GIBa: itaun berrien aroan

Hiesaren arloan dihardutenen artean gogoeta eta zalantza iturri dira norberak birusa atzemateko balio duten testak —Iparraldean salgai daude irailetik—, eta transmisioa eragozteko balio duten botikak, alegia: GIBarekiko esposizioaren aurreko profilaxia. Horien inguruan zedarritzen dira alorreko auzi nagusiak.

Etxean inoren artarik gabe egin daitezkeen test horietako bat, Lapurdiko botika batean salgai

Etxean inoren artarik gabe egin daitezkeen test horietako bat, Lapurdiko botika batean salgai. BERRIA

Joan den irailetik, Ipar Euskal Herriko farmazietan salmenta librean dira GIBa atzemateko testak; horiek erabiltzen dituztenek etxean bertan jakin dezakete birusa duten, inoren artarik gabe. Joan den ekainean onartu zuen Frantziako Gobernuak salmenta legeztatzea. Hatz puntatik odol tanta bat hartu, eta horretarako prestatutako euskarri baten jarri behar da. Hamabost minutuan birusaren presentzia identifikatzen du. Testa negatiboa bada, barra bakarra agertzen da; positiboa bada, bi.

Baionako hainbat botikatan itzulia egin du BERRIAk. Baiona Ttipiko Pannecau karrikan, oraingoz ez saltzea erabaki dute. «Hiesaren kontrako prebentzio lana egiten duen AIDES elkartea eta adikzioez arduratzen den ospitaleko Bizia elkartea biziki hurbil ditugu. Nahiago dugu jendea berengana joan dadin. Gu ez gara prest sentitzen balizko test positibo baten aurrean beharrezko laguntza eskaintzeko», esplikatu du farmaziako arduradunak. Santa Espiritu auzoko Alsace Lorraine karrikako farmazian ere, jarrera uzkurra dute: «Testen fidagarritasuna zalantzan jartzen dute batek baino gehiagok. Birusaz kutsatua izan gabe ere testa positibo agertzen omen da batzuetan. Guk nahiago dugu ez saldu». Baionako geltoki ondoko farmazian, salgai dituzte: «Jadanik bizpahiru bezerori saldu dizkiogu. Guztiei, hiesaren prebentzioan ari diren elkarteekin harremanetan jartzeko aholkatu diegu. Arriskuko sexu harreman baten ondorengo hiru hilabeteetan, birusak kutsatuta ere, testa negatiboa izan daiteke, horregatik azterketa epe horren ondotik egitea eta beti odol analisi batekin berrestea aholkatzen dugu».

Sophie Lebarbanchonek, AIDES elkarteko arduradunak, ez du testen fidagarritasuna zalantzan jartzen: «Gure prebentzio kanpainetan egiten ditugun testak bezain fidagarriak dira, eta, testa positiboa den aldi oro, odol analisi batekin baieztatzen da». Farmazia batzuk prest sentitzen ez badira, egokia iruditzen zaio testak ez saltzea. Lebarbanchonen hitzetan, ordea, biziki positiboa da komertzializazioa: «Gaur egun, Frantzian, 30.000 pertsona seropositiboak dira: jakin gabe. Horiek detektatu eta tratamendu egokia emateko gai izanen bagina, birusa suntsitzeko aukera izan genezake». Testak eragin ditzakeen kezkak ulertzen baditu ere, erlatibizatu behar dela dio, «publiko jakin batentzako» eskaintza delako. «Arrisku praktikak erregularki dituen jendea da detekzio testak egitera ohitua: zer den dakiena. Ideia ez da, preserbatiboentzat bezala, ikastetxeetan testen banagailuak jartzea».

