Autobus transfoboa abian jarri nahi dute berriro, eta salaketa jarri du Chrysallisek

Gaur-biharretan autobusa bidean jarriko duela iragarri du Hazte Oir taldeak. Madrilen hasita, datorren astean dira Euskal Herrira heltzekoak

 

Transexualitatearen kontrako beste autobus bat errepidera ateratzeko asmoa du Hazte Oir talde ultrakatolikoak. Gaur-biharretarako prest izango dute ibilgailua, eta Madrilen igaroko ditu lehen egunak. Datorren astean Euskal Herrira etortzeko asmoa du taldeak: Iruñera, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara. Zein lelo erabiliko duten ez du argitu elkarteko buruak, Ignacio Arsuagak; adierazi du «errespetatu» egingo dutela Madrilgo auzitegiaren debekua, eta, beraz, ez dutela erabiliko aurreko mezu berbera. Lelo hau erabili zuten: Mutilek zakila dute. Neskek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Epailearen ustez, transexualen duintasunaren aurkako mezua da hori. Erantzun gisa, leloa egokitu du taldeak: Mutilek zakila dute? Neskek bulba dute?

Mezu hori daraman autokarabana Madrilen darabilte, eta salaketa aurkeztu du Chrysallis elkarteak —ume transexualen gurasoen bilgunea da—. Adingabe transexualen aurkako «gorroto kanpaina bat» egiten aritzea egotzi dio Hazte Oir taldeari, eta ohartarazi du epaileak geldiarazitako autobusekoaren gisakoa dela autokarabanako mezua. Hortaz, epaitegira joan da salaketarekin.

Beste autobusaren zain

Hazte Oir taldeak berak ere auzitara jo du Madrilgo udal ordezkarien aurka, autobusa geldiarazi zutelako. Epailearen ebazpenaren ondoren, autobusa «bahitu» egin dietela salatu du Arsuagak. Helegitea jarri diote erabaki horri, eta, aldeko ebazpena balute, bi autobusekin egingo lukete kanpaina: aste honetan, Madrilen; hurrengo astean, Euskal Herrian.

Alderdi guztien aurkakotasuna eragin du autobus transfoboak; besteak beste, larunbatean protesta jendetsua izan zen Iruñean.

Madrildik igarotzea debekatu diote transexualen aurkako autobusari

Epaile batek hartu du erabakia, kautelazko neurri gisa, transexualen aurkako mezuak kentzen dituen bitartean. Haren arabera, mezuak kalte egiten dio sexu joera “desberdina” dutenen duintasunari.

‘HazteOir.org’-ren autobusa Madril kanpoaldean, geldirik. Fernando Villar, EFE

Astearte gauaz geroztik Madrilgo udalaren aginduz geldiarazita zegoen autobusa ezin izango da Madrilgo kaleetatik igaro baldin eta transexualen aurkako mezuak kentzen ez baditu. Hala ebatzi du Madrilgo Instrukzio auzitegiko 42. aretoko epaileak, argudiatuz ibilgailuaren aldeetan letra larriz irakur daitezkeen mezuak “informatiboak” bainoago “sexu joera desberdineko pertsonen duintasunaren aurkakoak” direla.

Ondorioz, plataformak iragarri du autobuseko mezua aldatu egingo duela ibilgailua dagoen tokitik mugitu eta bere bidaia jarraitu ahal izateko. Horretaz gain, iragarri du salaketak jarriko dituzela azken egunetan euren “adierazpen askatasunaren aurka” egin dutenen aurka, tartean, astearten autobusa geldiarazi zien Madrilgo udalaren kontra. “Espainian debekatuta dago 1+1=2 esatea. Mutikoek zakila dutela esatea biologiaren egitate bat berrestea da”, adierazi du HazteOir plataformako buru Ignacio Arsuagak.

Mutilek zakila dute, emakumeek bulba dute. Ez zaitzatela engaina. Gizon jaiotzen bazara, gizona zara. Emakumea bazara, hala jarraituko duzu” irakur daiteke autobusaren alboetan. Hazteoir.org antolakunde ultrakatolikoak antolatu du autobusa, Chrysallis adingabe transexualen familia elkarteak abiatutako Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak kanpainari erantzunez.

