortzen dute kolektibo hau gertutik ezagutu eta Euskal Herrian sexu langileekin lan egiten duten elkarteek. Elkarteok ez dute sexu esplotazioa dagoenik ukatzen, baina, euren esperientziaren arabera, emakumeen salerosketa ez da batere ohikoa gure artean.

Gurean sexu lanetan jarduten dutenen erradiografia egiten ahalegindu gara. Horretarako, Gipuzkoako Aukera programara, Arabako Hiesaren Aurkako Batzordera, Nafarroako Munduko Medikuak elkartera eta Bizkaian lan egiten duen Askabide elkartera gerturatu gara.

Seme-alabak Latinoamerikan utzita –Brasil eta Paraguain batik bat– gurera etortzen den 25 eta 40 urte arteko emakumearena da Euskal Herrian prostituzioan aritzen den sexu langilearen profil zabalduena. Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeak 2013an jasotako datuek argiki erakusten dute hori: sexu lanetan aritzen ziren %80 ama ziren eta %60k jatorriko herrian zituen seme-alabak.

Pisuak, klubak eta kalea lantoki

Denetarik dago, noski. Hala ohartarazi nahi izan dute Aukerako Sonia Vegak eta Shandra Martinezek, eta prostituzioa emakume biologikoen langintza soilik ez dela argitu digute; «gizon eta transexualak badaude eta uste duguna baino dezente gehiago egiten dute lan», gaineratu du Vegak.

Pisuak, klubak eta kalea dira sexu langileen lantokiak. Arabako portzentajeen arabera, gainera, segida horretan jarduten dute: %63k etxeetan, %34k klubetan eta soilik %3k kalean. Gainerako herrialdeetan ere datuak oso antzekoak dira.

Bolondreski eta modu helduan sexu lanetan aritzen diren herritarrei laguntzen die Aukera egitasmoak. Iaz 1.157 lagunekin aritu ziren lanean, eta gehientsuenak, denak ez esatearren, eurek erabakita ari ziren lanean. Sexu langileak sexuaren industrian bortxaz sartzen diren ustea, dirudienez, ilunegi ikusten dugun ofizio honi egozten dizkiogun beste aurreiritzi horietako bat baino ez da.

Askabidekoek argi utzi nahi dute prostituzioaren gainean dagoen guztia estimazioa dela, inork ez baitu datu edo errolda ofizialik. Prostituzioa, baina, denetarik hartzen duen saski-naskia dela onartuta, emakume salerosketa edota esplotazioa egon daitekeenik ez dute ukatzen, eguneroko kontua ez dela nabarmenduta betiere. Are gehiago, kasuren batekin topo ere egin izan dute; «baina lan egiten dugun sexu langile kopuruarekin alderatuta, oso sinbolikoa da kopuru hori», gaineratu dute.

Emakumeen salerosketaz ari garenean, edozein eremutan bortxaz behartuta lanean diharduen pertsonaz ari gara. Euskal Herrian sexu langileekin ari diren elkarte guztiak emakumeen salerosketaren aurka daude, noski, baina horren aurka ekiteko legeak egon badaudela eta horiek bete behar direla ekarri dute gogora Aukerakoek. «Prostituzioari lotutako ezaugarria dela zabaldu arren, jakina da nekazaritzan eta ehungintzan ere badagoela salerosketa hori, beraz, denean ekin behar da legea eskuan», nabarmendu dute.

Aukerakoen ustez, gainera, emakumeen salerosketa prozesu migratzailearekin nahasten da maiz: «Gurera etortzeko zorpetu egiten dira, familiarekin edo bestelako eragileekin, eta, noski, dirua behar dute eskatutakoa itzultzeko. Gu ere, baina, hipotekekin zorpetzen gara eta hor ez dugu inolako salerosketarik ikusten!».

Behartuta lan egiten duten horiek bizi duten egoera salatzearen beldur direla defendatzen du Nafarroako Munduko Medikuak elkartean laguntzen duen Maite Garciak. Haren ustez, sexu langileei zuzendutako programetara iristeko zailtasun handiak dituzte salerosketaren ondorio diren emakumeak, eta, iritsita ere, bizi duten egoera gogorra aitortzen ez dutela deritzo Garciak.

