Homosexualitatea onartu dute Indian, eta jada 124 estatutan dago despenalizatuta
Ia hiru hamarkadako borrokaren ostean, Indiako Auzitegi Goreneko bost epailek homosexualitatea despenalizatzea erabaki zuten atzo, aho batez. «Heldu homosexualek pribatuan harreman sexualak izatea ez da inongo iraina», argudiatu zuen Dipak Misra epaimahaiburuak epaia irakurtzen ari zela. Bigarren herrialderik jendetsuenean (1.324 milioi) erabaki hori hartu izana mugarri izan liteke, Asian baitaude homosexualitatea zigortzen duten estatuetako batzuk —Sri Lanka, Bangladesh eta Pakistan bizilagunak, adibidez—. LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko taldeek pozez hartu dute erabakia, «oinarrizko giza eskubide bat» onartzen duelako. Horiek horrela, epai horrekin magistratuek bertan behera utzi dute kolonialismo garaiko lege bat —1861ekoa, India Erresuma Batuaren kolonia zenekoa—, eta India homosexualitatea despenalizatu duen 124. estatua bilakatu da. Boterean dagoen Indiako Alderdi Popularrak eta Narendra Modi lehen ministroak jakinarazi zuten epaia errespetatuko zutela, erabakia edozein izanda ere.
Zehazki, bost epaileek ebatzi zuten zigor kodeko 377. artikuluak ez duela balio —testu bana idatzi zuten beren arrazoien berri emateko—. Misrak, esaterako, honako argudio hau eman zuen: «377. artikulua arbitrarioa da. LGTB kolektiboko kideek gainerako herritarren eskubide berberak dituzte. Sexu homosexuala zigortzea irrazionala eta defendaezina da». Indu Malhotra epailea, aldiz, aurrerago joan zen: «Historiak barkamena eskatu behar die LGTBI kolektiboko kideei eta haien familiei». Hala, Indiako LGTBI kolektiboak beren eskubideak legezko esparruan finkatzea lortu du. «Oso pozik nago; ez dut hitzik sentitzen dudana deskribatzeko. Orain ez gara kriminalak, baina denbora beharko dugu gauzak errotik aldatzeko», adierazi zuen atzo Debottam Sahak, legea bertan behera uzteko eskatu zuen herritarretako batek.
Izan ere, 1861ean zehaztu zuten zigortu egin behar zirela «gizonekin, emakumeekin edo animaliekin izandako naturaren kontrako haragizko harremanak», Europako moralari jarraituz, eta ez Indiakoari eta eremu hartakoari, garai hartan edozein motatako harreman sexualak onartzen baitzituzten; alde horretatik, askatasun handiagoa zegoen Indian XIX. mendean, eta kolonialismoaren ondorioak ere sumatu dira Indian homosexualitateari buruzko iritzietan. Horretaz mintzatu zen Balachandran Ramiah, 377. artikulua bertan behera uzteko eskaria egin zuen beste herritarretako bat: «Bide handia dugu aurretik. Garrantzitsua izango da lanpostuetan bereizkeriarik ez izatea. Enpresa asko ez dira gai izan diskriminazioa amaitzeko neurriak paperean idazteko, baina orain hori egiteko eskubidea eta gaitasuna izango dute».
ILGA Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak zabaldu duen informazioaren arabera, 2015ean 1.500 pertsona atxilotu zituzten Indian 377. artikulua baliatuta.
71 herrialde
ILGAren arabera, homosexualitatea gutxienez 71 herrialdetan dago kriminalizatuta egun, eta horietako batzuetan gay edo lesbiana izateak heriotza zigorra ekar lezake: Iranen, Saudi Arabian, Yemenen, Sudanen, Somalian eta Nigerian —probintzia batzuetan soilik—, esaterako.
Elkartearen arabera, homosexualen eskubideen aitortza eta babesa onartuta dago Europa ia guztian, AEBetako iparraldeko eta hegoaldeko estatu batzuetan eta Australian. Hala ere, herrialde gehienek ez dute homosexualen eskubideak babesten dituzten legedirik. Adibidez, 72 estatuk onartu dituzte lan munduan diskriminaziorik eza bermatzeko legeak, eta 43k gorroto delituen aurkako legeak dituzte.
Aldiz, kriminalizatuta dago Europa ekialdean, Afrikan —Hegoafrikan, Seychelleetan eta Cabo Verden izan ezik—, Erdialdeko Amerikaren gehienean, Hego Amerikan eta Asian. Horiez guztiez gain, Estatu Islamikoak dituen moduko lege moralak, oinarri erlijiosoak dituztenak, 19 estatutan daude indarrean gaur egun.
Ezkontzeko eskubideari dagokionez, 26 herrialdetan soilik ezkon daitezke, eta beste hainbaten onartzen dituzte batasun zibilak, antzeko eskubideekin.