Autobus hori bera Hego Euskal Herriko hiriburuetara etortzekoa da datozen asteetan, baina alkateek iragarria dute neurriak hartuko dituztela ibilgailua hirietan sar ez dadin.

Eraso homofoboak salatu zituen arbitroak futbola utzi du

“Ezin dut gehiago”. Halaxe mintzatu da Jesús Tomillero arbitro andaluziarra. Futbol partidu batean eraso homofoboak publikoki salatu eta bi hilabete pasa ez direnean, futbola utzi behar izan du, beste norgehiagoka batean berriz ere irainak eta barreak jasan ostean eta Andaluziako Futbol Federazioaren aldetik “baztertuta” sentitu ostean.

Jesús Tomillero

Oraingo honetan, penalti bat adierazi eta oihuka hasi zitzaizkion harmailetatik: “Hori da telebistan agertzen den marikoia, gola ipurditik sartuko duzu, marikoi zikina!”. Tomillerorentzat, dena den, “publiko guztia barrez ikustea” izan zen gogorrena, “horrek eman zidan min gehien”. Gertatutakoa eta gero, eta eraso homofoboak salatu zituenetik Andaluziako Futbol Federazioak izan duen jarrera ikusita –erasoak publiko ez egiteko presioak izan zituen eta hedabideetan agertzen jarraituz gero zigortuko zutela esan zioten–, futbola behin-behinean uztea erabaki du Tomillerok. Homosexuala dela onartu duen Espainiako Estatuko lehenengo arbitroa da bera.

Martxoan hasi zen dena

Martxoaren 26an, kadeteen arteko partidu batean, “nazkatu arte jango dituzu zakilak” bezalako irainak entzun behar izan zituen eta komisarian salatzea erabaki zuen. “Gehiagotan gertatu zait, baina beldurragatik ez dut salaketarik jarri. Aski da. Ez dut gehiago halakorik onartuko”, adierazi zuen orduan. Jarrera hauek inpune ez uztea eta bide batez futbol kategoria guztietan ematen den homofobia bistaratzea zuen helburu.

Babes mezu asko jaso ditu ordutik, baina nonbait, kontrako erasoek irabazi dute partida, oraingoz.

Indarkeri matxisten aurkako manifestazio jendetsua ospatu da gaur, Madrilen

7N- indarkeri matxisten aurkaf0b6e26336aa66ac72592734ac29d851 7b900477d052dde0126314d8f4acf57f 61403577e08f38ce7815239153bf1407 7e2b820041c55d622eefeda040a6267f e174309677822d49684f9d38b3de56d2 8a96ef5e641ab63cf646ccf9d0635061 0b78ad39b74f0a64d92515086836cf1f cd191f194ef006b9cd7383a67bfa717c7n-mamikila revolucion será feminista o no seráloita feminista

 

 

Gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu ditu Madrilek

Familia plana onartu du Espainiako Gobernuak. Abortuak saihesteko, ikasketak ez oztopatzeko bekak eskainiko dizkie haurdun gazteei. Pentsioak igo nahi dizkie amei

hauteskunde-kanpainan-onartu-du-espainiako-gobernuak-familia-plana

Hauteskunde kanpainan onartu du Espainiako Gobernuak familia plana. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Familia Babesteko Plan Integrala onartu zuen atzo Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Berritzailea baino gehiago—225 neurrien hiru laurden martxan daude jada—, ideologikoa da egitasmoa, familia eredu tradizionala indartzea baitu helburu; Alfonso Alonso Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak berak onartu du PPren boto-emaileekiko «konpromisoa» bete dutela. Hala, familia aniztasuna «arazoak» dituzten sendien multzoan txertatu du gobernuak. «Beharrizan bereziak dituzten familien» atalean sartu ditu gay, lesbiana eta transexualen sendiak, etorkinenak, preso dauden edo egon diren amak, eta gaixotasun larriak dauzkaten pertsonak zein adinekoak dituztenak.

Zirriborroa lantzen ari zirela jada zeresana sortu zuen puntu horrek: LGTB elkarteak kexu agertu ziren, ez zirelako planean ageri. Azkenean, laguntza behar dutenen multzoan sartu ditu gobernuak. «Espainian kopuruz gehiengoa den ereduaren beharrizan diferenteak edo gehigarriak dituzten kolektiboak» dira, ministroaren arabera; 58 neurri bideratu ditu haientzat.

