EHGAMek Orlandoko hildakoekiko elkartasuneko elkarretaratzera deitzen du, hilak 15ean, Donostiako Boulevardean 19:30etan

donostia 20160615-3

 

 

Read more

Katalina Erauso pastorala: libre izateko borrokatu zen emakumearen bizitza

Ekainaren 5ean, Baionan estreinatuko dute. Maite Iturbidek idatzi du Donostiako emakume-gizonaren abenturez osatutako pastorala.

Baionan eta Donostian aurkeztuko dute Katalina Erauso pastorala.

Baionan eta Donostian aurkeztuko dute Katalina Erauso pastorala.

Lehenengo aldia da emakume baten inguruko pastorala emakume batek idatzia dela eta hainbat emakumek zuzentzen dutela. Maite Iturbidek idatzitako lana Pantxika Urrutik eta Maitena Lapeyrek zuzendu dute.150 pertsonako lantaldea aritu da pastorala prestatzen. 80 arizale dira, musikariak, Azkoitiko eta Azpeitiko Sahatsa dantza taldekoak, eta jostunak.

Iturbide zuzendariak Katalina Erausoren berri 2005ean izan zuen eta han eta hemen pastorala idatziko zuen norbaiten bila ibili zen, helburua lortu ez bazuen ere. Azkenean, berak idaztea erabaki zuen. Donostiako pertsonaiak pastoralerako osagai guztiak zituela pentsatu zuen.

Info 7 irratiak elkarrizketa egin dio Iturbideri eta hango pasarte batzuk idatzira ekarri ditugu, pastoralaz eta Katalina Erausoz zehaztasun gehiago emate aldera.

Pastoral femeninotzat hartu dute askok, subjektua, idazlea eta errejentak emakumezkoak dira.

Bai, zergatik ez? Katalina Erauso ezagutu nuelarik, harriturik nintzen lehenik, eta ikusi nuen bazituela gai guztiak pastoral batentzat: emaztea, euskalduna, borroka anitz, armada, eliza, eta tragikomedia anitz ere bai. Ni ez nintzen pastoral idazle sentitzen, ate joka ibili nintzen, baietz… ezetz…, emazte baten gainean ez zuela gizon batek idazten ahal. Gogorrena lehen bertsoak idaztea izan zen, baina ikusi nuen gai nintzela, eta horrela segitu dut, baina aitzinaz izan da desafio bat niretzat.

2005ean ezagutu zenuen liburua, munduan eta nazioartean ezaguna zen emakume hori, baina hemen inork gutxik ezagutzen du.

Historia gordea da, erran nezake gure historia beltza dela, Katalina gure ardi beltza da.

Donostiarra, armadore familiakoa, laugarren alaba, hiru ahizpekin ezarri zuten dominikanoen komentuan, gaur egun Miramar Jauregia den horretan. Hamabost urtetan botoak eman aitzin, serorarengandik kolpe txar bat hartu zuen, ez onartu, oldartu zen, lortu zuen ihes egitea, bere biloak moztu zituen, bere serora arroparekin gizon arropa jantzi zuen. Horrela egonen da 24 urtez, harrapatu arte. Erregearen zaintzaile izan zen, Pasaiara joan zen eta itsasontzia hartu zuen joateko mundu berrira. Panamatik Txileraino korritu zuen Hego Amerika guztia. Pirata eta saltzaile izan zen, eta bere anaia aurkitu zuenean sartu zen armadan.

Pastoralean bizitzako zein pasarte azaltzen dira?

