LGTBI kolektiboa, psikiatriako gaietan

Moldaketa bat egin behar izan dute Osakidetzaren lan deialdi publikoko psikiatriako gai zerrendan, patologizatuta ageri baitziren LGTBI kolektiboko kideak. Osasun sistemak akatsa onartu du

LGTBIfobiaren aurkako protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

 

«Ondoeza». Sentimendu hori gailendu zitzaion Sara Olariaga sendagileari —Osakidetzan familia mediku izateko lanpostu bat lortzeko prestatzen ari da— osasun sare publikoaren lan eskaintzaren barruan psikiatriako gai zerrendaren berri izan zuenean. Izan ere, espezialitate horretako hainbat kideren bidez jakin zuen gai zerrendan bazela puntu bat —43. gaia, zehazki— honela izenekoa: «Paziente lesbiana, gay, bisexual eta transexualen tratamendua». Joera homosexualak era argian patologizatzen dituen atal hori barruan duen gai zerrenda otsailaren 7an Osakidetzako zuzendari nagusiak lan eskaintzarako oinarriekin onartutako ebazpenean agertzen da, hain justu. Horregatik erabaki zuen Olariagak abisu ematea: Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen Gehitu elkartera jo zuen, eta EAEko Arartekora ere bai. Gehitu-n, Jesus Estonbak hartu zuen abisua. Hark azaldu duenez, Olariagarena ez zen izan gai horri buruzko ohartarazpen bakarra, eta, gai zerrendako eduki hori «iraingarria» zela iritzita, Osakidetzan protesta egitea erabaki zuten: «Izan ere, halakoak gai zerrenda orotatik kanpo daude 1990eko hamarralditik».

Gehitu-k Eraberean zerbitzuaren bidez egin zuen kexua. Jaurlaritzak sustatutako sare bat da, diskriminazio mota oro saihestea duena helburu. Osakidetzak pazienteak artatzeko propio duen zerbitzura jo zuten, albistearen gaineko kezka erakustera, eta Estonbak adierazi du erantzuna «berehalakoa» izan zela. Kontatu du egun gutxiren buruan Osakidetzako zuzendariak berak telefonoz hots egin ziela: «Barkamena eskatu zuen. Onartu zuen hanka sartze bat izan zela, zenbaitetan inertziekin funtzionatzen dela, eta gai zerrenda hori berrikusteke zegoela». Idatziz ere horixe bera adieraziko ziela agindu zien, eta egun batzuen bueltan jaso zuten eskutitz bat, Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak sinatua.

Gehitu-k seinalatutako gai zerrenda du hizpide gutunak, sexu eta genero identitate jakin batzuk patologizatzen dituen puntu hori: «Guztiz desegokia dela ulertzen dugu. Horregatik, kendu egingo dugu, eta aipatutako gai zerrenda zuzenduko dugu», dio gutunak. Idatziak onartu zuen gai zerrendak elementu «diskriminatzaileak eta patologizatzaileak» izan ditzakeela LGTBI kolektiboarentzat. Are gehiago: eskutitzean, Mujikak aitortu zuen gai zerrendan beste akats bat ere atzeman zutela, «berrikusketa» egitean. Zehazki, Haur Psikiatriarako gai zerrendako 21. puntua aipatu zuen. Hau zioen: «Sexu arteko ezberdintasunen eta sexu portaeren psikopatologia. Transexualitate eta transgenero egoerak». Gai hori zerrendatzea ere okerra zela onartu zuten idatzian. Bi puntuak erretiratzeko konpromisoa hartu zuten; alegia, bi gaiak «ezabatu» eta gai zerrenda berrentolatzekoa.

Barkamena eskatzea

Ondoren erantsi zituzten barkamen hitzak: «Era berean, adierazi nahi dizuegu sentitzen dugula sortutako ondoeza, eta erakunde publiko gisa konpromiso sendoa dugula tratu berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako printzipioekin. Esparru guztietan berdintasuna lortzeko oztopo guztiak kentzearen erantzukizuna hartu behar dugu, eta oraingo honetan diskriminazio zuzenaren aurka eta zeharkako diskriminazioaren aurka dugun konpromisoari balioa eman behar diogu». Martxoaren 6koa da zuzenketa gutuna. Estonbak adierazi du kexua egin eta berehala jaso zutela; aurretik, gainera, osasun sistema publikoko arduradunak telefonoz ere hots egin zienez, elkartekoak pozik daude emandako erantzunarekin. «Osakidetzak ongi erantzun du, eta azkar; txalogarria izan da izan haren portaera. Hitz onak baino ez ditugu». Martxoaren 14an argitaratu zuten zuzendutako gai zerrenda.

«Badakit Osakidetzak barkamena eskatu duela, eta haren erantzukizuna onartu duela», adierazi du Olariagak. Baina nabarmendu du garrantzitsua dela halakoetan erne egotea: «Milaka ekintzailek eta LGTBIQ+ taldeek urteak daramatzate salatzen medikuntza hedatu egiten dela gaixotasunekin zerikusirik ez duten bizitzako alorretara». Hain zuzen, heteroarautik irteten diren sexu eta genero identitateak eritasunen zerrendetan sartzen ziren garai batean: portaera okertzat jotzen ziren, tratatu beharrekotzat. Herrialde askotan iraganeko kontuak dira horiek beste hainbatetan zigortuta daude oraindik— , baina lagatako lorratza ez da guztiz desagertu oraindik.

Horregatik eragin du ezinegona akatsak. Olariagak berretsi du «hanka sartze handi bat» dela, eta «iraingarria»izan dela, segur aski presak eta behar adinako arretarik gabe jardun beharrak eragindakoa izan arren. «Bada garaia gure inguruan antzematen ditugun tratu txar edo diskriminazioen kontra altxatzeko eta asaldatzeko». Deitoratu du sexu joerak «diagnostikatzeak» ondorio larriak izan ditzakeela, eta horren kontrako aldarriak ozena izan behar duela: «LGTBIQ+ pertsonek urte ugari daramatzate haiek katalogo batean ez sartzeko eskatzen. Instituzio medikoek ezarritako etiketa edo definizio orotatik kanpo egon nahi dute, eta aske autodeterminatzea nahi dute; autodeterminatzeko eskubidea izan nahi dute, modu horretan bakarrik errespetatuko eta babestuko baita haien pluraltasuna».