Edonola ere, sendi horietatik kanpo jarri du gobernuak planaren fokua. Familiaren inguruan PPk agertu izan dituen kezkak bildu baititu egitasmoak: biztanleriaren zahartzea, jaiotza tasa baxua eta amatasunaren «babesa». Ildo horretan, «harrituta» mintzatu da Alonso, emakumeek «berandu» dituztelako beren lehen haurrak —31 urtean dago batez bestekoa Espainian—. Ume gehiago nahi ditu ministroak, eta horretarako, amatasuna «babesteko beharra» ikusten du.

Haurdunentzako laguntzak aurreikusten ditu planak, «egoera zaurgarrian» daudenentzat batik bat. Ildo horretan, arreta berezia eskainiko die adingabeei eta gazteei: beka sistema bat abiatu nahi du gobernuak, «amatasuna ez dadin oztopo izan ikasketekin jarraitzeko», Alonsok adierazi duenez —autonomia erkidegoek dute beken gaineko eskumena, halere—. Abortuak saihesteko politika hori indartuko du gobernuak orain, abortuaren erreformaren porrotaren ondoren: PPren erkidego gobernu batzuek onartu dituzte amatasuna babesteko legeak azken urteotan.

Era berean, amen pentsioak handitzeko asmoa ere agertu du Espainiako Gobernuak: bi seme-alaba izan dituzten andreen pentsioa %5 igoko litzakete, hiru izan dituztenena %10, eta lau ume edo gehiago izan dituztenena %15. Alonsok gogoratu du emakumeen pentsioak gizonenak baino %30 txikiagoak direla, neurri batean, seme-alabak zaintzeko lanaldia murrizten dutelako amek. «Berdintasunaren aldeko neurria da, emakumea ama gisara aitortzekoa, eta gizartearen iraunkortasunarekiko konpromisoa». Toledoko Itunaren barruan negoziatu beharko du neurria.

Oposizioaren kritikak eragin ditu familia planak. Batetik, hauteskunde kanpainan onartu dutelako; bestetik, berrikuntzarik ez dakarrelako, ezta dirurik ere: 5.526 milioi euroko aurrekontua jarri dio gobernuak, baina ez du zehaztu zein sailetik aterako den.

Gorrotoaren gorakada

2014an 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herrian arrazakeriak, homofobiak eta antzekoek bultzatuta.

Algortan manifestazioa egin zuten apirilaren 6an izandako eraso homofoboa salatzeko.

Algortan manifestazioa egin zuten apirilaren 6an izandako eraso homofoboa salatzeko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Espainiako Barne Ministerioak gorrotozko delituen inguruko 2014ko txostena eman du argitara. Horren arabera, iaz 141 eraso egon ziren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Horietatik gehienek, 102k, arrazakeriarekin eta xenofobiarekin izan zuten zerikusia. Eraso homofoboak eta sexu identitate eta orientazioarekin erlazionatutakoak, berriz, 23 izan ziren. Eraso antisemitak, erlijio aniztasunaren kontrakoak eta elbarritasunen bat duten pertsonen aurkakoak ere egon ziren, kopuru txikiagoetan izan bazen ere.

Polizia indarrek emandako datuekin osatu du Espainiako Barne Ministerioak txostena. Horien arabera, Hego Euskal Herrian izandako 141 eraso horietan, 98 biktima izan ziren, eta 29 erasotzaile atxilotu edo inputatu zituzten.

Itxura guztien arabera, datuok gorroto delituen gorakada nabarmena adierazten dute, alderaketak egitea zaila bada ere. 2013ko txostenean, 24 erasoren berri baino ez zuen eman Espainiako Barne Ministerioak Hego Euskal Herrian, eta horietatik lau baino ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; baina txosten hura egiteko, ministerioak ez zuen jaso Ertzaintzak emandako daturik. Horrek azaltzen du hiru herrialde horietan erasoen kopurua hain baxua izatea.