Horrelako testak saltzen hasteko eskaririk egin duen botika konpainiarik ez da izan oraindik Espainiako Botiken Agentzian ate-joka, eta, ondorioz, ez da gaia oraindik erakundetara era ofizial batean heldu. Hegoaldean, oro har, alorrean propio trebatutako gobernuz kanpoko erakundeetan, osasun sistema publikoak eskaintzen dituen ohiko bideetan eta bereziki horretarako zerbitzua eskaintzen duten botiketan egiten dira birusa detektatzeko testak. Hiru bideak iruditzen zaizkio egokiak Oiartzungo (Gipuzkoa) hiesaren kontrako Harribeltza elkarteko Joseba Errekalderi. Aldiz, duda sortzen diote etxean egiteko moduko testek. «Testaren emaitza baiezkoa bada, eta, erabiltzaileak bere etxeko bakardadean egiten badu, hori kudeatzeko moduak dudak sortzen dizkit, sufrimenduaren aldetik. Momentu hori inolako laguntzak gabe pasatzea oso gogorra iruditzen zait», ohartarazi du. «Testa etxean eginda gera zaitezke bakarrik zure mamu eta beldur guztiekin». Testaren erantzuna ezezkoa den kasuetan ere, pertsona horiek sexu hezkuntzari buruzko informazio arras baliagarria jaso gabe geratzen direla azaldu du. Ustez informazioa joria bada ere, zeregina ikusten du: «Mamu asko ditugu oraindik».

Nolanahi ere, gobernuz kanpoko erakundeek ez dutela oraindik ere auziari buruzko iritzi «adosturik» esan du Errekaldek. Osakidetzan ere, antzera: ez dute gaiari buruzko iritzirik zehaztu, baina lantalde bat martxan da propio gaia ikertzeko. Auziak gogoetarako bide asko ematen dituela onartu du Arantxa Arrillagak. Soziologoa da, eta urteak daramatza EAEko osasun zerbitzu publikoaren Hiesaren Aurkako Planean lanean. Erakundearen iritzi adosturik eman ezin duen arren, iritzi propioa argi du. Test horien erabilera zabalduko da: «Hor daude. Baliabide bat dira; ezin zaie galgarik jarri». Onartzen du, gainera, kezkagarria dela oraindik ere ezkutuan dauden kasuen kopurua —GIBdunen herenak ez daki birusa duenik—, eta, horregatik, aterik ezin dela itxi. «Arazoa oso garrantzitsua da; erraztasunak eman behar dira testak egiteko». Betiere, arta egokiarekin egindako test klaseak lehenestean. «Nork bere buruari egiteko testek, izatekotan, osagarriak izan behar dute».

Truvada pilulak hartuta

GIBaren kontrako Truvada sendagaia da eraginkorrena, gaur egun, behar bezala hartuz gero birusaren transmisioa eragozteko; alegia, GIBarekiko esposizioaren aurreko profilaxia egiteko. Berriki, Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroak prebentzio gisara hartzea gizarte segurantzak ordainduko duela jakinarazi du. AEBetan ere urratuak dituzte botika horren bidez egindako programak, eta badira horren inguruko aldarriak egiten hasi diren gobernuz kanpoko erakundeak. Zenbaiten iritziz, ordea, sendagai horren hedapena, orain arte egin izan diren prebentzio kanpainen kontra doa. «Kontua ez da tratamendu hori eman eta jendeari nahi duen modura larrua jotzeko erratea», azaldu du Lebarbanchonek. «Gu eskaintza zabalaren aldekoak gira. Ez dugu nahi bihar jendeak erratea ‘Truvada hartzen dudanez, ez dut detekzio testik eginen, ez dut kondoirik jarriko…’. Ez! Tresna bat gehiago da. Jendeak eskaintza zabala izan dezan nahi dugu: hautua egin dezan».

Bat dator Arantxa Arrillaga: «Bide horrek ez du lehen aukera izan behar. Preserbatiboaren aukera hor ez bada, zergatik ez erabili?». Errekaldek halako hautuekin prebentzioan jendea «ahalduntzeko» egin diren ahaleginak moteldu daitezkeen kezka du. «Non geratzen da norberaren erantzukizuna?», itaundu du. «Bide horrek aurre egiten dio guk orain arte lan ildo izan dugunari; guztiaren aurrean pilulak-hartze batean sartu behar dugu? Horrela benetan laguntzen dugu ikusten benetan pertsona bakoitzak zer nahi duen?».

Sortzen da botiken erabilera horren inguruan, beste duda bat: «Finantzaketa publikoa izan behar al du?». Argi du Arrillagak: «Ez. Onartzen bada, ez da izango neurri orokor bat: mugatuagoa izango da».