Hori ukatu gabe, sexu langile gehienak jakinaren gainean etorritakoak direla sostengatzen dute Aukerakoek; «agian baldintzak ezagutu gabe, baina zertara datozen badakite», diote.

Sexu langile gehienak, alabaina, emakume, etorkin eta pobreak izatea ezin da zori hutsa izan. Aukerakoek argi dute prostituzioa ez dela erabaki samurra, eta jakin badakite inork gutxik daukala bere etorkizuneko planen artean: «Guk beti adibide bera jartzen dugu: inork ez du nahi estoldak garbitzen aritu, baina beharra dagoenean, jende batek lan hori ere hartzen du. Bizitzak eta beharrak eramaten zaitu».

Erromesaldi etengabean

Lanbide hau ez dago erosotasun eta egonkortasunari inolaz ere lotuta, sexu lanetan aritzen diren herritarrak harat eta honat baitabiltza. Aukerako kideek azaldu moduan, bezeroen eskaerei hertsiki lotuta dago sexu langileen etengabeko mugimendua; «argiki esatearren, aurpegi berriak eta haragi freskoa galdegiten dute bezeroek», dio Martinezek.

Erromesaldi amaigabe horrek inon ez sustraitzea dakar. Klubez klub eta hiriz hiri maletarekin aurrera eta atzera ibiltzeak zaildu egiten du lagunartea eraiki edota edozein eskubide eskuratzeko hain oinarrizkoa den erroldatze agiria lortzea. Araban Nahikari programan lanean ari den Claudia Martinezekin aritu gara eta hark nabarmendu du agiri horren beharrezkotasuna, izan ere, hura da osasun txartela edota bizileku baimenerako zubia. «Erroldatze agirirako bizileku bat behar da, eta sexu langile askok ez dute bizitokirik; helbide bat lortzeko ordaindu ere egiten dute hainbatek», azaldu du.

Iaz 930 sexu langilerekin aritu ziren Araban, eta eskubide alorrean «atzerakada» sumatu du: «Lanbidea erregulatuta ez dagoenez, gehiengoak ez du kotizatzen, eta, beraz, ez du gizarte segurantza izateko eskubiderik. Are larriagoa da euren osasun egoera azken erreformekin! Bizileku baimena berritzea egokitzen zaienean lan kontraturik ez badute, baimena galdu eta eskubideetan atzera egiten dute».

Prostituzioaren fenomenoa oso konplexua da, eta erregulazio gabeziak are gehiago katramilatzen ditu aurki daitezkeen lan baldintzak. Lan espazioen arabera, gainera, modalitate asko daude. Klub zein pisu askotan «plaza» bidezko funtzionamendua da zabalduen dagoen sistema. Sexu langileek eguneko 50 eta 100 euro artean ordaintzen dute plazako eta 21 egunez bertan lan egiteko eskumena dute. «Hotel edo hostalen antzera funtzionatzen dute. Prezio hori ordainduta mantenu osoa –hau da, alojamendua eta hiru jatorduak–, eta bertan lan egiteko aukera dute. Normalean, plaza ordainduta zerbitzuen ehuneko ehuna sexu langileen esku gelditzen da», argitu du Vegak.

Aukerako kideak 21 eguneko iraupena aitzinako sinesmenei lotutako epealdia dela gehitu du: «Hiru astez lan egin eta hilekoaren astea deskantsatu beharrekoa zela pentsatzen zen lehen. Gaur egun hiru asteak pasata, emakumeek, oro har, klubez aldatu baina lanean jarraitzen dute hilekoarekin ere».

Badira 24 orduko irekiera duten pisuak eta horietan bizi dituzten lan baldintzak «benetan gogorrak» direla nabarmendu du Vegak: «Bezeroak noiz etorriko zain bertan egon behar dute 24 orduz, beti lanerako prest. Horrek atsedenaldi erritmoak etetea dakar, noski».

Klubetan ari direnak ordutegi zehatz bat bete beharrean aurkitzen dira. «Batzuk 12 ordu jarraian aritzen dira lanean, musika ozenarekin eta itzelezko takoien gainean, astean zazpi egunez, lanbide honetan ez baitago oporrik», ekarri du gogora Vegak. Etxeetan ere badira esplotazio egoera larriak, baina, Arabako azken datuek diotenez, gorantz doaz etxeak euren kasa kudeatzen hasi diren sexu langileak.

