Nafarroako Parlamentuak babesa eman dio Chrysallisen kanpainari

Transexualen eskubideak babestu eta aitortu ditu adierazpen instituzional batean, batik bat, adingabe transexualenak.

zentsuratu-duten-irudia-chrysalliseh

Chrysallis elkartearen kartela. / Chrysallis elkartea (@ChrysallisEH)

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak aurkeztutako adierazpen instituzionala aho batez onartu du Nafarroako Parlamentuak transexualen eskubideen alde. Hiru puntu zituen eskaerak. Lehenengoan, batik bat, adingabe transexualen eskubideak babestu dituzte, eta bigarrengoan babesa adierazi diote Chrysallis elkarteak haur transexualen errealitatea ezagutarazteko egin duen kanpainari. Azken puntuan konpromisoa adierazi du parlamentuak sexu eta genero aniztasuna errespetatua izan dadin. Bigarren puntuan PP abstenitu egin da.

Chrysallisek hainbat kartel jarri ditu azken egunetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak leloarekin. Gaur amaitu da kanpaina, hain zuzen.

Euskal jatorria duen pertsona anonimo batek emandako dirua baliatu du Chrysallisek horretarako. Kanpainak oihartzun handia izan du bai kalean baita sare sozialetan ere. Joan den astean hainbat eraso izan ziren kartel horien kontra Iruñean eta Gasteizen. Hasiera batean, Facebookek ere zentsuratu egin zuen kartela. Gero, ordea, gaztelerazko bertsioa baimendu zuen, baina ez euskarazkoa.