Jokin Azpiazu: “Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da”

Elkarrizketa hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du

Gizonezko batek feminista dela esatea, tamalez, ezohikoa zaio gizarteko zatirik handienari, oraindik ere. Jokin Azpiazu (Ermua, 1981) aditua eta aritua da horretan, eta Gizonak eta feminismoa. Pribilegiotik inplikaziora hitzaldia eskainiko du, bihar, 19:00etan, Abastos eraikinean.

Jokin Azpiazu

http://ataria.info/

Gizonezkoen gehiengoa pribilegioan eroso al dago oraindik?

Pentsatu egin behar dugu, pribilegioek gaur egun zein forma hartzen duten, zein jokabidetan islatzen diren. Alegia, ezin dugu duela 15 edo 20 urteko zerbait gaur egun baliagarria dela pentsatu. Bide horretan, ziur aski erosotasunarena izan da aldatu den gauzetako bat. Egongo dira, eta badaude, pribilegio egoeretan deseroso dauden gizonak. Baina pribilegio horiek gertatu egiten dira, gu eroso egon edo ez, eta hori da garrantzitsuena. Beraz, oraindik eragiteko beharra dagoela azpimarratu behar da.

Denbora daramazu gizonezkoen eta feminismoaren arteko zubiak aztertzen. Oro har, zein da gizonezkoen harrera, gai horrekiko?

Orain arte, egia esan, oso pozik nago. Lauzpabost urte daramatzat honen inguruan ikertzen eta pentsatzen, eta horretan hasteko motibazio nagusia nire inguruko jendea izan da; lagun asko mugimendu feministetako kide dira, eta beraiek behar handia sentitzen zuten gizonezkook jokatu behar dugun paperaren inguruan hausnartzeko. Solaskide asko izan ditut eta, nire kezkak partekatzeko aukera handia; elkarrizketetatik ateratako hausnarketak dira. Horregatik, harrera oso ona dela uste dut, jende askok uste baitu gai honen inguruan ikuspegi kritiko eta zorrotz bat sortu behar dela.

Berdintasunera bidean, maskulinitatea eraldatu egin behar da ala, besterik gabe, posizio berriak hartu behar ditu?

Botere harremanak irauli behar dira eta, bide horretan, maskulinitateak eraldatu egin beharko dira; baina horrek ezin du helburu bat izan. Helburua ez da maskulinitatea eraldatzea, helburua berdintasunera gerturatzea da, eta botere-harreman desorekatuak orekatzea. Egia da gizonezkoon papera maskulinitatearen mito horretan garatu dela eta, hori aldatzeko, nahitaez, maskulinitateak berrikusi behar direla. Horrek ez du esan nahi maskulinitate eredu berriak sortu behar direnik, maskulinitateak berak ez baitu balio espezifikorik kontu honetan. Aldaketak beharrezkoak izanda ere, maskulinitatearekin amaitu egin behar da, nolabait.

Badirudi, oraindik ere, feminista izatea sarri ez dela begi onez ikusten gizartean. Ados zaude?

Bai. Oraintxe bertan, egoera konplikatuan da feminismoa, nire ustez. Euskal Herrian, oso poztekoa da, alde batetik, feminismoak hamarkada luzetan ereindako haziek fruituak eman izana. Emakume gazte asko identifikatzen dira feminismoarekin, tresna garrantzitsutzat dute. Zentzu horretan, esango nuke mugimendu feminista indartuta dagoela.
Baina, era berean, feminismoa oraindik ere hitz deserosoa da, eta leku askotan oso zail suertatzen da aipatzea. Gizonezkooi dagokigunez, geure burua feminista moduan identifikatzea zaila den arren, uste dut eztabaida horietan ez dugula galdu behar, feministak garen edo ez garen erabakitzen. Egin behar duguna praktikak aldatzea da, gure jokabideak. Ez dezagun pentsa, feminismoa kamisetatik edo jakatik zintzilika dezakegun identitate bat dela; feminismoa guretzako erronka bat dela pentsatu behar dugu, emakume feministentzako den neurri berean.

Tolosan, batxilergoko ikasleekin ere ariko zara, Josebe Iturriozekin batera, Hezkidetza plana lantzen. Aipatu dituzun pribilegio horiek albo batera uzteko, jarrera hobea nabaritzen diezu belaunaldi berriei?

Belaunaldi berriekin, belaunaldi zaharrekin bezala, harrapatuta gaude berdintasun formalaren kontu honetan. Izan ere, gaur egun 15, 16 edo 17 urte dituzten gazteena, berdintasunean hezitakoen belaunaldia da, teorian. Baina, hain zuzen, horrexegatik, askotan zaila izaten da beraiei ikusaraztea, ez gaudela berdintasun egoera batean. Patriarkatuak bere kartak jokatu ditu eta, gaur egun, asko azpimarratzen da askatasun indibidualaren ideia; zenbait aukera posible direlako, badirudi berdintasunean bizi garela. Horregatik, egungo gazteek askotan erantzuten dute: «Horrek ez du zerikusirik mutil edo neska izatearekin, hori pertsonaren araberakoa da».

Eta, nola ikusarazten zaie kontrakoa?

Uste dut hezkuntza sisteman gaitasuna galdu dugula, bizi ditugun egoerak desberdintasun sozialen ondorio gisa azaltzeko. Hezkuntza formalean ari diren gazteekin, batzuetan oso zaila suertatzen da matxismoaz hitz egitea, baina baita arrazakeriaz edo klasismoaz hitz egitea ere. Egungo sistemak oso ondo lotu ditu izkina guztiak,Benetton irudi hori emateko eta, lehen ikusezinak ziren gauza batzuk orain oso ikusgarri direnez, badirudi desberdintasunak desagertu egin direla. Baina errealitateak esaten digu ezetz, sexismoa oso arazo larria dela ikastetxeetan, beste zenbait kontu bezala. Beraz, gazteekin norbere ikuspegia eraisten saiatzen gara, eta, ikusarazten, ez garela ari Jon edo Mikel matxistak direla esaten; denok hazi garen sistema patriarkalaz ari garela baizik, eta horrek banatzen dituela pribilegio eta zapalkuntzak.

Etorkizuneko iragarpenak eginez, aldatuko al da gizarte eredu hori?

Uste dut, lehenago aldatuko dela klima Euskal Herrian, kar, kar. Ezin dut eperik jarri, gizarte eraldaketaz hitz egiten ari garenean, ikuspegi askatzaile edo emantzipatzaile batetik hitz egiten ari baikara; hori are motelagoa da. Gizartea bera oso azkar aldatzen ari da eta, zentzu horretan, gizonezkook horren adibide gara, maskulinitatea bizitzeko moduak oso azkar aldatzen ari direlako. Aldiz, botere-harremanak ez dira hain azkar aldatzen ari. Hortaz, bestelako itxura edo kolore batekin, baina gizonezkook botere posizio hegemoniko bat izaten jarraitzen dugu. Gaur egun feminismoan lanean ari diren elkarte, kolektibo, norbanako nahiz erakundeek badakite inbertsio handia egin behar dela, eraldaketa txikiak sortzeko. Inbertsio horiek hezkuntzan, politikan, gizarte mugimenduetan nahiz kalean egin beharko dira, eta ikusiko dugu aldaketak nondik etortzen diren.