Askabideko Diego Loreidoren arabera, gainera, azken urteetan klubek gainbeherarako joera hartu dute, «bereziki orain urte batzuk modan ziren errepide inguruko klub handiak», zehaztu du bizkaitarrak.

Kalean jarduten duten sexu langileak dira arrisku handienak jasaten dituztenak. Aukerako kideek autodefentsa ikastaroak eskaintzen dituzte, eta segurtasuna espazio kontua ere badela irakasten die Vegak edozein ingurutan aritzen diren sexu langileei. Hiru espazio mota daude: sexu langileak ezarritako espazioa –bere pisua edo kluba–; espazio neutroa –hotel bat edo antzeko beste ostaturen bat–, eta bezeroaren espazioa –haren etxea, haren autoa edo berak ezarritako lekua–. Vegaren arabera, lehen bi espazioek ez dute zertan arriskutsuak izan; aldiz, ez da bera gertatzen hirugarren motako espazioekin, bezeroaren esku geratzen dira-eta.

Kalean aritzen diren sexu langileen egoera gaiztotu egin da gainera. Jazarpenetik ihesi, erdigunetik eta horrek dakarren babesgunetik alde egin eta hirien kanpoaldean aritzen dira orain sexu langile gehienak. «Erdigunean babestuago daude, edozer gertatuta ere oihu egin eta bizilagunak eta etxeak daude, baina hiri inguruak sekulako puntu beltzak dira», salatu du Vegak. Claudia Martinezek Gasteizen, Zadorra hiribidean, aritzen diren sexu langileak ezagutzen ditu eta haien artean laguntzen direla azaldu du: «Zein ordutan joan eta itzultzen diren kontrolatzen dute, igotzen diren autoetako matrikulak jasotzen dituzte… Polizia ibili ibiltzen da inguruan, baina, sexu langileak babesa baino ikara sentitzen dute haiekin».

Emakumea, etorkina eta «puta»

Erasoak egon badirela badakite sexu langileekin aritzen diren elkarteek, baina, gehienak, salatu ere ez dira egiten. «Eraso gisa ere aitortzen ez dituztelako sexu langileek beraiek –hasi dira azaltzen Aukerakoak–. Haientzat erasoa izateko bortxaketa bat izan behar da; ura jaurtitzea, oihu egitea, kaletik iraintzea… erabat barneratuta dute, mereziko balute bezala hartzen dituzte erasook, autoestimu kontua ere bada hori».

Lanbide honek bestelako dependentzia batzuk ere badakartza, drogamenpekotasuna edota ludopatia, kasu. «Bezero batzuek, drogak kontsumitzen badituzte, sexu langileei ere hala egiteko eskatzen diete. Bestalde, klubak gehienetan makinez josita daudenez, bezeroen zain dauden bitartean maiz aritzen dira makinotan jolasten», argitu digu Vegak.

Sexu langileen arazo larriena, baina, bizkar gainean daramaten estigma soziala da Aukerakoen iritziz. Sexu lanean jarduteak bazterketa eta marjinazioa dakar eta horrek sexu langileak eurak atsekabetzen ditu. «Bizitza osoa markatzen dizu ‘puta’ hitzak. Agian bizitza osoan hiru hilabetez bakarrik aritu zara sexu lanetan, baina betiko daramazu etiketa», salatu du Martinezek.

Gutxi dira lanbidea onartu eta aitortzen dutenak. Sexu langile gehienek ez diete senide eta lagunei egia onartzen, eta horrek sekulako antsietatea eragiten die. «Pentsa, guri ere ez dizkigute euren benetako izenak ematen! Eta kalean ikusiz gero, ez gaituzte agurtzen ingurukoak prostituzioarekin lotuko dituzten beldur», kontatu digute.

