Joao Pedro Rodrigues eta Ugandako LGTB Zinemaldia, Zinegoak jaialdiaren saridunak

Aurtengo edizioaren nondik norakoak ezagutzera ematen jarraitzen du Bilboko jaialdiak

 

Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak Joao Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarrari emango dio 14. edizioaren Ohorezko Saria, eta sari berezia eskainiko dio Queer Kampala Ugandako LGTB Zinemaldiari. Joao Pedro Rodrigues eta Kamoga Hassan Ugandako jaialdiaren zuzendaria Bilbon egongo dira.

Horrela, aurtengo edizioaren nondik norakoak ezagutzera ematen jarraitzen du Bilboko jaialdiak, eta beste urte batez, jaialdiak sari bat emango du LGTB zinemagintzan egindako lana aitortzeko asmoz.

Joao Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarra 1966. urtean jaio zen Lisboan, eta bere herrialdeko zuzendari esanguratsuenetako bat da. LGTB zinemagintzan ere erreferentea da; sari ugari jaso ditu nazioarteko hainbat jaialditan (Venezia, Berlin, Locarno) eta Cannes moduko jaialdietan ere estreinaldiak egin ditu. Rodriguesek Zuzendari Onenaren Saria jaso berri du Locarnoko Jaialdian, ‘O Ornitólogo’ bere azken pelikulari esker (ikusgai egongo da Zinegoak-en).

Roberto Caston Zinegoak jaialdiaren programazio zuzendariaren esanetan, «Europako zinema zuzendari esanguratsu eta berritzaile nagusietako bat da» Rodrigues. Bere lanek «begirada probokatzailea» dute: «eduki zaharrei forma berriak ematen dizkie, eta gizakiaren desira bere aldaera guztietan aztertzen du». Halaber, hainbat genero landu ditu, hala nola dokumentala eta zinema esperimentala.

Zinemagile portugaldarrak ibilbide oparoa du zinemagintzan. Honako lanetako zuzendaria izan da: ‘O Fantasma’ (2000), ‘Odete’ (2005), ‘Morrer como um homem’ (2009), ‘A última vez que vi Macau’ (2012) eta ‘O Ornitólogo’ (2016).

Rodriguesek Ohorezko Saria jasoko du Zinegoak jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, otsailaren 20an, Arriaga antzokian. Horrez gain, otsailaren 21ean ikastaro magistral bat eskainiko du Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta bestelako hezkuntza zentroen ikus-entzunezko komunikazioko ikasleentzat. Hitzordua BilbaoArteko Art House zinema aretoan izango da.

Homosexualitatea ilegala da Ugandan

Bestalde, aurten, salbuespen modura, Zinegoak jaialdiak sari berezi bat emango dio LGTB eskubideen alde lanean ari den mugimendu edo eragile bati. Aurten Queer Kampala Ugandako LGTB Zinemaldiak jasoko du saria, eta Kamoga Hassan bere zuzendaria Bilbon izango da saria jasotzeko eta nazioarteko epaimahaiaren kide izateko, dokumentalen atalean.

Gaur egun, Ugandan homosexualitatea ilegala da oraindik. 2014an lege proposamen bat aurkeztu zen bertako parlamentuan harreman homosexualak heriotzarekin zigortzeko, baina azkenean atzera bota behar izan zuten forma arazoengatik eta nazioarteak tokiko LGTB komunitatearekin batera egindako presioari esker.

Testuinguru honetan, joan den abenduan antolatu zen lehen aldiz Queer Kampala International Film Festival (QKIFF), Afrika ekialdeko LGTB zinemaldi bakarra. Jaialdian 26 pelikula programatu ziren (bederatzi afrikarrak, eta «aurrerapauso nabarmena» izan da LGTB eskubideen alde herrialde horretan.

Pau Guillen Zinegoak jaialdiaren zuzendariak azpimarratu duenez, «oso garrantzitsua da Zinegoak-entzat mota honetako ekimenei babesa ematea, testuinguru konplexuenetan kulturaren bidez lan egiten dutelako. Gure aitortza eta indarra eskainiko diegu, Queer Kampalak aurrera egin dezan».

Kamoga Hassan QKIFF jaialdiaren zuzendaria Zinegoak-en egongo da. Sari berezia otsailaren 24an jasoko du BBK aretoan, eta bertan ‘Outed: The Painful Reality’ bere pelikula ikusi ahal izango da.