«Nafarroan, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak»

MERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

UPNren agintaldian galdutako autonomia berreskuratzeko bidean da Berdintasun Institutua. ‘Familia’ azpisailetik aterata, gizarte eragileekiko harremanetan sakondu nahi dute orain.

MERTXE LERANOZ. NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA

MERTXE LERANOZ

Genero ikuspegia administrazioaren esparru guztietara zabaltzea, mugimendu feministarekiko harremanak sendotzea eta legeak berdintasun irizpideen arabera moldatzea. «Hori ere aldaketa da», esan zuen Mertxe Leranozek (Iruñea, 1966), Nafarroako Gobernuak berdintasunaren alorrean dituen lan ildoak aurkeztu zituen egunean. Gauza asko egiteke daudela aitortzen duen arren, norabide onean doazela uste du Berdintasunerako Institutuko zuzendariak.

Genero kontuetan, Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat berdintasun lege berria ontzea izanen dela esan izan duzu. Zergatik da hain garrantzitsua?

Orain indarrean dagoen Berdintasun Legea zaharkitua dagoelako erabat. 2002. urtekoa da, eta, ordutik, aldaketa sakonak gertatu dira araudien esparruan, baina baita gizarte barruan ere: sexu jazarpen mota berriak ezagutzen ditugu orain, generoari lotutako kontzeptu berriak… Legea berritu behar da, garaietara egokitzeko. Hori egin aurretik, ordea, beharrezkoa izanen da gaur egungo egoeraren ikerketa bat garatzea, diagnostiko bat, eta horren gainean eraikiko dugu legearen egitura.

Berdintasunerako Institutuak eginen du lan hori?

Bai, baina gustatuko litzaiguke prozesua ahalik eta zabalena eta irekiena izatea: atea zabalik utzi nahi dugu, erakundeek, eragile sozialek eta bestelako elkarteek parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori guztia, jakina, ezin dugu egun batetik bestera egin. Irailean hasiko gara, baina luze gabeko helburua da. Segur aski, 2016az gainera, 2017. urtea ere behar izanen dugu lana behar bezala bukatzeko. Ongi egin behar ditugu gauzak.

Diagnostikoa gizarteari, baina baita etxe barruan ere?

Bai, noski. Hori da gure lan ildoetako bat. Finean, gizartearen esparru guztiak ukitzen ditu generoak, eta administrazioaren sail guztietan eduki beharko luke isla: Hezkuntzan, Ekonomian, aurrekontuetan… Dena den, aitortu beharra daukat gobernu berria sartu baino lehenagotik ere abian zirela zenbait lan ildo, administrazio barruan genero ikuspegia txertatzeko. Esate baterako, genero berdintasunerako unitateak sortu ziren departamentu guztietan. Ongi egindako lan hori oinarritzat hartu eta indartu eginen dugu guk, unitate horiei egitura sendoagoa emanez, benetako transbertsaltasuna bermatze aldera.

Eragileen parte hartzea aipatu duzu, baina aurreko gobernuak hartu-eman eskasa izan zuen mugimendu feministarekin. Apurtutako zubiak berreraiki nahi dituzue?

Ehundura soziala sendotzea eta parte hartzea sustatzea da gure helburuetako bat, arlo horretan atzerapauso nabarmenak izan direlako. Azken legealdian, bereziki, galera handiak izan ziren. Galdutako harreman horiek guztiak berreskuratu behar ditugu, funtsezkotzat jotzen baitugu emakumeen elkarteekiko loturak indartzea. Besteak beste, 2012az geroztik eman gabeko diru laguntzak berrezarri ditugu: emakumeen elkarteentzako deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan generoari buruzko mintegiak antolatzeko diru partida, IPES elkarteari dagokiona… Horiez gainera, deialdi berria sortu dugu, LGTB kolektiboa laguntzeko. Eta laguntza ekonomikoez gainera, galdutako komunikazio bideak berregiten ari gara emakumeen elkarteekin.

Nekeza al da UPNk eraitsitakoa berriz altxatzea?

Edozein prozesu geldiarazten baduzu, gero lanak izanen dituzu berriz martxan jartzeko. Zergatik? Bada, ez diozulako gaiari helduko utzi zenuen toki beretik, atzerago joan behar duzu. Eta horixe gertatu da emakumeen aldeko mugimendu sozialarekin: izugarrizko egoera prekarioan egon dira azken urteetan, eta kostatuko zaigu kolaborazio giroa erabat berreskuratzea. Guk garrantzi handia eman diogu horri, eta aurrekontuak dira horren froga nagusia, genero berdintasuna sustatzeko ekintzetara bideratutako dirua %48 handitu delako. Hori esanda, hain zen apala abiapuntua, ezen edozein hobekuntza txikik sekulako aurreraurratsa baitirudi. Horregatik nabarmendu nahi dut asko dugula oraindik hobetzeko. Lehen harria jarri besterik ez dugu egin.

Martxoaren 8an, adierazpen instituzionala onartu zuen legebiltzarrak, baina «mugimendu feministarekiko elkartasuna» aipatzen zuen puntuaren kontra bozkatu zuen PPk. Zer iritzi duzu horri buruz?

Berdintasunaz hitz egitean, erraza da kontsentsua lortzea oinarri-oinarrizkoak diren kontuetan. Genero indarkerian, adibidez. Mundu guztia dago horren kontra, nola ez, eta, kontsentsu zabal horri esker, genero indarkeriaren kontrako legea aho batez onartu zuten parlamentuan. Baina zer gertatzen da oinarri-oinarrizkoa alde batera utzita, erroetara jo nahi dugunean? Bada, hortxe azaleratuko direla desadostasunak. Batzuek ez dute onartu nahi mugimendu feministak hamarkadak daramatzala berdintasuna aldarrikatzen, eta lan duin hori ezinbestekoa izan dela emakumeen eskubideen aldeko borrokan. Eta ez dute halakorik onartu nahi, uste dutelako orain arteko ereduari eta politikei aurpegia garbitzea nahikoa dela arazoa konpontzeko.

