Ikerketaren arabera, futbola «maskulinitate heterosexista sustatzeko eremu pribilegiatua» da. Irudian, jarraitzaileak harmailan, futbol partida bat ikusten. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Futbolak, jaiek eta zenbait aisialdi eremuk maskulinitate eredu tradizionalak sustatzen dituzte. Ondorio horretara heldu da Emakundek saritu duen ikerlan bat. «Horrek ez du esan nahi kirola egiten duten neska-mutilek ideia horri eutsiko diotenik, baina egia da futbolean hala gertatzen dela», zehaztu du Mari Luz Esteban antropologoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteen genero harremanak aztertu dituen ikerlanaren koordinatzaileak.
EHUko Antropologia saileko bost ikerlari feministak egin dute ikerketa. 15 eta 30 urte arteko 102 gazte elkarrizketatu dituzte, baita euren testuinguruan behatu ere. Horren bitartez jasotako informazioa hiru ardatzetan sailkatu dute: jarraipena duten genero rol tradizionalak eta estereotipoak; genero eredu berri eta zaharren artean antzemandako gatazkak; eta betiko ereduekin gertatutako hausturak.
Kirola, oro har, eta futbola bereziki, «maskulinitate heterosexista sustatzeko era pribilegiatua» dela azaldu du Estebanek. Jone Miren Hernandez ikerlariak gaineratu du ezaugarri hori ez dagoela, berez, futbolari atxikia: «Interesgarria ez da futbola bere hartan, baizik eta kirol horrek dakarren guztia, bere inguruan eraikitzen dena». Alde horretatik, Hernandezek azaldu du kirola sozializazio eremu garrantzitsua dela, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteentzat ere «presentzia handia» duela.
Bestetik, «parranda» ere eredu tradizionalen sustatzaile gisa kokatu du ikerketak. «Dibertimendu eta sedukziorako balio duen eremua da neska eta mutilentzat, baina, aldi berean, beste dimentsio bat du gizonezkoen arteko sozializaziorako», azaldu du Estebanek. Dimentsio horretan, maskulinitate eredu tradizionalak indartzen direla erantsi du.
Era berean, mutilek jaiari egozten dioten «kontrolik eza» nabarmendu dute ikerketan. Kontrol falta hori drogen kontsumoarekin lotu dute gazteek —alkohola zein bestelako gaiak—. Ikerketak ondorioztatu du testuinguru horretan «maskulinitate eredu tradizionalagoa» agertu ohi dela. Egoera horiek gizon gazte gehienetan gertatzen direla gaineratu dute, baita kontzientzia feminista garatua zutela esana dutenen artean ere.
Jokabide horiek argudiatzeko arrazoibide «naturalizatzaileak» baliatu dituzte ikerketan parte hartu duten gazteek. Hau da, haien ustez, sexu bakoitzak berezkoak, naturalak, dituen grinak islatzen dira jai giroan. Dena den, eremu hori ez dago behar beste ikertua, Estebanen arabera. Edonola ere, «desberdintasunaren ikasketa naturalizatzailean» kirolak eta aisialdiak zeresan handia dutela berretsi du.
Jai eremuaz gain, lokaletan oinarritutako aisialdi eredua ere urratzeko moduko ikergaia dela iradoki du Estebanek. Hain zuzen ere, eredu hori berritzailea den edota elkarte gastronomikoetatik «oinordetzan jaso» duten galdetu diote ikerlariek beren buruari. Lokal askotan neskak eta mutilak badaude ere, aisialdi eremu horiek maskulinizatuta daudela hausnartu dute.
Genero ereduetan arrakala
Genero eredu berri eta zaharren artean antzemandako gatazkak ere jorratu ditu ikerlanak. Horien artean, «erreferentetzat» jo dituzte Hondarribiko eta Irungo (Gipuzkoa) alardeak. Bidasoa eskualdeko gazteek duela hogei urteko argudioak «errepikatu» dituztela azaldu dute antropologoek; transmisio horretan familiaren eta lagun taldearen eragina handia izan dela hausnartu dute. Bestalde, alarde parekidearen aldekoen artean beste jokabide batzuk antzeman dituzte, gizarte mugimendu edota «figura feminista» batek kontzientzia kritikoa piztu dielako.
Beste maila batean, ikerketan ikusi dute genero harreman ereduen arteko gatazkek indar berezia izan ohi dutela bizitzaren «trantsizio uneetan»: lan ibilbideari lotutako erabakiei aurre egitean, bikote harremanak hastean, eta, azkenik, seme-alaba bat izatean. Aldi horietan, amatasunaren, etxeko lanen banaketaren, aisialdiaren eta beste hainbat gairen inguruko gatazkak areagotu ohi direla nabarmendu dute.
Ikerketa lanak antzeman du ereduen arteko gatazka bestelako alorretara heldu dela. Indarkeria matxistari edota sexualitateari dagokionez, aldaketak sumatu dituzte gazteen diskurtsoan. Edonola ere, gaineratu dute aldaketok horretara mugatzen direla: teoriara. Horrez gain, gazteek ziurgabetasunarekin eta alor ezkor eta gatazkatsuekin lotzen dituzte aipatu gai horiek.
Gizonen eta emakumeen arteko harremanetan genero rol tradizionalekin apurtzen duten eredu berriak antzeman dituzte ikerketan. Nagusiki, bi modutan gertatzen dela xehatu du Hernandezek: batetik, ezkontzea eta haurrak izatea dakartzan eredu tradizionala hautsiz; eta bestetik, genero rol maskulino eta femeninoen arteko muga gaindituz —afektuzko jokabideen eta kirolaren bidez, lan munduan, ikasketetan…—. Halaber, Hernandezek beste ezaugarri bat gehitu du: eredu berriak urratzen dituzten pertsonek kontrol sozial agerikoa duten eremuak baliatzen dituzte: gorputzaren irudiarekin esperimentatu, erresistentzia agertu…
Hausketarako hiru eragile
Genero harreman tradizionalekin hausten duten eredu berrien inguruan, galdera bati heldu dio Emakundek saritutako ikerketak: zein faktorek eragiten dute desberdintasunaren inguruan iritzi kritikoagoa izatea? Emaitzak ikusita, zenbait faktore eman dituzte: ideologia feminista izatea, ingurutik jasotako erreferentziak, eta sozializazio espazioetan izandako parte hartzea.
Kontzientzia feministaren garrantzia nabarmendu dute, baina beste eragileen garrantzia ere gogoratu dute. Erreferentzien artean, familian, lagun taldean edota hezkuntza munduan jasotakoak nabarmendu dituzte. «Normalean emakumeak izan ohi dira», zehaztu du Estebanek. Sozializazio espazio zehatzei dagokionez, bi modutan susta daiteke iritzi kritikoa agertzea: eredu tradizionalak sustatzen duten espazioetatik urrunduz, edo jokabide irekia ahalbidetzen duten eremuetan parte hartuz. Azken horien artean abesbatzak aipatu dituzte.