«Intersexualitatea tabu itzela da, gaixotasun gisa aurkeztua izan delako»
LGTBI akronimoan, I letra da guztien artean ezezagunena. Intersexual hitzari egiten dio erreferentzia, baina jende askok ez daki zer den ere. Horren inguruan hitzaldia eskaini zuen Cira Lopez antropologoak (Sevilla, Espainia, 1975), Iruñeko Udalak gonbidatuta.
Zer da intersexualitatea?
Egoera biologiko bat da. Pertsona intersexualen gorputza ez da gure sistema bimorfikoaren arauetara moldatzen, sexuari dagokionez. Zer esan nahi du horrek? Bada, sexualitatea bi multzotan sailkatzen duen sistema honetatik kanpo daudela pertsona intersexualak. Jaiotzean, ez datoz bat ezartzen zaien ezein sexurekin, ez gizonezkoa, ez emakumezkoa.
Halakoetan, medikuek haur jaioberrien sexua eta generoa aukeratzera behartzen dituzte gurasoak…
Bai, hori da prozedura. Eta aukeraketa horrek bestelako ondorioak dakartza: ebakuntza, hormonatzea… Eta zergatik? Gure sistemaren barruan, ezin zarelako gizonezkoa edo emakumezkoa ez den beste ezer izan. Eta zure genitalak ez badatoz bat eredu horietako batekin ere, nahasmendu edo patologia bat duzula ondorioztatuko dute. Horrekin ez dut esan nahi nahasmenduak, anomaliak eta patologiak existitzen ez direnik, baina zaku berean sartzen dituzte gaixo dauden pertsonak eta gaitzik gabekoak. Berrogei tipologia baino gehiago sartzen dituzte intersexualitatearen barruan. Hortaz, pertsona osasuntsu asko pasarazi dituzte sexu eta genero egokitze prozesu horretatik.
Zeintzuk izan daitezke ume intersexualei ebakuntza eta hormona bidezko tratamendua ematearen ondorioak?
Jaiotzean eginiko sexu egokitzapenak ez dira ebakuntza soilak; jarraipena egin behar zaie gaztaroan eta helduaroan, eta, askotan, bizi osorako tratamendu farmakologikoa eskatzen du horrek. Finean, pertsona baten sexua moldatzea da, bere baimenik gabe. Eta horrek kalte izugarria eragiten ahal dio. Medikuek edo gurasoek aukeratzen dituzte jaioberriaren sexua eta generoa, eta hautu hori bat etor daiteke pertsona horren berezko sexualitatearekin, ala ez. Hautua zuzena bada, primeran, baina haur hori hazi, eta, nerabezaroan, beste genero eta sexu identitate batekin identifikatzen bada? Kaltea egina dago jada, eta horrek gaitz eta nahasmendu ugari eragiten ahal dizkio. Edonola ere, erabakiak ez luke egon behar medikuaren edo gurasoen esku, pertsona intersexualen esku baizik. Hori da gakoa: itxoin, pertsona horrek erabakitzeko gaitasuna eta adina izan arte, eta, gero, hark hautatuko du jarraitu beharreko bidea.
LGTBI kolektiboaren barruan ere, errealitate ezezagunena da intersexualitatearena. Tabua al da oraindik?
Tabu itzela da, lehen aipatu ditudan arrazoiengatik: patologizatu egin da. Gaixotasun gisa ikusia izan da, historikoki. Eta pertsona intersexualak patologien zakuan sartuta, ezin izan dute haien sexu eta genero identitatea horren arabera garatu. Nola identifikatuko duzu zeure burua gaixotasun gisa aurkezten dizuten zerbaitekin? Ezinezkoa da. Horregatik, intersexualitatearen aldeko aldarrikapena oso berandu heldu da. Nazioarteko LGTB mugimendu sozialen borrokari esker sortu zen, patologizazioaren aurkako erreakzio gisa. Baina LGTBI siglen bukaerako I hori oso gauza berria da, eta, tamalez, ez da ongi errotutako mugimendua, inondik inora. Kontzeptua bera oso berria da, eta jendeak topikoetara edo hitz arkaikoetara jo izan du, intersexualitateaz hitz egiteko.
Hermafrodita hitzaz ari zara, ezta?
Besteak beste, bai.
Zeintzuk dira gizarteak eman beharreko pausoak, errealitate hori aldatzen hasteko?
Gizartea bera aldatu beharko dugu lehenbizi, goitik behera. Oinarri-oinarrizko kontzeptuak berrikusi behar ditugu. Ezin ditugu haur txikiak hezi bi sexu daudela esanez, eta, gero, helduak direnean, hori ukatu eta beste gauza bat esan. Absurdoa da. Bigarren Hezkuntzako institutu batzuetan, biologia irakasleak dio bi sexu daudela, gizona eta emakumea; eta gizarte gaietako irakasleak, berriz, kontrakoa esaten die ikasleei. Ba al du zentzurik horrek? Gure nerabeek kontraesanezko diskurtsoak entzuten dituzte etengabe, gaizki ari garelako auzia jorratzen. Ez diogu arazoari errotik heldu oraindik.
Eta nondik hasiko zinateke?
Jendearen mentalitatea aldatzen hasteko, ezinbestekoa da hezkuntza, baina, horrez gainera, badira era askotako neurriak ere; besteak beste, jazarpenari eta gorroto delituei aurre egiteko protokoloak eta zigorrak; kode zibilaren erreforma, gurasoek askatasun handiagoa izan dezaten haurrak mutiko ala neskato gisa erregistratzeko garaian… Edozer! Kode Zibilarena, adibidez, garrantzitsua da. Espainian, legez, gurasoek 72 ordu dituzte haurrak gizonezko edo emakumezko gisa erregistratzeko. Oharkabean pasatzen zaizkigu gauza asko, gure gizartea aspalditik dagoelako horrela egituratuta.