«Berdintasunaren arazoaren parte gara, eta konponbidearena»

Gizonek berdintasunaren lanketan parte hartzea oraindik erronka handia dela uste du Mikel Otxotorenak, askok pentsatzen baitute ez dela euren arazoa. Ikusle izan ordez aktore gisa ikusi nahi ditu.

MIKEL OTXOTORENA. SOZIOLOGOA

MIKEL OTXOTORENA. SOZIOLOGOA

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearekin batera gidaliburu bat argitaratu du Mikel Otxotorena soziologoak (Hernani, Gipuzkoa, 1974). Erdialdeko Amerikako herrialdeetan ibili ostean, lan esparruan gertatzen diren sexu erasoak nola identifikatu eta saihestu landu du proiektuan. Uste du han bizi izandako esperientziak eta hemengoak ez daudela oso urrun, eta berdintasuna lortzeko bidean oraindik aurrerapauso handiak eman behar direla. Horregatik, Euskal Herriko errealitateari begira, On:Giz eta Gizon Sarea proiektuetan buru-belarri ari da lanean.

Nolako esperientzia izan da Erdialdeko Amerikakoa?

Esperientzia ona eta, aldi berean, gogorra izan da. Egia esan, prozesu bat izan da: OITk bere garaian deitu ninduen Erdialdeko Amerikan egin zen ikerketa baten laburpena egiteko. Ikerketaren ondorioak irakurrita, ohartu nintzen gizonekin lan egin behar zela, sexu jazarpenaren aurka jardun behar zela lan munduan. Hauxe planteatu nien: gizonentzako prebentzio plan bat. Hainbat arlotan: alde batetik, sektore publikoan lan egiten dutenekin, eta, bestetik, sindikatuekin. Gida egin ostean, El Salvadorren testatzeko aukera izan nuen, eta polita izan zen; gustuko dut gizonekin esku hartzeak egitea.

Nolako errealitatea topatu zenuen han?

Gogorra. Gainera, lan esparruan lan jazarpenak oso modu bortitzean azaltzen dira askotan. Halere, errealitateaz galdetzen didatenean, ezberdintasunen inguruan galdetzen didate: hemengo errealitatea eta hango errealitatea. Nik ikusi eta bizi izan dudanagatik, itxura aldetik eta azaleko gauzetan ezberdintasun handiak badaude ere, erroan dagoena oso antzekoa da.

Lan munduaz ari gara. Erdialdeko Amerikako herrialdeetan langileen lan baldintzak eta eskubideak okerragoak dira hemengo langileenekin alderatuta, dudarik gabe. Horregatik azaltzen dira bortitzago lan jazarpenak. Baina estruktura, jarrera sexistak eta zer den gizon izatea oso berdintsuak dira han eta hemen.

Erroan antzekotasunak baldin badaude, gida erabil daiteke Euskal Herrian?

Bai. Noski, kontuan hartu behar da non egiten den lan: gizartean eragina duten arloak kontuan hartu behar dira. Halere, gida hau lehen pausoetako bat da, hain zuzen, identifikaziora begira: gizon izatea zer den, gizontasun jakin bat misoginian edo homofobian oinarritzen den… Berdin du zein herrialdetan zauden: hori denetan dugu. Laudioko [Araba] Udaleko Berdintasun Sailak eskatuta, bertako sindikalistekin batu, eta gida hau praktikan jarri genuen, tailer moduan.

On:Giz taldeko partaide zara. Zer lan mota egiten dituzue?

2007an sortu genuen. Hainbat gizon eta emakume berdintasunaren inguruan lanean ari ginen, eta beharra ikusi genuen elkarte bat eratzeko, espresuki gizonei begira eta gizonekin lan egiteko. Batik bat, formazio lanean hasi ginen; ikerketa batzuk ere bultzatu genituen, eta ebaluazioak egin izan ditugu… Hainbat modutan lantzen ditugu maskulinitatearen eta berdintasunaren gaiak. Noski, teoria feministetatik edaten dugu, baita LGTBQ teorietatik ere. Euskal Herriko mugimendu feministaren ildotik ari gara gure pausoak ematen.

Euskal Herrian erraza al da berdintasunarekin lotutako helburuak betetzea?

Ez dakit erraza edo zaila terminoekin definituko nukeen. Lan jarraitua da. Askotan, gaiaren arabera, gustatuko litzaiguke urte batetik bestera egoera aldatzea eta aurrerapauso nabariak ematea. Baina berdintasun gaietan, bai homofobia gaietan, bai arrazakeria gaietan, aurrerapausoak pixkanaka ematen dira. Horrek aurrerapausoak emateko zailtasunak erakusten dizkigu. Gizartean oso errotuta dauden gaiak dira, eta aldatzeak jarraitutasun bat eskatzen du.

Gaur egun, talde atzerakoiak indartsu daudela ematen du.

Bizi garen gizarteak arauak ditu. Horien aurka egiteak erreakzioak sortzen ditu, eta arauak mantendu nahi dituzten entitate atzerakoiak zelatan daude. Guk proposatzen ditugun aldaketek haien statu quo-a hankaz gora jartzea dakarte. Normala da, beraz, gizarte oinarrien aldaketa proposatzen dugunok talka egitea horrelakoekin, eta diskurtso atzerakoiak adieraztea. Hori seinale ona da, gauzak ondo egiten ari garen seinale. Ez balute ezer esango, alarmak piztuko nituzke.

Gizon Sareko partaide ere bazara. Zertan ari zarete orain?

Orain stand by momentuan gaude. Sortu genuenean, hainbat herritan gizon taldeak lanean ari ziren, baina bakoitzak bere kabuz jarduten zuen. Gizon talde horien artean elkarkidetza eta elkarlana lortu nahi genuen. Urte batzuetan oso aktibo lan egin dugu: kanpora eta barrura begira. Baina azken bi urteetan-edo, beherakada bat izan da parte hartze aldetik.

Zergatik zaudete geldialdian? Kideak beste talde batzuetan aktibo dabiltzalako, edo belaunaldi aldaketa ez delako egin?

Baliteke bietatik zerbait egotea. Baina uste dut oro har gizonen parte hartzea oso txikia dela berdintasunarekin lotutako gauzetan. Ezin dugu konparatu mugimendu feministarekin. Oraindik, gure erronka nagusia da gizonak berdintasunarekiko lanketa horretara gerturatzea; zoritxarrez, gizonezkoei iruditzen zaie emakumeek konpondu beharreko zerbait dela berdintasuna. Bigarren mailan geratzen gara, ikusle gisa, pentsatuz lagundu dezakegula. Baina ez. Guk ere parte hartu behar dugu, maila guztietan. Parte gara berdintasunaren arazoan, eta arazoaren parte garen neurrian, baita konponbidearenean ere.

Arriskuak badaude, orduan.

Gizonak ere hasi gara biltzen mugimendu feministaren barnean edo paraleloan. Baina ikusle bilakatzeko arriskua beti egongo da. Gure lana hor dago, sentsibilizazioan, ez gaitezen bazterrean geratu. Baina tentuz aztertu behar dugu gure parte hartzea nola bideratzen dugun. Helburu bera dugunon artean gatazkak sortzea litzateke okerrena. Gure parte hartzea aztertu eta landu behar dugu. Oraindik hasieran gaude.

Iraultza gorpuzten postpornografiaren eskutik

Joan den uztailean, Medeak talde transfeministako kideok jardunaldi postporno batzuk antolatu genituen Donostian. Gure helburua askatasunean oinarritutako sexualitate eredu berriak Euskal Herrira helaraztea zen. Auskalo lortu genuen ala ez! Baina, dirudienez, erronka hori mahai gainean jartze hutsak jakin-mina sortu zuen, edo agian porno hitza entzuteak, nor daki! Ukaezina da herri borrokalaria dela gurea, baina isileko hierarkia bat existitu izan da beti hemen borroka gaiekiko. Iraultzarako bidean, gorputza buruaren euskarri soila bilakatu da maiz.

