Gaztelerazko kartela bai, baina euskarazkoa ez dio baimendu orain Facebookek Chrysallisi

Bulba duen mutil bat eta zakila duen neska bat ageri diren irudia duen gaztelerazko kartela kenarazi ziotenik 48 ordu pasatu direnean, hura berriz erabiltzeko baimena eman dio sare sozialak haur transexualen elkarteari. Eta, handik gutxira, euskarazko kartela kenarazi dio.

zentsuratu-duten-irudia-chrysalliseh

Zentsuratu zieten irudia. / @ChrysallisEH

Chrysallis elkartea pozik dago aste honetan abiatu duten kanpaina izaten ari den emaitzarekin. Horregatik, eskerrak eman dizkie zentsuraren aurka elkartasuna agertu dieten guztiei, uste baitute haiei esker berreskuratu dutela kartela erabiltzeko baimena. Facebookek “akatsa” izan dela-eta berriz erabiltzeko baimena eman die. Baina, hori egin eta denbora gutxira, euskarazko kartela zentsuratu die.

Zentsurak zentsura, elkarteak eman dituen datuen arabera Facebooken 120.000 erabiltzailerengana iritsi zen kartela, eta Twitterren gehien aipatutako hamarren artean egon da Hego Euskal Herrian.

Kanpainak haur transexualen egoera ikusaraztea du helburu, ikusmenak ulermena ekarriko duelakoan, hala, adingabe horiei bizi osorako iraun dezaketen traumak eragozteko. Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak leloarekin abiatu du kanpaina Chrysallis Euskal Herria elkarteak, haur transexualen errealitatea ezagutarazteko asmoz. Besteak beste, afixak jarri dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko autobus markesetan, eta han egongo dira hilaren 16ra arte.

Diru laguntza anonimoa

Halako kanpaina batek kostu ekonomiko handia du, eta Chrysallis elkarteak 28.000 euroko laguntza jaso du. New Yorken bizi den euskal jatorriko bat da laguntza eman diena, baina ez dute besterik esan eman duenari buruz. Izan ere, dirua ematearen baldintza zen bere nortasuna ezkutuan mantentzea.