Krisiak egoera gaiztotu du, uneren batean prostituziotik aldentzeko baldintzak aurkitu zituzten batzuk lanbidera bueltaraziz. Orain arte inoiz aritu gabeak ere eraman ditu prostituziora. Gipuzkoa eta Arabako estatistiketan Estatu espainoleko bertako sexu langile kopuruak gora egin duela ikusi ahal izan dute. Datuak tentuz aztertu behar direla defendatzen dute elkarte biek eta ez dituzte ondorio azkarrak atera nahi. «Agian beti egon dira hor eta orain ikusgarri besterik ez dira egin. Arriskutsua da konklusioak hala nola ateratzea», ohartarazi du Martinezek.

Aitortu gabeko lanbide zaharrena

Profesionalizazioan ere eragina izan du egoera ekonomikoak, eta bezeroak prezio, denbora eta zerbitzuekin tratutan aritzea ekarri du. «Lanbidea erregulatua ez dagoenez, dena onar daiteke eta bakoitzak badaki zeintzuk diren bere beharrak. Gure ustez, sexu langileak dira profesionalak, eta eurek ezarri behar dituzte tarifak eta mugak. Guk horren aldeko defentsa argia egiten dugu, eta euren artean adostea ere egokia dela esaten diegu, baina gauza asko daude jokoan, autoestimua, norberak dituen beharrak…», ekarri du gogora Vegak.

Sexu langile asko eta asko egoera zaurgarrian bizi dira; gehienak emakume eta etorkinak, baldintza zailetan egiten diote aurre egunerokoari. Krisia dela medio Estatu espainolean ezarri dituzten murrizketek egoera are konplikatuagoan ipini ditu. «Osasunerako eskubidea galtzen ari dira, eta edozertarako ordaindu egin behar dute», aipatu digute.

Krisia edota hiri ordenantzak direla, asko dira Estatu espainola atzean utzi eta Europako beste herrialde batzuetara joandako sexu langileak. Hala nabaritu dute Araban zein Gipuzkoan, eta benetan arduratuta daude elkarteetako kideak emakumeon egoerarekin, bertako hizkuntza edota legediak ezagutu gabe doaz-eta gehientsuenak.

Munduko lanbide zaharrena omen da prostituzioa, herrialde gehienetan, alabaina, ez dago langintza moduan aitortua. Estatu espainolean, adibidez, linbo legalean aurkitzen da prostituzioa. Alegaltasuna da arau, baina, agintariek, ikusgarritasunean ikusten dute bakarrik arazo. Datuek kontrakoa dioten arren, kaleko prostituzioa kataloxekin begiratu eta ordena publikoko arazotzat jotzen dute.

Prostituzio osoaren %5 inguru bakarrik da kalekoa, baina, begi bistakoa izan ez dadin, kaleko eskaintza eta eskaria zigortzeko ordenantzak hedatzen joan dira azken urteetan. Bilbo izan zen ordenantza martxan jartzen lehen euskal hiria. Atzetik etorri da Irun, isun administratiboak ezartzeaz gainera, sexu langileen kontrako bide penala ere abiatuz.

Aukera elkarteak edozein lekutan aritzen diren sexu langileei eskaintzen die arreta, aurten, baina, ahalegin handiena espazio publikoan aritzen direnak babesten egin dute. Hipokresia zantzuak ikusten dituzte Aukerakoek ordenantzen atzean: «Prostituzioa ez da delitua, ez dago penatuta estatu mailan. Halako ordenantzekin, ordea, tokian-tokian debekatzen dute. Ezkutuan dagoena ez da existitzen, eta, gainera, sexualitatea gai tabua da; hori bai, begien parean gertatzen bada, arazo bihurtzen da», salatu du Vegak. Kalean aritzen diren sexu langile gehienak afrikarrak dira, nigeriarrak bereziki, eta euren azal ilunak are ikusgarriago egiten dituelakoan dago Vega: «Pobreziaren afera ere badago tartean, izutu egiten gaitu, pobreziak beldurra ematen du-eta».

