Frantziak asiloa ukatu dio Hendaian atxikita dagoen lesbianari

Nigeriara itzularaziz gero, hamalau urteko espetxe zigorra jasoko du 26 urteko gazteak. Estrasburgoko Auzitegira joko du Cimadek

Hendaian atxikita daudenen eskubideak aldarrikatu dituzte hainbat protestatan

Hendaian atxikita daudenen eskubideak aldarrikatu dituzte hainbat protestatan. BOB EDME

Kanporatze arriskuan dago Elita, Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi) dagoen 26 urteko lesbiana nigeriarra. Izan ere, haren asilo eskaera atzera bota zuen Frantziak atzo, homosexuala dela frogatu ezin izan duelakoan. Jaioterrira itzuliz gero, hamalau urteko kartzela zigorra ezarriko diote, Cimadek asteon salatu duenez. Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko du orain etorkinen eskubideen aldeko elkarte horrek.

Homosexualitatea legez kanpokoa da Nigerian; 2007an, gainera, sexu berekoen arteko ezkontzak berariaz debekatzeko lege bat onartu zuten. Ondorio sozialak pairatu ditu Elitak: indarkeria latza jasandakoa da lesbiana izateagatik. Enugun (Nigeria) bizi zela, haren bikotekidearekin eta beste bi emakumerekin, auzokoak etxera sartu zitzaizkien. «Haren bikotekidea, Mary, herriko plazan erre eta hil egin zuten gasolina eta gurpilekin», azaldu du asteon Francisco Sanchez Rodriguez Cimadeko kideak BERRIAn. Leihotik aterata lortu zuen Elitak etxetik ihes egitea. Haren beste bi adiskideak, ordea, espetxeratuta daude: hamalau urteko zigorra betetzen ari dira; hain justu, arrisku hori du Elitak Nigeriara itzularaziz gero.

Uztailean AEB Ameriketako Estatu Batuetara ihes egin zuen, baina ez zioten sartzen utzi, eta Parisera bidali zuten, Roissyko aireportuan egin baitzuen eskala. Han, hemeretzi egunez izan zuten atxikita: Nigeriara eraman nahi zuten, baina Elitak zortzi aldiz egin zion uko. Cimadek salatu du haren egoeraren berri eman ziela estatuko ordezkariei, baina ez ziotela egin kasurik. Azkenik, libre utzi zuten, estatutik alde egiteko baldintzarekin. Hendaian atxilotu zuten, uztailaren 24an, tren geltokian, muga pasatzeko garraioaren zain zegoela. Ordutik dago atxikitze zentroan.

Asteartean deklaratu zuen OPFRA Iheslari eta Apatriden Babeserako Frantziako Erakundeko ordezkarien aurrean, bideo konferentzia bidez, Tolosan (Okzitania). Erakundeak 96 ordu zituen babes eskaerari buruzko ebazpena emateko. Cimadek salatu du biziki zaila dela Frantziak eskaerok onartzea: azken bi urteetan elkarteak Ipar Euskal Herrian kudeatutako 70 ingurutik soilik lauk lortu dute asiloa.

Elitak ezinbesteko zuen homosexualitatea egiaztatzea. 2013an, legea aldatu zuten, eta kontzientziari lotutako gaitzat dute sexualitatea, baina, praktikan, prozedura konplexua da oraindik ere. Bi arlotan aztertzen dute auzia: batetik, jaioterriko legediari erreparatzen diote, eta bestetik, eskatzaileak frogatu behar du talde sozialaren araberako jazarpena jasan duela. Nigerian, lesbiana izatea delitu da, eta Elitak indarkeria jasan du bere sexu joeragatik —prentsa artikulu bat ere eraman zuen, horren froga—, baina ez da nahikoa izan: atzo arratsean asilo estatutua ukatu zion OPFRAk.

Itxaropena, Estrasburgon

Hainbat iturriren arabera, edozein unetan hel daiteke Elita Nigeriara itzularazteko kanporatze agindua. Halere, Cimadek badu itxaropen izpi bat. Elkarteak prest du jada Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko prozedura, Sanchezek azaldu duenez: «Neurri kontserbatorio bat aurkeztu dugu, estatuaren legediaren arabera gabezia juridiko bat egon dela adierazteko; hau da, Elitaren egoera ez dutela behar bezala kontuan hartu». OPFRAren ebazpenaren zain izan dira Estrasburgon.

Hamalau urteko kartzela zigorra dakar lesbiana izateak Nigerian. Baina espetxetik kanpo ere zigor sozial gogorra du homosexualitateak. «Irainak eta torturak» aipatu ditu azken egunotan Sanchezek. Ondo daki hori Elitak, asteon ETBn emandako elkarrizketa batean adierazi duenez: «Hilko naute, Mary hil zuten bezalaxe».