Pastoralean ez dugu dena kontatuko zeren 18 aldiz lortu zuen ihes egitea eta anitzetan nahi izan zuten ezkondu, militar eta saltzaile ona zen. Komentuan ikasia zen irakurtzen eta kontuak egiten eta anitz estimatua zen bere nagusiengandik. Ezinezko amodioa kontatu dugu. Holandesekin pirata nola izan zen kontatu dugu. Katalinari pena handia ekartzen dion gauza da nahigabe bere anaia hiltzen duela, gauez izan zen, ez zuen parte hartu nahi borroka horretan, baina hala gertatu zen eta bere anaia hil zuen. Utzi zuen armada, ihesi, beti ihesi, eta joan zen Andeetara. Basamortuan mila kilometro baino gehiago egin zituen, bere lagun guztiak hil ziren hotzarekin eta berak kausitzen du pasatzea eta norbaitek babesten du. Aipatzen dugu nola itzultzen den Erregearengana, 1625ean. Erromara joaten da eta aita santuak baimena ematen dio gizonez bizitzeko.

Emazteekin zuen harremanaz teoria bat baino gehiago dago. Ipar Amerikako lesbianek ikono gisa hartzen dute.

Ez gara sartu horretan, ez dakigulako zuzen. Niretzat komedia bazen, behar zuen bere burua salbatu. Ez gara urrunago joan gure historian.

Irailaren 4an Donostian eskainiko dute Iturbidek idatzitako Katalina Erauso pastorala.

Hiesa, paradigma berrien iturburu

‘Anarchivo Sida’

Non: Tabakaleran, Donostia. Noiz arte: Ekainaren 26ra arte.

Hiesari buruzko dokumentuak bildu dituzte erakusketan

Hiesari buruzko dokumentuak bildu dituzte erakusketan. ANDONI CANELLADA / ARP

Erakustaretora sartu, eta egurrezko horma baten atzeko aldearekin topatu naiz aurrez aurre. Sarreraz deskuidatu naizeneko sentsazioarekin sartu naiz, sentsazio arraro batekin; atzera burua jiratu, eta sarrerako atearen horman erakusketaren izenburua ikusi ostean, ostera ere aurrera jarraitu dut nondik jarraitu ez dakidan sentsazioarekin. Erakusketak ez dit ongietorri berorik egin, hori, ongietorririk egin baldin badit. Etsaitasunezko sarrera da, agian, bertan lantzen den gaiarekin bat egin nahian, hain zuzen ere, GIB/Hiesa gaixotasunak gizartean ez baitu arantzaz, oztopoz, tabuz eta isiltasunez beteriko ingurunea besterik jaso urte luzeetan. Eta agian hori azaltzea izan da Carme Nogueirak Tabakalerako Anarchivo sida erakusketa honetarako diseinaturiko espazioaren asmoa ere.

Ezkerretara edo eskuinetara begiratu, bietatik begietara informazio andana dator: bideo, orri, txosten… dokumentazio ezberdinez josirik dago guztia. Ezkerrera biratu dut, ordea, naturaltasunez, eta pixkanaka bertako txarteltxo, orri, txosten eta gainerakoak irakurtzeari ekin diot. Hiru urteko ikerketa prozesu oso baten emaitza da Equipo re-k, erakusketa formatuaz baliatuz plazaratu duena, ala zuzenago esanda, emaitza horren lagin bat besterik ez. Pilaketa eta bete sentsazioa, ordea, erakusketa diseinuak areagotzen du. Zurezko horma, mahai eta aulkiek, lehen aipatutako elementuez gain, erabat betetzen dute aretoa begietara, eta dokumentazioaren euskarri gisa baino gehiago, entitate propioa bereganatzen dute espazioan, ia instalazio moduan funtzionatuz.

Ez da erraza izaten erakusketei neurria hartzea, eta are gutxiago modu honetako ikerketa lan luze baten ostean sorturiko artxiboa metro karratu gutxi batzuetan aurkeztea. Azken finean, artxiboetan pilatzen dena informazioa baita, nahiz eta formatu ezberdinetakoa izan, eta horietan bildutako dokumentazioak kontenplazio hutserako zirrikitu gutxi uzten baitu.