Feministontzat, ordea, gorputza lehen mailako tresna eta mintzaidea izan da beti. Gorputzetik hitz egin dugu, eta gorputza erabili izan dugu borrokarako. Lehenik eta behin, jakin badakigulako ez dagoela bi elementu hauen arteko banaketarik. Eta, bigarren, egunero jendarteak gure bizitza arautzeko ezartzen dituen debekuak gure gorputzean mugak inskribatzen dituelako. Emakume izateak modu zehatz batean eseri behar dudala esan nahi du, hankak ondo itxiz eta nire bizkar hezurra urratuz. Txikitatik ikasi nuen, eta hainbestetan errepikatu dut, dagoeneko nire gorputzean inskribatu dela. Orain, ikasitakoa deseraikitzea da esku artean dudan lana, ez baitago esanahi gabeko gorputzik ezta gorputzean markak uzten ez dituen gertakizunik. Barbara Krugerek zioen moduan, my body is a battleground.

Beraz, gorputza borrokarako tresna izanik, sexualitateak erdiguneko gaia izan behar luke. Euskal Herrian irekiak garen heinean, maiz esaten dugu sexualitatea gure egunerokotasunaren atal garrantzitsua dela. Hau da, pentsamendua, kirola, elikadura eta beste hainbeste atal jorratzen ditugun era berean landu beharko genukeela. Baina zer gertatzen da postpornografiari buruz hitz egiten badut? Hau da, sexu eredu eta pedagogiari buruz hitz egiten badut? Orduan masailak gorritzen zaizkio orori, eta txantxetako gaietara bueltatu garela dirudi.

Masail gorri horiek beste behin konfirmatzen dute sexualitatea esparru pribatuan kokatzen dugun gai bat dela. Ezkutukoa eta norbanakoa balitz bezala. Baina ideia hori guztiz faltsua da, gure gorputza beste hainbeste gaitan domestikatzen den era berean sexualitate eredu zehatz bat izan dezan hezten da, baita sexualitate eredu hori egoera eta modu zehatz batean gauzatu dadin ere. Domestikazio prozesu horretarako, askotariko tresnak ditu estatuak: lege zibikoak, komunikabideak… eta, nola ez, pornografia.

Pornografia gure sexualitatearen pedagogia bihurtu da, eta bertan agertzen diren gorputzak besteak beste zuriak, klase ertainekoak, heterosexualak eta gazteak dira. Beraz, eredu horietatik at dauden gorputzak sexualitaterik ez izatera kondenatuta daude. Mugimendu aniztasuna duten gorputzei, gorputz lesbianoi, gorputz nagusiei… beraien bizitzaren atal bat lapurtu zaie, ez baitute eredu koitozentratu heteropatriarkal horretan errepresentaziorik.

Seguruenik, masailak oraindik gorrituta dituztenek ez liekete sekula hainbesteko boterea emango pornografiari. Agian ez dute inoiz pentsatu pornografia gure gorputzarekin zuzenean mintzatzen den hizkuntza dela, hau da, beldurrezko filmek egiten duten modu berdinean sentsazioak sortzen dituela, gure gorputza sofatik mugiaraziz. Ba, jakin ezazue gorputzak sentsazio horiek barneratzen dituela ordegailuaren disko gogorra balitz bezala, esanahiak inskribatuz. Barneratze prozesu horrek oso modu eraginkorrean funtzionatzen du, pornografiaren eskutik ematen zaigun sexuaren narrazioa berdina baita beti: lehenengo ukitu, gero lau hanketan, gero sexu orala eta azkenik, noski, eiakulatu. Gure sexualitateari imaginaziorik gabeko bidexka bat marrazten dio.

Baina sexualitatea beste zerbait izan daiteke, gorputzetik sortzen den grina eta desioa milaka modutan gauzatu daiteke, milaka koloretan eta milaka momentu edo kidelagun desberdinekin. Beraz, postpornoaren sortzaile den Anny Sprinklek esan zigun moduan, dagoen pornografiak islatzen ez bazaitu, sortu ezazu zure pornografia propioa do it yourself.

Helburua beste pertsonaren desioan barrena hausnartzea da, gorputza entzutea, ez modu mekanizatu eta heterokoitozentratu batean jokatzea; gorputzak, zakila eta aluaz beste, azala du, izerdia, ilea, pultsioa. Beraz, gorputzarekin elkarrizketan jarri behar gara pornoak egiten duen bezalaxe, baina beste hizkuntza bat hitz eginez: postpornoaren hizkuntza, non gorputzak milaka zulo dituen, nahiz eta agian gure desioa gaur ez den horietako bat bera ere penetratzea.

Izan dezagun ba elkarrizketa hori gozatzen dugun gorputz bakoitzarekin, praktika koitozentratu hegemonikoetatik haratago. Hitz egin dezagun bere azalarekin, bere mila zuloekin, bere ilearekin, bere izerdiarekin, eta ponpatu dezagun bere pultsioa. Agian horrela, gorputz guztiek, edozein jatorri, mugikortasun edo sexu identitate izanda ere, bizirik daudela eta legitimoak direla sentitu ahalko dute. Ez dago ilegala den pertsona ez desiragarria ez den gorputz edo praktikarik, gurea topatu besterik ez dugu.

Beraz, bada garaia noizbait dezagun desira eta plazerra mahai gainean jarri eta gorputza borroka gune bilakatu.

«Eskubideen lege batean administrazioa ezin da bermea izan»

EUGENI RODRIGUEZ. KATALUNIAKO HOMOFOBIAREN BEHATOKIA

Rodriguezek irmo defendatu du Kataluniako homofobiaren aurkako legea: eskubideak bermatzeko, zigorrak ezartzeko eta kolektiboa ahalduntzeko balio duela dio. Dena den, aurkitu diote ahulgunerik.

eugeni rodrigeuez

Eugeni Rodriguez

Iazko urriaren 8an onartu zuen Kataluniako Parlamentuak Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Eskubideen Aldeko eta Homofobiaren Aurkako Legea. Ibilian, testuaren indarguneak eta ahulguneak identifikatu dituzte. «Arrisku hori du lehenak izateak», aitortu du Eugeni Rodriguezek (Hospitalet de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1965), Kataluniako Homofobiaren Behatokiko kideak. Aitzindariak izan ziren Europan. Aurten antzeko egitasmo bat aurkeztu nahi du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean; hango esperientzia ezagutu dute Rodriguezen ahotik.

Zergatik eta zertarako behar zuen Kataluniak legea?

2005ean sexu berekoen ezkontzak onartu ziren Espainian. Baina jendeak ez ditu eskatzen ezkontzagatik dagozkion hamabost opor egunak; ez dira ausartzen. Bi lesbiana euren umea eskolan matrikulatzera doazenean, aitaren eta amaren izena galdetzen diete. Ezkontzeko eskubidearekin ez da dena konpondu. Nik esaten dut etxea teilatutik egiten hasi zirela. Oinarriak falta dira. Eskubide asko dago oraindik bermatzeko. Eta, era berean, guk lege zigortzaile bat nahi genuen. Urte askoan homofobia debaldekoa izan da. Orain erasoen aurkako txertoa behar genuela uste genuen. Eta legea behar dugu LGTBI kolektiboa ahalduntzeko modu bakarra delako. Azkenaldian homosexualitatearen aurkako neurriak hartzen ari dira hainbat estatu: Europan berton, Errusia. Badirudi atzera egiten ari garela. Katalunian herri berri bat sortzeko prozesuan murgilduta gaude, eta argi utzi nahi genuen gure herri berria ez dela homofoboa.