Edozein modutan, 2013ko txosten hura osatzeko, kontuan har daiteke iazko maiatzean Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun sailburuak emandako informazioa. EH Bilduko parlamentari Julen Arzuagak Eusko Legebiltzarrean egindako galdera bati erantzunez, Beltran de Herediak esan zuen 2013an gorrotoak bultzatutako sei delitu izan zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, den-denak arrazakeriari lotuak.

Bi txostenak aintzat hartuta, eta suposatuz Espainiako Barne Ministerioak eta Jaurlaritzak jasotakoak delituak desberdinak direla, emaitza da 2013an gorrotoarekin lotutako hamar delitu izan zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2014an gertatutako 117etatik oso urrun. Nafarroan ere, 20tik 24ra egin zuen gora delitu kopuruak. Beraz, datuok zuhurtziaz hartzekoak badira ere, badirudi horrelako erasoen gorakada nahiko argia dela, herrialde guztietan gainera.

«Kezkagarria»

Datu horien gaineko balorazioa egin dute Sare Antifaxista, EHGAM eta Kitzikan mugimenduek. Adierazi dute «kezkagarria» dela horren atzean ezkutatzen den errealitatea: «Eraso arrazistak, homofoboak, pobreen aurkakoak edo bestelakotasun funtzionala duten pertsonen aurkakoak gero eta maizago gertatzen dira gurean».

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, gorakada horrek zerikusia du datuak biltzeko sistemak zorroztearekin eta zenbait poliziatan ezarritako protokolo bereziekin. Aipatutako erakundeak ez datoz bat balorazio horrekin; aitzitik, esan dutenez, txostenean agertzen diren 141 erasoak ez dira iaz gertatutako guztiak, «asko salatzen ez direlako», eta datuak biltzeko moduez ere zalantza handiak dituzte. «Ohitura handia dago zenbait eraso taberna giroko liskar gisa aurkezteko, batez ere gauez gertatzen badira», esan du Sare Antifaxistako Eduardo Gonzalezek.

Artxibatzen diren kasuekin zer gertatzen den ere galdetu dute, eta, adibide gisa, Bilbon 2014ko ekainaren 17an aurkezturiko salaketa aipatu dute. «Gazte batek salaketa jarri zuen eraso faxista jaso zuelako», azaldu du Gonzalezek, «baina epaileak ez zuen aintzat hartu eta artxibatzea erabaki zuen. Kasu horretan, oso litekeena da eraso hori estatistiketan ez agertzea».

Edozein modutan, eta eskura dituzten datuak aintzat hartuta, argi dute erasoen gorakada dagoela eta horri erantzun bat eman behar zaiola. «Ez dago normaltzat edo onargarritzat jo daitekeen eraso kopururik», adierazi du Gonzalezek. «Gure ustez, eraso bakar bat ere gehiegi da».

Beste aldetik, zenbait politikarik ematen dituzten mezuak ere salatu dituzte, horrelako erasoen ugaltzea dakartelakoan eta zigorgabetasuna sustatzen dutelakoan. Bereziki, Gasteizko alkate Javier Marotok eta Laguntza Bidezkoagoak plataformak etorkinen inguruan egindako adierazpenak salatu dituzte, bai eta Bilboko zenbait zinegotzik cruising guneei buruz egindakoak ere.

«Horrelako mezuek zigorgabetasuna bultzatzen dute», esan du Gonzalezek, eta zigorgabetasun horren adibide gisa duela gutxi Algortan (Bizkaia) izandako eraso homofoboa aipatu du: «Orain dela bi aste gertatu zen, eta oraindik ez dago horren inguruko berririk».

Erasoen ugaltzearen aurrean, «jendartearen inplikazioa» eskatu dute hiru mugimenduek, «faxismo, arrazakeria, homofobia eta diskriminazio mota guztien kontra elkartu eta borrokatzeko». «Iragan hurbilean kontzentrazio esparruetara eraman gintuzten jarrera eta pentsaerei aurre egin behar zaie», esan du Kitzikaneko Aitor Latailladek. «2015erako, zero gorroto-krimen nahi dugu».

Instituzioei, berriz, «mugimendu antifaxista ez kriminalizatzeko» eskatu diete, «antifaxismoaren kontra egitea faxismoaren alde egitea delako».