Haur transexualen errealitatea ezagutzera emanez

Chrysallis Euskal Herria elkarteak abian jarri du bere kanpaina berria

campana-de-chrysallis-euskal-herria-en-una-parada-de-metro-bilbao

Campaña de Chrysallis Euskal Herria en una parada de Metro Bilbao. / E.C.

Chrysallis Euskal Herria elkarteak kanpaina berri bat jarri du martxan haur transexualen errealitatea ezagutarazteko asmoz, gizartearen onarpenak daukan garrantziaz jabetuta, eta asteartetik, urtarrilaren 10etik, «Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak» esaldia duten kartelak izango dira ikusgai Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko autobus eta metro geltokietan.

Chrysallis EH elkarteak jakinarazi duenez, azken ikerketen arabera, haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen suizidioen saiakera tasa populazio osoaren batez bestekoa baino «askoz ere altuagoa» da, eta haien identitatea onartzen eta laguntzen denean, berriz, pertsona horien bizi eta zoriontasun kalitate adierazleak gainontzeko populazioaren antzekoak dira.

Horrela, gizartearen onarpenak daukan garrantziaz jabetuta, Chrysallis Euskal Herria elkarteak kanpaina berria jarri du abian haur transexualen errealitatea ezagutarazteko asmoz. «Izan ere, gizartearen ulermen horren menpe dago euren bizitza kalitatea eta zoriontasuna», gaineratu du.

 Transexualitatea pertsona baten sexua (sentitutako sexua) jaiotzean genitalen arabera esleitu zitzaionarekin bat ez datorrenean ematen den egoera da, eta «aniztasunaren adierazpen bat gehiago da». Elkartearen arabera, neska edo mutil baten identitatea bi urte inguruan bere burua izendatzeko gai denean baino ezin da benetan ezagutu, orduan hasten baita identifikatuta sentitzen den sexua adierazten, bere benetako sexua, hau da, «mutila naiz» edo «neska naiz».

«Egoera honetan dagoen mutil edo neska batek behar duena, beste guztiek bezala, bere ingurukoek entzuteko eta den bezala onartzeko eta maitatzeko gai izatea baino ez da, bere bizitza prozesuan bere ondoan egotea. Eta abentura honetan, hezkuntza zein osasun arloko langileen eta gizarte osoaren laguntza beharko dugu», azaldu du.

Chrysallis Euskal Herria 2015eko martxoan sortu zen Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zortzi familiaren artean eta egun 40 baino gehiago dira. Zeregin nagusia adingabe transexualen familiei arreta, aholkularitza eta formakuntza ematea da, baita elkarri laguntzeko sare bat osatzea ere. Horrez gain, haien eskubideen alde egiten du lan arlo guztietan (hezkuntzan, osasunean, gizartean, kulturan, kirolean, juridikoan, komunikabideetan) eta errealitate hori ikusgai egiten saiatzen da.