Ezinbestekoa da lege berezi bat homofobiaren aurka egiteko? Beste lege eta baliabideak ez dira nahikoak?

Europako datuak dira: ehun eraso LGTBIfobotik hamasei baino ez dira epaitegietan bukatzen. Zerbaitek huts egiten du. Hasteko, lege honek izenak ipintzen ditu: homofobia, lesbofobia, transfobia, bifobia… Bakoitza zer den definitzen du. Eta hori oso garrantzitsua da fobia horien aurka egiteko, ikusarazi egiten baititu. Adibide bat ipiniko dut. Errusian gertatzen zena kopiatuta, Katalunian Pilla-Pilla izeneko talde homofobo bat izan dugu. Internetez gay diren gizonekin ligatzen zuten, zelai batera eroan, eta, erasoa grabatu ostean, sarean ipintzen zuten. Hemen ez dute inor hil, baina hamar biktima egon dira. Legea onartzearekin bat, desagertu egin da taldea.

Demagun ume batek eskolan ikaskideen irainak sufritzen dituela, LGTBI delako. Zer egin dezake lege horren babespean?

Ez dugu irudikatu beharrik. Izan dugun azken kasua horixe da. Duela hilabete ama batek deitu gintuen 14 urteko semeak azken bi urteetan bullying-a sufritu duelako, Gironako ikastetxe publiko batean. Heziketa fisikoko irakasleak azken lau hiletan eskola zuten aldiro hau esaten ei zion: «Mesedez, ez egin korri maritxu baten moduan». Umeak hamabost kilo galdu ditu bat-batean. Eta astero hamar euro eroan behar ditu eskolara, ikaskideek ez iraintzeko. Gainera, eskolako psikologoak mutilaren aurkako txostenak egin ditu. Lege honen 12. artikuluak hezkuntzaz egiten du berba. Umeen sufrimendua eragotzi behar dela esaten du, baita biktima izan direnak babestu behar direla ere, haien bizitza normaltasunera itzultzeko neurriak hartuta. Ikastetxe horrek legea oso-osoan hautsi du.

Homofobiaren Aurkako Behatokiak salaketa ipini zuen Generalitatean. Neurriak hartu beharko dira. Ume horren sufrimenduaren erreparazioa ere egin beharko litzateke, legeak hala agintzen duelako. Baina gobernuak erantzun digu umea eskolaz aldatuko dela, eta arazoa konponduta dagoela. Horregatik, guk arartekoarengana jo dugu, gobernua estu har dezan. Ikusten ari gara borondate politiko eskasa dagoela legeak dioena dioen moduan betetzeko. Era berean, fiskala deklarazioak hartzen ari da, deliturik egon den ikertzeko.

Beraz, administrazioak ez du legea betetzen?

Convergencia ez zen legearen aurka egon, baina alde ere ez. Onartu zuten, eta listo. Orain ikusten ari gara borondate politiko gutxi duela. Egia da urtebeteko epea dutela legea oso-osoan indarrean sartzeko. Egia da ez dela erraza. Uste dugu hamar bat urte beharko direla testuak jasotzen dituen lan ildo guztiak martxan jartzeko. Izan ere, asko dago egiteko. Adibidez, hezkuntza sisteman txertatu behar dugu. Baina ez ikasgai berezi moduan: «Tori, hemen homosexualitatea». Ez, zeharlerroa izan behar du. Matematika, historia edo bestelakoak ikasterakoan errealitate hori islatu behar da ikasgelan.

Zer aukera duzue administrazioak legea betetzen ez duenean?

Betikoa: arartekoa. Osasun arloko kontuengatik hainbatetan jo dugu harengana. Ez du administrazioa zigortzeko eskumenik, baina errieta egiten dio, zer egin behar duen esaten dio, eta txosten oso interesgarriak egiten ditu. B plana ere badugu. Izan ere, bagenekien Generalitateak hala jokatuko zuela. Beraz, orain tokiko administraziora jotzen hasi gara, haien bidez legea zabaltzeko. Legeak Generalitatearen eta tokiko administrazioen arteko akordioak egiteko modua ematen du, gobernuak legearen eskumen batzuk erakunde horien esku uzteko. Bartzelonako Udalarekin indar berezia egin gura dugu. Batez ere, legea ezagutarazi nahi dugu.

Legearen indarguneetako bat zigorrak edo isunak dira. Zeinen ardura da horiek ezartzea?

Hori da gure hanka sartzeetako bat. Guk nahi genuen horretarako erakunde berezi bat sortzea. Baina Generalitateak berak du ardura hori. Guk ez genuen aurrekaririk, eta itsu-itsuan idatzi genuen legea. Ikasi dugu lezioa: eskubideak bermatzea eta diskriminazioa bukatzea helburu duen lege batean ezin da administrazioa izan bermea. Bere lana aurrekontua eta baliabideak jartzea izango da, baina kontrolak beste baten gain geratu behar du. Ezinbestekoa da zigorrak jartzeaz eta legea betetzen dela baieztatzeaz arduratuko den erakunde independente bat sortzea. Gironako ume horren kasuan ikusi dugu, adibidez, ez duela funtzionatzen. Gaur egun arartekoaren bidez ari gara lanean, egunen batean erakunde hori lortuko dugulakoan.

Arestian esan duzu Gironako umearen amak zuengana jo zuela salaketa jartzera, behatokira. Ez al lukete Generalitatera joan behar? Ez al luke gobernuak horretarako zerbitzu edo baliabide propio bat sortu behar?

Salaketak guk jasotzen ditugu. Legeak arreta zerbitzu integral bat aipatzen du. Jaurlaritzak badu Berdindu izeneko zerbitzua. Oso ondo egituratuta dauka. Lan txukuna egiten dute. Gurean lurraldetasuna ere ez da bermatzen. Bartzelonara jotzen dugu, Generalitatera. Baina Kataluniako beste herri batean biziz gero, zer? Gobernuak bermatu behar du jendeak salaketa jartzeko aukera izango duela. Ikusi behar dugu behatokia nola txertatu dezakegun legearen egituran; agian, akordioren baten bidez.

Frantziak asiloa ukatu dio Hendaian atxikita dagoen lesbianari

Nigeriara itzularaziz gero, hamalau urteko espetxe zigorra jasoko du 26 urteko gazteak. Estrasburgoko Auzitegira joko du Cimadek

Hendaian atxikita daudenen eskubideak aldarrikatu dituzte hainbat protestatan

Hendaian atxikita daudenen eskubideak aldarrikatu dituzte hainbat protestatan. BOB EDME

Kanporatze arriskuan dago Elita, Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi) dagoen 26 urteko lesbiana nigeriarra. Izan ere, haren asilo eskaera atzera bota zuen Frantziak atzo, homosexuala dela frogatu ezin izan duelakoan. Jaioterrira itzuliz gero, hamalau urteko kartzela zigorra ezarriko diote, Cimadek asteon salatu duenez. Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko du orain etorkinen eskubideen aldeko elkarte horrek.

Homosexualitatea legez kanpokoa da Nigerian; 2007an, gainera, sexu berekoen arteko ezkontzak berariaz debekatzeko lege bat onartu zuten. Ondorio sozialak pairatu ditu Elitak: indarkeria latza jasandakoa da lesbiana izateagatik. Enugun (Nigeria) bizi zela, haren bikotekidearekin eta beste bi emakumerekin, auzokoak etxera sartu zitzaizkien. «Haren bikotekidea, Mary, herriko plazan erre eta hil egin zuten gasolina eta gurpilekin», azaldu du asteon Francisco Sanchez Rodriguez Cimadeko kideak BERRIAn. Leihotik aterata lortu zuen Elitak etxetik ihes egitea. Haren beste bi adiskideak, ordea, espetxeratuta daude: hamalau urteko zigorra betetzen ari dira; hain justu, arrisku hori du Elitak Nigeriara itzularaziz gero.