Tabakalerako erakusketa honetan, orain arte ia ezkutuan egondako gai baten presentziaren garrantziaren erreibindikazioa egiten da, gaia bera guztiz interesgarria den perspektiba berri batetik bideratuz. Hain zuzen ere, GIB/Hiesa, epidemia mediko soil gisa ulertu beharrean, paradigma bisual, afektibo eta ekonomikoaren aldatzaile gisa aztertu baitu taldeak, eta Donna Harawayren tesietatik abiatuta, natura/kultura binomioaren inguruan aurkeztua izan da hiru ildo nagusitan banatuta: animalia, heriotza eta osasuna. Planteamendu horretatik abiatuta, hainbat gertakizun historiko eta artistiko dira bertan proposaturik agertzen direnak, tartean hainbat elkarte ezberdinek, batez ere, Espainian eta Txilen gauzatutako ekintzak —historia ofizialaren Europa—Ipar Amerika ardatz hegemonikoarekin apurtuaz-.

Artistei dagokienez, batez ere, Pepe Espaliuren presentzia azpimarragarria da, ziur asko Espainia mailan GIB/Hiesa arte esparrutik lantzen aitzindarietarikoa izan zelako, baina baita Artelekurekin izandako harremanagatik ere. Haren lanari inongo meriturik eta garrantzirik kendu gabe, Donostian egin zuenCarrying ekintza aurkezteko komisarioek proposatu duten modua aipagarria da. Performanceak, orokorrean, une eta leku jakin batean gertatutako ekintzak izanik, horiek erakusketa formatuan barneratzeko modua, haien inguruan sorturiko artxiboaren bidez izaten baita sarri, grabaketak, edo eta argazkiak normalean. Kasu honetan ordea, —eta agian beharrak bultzatuta, Artelekuko uholdeen artean galdu baitzen ekintza honen grabaketa— maiz obraren hautematerako bigarren mailako kontsideratzen diren, eta, hori dela eta, baztertuak izan ohi diren dokumentuen bidez plazaratu dute.

Eta horrek erakusketaren konplexutasunaren beste arrazoi batera garamatza, eta zera da: Anarchivo sida izenpeko artxibo ikaragarri honek bere baitan beste hainbat artxibo jasoak dituela. Hain zuzen ere, bertan biltzen dituen ekintza, prozesu, gertakizun eta une historiko gehienak dokumentazio multzo bidez heldu direlako gaur eguneraino. Konplexua da artxiboak erakusgai ipintzea, eta are konplexuago artxibo horiek beste hainbat artxiboz osatuak daudenean. Hori horrela, erakusketa formatua formatu egokia al da artxibo bat plazaratzeko? Eta hala bada, zergatik? Zergatik bizi denbora mugatua eman artxiboari erakusketaren bidez? Mila galdera dira, mila hausnarketa bururatzen zaizkidanak, eta hauek lehenak besterik ez dira —ezin guztiak hemen banan-banan idatzi—; mila hausnarketa eta galdera, eta artxiboa eta erakusketaren ingurukook lagin txiki bat baino ez dira.

Armairutik ateratzearen garrantzia

Literaturian estreinatuko diren bi emanaldietako bat da Metrokoadroka konpainiaren ‘Mr. Señora’ teatro errezital dramatizatua. Oier Guillanek idatzi du, eta konpainiako aktoreekin batera moldatu dute.

Guillanek Mr. Señora eta beste ileorde batzuk obra aurkeztu zuen aurreko astean, Donostian

Guillanek Mr. Señora eta beste ileorde batzuk obra aurkeztu zuen aurreko astean, Donostian. JON URBE/ ARGAZKI PRESS

Gaur, armairutik ateratzearen aldeko aldarria egitera nator, armairugabetzearen arriskuaz ohartaraztera, eta desarmairugabetzearen alde egitera». Hitz horiekin aurkezten du bere burua Mr. Señorak, Oier Guillanek sortutako pertsonaiak. Bakarrizketa batetik abiatutako teatro errezital dramatizatua da Mr. Señora, eta Metrokoadroka konpainiak Literaturian estreinatuko du larunbatean 17:00etan, Zarauzko (Gipuzkoa) Modelo aretoan.