Beste eredu bat proposatzen duzue zuek.

Hori da. Indarkeriarena, adibidez, ez da ausaz gertatzen den gauza bat. Arrazoi zehatz batzuk daude erasoen atzean, matxismoa bermatzen duen egitura patriarkal oso bat. Eta, beraz, horri aurre egin nahi badiogu, sakoneko neurriak aplikatu beharko ditugu, berdintasun erreala bermatze aldera.

UPNk eta PPk «familiaren barruko balioen heziketa» aipatzen zuten euren adierazpenean, genero indarkeriari aurre egiteko bide bakar gisa…

Bai, eta oso esanguratsua da, berdintasunari buruzko ikuspegi zehatz bat islatzen duelako. Hemen, familia tradizionalari begira diseinatu izan dira genero politikak, eta Nafarroako Berdintasunerako Institutua bera da horren adibiderik garbiena. Aurreko legealdietan, Nafarroako Familia eta Berdintasun Institutua zen, eta Gizarte Eskubideen Departamentuko zerbitzu bat besterik ez zen, Familia izeneko sailaren barruan. Aurten, berriz, lehen lerroan jarri dugu institutua, eta garai batean zeukan izaera autonomoa itzuli diogu.

Institutuaz gain, zeintzuk dira gobernu berriaren lorpenak genero berdintasunaren alorrean?

Abortatzeko eskubidea bermatzea, adibidez, oso garrantzitsua izan da; baita Emakumeak Artatzeko zentroetan sakoneko aldaketak eragitea ere [Sexu eta Ugalketa Osasuneko zentroak dira orain]. Baina lorpenik garrantzitsuena, niretzat, parte hartzea sustatzea izan da. Herritarrak dira gobernuaren politiketan eragina izan beharko luketenak, eta ikuspuntu hori berreskuratu dugu. Hemendik aurrera, mekanismoak ezarri behar ditugu, herritarren parte hartze hori modu eraginkorrean gauzatu dadin.

Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren bidean, administrazioen rola genero indarkeriaren kontrako kanpainetara mugatu dela uste al duzu?

Hein handi batean, bai. Emakumeen kontrako indarkeria errealitaterik lazgarriena eta ikusgarriena da, baina ez dugu ahaztu behar arazo orokorrago baten parte dela. Izozmendiaren tontorra. Egiturazko desberdintasunean eta diskriminazioan topatuko ditugu genero indarkeriaren erroak; beraz, arreta ondorioetan bakarrik jartzen badugu, nekez konponduko dugu arazoa. Transbertsaltasuna, parte hartzea, prebentzioa, heziketa, informazioa… Horiek dira gure lan ildo nagusiak, eta indarkeria matxistaren kontrako borroka ere hor kokatzen dugu, noski.

Indarkeria matxistaren banalizazio horretan, erantzukizun handia dute hedabideek ere…

Bai. Lehenik eta behin, istripu soilak balira bezala azaltzen dituzte erailketak, hiltzailea edo krimenaren izaera matxista aipatu gabe: «Emakume bat hil da, leihotik behera erorita». Bestalde, emakumeen kontrako indarkeria mota asko existitzen diren arren, bakarra islatzen dute hedabideek. Elkarrizketak egiten dizkidatenean, adibidez, molde berekoak izan ohi dira galdera guztiak: biktimak, salaketa kopurua, estatistikak… Hori guztia aipatu behar da, jakina, errealitate onargaitza eta mingarria delako, baina harago joan beharko genukeela uste dut, eta berdintasunaren auzia agenda politikoaren erdigunean jarri.

Ez dirudi lan makala…

Izugarri zaila da, eta kostako zaigu joera eta inertzia zaharrak alboratzea, gizarte patriarkal batean bizi garelako. Baina gatazkaren benetako neurria ezagutzeko garaia da. Pernandoren egia botako dut orain: emakumeak gara herritarren erdiak, edo erdiak baino gehixeago. Beraz, diskriminazioa pairatzen dute herritarren erdiek! Zer gertatuko litzateke, bazterketa maila hori beste esparru edo kolektibo batera eramanez gero? Bada, hori barneratzen dugun unean hasiko gara auziaren benetako larritasuna ulertzen.

Bide onean al goaz?

Baietz esanen nuke… Argi dago ez gaudela orain dela hogei urteko egoera berean. Aurrerapausoak eman ditugu hainbat alorretan, eta agerikoa da. Baina aurrera urrats bakoitzaren ondotik, pribilegioak galdu nahi ez dituztenen erreakzio bortitza dator. Hortxe ditugu, esate baterako, sare sozialetan egunero ikus ditzakegun jarrera matxistak, eta abar. Izan ere, berdintasuna orokortzeak zenbait jarrera erradikalizatzea dakar. Hori azpimarratu zuen Nazio Batuen Erakundeak bere azken txostenean: emakumeak, oro har, egoera hobean bizi garela gaur egun, baina zenbait arlotan, ezberdintasunak areagotu egin direla.

Adibidez?

Bada, urrunera joan gabe: Nafarroan, enpleguan, estatistikek diote emakumeen egoera ona dela beste zenbait erkidegorekin alderatuta; baina era berean, gizonen eta emakumeen soldaten arteko arrakala handitu egin da.