Uztailean AEB Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin zuen, baina ez zioten sartzen utzi, eta Parisera bidali zuten, Roissyko aireportuan egin baitzuen eskala. Han, hemeretzi egunez izan zuten atxikita: Nigeriara eraman nahi zuten, baina Elitak zortzi aldiz egin zion uko. Cimadek salatu du haren egoeraren berri eman ziela estatuko ordezkariei, baina ez ziotela egin kasurik. Azkenik, libre utzi zuten, estatutik alde egiteko baldintzarekin. Hendaian atxilotu zuten, uztailaren 24an, tren geltokian, muga pasatzeko garraioaren zain zegoela. Ordutik dago atxikitze zentroan.

Asteartean deklaratu zuen OPFRA Iheslari eta Apatriden Babeserako Frantziako Erakundeko ordezkarien aurrean, bideo konferentzia bidez, Tolosan (Okzitania). Erakundeak 96 ordu zituen babes eskaerari buruzko ebazpena emateko. Cimadek salatu du biziki zaila dela Frantziak eskaerok onartzea: azken bi urteetan elkarteak Ipar Euskal Herrian kudeatutako 70 ingurutik soilik lauk lortu dute asiloa.

Elitak ezinbesteko zuen homosexualitatea egiaztatzea. 2013an, legea aldatu zuten, eta kontzientziari lotutako gaitzat dute sexualitatea, baina, praktikan, prozedura konplexua da oraindik ere. Bi arlotan aztertzen dute auzia: batetik, jaioterriko legediari erreparatzen diote, eta bestetik, eskatzaileak frogatu behar du talde sozialaren araberako jazarpena jasan duela. Nigerian, lesbiana izatea delitu da, eta Elitak indarkeria jasan du bere sexu joeragatik —prentsa artikulu bat ere eraman zuen, horren froga—, baina ez da nahikoa izan: atzo arratsean asilo estatutua ukatu zion OPFRAk.

Itxaropena, Estrasburgon

Hainbat iturriren arabera, edozein unetan hel daiteke Elita Nigeriara itzularazteko kanporatze agindua. Halere, Cimadek badu itxaropen izpi bat. Elkarteak prest du jada Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko prozedura, Sanchezek azaldu duenez: «Neurri kontserbatorio bat aurkeztu dugu, estatuaren legediaren arabera gabezia juridiko bat egon dela adierazteko; hau da, Elitaren egoera ez dutela behar bezala kontuan hartu». OPFRAren ebazpenaren zain izan dira Estrasburgon.

Hamalau urteko kartzela zigorra dakar lesbiana izateak Nigerian. Baina espetxetik kanpo ere zigor sozial gogorra du homosexualitateak. «Irainak eta torturak» aipatu ditu azken egunotan Sanchezek. Ondo daki hori Elitak, asteon ETBn emandako elkarrizketa batean adierazi duenez: «Hilko naute, Mary hil zuten bezalaxe».

Munilla: “Familia eta ezkontza desegitea du helburu genero ideologiak”

Gipuzkoako gotzainak ohartarazi du litekeena dela etorkizunean katolikoek “garesti” ordaindu behar izatea “pentsamendu bakarrarekiko ikuspuntu kritikoa”.

GRA249. SAN SEBASTIAN, 20/01/2015.- El obispo de San Sebasti·n, JosÈ Ignacio Munilla, oficia la misa del dÌa de San Sebasti·n, patrÛn de la ciudad, hoy en la BasÌlica de Santa MarÌa. EFE/Javier Etxezarreta.

Jose Ignacio Munilla, Gipuzkoako gotzaina, artxiboko irudi batean. Javier Etxezarreta / EFE

Familia tradizionala goraipatzeko baliatu du Jose Igancio Munilla gotzainak Ama Birjin eguneko sermoia, eta bide batez Mendebaldeak bultzatzen duen “genero ideologia” gaitzetsi du, ohartaraziz “familia eta ezkontza” desegitea duela helburu. “Garrantzitsua da ohartzea politikoki zuzentzat dugunak bat egiten duela genero ideologiarekin, eta horrek familia eta ezkontza desegitea dituela helburu”.

Munillak ohartarazi du, halaber, litekeena dela katolikoek etorkizunean “garesti” ordaindu behar izatea “pentsamendu bakar” horrekiko ikuspuntu kritikoa.

NI

BEÑAT GAZTELUMENDI

BERTSOLARIA

Sanfermines 2010. Ambiente por la noche en las calles de Iruñea. En la imagen, calle San Nicolás llena de gente

Batzuetan jolas egin nahiko nuke, jolas izan, eta nire geruza guztiak erantzi. Eta edalontzien atzean ezkutatzen naiz, argi ilunen atzean eranzten ditut nire ni guztiak, nire ordulariak, nire agendak, nire betebeharrak, nire buruz ikasitako hitzak eta beste norbait bilakatzen ahalegintzen naiz, tabernaren sabai iluna joz ibiltzen naiz oinez buruz behera, garai bateko kea bezala. Denok egin dugu jolas hori, ezta? Herriko festak iristen direnean arropak aldatzea, beste norbait izatea astebetez, astebetez besterik ez, eta loa galarazten diguten hariak, sabela estutzen diguten hariak soinetik kenduta libre ibili nahi izaten dugu kalean.

Baina nik hariak eta harriak daramatzat soinean. Nik aukeratutako korapiloak dauzkat eskumuturretan, baina ohartu gabe lotzen nautenak ere bai eztarrian. Eta patrikak harriz kargatuta dauzkat; batzuetan kostatu egiten zait nire lekutik mugitzea eta libre sentitzen naizenean ere aurrez ibilitako lekuetan ibiltzen naiz, aurrez esandako hitzak esaten ditut, aurrez beste batzuek forma emandako harriak pilatzen zaizkit eztarrian eta ustez nireak ez ziren pentsamenduak igarotzen zaizkit begien atzealdetik. Eta bai, nik ere nahiko nuke jolas egin, jolas izan, libre sentitu; nik ere janzten ditut zapiak eta txalekoak, mozorrotzen naiz, beste norbait bilakatzen ahalegintzen naiz, baina aske naizenean baino ez naiz konturatzen zenbat hari daramatzadan, zenbat harri dauzkadan. Eta taberna erdi-erdian jarriko naiz, inork baino ozenago, inork baino seguruago, inork baino norago hitz egingo dut. Eta ez naiz ohartuko nor dauden ertzean, nor dauden isilik, nor ez dauden seguru, nor ez diren nor. Askatasunak ere baditu albo-kalteak. Askatasunak sakeletan harriak daramatzanean behintzat bai. Begiratzeko modu hori, hurbildu eta sorbaldatik gogorregi heltzeko modu hori, hizketan belarrira gehiegi hurbiltzeko modu hori.

Eta bai, nik ere buruz ikasi ditut diskurtsoak, nik ere aldarrikatzen ditut mundu hobeak, mundu parekideak, erasorik gabeko gauak; nik ere ikusten dut argazkietan nor falta den. Argazkikoak besteak direnean behintzat. Egunez esandakoaz oroitzen naiz, baina gauak ere baditut barruan; nik ere badauzkat nire zoko ilunak, nik ere ezagutzen ez ditudan harri eta hariak. Batzuetan nik ere edalontzi atzean ezkutatu nahiko nuke, edanda nengoen esan, edo ez naiz gogoratzen, edo ez nintzen konturatu edo ez zen hainbesterako edo lasaiago hartu gauzak. Eta hasiko gara erasoa zer den definitu nahian. Akaso galdera erasoa nork definitzen duen izan arren. Nik egindako erasoak ikustea, buelta emandako edalontzi batetik munduari begiratzea bezain zaila delako.