Guillanek aurreko astean argitaratutako Mr. Señora eta beste ileorde batzuk liburuan oinarritutako emanaldia osatu dute Metrokoadroka konpainiako lagunek. Hala, bakarrizketa lau ahotsetan banatuta dago, eta hainbat elementu performatiborekin osatu dute ikuskizuna. Bakarrizketari buelta bat eman diote, Guillanen esanetan: «Autorea, hau da, ni neu, boikoteatu dugu errezitala sortzeko. Nik idatzitako testua oinarria bada ere, Metrokoadrokako gainontzeko aktoreekin batera eraldatu dugu istorioa, hasierako probokaziotik abiatuz baina nire lana sakratu bihurtu gabe». Idoia Beratarbide arduratu da estetikaz, kartelaz eta jantziez; oholtza gainean, berriz, Ainhoa Alberdi, Amaia Corral eta Joseba Roldan ariko dira, Guillanekin batera.

Mr. Señora publikoari arituko zaio, begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko gogoeta eginez; hainbat galdera airera botako ditu: «Zein neurritan naiz besteek ikusten dutena? Existitzen al naiz besteen begiradarik gabe? Nortzuk zarete zuek, begiratzen dizuedanean? Nik, gaur, nire armairua topatu dut: antzokia». Umorea eta probokazioa dira lanaren abiapuntuak, eta ikusleen jarrera aktiboa lortu nahiko dute. «Beharbada, jendeak ez du hala ikusiko, baina guk ulertzen dugu umorean duela oinarria antzezlan baten sormen lanak. Umoretik abiatuta, eraginkorragoa izan ohi da ikusleengana iristea. Gainera, emanaldiak zentzu performatiboa duenez, zuzenean publikoari hitz egiten diogu, ikuskizun probokatzaileagoa sortuz. Publikoaren esku dago guk bidalitako mezua hartzeko modua; eroso senti daitezke ala ez, baina haien begirada ezinbestekoa da sormen lana erabat osatzeko».

Armairutik ateratzen den jendearentzako maitasun adierazpen moduan deskribatu du Guillanek Mr. Señora. Iluntasunean hasten da errezitala, armairuan sartuta egoteak dakarren sentipena adieraziz: «Mr. Señora armairu barrutik hasten da hizketan, eta, horretarako argiztapenarekin jokatu dugu; hala, pertsonaia iluntasunetik argira mugitzen da, argitasun hori bonbilla zahar bat bada ere». Armairutik ateratzen direnak behatuak sentitzen dira, baina horrek ez du zertan txarra izan, idazlearen esanetan: «Begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko errezitala da; pertsonaia armairutik ateratzen denean, besteen begirada jasotzen du. Alde horretatik, esker onekoa sentitzen naiz armairutik atera direnekin, beren izaera eta nortasuna jendaurrean aurkezteko beldurrik ez dutelako. Errealitatea beste betaurreko batzuekin ikusteko aukera eskaini digute».

Errezitala armairutik ateratzeko ekintzatik harago doa, eta belaunaldi baten sustrai kulturalei erreparatzen die. «Feminismoa edota LGTB mugimenduaren historia errotuta dago gure belaunaldian, txikitatik edan dugu feminismotik eta sexu askapenaren aldarritik. Gutako askok gertutik sentitu dugu armairutik ateratzeak dakarrena, eta sentipen hori baliagarria da egunerokotasuneko gainontzeko egoeretan ere».

Literaturian ikuskizuna estreinatzea plazera da Guillanentzat: «Halako sormen lanak aurkezteko zirkuituak ez dira oso ugariak, eta, guretzat, oso garrantzitsua da Literaturian izatea, gure lanean interesa duen publikoarekin egoteko aukera eskaintzen digulako». Larruarekin lotura badu Guillanen obrak; aurreko astean plazaratutako liburua zazpi antzezlanekin osatu du, eta bertan gorputz matxuratuak dituzten pertsonaien istorioak bildu ditu.