2011. urtean onartu zuen Irungo Udalak zerbitzu sexualak jaso eta eskaintzea debekatzen duen ordenantza. Garai horretan prostituzioa Irungo erdigunetik gertu dagoen auzo batean ematen zen, baina, bizilagunen protestak batetik, eta udaltzaingoaren jarraipenak bestetik, Behobiara –hiri kanpoaldera– eraman zuen sexu langileen kolektiboa. Aukerak salatu duenez, han ere ez da eten poliziaren jazarpena eta jasotako isun administratiboen kopuruak gorantz egiteaz gain, iaztik hona epai bidean jarri dituzte bizpahiru emakume. «Autoritateari desobedientzia egitea egozten diete –azaldu digu Vegak–, eta larriena dena: epaiketen ostean, aurrekari penalak izan ditzakete. Duten estigmaz gainera, betiko beste orban bat».

Irungo udaltzainek 60 eta 750 euro arteko isun administratiboak ezartzen dizkiete sexu langileei. Zuzenbide penalak ere isun ekonomikoak jarri izan dizkie orain arte, eta beraz, Aukerakoen ustez, ezinezkoa dute gurpil ero horretatik ateratzea. «Isunak ordaintzeko dirua behar dute, eta dirua lortzeko aritzen dira sexu lanetan», laburbildu du Martinezek. Legean lan komunitarioak egiteko aukera jasotzen da. Hala galdegiten dute Aukerako kideek zein sexu langileek beraiek ere, baina, orain artean bederen, isunekin tematzen dira udaltzain zein epaileak.

Hirietako udalek ezarritako debekua orokor bihurtzekotan da aurki. Izan ere, Estatu espainolean indarrean ezartzekotan den Herritarren Segurtasunerako Legeak sexu eskaintza eta eskaria delitu konbertitzen du haurren ohiko guneetatik hurbil edota errepidean arriskua eragiten duten guneetan.

Ipar Euskal Herrian egoera zailagoa dute sexu langileek, abolizioaren aldeko jarrera argia du-eta Estatu frantsesak. Orain, gainera, Frantziako Asanblea Nazionalak onartu ondoren, Senatuan bozkatzear da prostituzioaren inguruko lege proposamen berria. Lege honek sexuaren truke ordaintzen duten bezeroak zigortuko ditu. Aukerakoen aburuz, prostituzioa gordelekuetara eramateak ez ditu arazoak konpontzen. «Prostituzioa are ikusiezinago eginez, sexu langileengana iritsi eta laguntzea zaildu egingo du», ohartarazi dute.

Ipar Euskal Herrian prostituzioaren argazkia egitea ez da samurra. Alde batetik, Estatu frantsesa abolizionista izanik, ikusezinagoak dira sexu langileak bertan, eta, bestetik, laguntze programak martxan jartzeko baliabiderik ere ez da eskaintzen.

Legediaren beste muturrean daude Alemania zein Herbehereak. Bi herrialdeotan legezkoak dira sexu lanak, sexu langileak, betiere, herrialdekoak bertakoak direnean.

Abolizioa eta erregularizazioaren arteko eztabaida puri-purian dago mugimendu feministan. Abolizioak asaldatu egiten ditu Aukerako kideak: «Abolizionismoak sexu lanak emakumeen aurkako indarkeria gisa hartu, eta sexu langileak biktimizatzen ditu. Haiek salbatzeko deia egiten du jarrera horrek», laburbildu du Vegak. Prostituzioa erabat legeztatzeari ere desabantailak ikusten dizkiote baina. «Etorkin diren sexu langileentzat zulo beltz bat dira Alemania zein Herbehereak. Erregularizatuz gero, gainera, sexu langileak ikusaraztera behartzen ditugu, eta denek ez dute zertan ikusgai izan nahi», gaineratu du .

Martinez eta Vega aspertuta daude abolizioa eta erregularizazioaren matraka horrekin, eta eskubideen planoan kokatu nahiko lukete eztabaida. «Pertsonak dira eta hala tratatuak izan behar dute, eskubide subjektu izan behar dute», sostengatu dute biek.

Horiek horrela, pertsona bakoitzari nahi duen lekuan kokatzeko aukera ematen dion legedia da, Aukerakoen aburuz, onena. Aukera elkartearen beraren izena ere hortik dator: «Pertsona helduak dira eta euren bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko gai dira. Gu ez gara inor haiei hitza kendu edo haien erabakiak hartzeko. Eta hartzen baditugu haiek biktimizatu eta infantilizatzen ditugu. Eurena da aukera eta erabakia eta guri errespetatzea egokitzen zaigu».