Mundua aldatu nahi dut, eta ni aldatzea ahaztuko zitzaidan akaso. Festetan iraultzak amesten ditut, amesten ditugu. Eta gau eroak erroetan dauzkagu; dantzan adina dakigu bultzatzen ere; gure zirkuluaren zentrora begiratzen ikasi genuen noizbait; gure hitzak bakarrik entzuten. Eta mundua aldatzea, akaso, ertzetara begira hasten da. Argazkian nor falta den baino, argazkian falta dena non zegoen, zertan ari zen, zer pentsatzen zuen jakitea. Udan gauetako ekaitzen moduan altxatzen gara, ke bihurtzen gara, arinak gara, arinegiak gauza inportanteez hitz egiteko. Baina udan begien bistara agertzen da garai inportanteetan ez zegoena, argazkietan falta zena. Nik ere, udan ikusten dut nire buruari ateratako argazki neurtuetan ezkutatzen nuen hori, disimulatu nahi nuen hori, taberna galdu honetako edalontzi hustu honen atzean ezkutatu nahi dudan hori. Libre izan nahi dut, jolastu egin nahi dut, jolasa izan nahi dut. Baina, nire jolasak beste batzuenak eteten ditu. Eta inoiz ez naiz ni ez naizenean bezain ni. •

FESTAK SEXISMORIK GABEKO PLAZER KOLEKTIBORAKO GUNE IZAN DAITEZEN LAN EGITEN DU EMAGIN ELKARTEAK

Konplizitatea eta partaidetza lantzen dituzte Emagin elkarteak ematen dituen ikastaroetan, jaien baitan salatzen diren eraso sexistak ahaztu gabe eta hauei aurre egiteko tresnak landuz, atmosfera baikorrago batean zentratu nahi baitute festen eta generoaren gaia. Parekidetasuna jaietan ere eman dadin, eredu baztertzaileak eraldatuz.

2014-08-23, Bilbo, Areatza. Aste Nagusia 2014. Konpartsen arteko herri kirolak. Irudian herri kiroletako unea. 23-08-2014, Bilbo, Arenal. Herri kirolak entre comparsas. En la imagen un momento delas herri kirolak

2014-08-23, Bilbo, Areatza. Aste Nagusia 2014. Konpartsen arteko herri kirolak. Irudian herri kiroletako unea.

Gozamenerako, barrerako, dantzarako, elkar ezagutzarako, finean, modu kolektiboan ongi pasatzeko gune bezala ulertzen ditugu jaiak. Desinhibizio une horietan, ordea, dibertimendutik gutxi duten egoeren berri izaten ari gara azkenaldian. Dela sanferminetako masifikazioan, Baionako kaleetan edota herri txiki bateko jaietan, ugariak izan dira eraso sexistak salatu dituzten emakumeak.

Beste norbaiten gozamenerako norberaren espazioa urratzean, jai giroa sufrimendu bilakatzean, hasten gara sumatzen zerbait gaizki doala. Eredua hankamotz dagoela, ez baititu aukera berdinak eskaintzen eta kolektibo bateko partaideak, kasu gehientsuenetan emakumeak, posizio ahulago batean kokatzen dituelako.

Egoera horri aurre egiteko lan egiten duten elkarteetako bat da Emagin ikerkuntza eta dokumentazio zentro feminista. Bertako kide diren Miren G. Arakistain eta Idoia Trenorrekin elkartu gara Donostiako Aste Nagusia hastear denean askok pentsatu baino erro sakonagoak dituen arazo bati buruz hausnartzeko asmoz. Hain zuzen, diagnosi eta eraldaketa integral bat bultzatu nahian, jaiak eta generoa modu globalean lantzen dituzte, besteak beste, herriz herri egiten dituzten tailerretan.

Ikusten ez den indarkeria

Azkenaldian emandako eraso sexisten salaketen harira, egoeraren irakurketa itxi bat egitea konplikatua dela uste dute. «Guretzat zaila da baieztatzea eraso gehiago dauden edo erasoak gehiago salatzen diren, azken finean gutxi edo puntualki ikertu den arloa delako. Zerekin konparatuta esan dezakegu eraso sexista gehiago daudela? Iruditzen zaigu, gainera, egun eraso gehiago ematen direla esateko edota antzeko bestelako baieztapenak egiteko faktore asko hartu behar direla kontuan. Akaso eraso motak aldatu dira, genero rolak aldatu diren heinean eta aldaketa horiek denak ikertu beharko genituzke, faktore oro kontuan hartuz», azaldu du Trenorrek.

Ostera, uste du gizartearen pertzepzioan zerbait aldatzen hasi dela. «Egia da, esatera ausartuko nintzateke, sozialki kontzientzia handiagoa dagoela erasoei dagokionez. Gero sartu beharko ginateke zer eraso mota ikusten diren eta batez ere zeintzuk bisibilizatzen diren komunikabideetan», aipatu du maiz halako gertakariez egiten den erabilera «morbosoa» salatuz. «Uste dugu, oro har, gizartea bera badagoela askoz kontzientziatuago, itxuraz behintzat, ikusgarriak diren eraso horiekin. Askotan erabiltzen da icebergaren metafora. Icebergaren tamaina oso handia da, baina ur azalean soilik punta ikusten dugu. Horixe bera gertatzen da indarkeria sexistarekin ere. Baina, hala ere, ez da sinplea ulertzea indarkeria sexistaren makineria bere orokortasunean. Horregatik, gero kontraesan nabariak sortzen dira gai honekin», gaineratu du Arakistainek.

Icebergaren puntaren metafora erabiltzen dute muturrera edo denoi ezagunak zaizkigun erasoen inguruan hitz egiteko garaian. Horren atzean, ordea, aztertu beharreko hamaika faktore daudela azpimarratu dute, horietako asko kontziente izan gabe gure egunerokotasunean erabat errotuta daudenak. «Gure genero sisteman hain agerikoa ez den indarkeria mota bat bat ere badago, indarkeria sinboliko gisa funtzionatzen duena; sinesmenen, mitoen, ohituren, estereotipoen eta abarren bitartez heltzen zaigun indarkeria da. Horrekin batera, badago indarkeria estrukturala deitzen dioguna ere, gizarte antolaketari dagokiona. Hau da, indarkeria bera egiturazkoa da eta makinaria oso bat du martxan», azaldu du.

Horren kontziente izatea joera sexista horiek desagerrarazteko ezinbesteko baldintza dela uste dute. «Guretzako garrantzitsuena indarkeriaren gaiari heltzerako garaian makineria oso horri erreparatzea izaten da eta ulertzea horrek berak legitimatzen duela beste indarkeria hori guztia. Jaietan gure gizartean dauden botere harremanak erreproduzitzen direla (sinboloak, ohiturak, jarrerak …) eta gainera oso modu kondentsatuan. Ematen du jaia salbuespena dela eta dena libre den espazioa dela; jaiak oso politak dira, emozio asko partekatzen ditugu eta intentsitate handia dago, baina intentsitate horretan bertan ere erreproduzitzen dira berez gure gizartean dauden bereizkeria egoerak zein indarkeria kasuak. Erroa gizartean bertan dago, indarkeria sinboliko eta indarkeria estruktural horietan. Jaiak ezin ditugu ‘denak balio du’ parentesi moduan ulertu. Eta justuki, jaiak gozamen esparru direlako bihurtu behar ditugu denontzako esparru», zehaztu du.

