Lantegietan LGTBIfobiaren aurkako borroka indartzeko premia ikusi du LABek
Sindikatuen arteko elkarlana sustatzeko asmoa iragarri du sindikatuak. Elkarretaratzea egin du Bilbon goizean, eta Euskal Herri osoan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
LAB sindikatuko ordezkariak Bilboko Arriaga plazan elkartu dira LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean lantegietan ere sexu askatasuna aldarrikatzeko. Urtzi Ostolozaga sindikatuko bozeramailearen esanetan, “krisia hasi zenetik ugaritu egin dira erasoak”. Haren esanetan, egoera zaurgarriagoan daudenek —gazte, etorkin, emakume eta LGTBI komunitateko kideak, kasurako— langileriak oro har baino gehiago sufritzen dituzte krisiaren erasoak.
Horregatik LABek azken urteetan diskriminazioari aurre egiteko tresna bi sortu dituela ekarri du gogora: gida bat eta protokoloa. Biak fruituak ematen ari direla azaldu du, baina protokoloak espero baino ezagutza txikiagoa lortu duela aitortu du. Ikusgarri egiteko kanpaina bat ipiniko dute martxan, ordezkari sindikalen bulegoetan kartel berezi bat ipinita. Era berean, aurki prestakuntza saioak eskainiko dizkiete.
Sindikatuak berak egindako elkarretaratzean ez ezik, Euskal Herri osoan egingo diren beste mobilizazioetan ere parte hartuko dute LABeko kideek. Gizarteari beste horrenbeste egiteko deia egin diote. Bilbon eta Donostian 19:30ean hasiko dira manifestazioak, Moyua plazan eta Bulebarrean. Iruñean eta Gasteizen, 20:00etan abiatuko dira, autobus geltoki zaharretik eta Andre Mari Zuriaren plazatik.
EHGAMek, berriz, Urrezko Hirukia banatu du Bilboko Kafe Antzokian. Iker Ortiz de Zarate, Javier Liñera eta Jon Koldo Vazquez aktoreek jaso dute, euren ibilbide profesionalean LGTBI komunitatearen helburuekin bat datozen gaiak jorratzeatik. Aurten ez dute Trapuzko Espartinik banatu, hautagaiak “errepenak edo Euskal Herritik urrunekoak” izan direlako.