Heteroarauaren ihesean
Errefuxiatuen eta, bereziki, haien artean sexu disidenteen eskubideak aldarrikatu dituzte LGTBI komunitatearen eguneko manifestazioetan
«Harrotasuna» eta «lotsa» uztartu dituzte ehunka lagunek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira, manifestazioak egin zituzten atzo, Harrotasunak ez du mugarik lelopean. «Europako hiritarrok azken boladan ez dugu harro egoteko moduko arrazoirik. Badugu, ordea, zertaz lotsatu», ohartarazi zuten manifestazio bukaeran irakurritako agirian. Izan ere, Europara asilo eske etorri diren milaka errefuxiatuak izan dituzte gogoan aurtengo mobilizazioetan. «Berdintasunezko gizarte zuzenagoa nahi dugu guztiontzat, gure desioak, sexu praktikak edo genero identitatea kontuan hartu barik. Oihukatu nahi dugu halako mundu berririk ez dela izango laguntza eta abegikortasuna eskatzen diguten pertsona horiek ere barnean hartuko ez baditu».
Errefuxiatu horien artean dauden gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualak ikusaraztea izan zen atzoko mobilizazioen berezitasuna. «Euren etxea utzi eta gurean etxe berria eraikitzeko dauzkaten arrazoi askoren artean, euretako askorentzat inportanteenetako bat izan daiteke disidente sexualak izatea. Gerrak, ihesaldiak, errefuxiatu guneetan sartu eta pilatzeak eragindako arazoei gehitu behar diete disidente sexualaren estigma».
Europan ere ez dute lortzen erasoak desagertzerik. Atzoko egunaren harira argitaratutako adierazpenean, EAEko arartekoak azpimarratu zuen lege aitortza beti ez dela berme: «Orlandoko zorigaiztoko gertakariak agerian jarri du, gainera, talde horren kontrako gorroto delituek arriskutsuak direla oraindik ere, baita LGBTIen eskubideak legez aitortuta dauden gizarte batzuetan ere». Testu berean eman du datua: «Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak 2012an egin zuen azterlanak agerian utzi du Europan ere LGBTI pertsonak indarkeriaren eta gorrotoaren beldur direla, lautik batek pairatu baititu indarkeria fisikoa edo mehatxuak bere sexu joeragatik edo genero identitateagatik azken bost urteotan». Hego Euskal Herrian, esate baterako, %3,3 hazi dira aurten LGTBI komunitatearen aurkako erasoak.
Lan munduan ere, okerrera
«Krisia hasi zenetik ugaritu egin direla nabaritu dugu», ohartarazi zuen Urtzi Ostolozaga LABeko kideak, atzo goizean sindikatuak Bilbon egin zuten elkarretaratzean. «Lantokietan beldurra eta lehiakortasuna ugaritu egin dira. Murrizketek eta lan erreformak egonezina sortu dute», azaldu zuen. «Ezberdinarekiko gorrotoa oinarri duen eskuin muturreko diskurtsoarekin» lotu du. Haren esanetan, «langile klasea zatitzea» da helburua.
LABek sexu askatasunaren aurkako erasoei aurre egiteko tresna bi sortu ditu azken urteetan: 2014an gida bat aurkeztu zuen; iaz, lantokietan prebentziorako eta erasoei erantzuteko protokolo bat. Ostolozagak aitortu zuen protokoloa ez dela eurek nahi besteko ezaguna, baina iruditzen zaio fruituak eman dituela. Horretan sakontzeko, irailetik aurrera prestakuntza saioak eskainiko dituzte. Gainontzeko sindikatuekin elkarlanean aritzeko premiaz ere ohartarazi zuen.