Hori dela eta, herri edo kolektibo jakin batean dauden harremantzeko moduak aztertzea garrantzitsua dela aipatzen dute, horien araberakoa izango delako jai eredua eta horiek aldatuz etorriko delako kide guztiak errespetatuko dituen eremua. «Indarkeriaz ari garenean kontuan izan beharreko abiapuntua da bizi garen gizartean gizonak eta emakumeak ez gaudela maila berean. Sistema bera da indarkeria tresna bezala erabiltzen duena hori iraunarazteko. Indarkeria azkenean tresna bat da botere harremanak dauden horretan mantentzeko. Bortizkeria mota pila bat daude eta denak dira beharrezkoak icebergaren puntan ikusten duguna sostengatzeko. Gero, jaiei dagokienez, herri batetik bestera ere errealitate soziala dezente aldatzen da», dio Trenorrek.

Plazererako bideak ireki

2015-08-11, Donostia. Flamenka gunean parekidetasunaren eta jaiaren aldeko murala.  11-08-2015, San Sebastian. Mural por la igualdad entre generos en las fiestas en la Flamenka.

2015-08-11, Donostia. Flamenka gunean parekidetasunaren eta jaiaren aldeko murala.

Indarkeria sexistak jaietan izan duen presentziagatik kezkak eta eginahalak horri erantzutera bideratu direla aitortu duten arren, arreta jarri beharreko beste hainbat alde aipatu dituzte. «Zoritxarrez, kezkatu behar gara indarkeria egoerez, eta horren inguruko lanketak egitea lehentasuna da: gaiaren prebentzioa, indarkeria sexistaren makinaria ulertu eta ulertaraztea, autodefentsa feministaren aldarria, protokoloak eta erasoen gaineko erantzun sozialen antolaketa eta lanketa… erasoen gaia heldu beharrekoa da. Horrez gain, guretzako ezinbestekoa da jaiak eta generoa hizpide ditugunean beste hamaika kontuz ere hitz egitea. Bestela, generoari eta jaiei buruz ari garenean azkenean arriskuei eta mugak jartzeari buruz hitz egiten dugu. Denon plazeraz, gozamenaz eta dibertsioaz aritzea ezinbesteko zaigu», adierazi du Arakistainek.

Horregatik indarkeria sexistari nola helduko zaion aztertzeaz gain, jaiei eta generoari buruz hitz egitean beste hainbat gai ere lantzea proposatu dute. Hala egiten dute herriz herri egiten dituzten tailerretan. «Diagnostiko kolektiboak egiten ditugu eta eremu desberdinetan genero ikuspegitik zer egiten den eta zer egin daitekeen komunean jartzen saiatzen gara, hala nola (barne eta kanpo) komunikazioan, antolakuntza ereduan, parte hartze ereduan, egitarauan eta beste. Errelato partekatu hori egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, gauza oso kolektiboa delako eta elkarren artean lasai hausnartzeko espazioak sortu behar direlako. Baditugu diskurtso politikoki zuzenak, baina gero gai askok zailtasunak sortzen dizkigute eta garrantzitsua da horri buruz hausnartzea kolektiboki», azaldu dute.

Besteak beste, erasoen gaia ahaztu gabe gozamenarena ere jorratzea beharrezko ulertzen dute, jaiez ari garen heinean, plazerik gabeko espaziorik ez baita ulertzen. «Ezinbestekoa da ikuspegi inklusibo batetik plazeraren gaia jorratzea: ikuspegi ezberdinetatik jaiak gozatzeko aukerak lantzea, emakumeen partaidetza modu parekide batean bultzatzea, egoteko modu erosoak sortzea eta beste», diote. Baieztapen horren haritik tiraka, partaidetzaren gaia generoaren analisiaren bitartez lantzen dutela azaldu dute; beraz, emakume eta gizonez gain, oro har, genero analisiek ahalbidetzen dute hori beste aldagaiekin artikulatu eta ulertzea (hala nola adina, hizkuntza, jatorria, eta abar…); aniztasun zabala kontuan hartu eta festak eremu inklusiboak izatea da helburua. Guztien ekarpenarekin antolatutakoak eta denentzako izango diren festak, alegia.

Trenorren hitzetan, «ulertu beharra dago jaiak ez direla irla bat, baizik eta gizarte honen barruan dauden espazio bat direla. Ez ditugu salbuespeneko espazio bezala tratatu behar. Aukera moduan balia ditzakegu, guk nahi dugun eredua eraikitzeko eta denon gozamenerako espazioak sortzeko. Eta, gainera, badaude aukera hori baliatzen duten praktika eta egitasmo ugari, benetan interesgarriak. Uste dugu han eta hemen egiten dena ezagutaraztea oso baliagarria dela denontzat».

Harreman sanoak eraiki

Emakumeen etxea. Bilgune Feministak Autodefentsari buruzko liburu bat aurkeztu du, azaroaren 25aren harira. Liburuaren titulua «Beldurrak gurekin jai! Ekin autodefentsa feministari!» da. Irudian aurkezpenko unea. Casa de la mujer.  Presentación del libro «Beldurrak gurekin jai! Ekin autodefentsa feministari!» (Haciendo frente al miedo, mediante la Autodefensa feminista), que han realizado desde Bilgune Feminista y Emagin, de cara al 25 Noviembre. En la imagen un momento de la presentación.

Emakumeen etxea. Bilgune Feministak Autodefentsari buruzko liburu bat aurkeztu du, azaroaren 25aren harira. Liburuaren titulua «Beldurrak gurekin jai! Ekin autodefentsa feministari!» da. Irudian aurkezpenko unea.

Arestian aipatutako erronkei ekiteko helburuarekin jotzen dute Emagin elkarteko atea Euskal Herriko hainbat tokitatik. Gehienetan jai eta kultur ekintzen baitako sare, batzorde edo talde antolatuak izaten dira atea jotzen dutenak, jaien prestaketen baitan ereduaz hausnartzen dutenak.

«Gure esperientziatik ikusten duguna da horrelako tailerrak eskatzen dizkigutenean, gehienetan behintzat, kezka handia daukan jendea izaten dela. Nik uste adibidez diskurtsiboki, komunikazio aldetik eta abar eman direla aurrerapausoak. Beste gai batzuk zailagoak dira lantzen, talde baten baitan ematen diren botere harremanak, adibidez», azaldu dute Emagin elkarteko kideek.

Esate baterako, Arakistainen ustez elkarrekin harremantzeko moduari arreta berezia jarri behar zaio.«Batzuetan emaitzei begira gaude eta ez diogu prozesuari horrenbeste erreparatzen, eta prozesuan bertan ari gara eraikitzen jai sano eta parekideak: gure arteko komunikazio ereduan, zaintzan, dibertsioaren kudeaketan, lan banaketa ereduetan, gatazken kudeaketetan eta beste».

Zentzu horretan, jai eredua birpentsatzeko urratsa ematen dutenen aldetik ausardia puntu bat ere sumatu du Trenorrek. «Parte hartzen dutenek hausnarketa interesgarriak dituzte gaiaren inguruan. Gu saiatzen gara tresnak eta adibideak eskaintzen hori taldean bertan jorratzeko eta elkarrekin pauso berrietan pentsatzeko. Bestalde, alderdi zehatzei erreparatzen badiegu, betiko ereduak nola edo ahala baina funtzionatzen duela-eta, badago aldaketaren aurrean beldur moduko bat ere. Horregatik, gatazkak kudeatzen jakitea ere garrantzitsua da», dio.

