«Ez dut amore emanen», berretsi du Arrangoitzeko auzapezak

Ipar Euskal Herriko Hitza

Gay eta lesbianen ezkontzaren aldeko kide bat atxilotu du Poliziak, eta gaur deitua da Baionako polizia etxera

A Baiona le 24-06-2013.Rassemblement de soutien au maire d'Arrangoitze (Arcangues) Jean-Michel Colo devant la sous-prefecture le jour de sa convocation par le sous-prefet pour son refus de marier des couples homosexuels dans sa mairie.

Jean-Mixel Colo, Arrangoitzeko auzapeza, jarraitzaileek babestuta, atzo, Baionako Suprefetura atarian. / GAIZKA IROZ

Ez du gay eta lesbiana bikoterik ezkontzea onartzen Jean-Mixel Colo Arrangoitzeko (Lapurdi) auzapezak, eta postura horretan tinko jarraitzeko asmoa du: «Ez dut amore emanen». Mezu hori zabaldu zuen atzo arratsaldean, Baionako suprefetarekin egin bilkuratik atera zenean. Halere, herriko kontseilariekin erabakia adosteko asmoz, osteguna arteko epea onartu zion Frantziako Estatuaren ordezkariak. Bi gizonek osatu bikote bat ezkontzea errefusaturik du. Atzo zioenaz, bikotea herriko kontseiluko beste batek ezkontzea ez dute aipagaietan. Argi utzi zuen ez dutela «durduzatzen» arriskatzen dituen bost urteko kartzelak eta 75.000 euroko isunak.

«Bravo, Colo! Bravo, Colo!» oihu eta txalo artean, harrera beroa egin zioten elkartasunez bertaratu 150 bat herritarrek. Gay eta lesbianentzako ezkontza eta adopzio eskubidearen aurka direnentzat Colo idolo bilakatu dela agertu zen atzo. Andana bat hurbildu zitzaizkion musu bat edota sinadura bat jaso nahian. «Zutaz harro gaude!» edota «Kuraia handia duzu!» gisako esaldiak entzun zituen esker on gisa. Sostengu horrek «on» egiten diola erranik, guztiak eskertu zituen, argi utziz «kate baten katebegi bat» besterik ez dela.

Ipar Euskal Herriko Antifaxisten Sareak deiturik, gay eta lesbianen eskubideen aldeko 30 bat lagunek ere elkarretaratzea egin zuten hortik hurbil. Homofobo, integrista, faxista: zure eskubideak nahi ditugu, ez zure iritzia leloa zeraman banderolaren gibelean egon ziren, aurkakoetarik lauzpabost metrotara. Han zen Joel Sistiague atxilotu zuen Poliziak, aurkarien esku zarta artean. «Ukaldiak eta zauriak» egitea leporaturik, polizia etxera deitua da gaur 12:00etan. Elkarretaratzera deitu du Ipar Euskal Herriko Antifaxisten Sareak. Poliziaren ekintza baikorki baloratu zuen Serge Harrizmendi Manif Pour Tous kolektiboaren ordezkariak.

Aldekoek legearen errespetua exijitzen zuten, eta aurkakoak auzapezen kontzientzia askatasuna eskatzen aritu ziren. «Lege hori ilegitimoa da. Kontzientzia askatasuna exijitzen dugu. Hollandek hitzeman zuen, baina gutxiengo ahula den LGBT lobbyaren presio pean atzera egin zuen», esan zuen Harrizmendik François Hollande Frantziako presidentearen aurkako herra sentitu zen mobilizazioan. Hitz hartzaileek Hollande deitura ahoskatzen zuten aldi oro «dimisioa!», «sozialista diktadorea» eta era horretako oihuek hartzen zuten gaina. «Joera faxistak dituzte gobernukoek. Ez badugu ezer egiten, faxismoak hartuko du gaina. Begira, Hitler nazional-sozialista zen», adierazi zuen Patrick Straussek.

Mezu homofoboak

Hitz hartzaileek haien erranak ongi neurturik baldin bazituzten, sostengatzaileen artean diskurtso homofoboa presente zen. «Aita bat eta ama bat osagarriak dira; bi gizon ala bi emazte ez da orekatua, eta umearentzat ez da on. Gainera, eskema hori errepikatuko da eta jendartean nahastura nagusituko da», azaldu zuen bere izen-abizena zehaztu nahi ez zuen manifestari batek. Lasai asko mintzo zen, aldiz, Serge Dumas: «Animaliak gu baino hobeki portatzen dira; ez dituzu ikusten sexu bereko bi lehoi, bufalo ala errinozero elkarrekin! Basapiztietan ez da homosexualik, arrak elkar hiltzeraino doaz emea lortzeko!». Homofobiari arrazismoa ere gehitzen zuten batzuek: «Joan daitezela Senegalera ipurditik hartuak izateko!».

Generoari buruzko gogoeta eskoletan zabaltzeko asmoa du gobernuak. Xede horren aurka hitza hartu zuen Marie Lissalde Les Meres Veilleuses kolektiboko kideak. Haren ustez, «oso arriskutsua» da generoari buruzko teoria. «Okerbidean ezartzen ditugu haurrak sinetsaraziz mutil bati neska izan litekeela eta neska bati mutil izan litekeela, biziki lanjerosa da».

Arrangoitzeko bikoteak salaketa jarriko du «homofobia izaerako diskriminazioa» pairatzen duelako. International Day Against Homophobia and Transphobia elkarteak ere auzitegira jotzeko asmoa agertu du.