GARA:Ehgam-en Urrezko Hirukia, «Goenkale» eta Mikel Ruedarentzat
«Goenkale» telesaila eta Mikel Rueda zinema zuzendariaren lana txalotu zituen atzo Ehgam Euskal Herriko gay-les askapen mugimenduak. Normalean hautagaien artean bat aukeratzen dute, baina aurten ezin izan dute bakarrarekin konformatu, eta biak saritu dituzte.
Imanol Alvarez Ehgam-eko kideak azaldu zigunez, hasiera batean mugimenduak ETB1eko ekoizpena kritikatzen zuen «sexua ez zelako existitzen eta are gutxiago homosexualitatea». «Gero aldatzen joan ziren, eta orduan sartu ziren pertsonaia gayak, mutil zein neskak, seropositiboren bat, transexualen bat… ikusi dugu nola saiatu diren errealitatea islatzen, eta gainera zentzu positiboan eta naturaltasunez», aipatu zuen.
Mikel Ruedari, berriz, «A escondidas» filma zuzentzeagatik eman zioten. Izan ere, bertan bi mutil gazteren arteko harremana kontatzen da, eta gainera horietako bat atzerritarra da (homofobia eta xenofobia agerikoak dira). «Zirkulua itxi nahi izan dugu. Duela urte batzuk `80 egunean’ [Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendua] filmari eman genion, hain zuzen ere, zahartzaroan ere amodioa badagoela erakusten duelako eta gainera bi emakumeren arteko harremana azaltzen zelako».