Hori dela eta, gakoa murgilduta gauden ereduan dagoela azpimarratu dute. «Eredu horren parte sentitzen zaren momentutik plazererako bide gehiago egongo dira. Jaien parte sentitzeak esan nahi du eroso zaudela, zuretzat espazio seguru bat direla, gozatzen duzula, ondo pasatzen duzula antolatzen eta prozesu guztian hartzen duzula parte. Horregatik da garrantzitsua parte hartze mota desberdinak kontenplatzea eta aniztasun hori bera ahalbidetuko duten ereduak sortzen saiatzea», aipatu du Trenorrek.

Ildo horretan, eredu parte hartzaile bat bultzatzen den unean, parte hartze hori zenbat eta handiagoa izan, norbera eta ingurukoak ere «txip» horretan egongo direla uste du. «Era berean, kanpoko zerbaitek erasotzen bazaitu, babes hori askoz antolatuago egongo da, erantzuteko eta halako jarrerarik ez onartzeko», gaineratu du.

Erronkak abiatu beharreko ertz asko izanik, hala laburbildu du Arakistainek: «Oro har gizarte guztiaren ardura da jaiak denontzako gozamen eta dibertsio esparru izatea. Jaietan murgilduta daudenena, instituzioena, herritar guztiona… denon ardura da eta aktiboki heldu behar zaio gaiari. Gizartean bertan egunerokotasunean landu behar da indarkeria sinboliko eta estruktural hori iraultzeko modua eta horretarako herritar guztion inplikazioa eta konpromisoa ezinbestekoak dira. Jaietan denok gozatzeko, jai parekide eta gizarte parekide baten alde lan egin behar da. Bitartean, horretarako sortzen ditugun gune askeetan gozatuko dugu».

«Jai eredu parekide eta aske baten alde lanean jarraituko dugu»

Emakume talde batek Gasteizko festetan blusen eta nesken ibilbidea eten izanak oihartzun handia izan du. Pozik daude lortutako emaitzarekin: mahai gainean jarri dituzte eztabaidagai batzuk.

MAIALEN SAEZ DE OKARIZ ETA IZASKUN GOIENETXEA. GASTEIZKO NESKA GAZTEEN TALDEA

MAIALEN SAEZ DE OKARIZ ETA IZASKUN GOIENETXEA. GASTEIZKO NESKA GAZTEEN TALDEA

Gasteiztar guztien ahotan dago: emakume talde batek zezenketetatik itzultzeko ibilbidea eten zuen jaietan, hilaren 8an. Geroztik, aurkako iritziak agertu dituzte mugimendu feministak eta Blusen eta Nesken Batzordeak. Hala ere, eragileen arteko tirabirak bertan behera utzi eta eraso sexisten aurka lanean hasi behar dela uste dute Maialen Saez de Okarizek (Gasteiz, 1993) eta Izaskun Goienetxeak (Santurtzi, Bizkaia, 1990). Blusen ibilbidea eten zuten emakume haietako bi dira. Ekintzaren zergatiak azaldu dizkiote BERRIAri.

Abuztuaren 8an zezenketetatik itzultzeko ibilbidea eten zenuten. Nondik dator ekinbidearen ideia?

IZASKUN GOIENETXEA: Blusen jai ereduaz nazkatuta gauden neska talde bat jaien aurretik batzen hasi ginen. Ekinaldiak bi helburu nagusi zituen: beste jai eredu bat aldarrikatzea, eta azken hilabeteotan Euskal Herri osoan gertatutako eraso sexistak salatzea. Blusen ibilbide tradizionala etetea otu zitzaigun; izan ere, Gasteizko jai ereduaren adierazle nagusia dira. Irain sexistaz betetako abestiak kantatzen dituzte, une oro, jaietako egun guztietan. Horren adibide hutsa da abuztuaren 5ean blusa talde batek emakume bati egindako eraso sexista.

Zabaldu da Jatorrak kuadrillakoek egindako eraso sexista hori salatzea zela zuen ekinbidearen helburua.

MAIALEN SAEZ DE OKARIZ: Jendeak hala ulertu zuen, tamalez, blusa talde batek eraso sexista bat egin zuelako. Baina blusen jarrera orokorra salatu nahi genuen. Ibilbidea etetea izango zen ekintza. Horretarako, bidearen puntu bat eta, beraz, kuadrilla bat hautatu behar genuen. Jatorrak kuadrilla aukeratu genuen, soilik gizonez osatuta dagoena. Tamalez, erabakia jada hartua genuelarik, kuadrilla horretako kide batzuek eraso bat egin zuten abuztuaren 5eko gauean. Eraso hark berekin ekarri zuen gure erabakia inoiz baino sutsuago berrestea. Izan ere, soilik gizonez osaturiko kuadrilla batean errazagoa da salatu nahi genituen eraso sexistak gertatzea: elkar elikatzen dute.

Jatorrak kuadrillaren ibilbidea eten aurretik, uste al zenuten zuen ekintzak hainbesteko oihartzuna edukiko zuela?

I.G.: Ez, baina pozten gara. Mahai gainean hainbat eztabaidagai jartzea lortu dugu: eraso bat zer den, blusen jai eredua, jaietako harreman ereduak, feministon legitimitatea eraso sexistak salatzeko… Baina eraso sexistez hitz egin behar da, eta ez mugimendu feministaren eta Blusen eta Nesken Batzordearen arteko tirabirez. Ez dugu ulertzen zergatik ez den hitz egiten, esaterako, jaietan eta jaien biharamunean gertatu diren eraso sexistekin lotutako lau atxiloketez.

Batzordeko presidentearen esanetan, blusak erasanak sentitzen dira. Zer pentsarazten dizue horrek?

M.S.O.: Ez dira erasanak sentitzen. Suminduta eta ikaratuta daude, neska talde bat haien aurrean ahaldundu delako. Gasteizko jaietan eraso sexistetan izaten duten zigorgabetasuna mahai gainean jartzea lortu dugu.

Jaien bezperan, mugimendu feministak, txosnek eta Blusen eta Nesken Batzordeak eraso sexisten aurkako protokoloa sinatu zuten. Hor, erasotzaileak kuadrilletatik bota behar zirela jartzen zuen. Jatorrak kuadrillako sei kidek emakume bati eraso ziotela onartu zuten. Zergatik uste duzue batzordeak ez zuela protokoloa bete?

M.S.O.: Ez zen egun bateko gauza izan: oro har, batzordeak ez du protokoloa betetzen. Are gehiago, blusen eguneroko jarduerek jarrera sexistak elikatzen dituzte. Horren adibide dira kuadrilla askok dauzkaten pankarta sexistak, kantatzen dituzten abestiak, ibilbideetako jarrerak…

Aspaldi hasi zen mugimendu feminista blusen jarrera horiek gogor kritikatzen, jai eredu maskulinoa erakusten dutelakoan.

I.G.: Oro har, Gasteizko jaietako jarrera sexisten erakusle gorena dira blusak. Baina blusa batzuek ez dute jarrera horiekin bat egiten. Horren adibide dira blusa eta neska kuadrilla batzuk eta norbanako moduan batutako blusa eta neska asko ere bai: mugimendu feministaren alde eta eraso sexisten kontra agertu ziren abuztuaren 9ko bueltako ibilbidean, batzordearen ibilbide ofizialari uko eginez.

Zer aurreikusten duzue etorkizunera begira?

M.S.O.: Jai eredu parekide eta aske baten alde lanean jarraituko dugu, gurekin lan egin nahi duten eragileekin elkarlana bultzatuz.