Artxiboetatik sortutako galderak

Equipo Rek ondutako ‘Anarchivo Sida’ eta Maryam Jafriren ‘The Day After’ erakusketak ikusgai daude Tabakaleran, ekainaren 26ra arte. Artxiboak dituzte biek abiapuntu

Askotariko artxiboak eta artelanak daude Anarchivo Sida erakusketan

Lehen aldiz, bi erakusketa batera zabaldu dituzte Donostiako Tabakaleran: Anarchivo Sida —Equipo Rek eta Donostia 2016k elkarlanean ekoitzia— eta Maryam Jafri pakistandarraren The Day After (Biharamuna) —Parisko Betonsalon arte eta ikerketa zentroaren eta Tabakaleraren koprodukzioa—. Bi erakusketa diren arren, abiapuntu bera dute: artxiboa. Dokumentazio bilketa baten bidez, historian egin diren interpretazioen inguruan hainbat galdera planteatzen dituzte. Artistek zalantzan jarri dute nolabait historiak ofizialki kontatutakoa. Lehen kasuan hiesaren inguruko ikerketa bat egin dute, eta bigarrenean herrialde kolonizatuen ingurukoa. Biak ekainaren 26ra bitartean egongo dira ikusgai.

Anarchivo Sida Aimar Arriola bizkaitarrak Nancy Garin eta Linda Valdes txiletarrekin elkarlanean garatutako proiektua da. Duela hiru urte ikerketa prozesu bat jarri zuten martxan Madrilen, eta orain Donostiara heldu da erakusketa forma hartuta. Hiesa gaixotasun gisa ez ezik, diskurtso politiko gisa ere lantzen du obrak. «Hiesaren krisiak kulturan izandako eraginean jartzen du arreta», azaldu du Arriolak. «Kontraartxibo bat sortzea da proiektuaren metodologia; ez du iraganaren lekuko edo babesgune izan nahi, errealitatea orainean idazteko tresna da artxiboa». Haren arabera, azken urteetan nazioartean gai hori asko landu dute, baina, gehienetan, testuinguru «hegemonikoen» ikuspegitik: Ameriketako Estatu Batuetan eta Europa erdialde-iparraldean jorratu dute, besteak beste. Horregatik, Latinoamerika, Euskal Herria eta Espainian jarri dute arreta.

1980ko hamarkadaren amaieratik aurrera, hiesaren inguruan publikatutako artxiboen bilketa bat egin dute: ekoizpen artistikoak, argazkiak, bideoak, kartelak, egunkarietako orrialdeak, prebentziorako eskuorriak… aurki daitezke erakusketan. Artxibo horietatik abiatuta, zenbait konturen inguruko gogoeta proposatu nahi dute komisarioek. Izan ere, iraganeko borroken oroimena berpiztu nahi dute, egungo zailtasunei aurre egiteko baliagarria delakoan. Globalizazioaren eta neoliberalismoaren inguruko ikuspegi kritikoa adierazi dute, eta Pablo Berastegi Donostia 2016ko zuzendariaren iritziz, «pentsamendu kritikoa, artea eta konpromiso soziala» uztartzen ditu erakusketak. «Ondoez neoliberala» idatzita dago kartel batean.

Carme Nogueira artista arduratu da erakusketaren diseinuaz, eta hiru ardatz kontzeptualetan banatu ditu dokumentuak. Animalia sinbolo gisa lantzen da lehenengo atalean; izan ere, azaldu dutenez, hiesaren inguruko politiketan funtsezko lekua bete dute animaliek, eta irain gisa ere erabiliak izan dira. Heriotzaren ingurukoa da bigarren atala, eta, bertan, hiesaren krisia gizarteak nola bizi izan duen erakusten da: legeak, erritu sinbolikoak, sinesmenak… landu dituzte. Azken atalean, berriz, osasuna da oinarri. «Gorputz batzuk normal gisa eta beste batzuk patologiko gisa irakurtzera garamatzan konbentzioa da osasuna», irakur daiteke bazter batean.