Nigerian kartzela arriskuan, lesbiana izateagatik

Hendaiako atxikitze zentroan dago, eta 26 urte ditu. Kanporatze arriskuan da: herrira itzuliz gero, hamalau urteko zigorra izango luke

Hendaiako atxikitze zentroan da Elita, uztailaren 24an atxilotu zutenetik

Hendaiako atxikitze zentroan da Elita, uztailaren 24an atxilotu zutenetik. SYLVAIN SENCRISTO

Uztailaren 24tik Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi) da Elita izeneko emakume bat, eta haren egoera salatu du etorkinen eskubideen aldeko Cimade elkarteak. 26 urte ditu, nigeriarra da, eta lesbiana: kanporatua izateko arriskuan da, eta bere jaioterrian hamalau urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua du homosexuala izateagatik. Enugun (Nigeria) bizi zen, beste hiru lagun emakumezkorekin. «Egun batez, auzoak etxera sartu ziren, eta haren bikotekidea, Mary izeneko gazte bat, herriko plazan gasolina eta gurpilekin erre eta hil egin zuten», azaldu du Francisco Sanchez Rodriguez Cimadeko langileak. «Beste bi lagunak gaur egun kartzelan dira, hamalau urteko zigorra betetzen; hori da Elitak arriskatzen duena», ohartarazi du.

Atzo eraman zuten Hendaiako atxikitze zentrotik Tolosara (Okzitania), bideo konferentzia zuelako OPFRA Iheslari eta Apatriden Babeserako Frantziako Erakundearekin; asiloa eskatua du emakumeak, eta erakunde horrek du haren babes eskaera aztertuko. «Bertan bere homosexualitatea frogatu behar izan du, zergatik den arazo bat bere herrian», azaldu du Sanchezek. Bideo konferentzian abokaturik egon den ez daki Cimadeko kideak: «Eskaera egin dugu OPFRA eta suprefeturan, baina erantzunik ez dugunez izan, pentsa dezakegu ezetz». OPFRAk 96 ordu ditu sententzia emateko. Babes eskaera ezeztatzen bada, Elita Nigeriara kanporatua izango da.

AEB Ameriketako Estatu Batuetara joan zen lehendabizi Elita, duela aste batzuk. Lurraldean sartzen ez zioten utzi, eta uztailaren 3an Roissyko (Paris) aireportura bidali zuten. Han, itxarote lekuan sartu zuten, jatorrira itzultzeko bidaia prestatu bitartean. Epe horretan, zortzi aldiz uko egin zion Nigeriara zeraman hegazkinean sartzeari. «AEBetan eta Parisen bere egoeraren berri eman zien estatuko indarrei, baina inork ez zion kasurik egin», esan du Sanchezek. Frantziako Askatasunen epaileak libre utzi zuen orduan, eta zortzi egun eman zizkion estatutik alde egiteko. Muga pasatzen saiatu zen gaztea, baina Frantziako Poliziak Hendaian atxilotu zuen, uztailaren 24an. «Gaur Nigeriara itzultzen bada, badakigu zer izango duen: hamalau urteko kartzela zigorra, irainak, torturak…», zehaztu du Cimadeko langileak.

Homosexualitatea frogatu

2013ra arte, horrelako kasuetan homosexualitatea frogatzea harreman sexualen bitartez egiten zen. Egun, legedia aldatu da, eta, halako eskakizunik ez bada ere, «biziki zaila da homosexualitatea frogatzea», Sanchezek dioenez: «Orduz geroztik, onartua da homosexualitatea pertsonari lotua den kontzientzia edo sentimendu bat dela».

Homosexualitatea frogatu ahal izateko, bi elementutan oinarritzen da OFPRA: «Alde batetik, jatorrizko estatuaren legedia aztertzen du, eta, bestetik, babesa eskatzen duen pertsonak kide den talde sozialaren araberako pertsekuzioak jasan dituela frogatu behar du». 2013an, adibidez, Kamerungo homosexual baten kasua eraman zuen Cimade elkarteak, eta OFPRAk erabaki zuen ez zela elementu nahikorik Genevako hitzarmenaren babespean iheslari estatutua emateko. Elitaren kasuan, badira beste froga batzuk: «Prentsa artikulu bat badugu, non Elitaren izena agertzen den. OFPRArentzat nahikoa izango den? Ikusiko dugu».

«Erantzun negatiboa baldin bada, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko prozedura prest dugu», ohartarazi du Sanchezek. Izatez, epaitegi horretan «neurri kontserbatorio» bat aurkeztua du elkarteak. «Neurri horren bitartez, estatuaren legediaren arabera gabezia juridiko bat egon dela seinalatzen dugu, hau da, Elitaren egoera ez dutela behar bezala kontuan hartu», azaldu du Sanchezek. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak erantzun die OFPRAren erabakiaren zain daudela. Sanchezek gogora ekarri du asiloa eskatzeko baldintzak betetzen dituela Elitak: «Europako Batasuneko estatuek Elita babesten ahal dute, bere herrian arriskuan dela kontsideratzen badute, noski».

Armairura

Ana Jakak idatzia

Uda garaian eta batzuetan lehenago (maiatzeko bat aurkitu dut aurten), mota honetako albisteren bat sortzen da: «Oporretara ez joateko 22 herrialde homofoboak», non homosexualen aurkako legeak dituzten estatuak zerrendatzen diren. Homosexualen aurkako, diot, zeren homosexualen eskubideen aurkako legeak estatu espainolean ere egon badaude: lagundutako ugalketaren tratamenduak, kasu, bikote heterosexualei bakarrik ziurtatzen baitizkio osasun sistema publikoak. Homofobia, beraz, ez da soilik 22 herrialde horien kontua, baina horrelako artikuluek arreta jartzen dute gehiegikeria instituzional latzenak izaten diren horietan: heriotza zigorra, kartzela, zigor fisikoak… Non homosexuala bera arrisku larrian dagoen, den bezala izate/adierazte hutsagatik.

Arreta guztiz justifikatua dago, baina esango nuke gutxi direla herrialde horietara joatea erabaki dutenen artean atzera egingo duten homosexualak, horrelako albiste bat irakurri eta gero. Errealitatea nolakoa den aspaldi ezaguna dugu eta badakigu noiz, nola eta zergatik armairuan sartu, bai Afrikan bai hemen. Etxetik hasita, ikastetxean, lagunartean, lanean eta bizitza eremu guztietan trebatuta, bidaia handi bat antolatu orduko, arriskuak neurtzen ikasita gaude, eta besteek inoiz kontuan hartutako baldintzak, jarrerak, egoerak, jendarteak, ezagutzen ditugu, edo ezagutzeko ahaleginak egiten ditugu, beharrezkoa baitzaigu, denbora guztian armairuan egon nahi ez badugu behintzat.

Albiste horiek horregatik dute garrantzia: guztiok, eta ez bakarrik homosexualok, errealitate gordin honetaz konturatzea eta kontzientziatzea, salaketa, azken finean. Nik, behintzat, zentzu hori ikusten diot, oharpen batena baino gehiago, edo, guztiz ere justifikatua egon litekeen boikotaz haratago. Oharra, egotekotan, homofobiaren aurkakoa da, homofobiak hiltzen duela esatea da, eta neurri edo intentsitate gutxiko homofobia babesten duten horien jarreraren ondorioak garbi erakustea ere.

Hori ez bada gakoa, turismo kontsumitzaile hutsak bezala tratatuak bagara, behar bereziak dituzten zorioneko Mendebaldeko turistak, legeak egiten eta dirua mugitzen dituztenek irabaziko dute, zentzu askotan: gure mugimenduak murrizten eta bideratzen, herrialde ezberdinen pertsonen arteko loturak mozten, mundu osoko armairuak indartzen.