Erakusketari lotuta, hark irauten duen bitartean, lau jarduera egingo dituzte Tabakaleran. Gaur bertan hasiko da horietako lehena, 17:00etan: Osasuna / jakintza / boterea izeneko tailerra. Bost jardunalditan banatu dute, eta haietako bakoitzean zenbait gai landuko dira: GIB birusa, ingurumena, sistema juridikoa… Gaurko saioan, gorputzaren politiken inguruko eztabaida sustatuko dute. Arriolaren arabera, gaur gaixotasuna landuko dute, batez ere, baina gainontzeko saioetan, abiapuntu baino ez da izango.

Deskolonizazio prozesuak

Maryam Jafrik 2015eko martxoan aurkeztu zuen The Day Afterproiektua Parisen, eta, orain, Tabakalerarako moldatu du. Dimentsio hirukoitza du lanak: artxiboa artistaren pieza gisa, ikerketa kasu gisa zein jabetza gisa landu du. Independence Day 1934-1975 (Independentziaren Eguna 1934-1975) obra da proiektuaren abiapuntua, baita erakusketako lehen pieza ere. Galdera honen inguruko gogoeta proposatzen du lan horrek: «Zein da artxiboen funtzioa deskolonizazio prozesuetan?». Obra hori osatzen duten argazkiak Europako koloniak izandako Afrikako eta Asiako herrialdeetan ateratakoak dira, independentzia lortu zuten egun berean. Independentziaren inguruko ekitaldiak eta ospakizun politikoak ageri dira, besteak beste. Irudi horiek batabestearen ondoan jarrita, artistak herrialdeen historia irakurtzea proposatzen du.

Erakusketaren bigarren atalean, ikerketa kasuak daude, artxibo bat osatzeko baliabide direnak. Betonsalon egindako ikerketa kasuez gain, propio Tabakalerarako egindakoak ere badaude: Marokoko, Ekuatore Gineako eta Filipinetako kasuak dira horiek.

Hirugarren atal bat du erakusketak, artxiboa jabetza gisa jorratzen duena. Jafrik Independence Day 1934-1975 pieza osatzeko egin zuen ikerketan zehar, konturatu zen argazki agentzietatik eskuratzen zituen irudietako asko —Getty Images edo Corbis agentziek emandakoak, esaterako—, herrialde independizatuetako gobernuek ematen zizkioten berberak zirela. Horren harira, ariketa bat proposatzen du: agentziek emandako irudiak, argazki pribatuak eta nazionalak elkarren ondoan jarri ditu, eta haien artean antzekotasunik ba ote dagoen aztertzea da ariketaren muina.

4 urteko transexual bati izena aldatzea baimendu diote, Gipuzkoan

Aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena.

Tolosako lehen auzialdiko eta instrukzioko 3. zenbakiko epaitegiak izena aldatzea baimendu dio Gipuzkoako lau urteko transexual bati. Hala, aurrerantzean Lucia izena izango du. Gipuzkoako lehendabiziko kasua da eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarrena, hain zuzen ere, Gasteizko epaitegi batek beste eskari bat onartu zuen 2013an.

Chyrsarlis Euskal Herria haur transexualen guraso elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, Tolosako epaitegiak izena aldatzea baimendu dio lau urteko haur bati, 2013an adin txikiko arabar bati izena aldatzea baimendu zion Arabako epaitegi baten ildoa jarraituz.

“Luciaren gurasoek gizon izena jarri zioten haren sexu organoei erreparatuta, baina hitz egiten hasi zen momentutik garbi utzi zuen emakumea dela”, azaldu du.

Iturri horiek gaineratu dutenez, 2015eko urriaren 28az geroztik Lucia izena ageri da haren dokumentazioan.

Elkartearen esanetan, “auzitegiek adin txikiko 30 transexual ingururi izena aldatzeko baimena eman diote estatu espainiarrean, baina ez dago irizpide bateraturik eta erabakia epaile bakoitzaren esku gelditzen da”.

ikusi berria