Europa oraindik ez da transgenero lurraldea

Europako 30 estatutan alda daiteke generoa agirietan, baina haietako lau soilik oinarritzen dira pertsonaren autodeterminazio eskubidean. Azken urteotan ulermen sakonagoa lortu den arren, Europak giza eskubideen atal horretan dauzkan gabeziez ohartarazi dute LGTBI erakundeek Transexualen Ikusgarritasunaren Egunean.

Argazkia: FRANTZISKA NEUMEISTER

Jaiotzatik gizon edo emakume izendatu eta hala eroso sentitzen den edonorentzat, ebidentzia hutsa izan daiteke bere genero nortasuna aitortua izateko eskubidea daukala jakitea. Beste guztientzat, ordea, ezinbesteko baldintza da bizitza normala egiteko orduan. Transexualitatearen definizioak, gaur-gaurkoz, eremu zabala hartzen du aintzat: jaiotzean ezarritakoaz bestelako genero identitate bat daukatenak eta hura beste modu batera «erretratatu» nahi dutenak sartzen dira, TGEU Europako transgeneroen elkarte nagusiak ematen duen definizioaren arabera.

Prozesu horren abiapuntua pertsonala da, baina burura eramateko ezinbestekoa da ingurunearen aitorpena. Eta, bide horretan, oinarrizko urratsetako bat da generoaren legezko aitorpena jasotzea: agiri pertsonalak bat etortzea norberaren generoarekin. «Maila pertsonalenean, oso prozedura garrantzitsua da, behartutako outing-a eragotz dezakeelako; alegia, ez dituzula okerreko agiriak erakutsi behar postan pakete bat jasotzen duzunero edo garraio publikoan ikasle txartela erakusten duzunero», azaldu du Richard Koehlerrek, TGEUren politika arduradunak. «Esparru pribatuaren babes kontu bat da, baina baita norbanakoarekiko errespetuarena ere». Estatuak, finean, ez dauka zehaztu beharrik zein generotara atxiki zaion pertsona bakoitza. «Erlijioarekin pareka daiteke: Estatuak —Europan, bederen— ez dauka eskubiderik esateko zein erlijiotakoa sentitzen den pertsona bat; gehienez ere dokumentatu egiten du, baina ez nortasun agirietan».

Europako Batasunaz harago, kontinente osoko egoera behatzen du TGEUk, eta herrialde guztietako LGTBI taldeen babesle eta bozeramaile lanak egiten ditu. Gaur egun, Europako 41 estatuetatik 30ek dituzte agiri ofizialak norbere generora moldatzeko prozedurak, hura jaiotzaz bestelakoa denean. Nolanahi ere, haietako askok baldintzak jartzen dituzte, hala nola sendagileen onespen gutunak, tratamendu hormonalak, ezkongabea izatea eta, kasu okerrenetan, pertsonaren esterilizazioa. Lau herrialdek baino ez dute agirien aldaketa pertsonaren autodeterminazio eskubidean oinarritzen.

Erabaki askea da

Europan, oro har, gutxi dira hirugarren genero bat eskatzen duten pertsonak: gehienek genero batetik besterako aldaketa eskatu ohi dute. «Nolanahi ere, geroz eta sendoago ageri dira nortasun ez-binarioak. Alegia, gizon edo emakume sentitzen ez direnak, edo biak, edo tarteko zerbait, edo uko egiten diotenak nola edo hala kategorizatu behar izateari», argitu du Koehlerrek. Horrek oinarrizko galdera batera darama: zergatik erregistratzen da generoa? «Ezkontza heterosexualaren ideia dagoelako atzean. Hori garrantzia galtzen doan neurrian, dokumentazio sistema horien justifikazioa ere desagertzen da».

Azken 30 urteotan, transexualitateari buruz hitz egiteko eta hura epaitzeko logikak nabarmen aldatu dira. «Jarrera kliniko batetik, norbanakoen giza eskubideak direla ulertzera igaro gara», Koehlerren hitzetan: «Transak gaixo daude, eta lagundu behar zaie hartatik, eremu pribatuaren babesa hobeto ulertzera». Mugarrietako bat 2009an izan zen, Europako zKontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak zerrenda bat argitaratu zuenean trans pertsonek sufritu ohi dituzten giza eskubideen urraketa sistematikoekin. 2015ean, genero identitaterako eskubidea existitzen dela berretsi zuen Kontseiluak berak.

Nolanahi ere, horrek ez dio bide eman EB mailako arau bati, eta aginduak estatu gutxitan egin du Bruselatik hiribururainoko bidea. Malta da salbuespenetako bat: TGEUk eredutzat du hango Genero Identitate eta Sexu Ezaugarrien Adierazpenaren Legea. Hark Konstituziora lotzen du genero identitatea adierazteko eskubidea, eta legeak zigortu egiten du administrazioak pertsona transgenero bat nabarmen uzten badu. Aitorpen prozesuak hiruzpalau egunekoak dira, ahalik eta laburren: «Pertsonek lanpostuan jarrai dezakete paperak aldatu bitartean, eta ez dute urtea galdu behar epaitegietan borrokan».

«Ikusgarria izan da Maltaren bilakaera», azaldu du Koehlerrek, pozik: «Transexualentzat egoera okerrenetakoa zeukan, eta bat-batean Erdi Arotik XXI. mendera egin dute jauzi». Hiru osagai nabarmendu ditu errezetan: ahalik eta lege onena lortzeko borondate politikoa, nazioarteko eta bertako trans erakundeekin izandako lankidetza, eta gizartearen babesa. «Maltan, iritzi publikoa baikorra zen lehendik ere, baina legea atera zutenean, albistea nazioartera zabaldu zen goizetik gauera ; besteak beste, debekatu egin zutelako haur intersexualen derrigortutako kirurgia. BBCren bidez, Zeelanda Berriraino heldu zen: maltarrak izugarri harrotu ziren, eta horrek are babes publiko handiagoa ekarri zion legeari».

Haurrak eta migratzaileak

Maltako legeak arreta berezia jartzen die egoera hauskorrenetan dauden pertsonei. Adingabeen kasuan, prozedura euren esku hartzeko aukera ematen die, eta, gurasoak ados ez dauden kasuetan, umeen interesa bihurtzen da administrazioarentzako irizpide nagusia. Koehlerrek azaldu duenez, halako neurriak ezinbestekoak dira, herrialde gehienetan ia ez dagoelako araututa haurren genero aitorpena. «Sarritan, helduei egiten zaizkien galdera berberak egiten dizkiete umeei, nahiz eta helduentzat ere zailak izaten diren erantzuteko, oso intimoak direlako: sexu fantasien inguruan, gurasoekiko harremanaren inguruan… Eta gurasoak kooperatiboak ez direnean, izugarri luzatu ohi dira prozedurak».

Migratzaile eta iheslarien egoera ere antzekoa da: araudi nazional gutxik aurreikusten dituzte eurentzako neurriak. Arriskua bikoitza da halakoetan, transfobia eta arrazakeria nahasten direlako: «Hain zuzen ere indarkeria transfobikotik ihes egin duten pertsonen kasuan, errefuxiatzeko arrazoiaren luzapen bat da».

Maltako legeak neurri batean erantzuten die kasu horiei. Preso egoeran daudenei —espetxean edo migratzaileentzako harrera zentroetan— «behin-behineko genero aitorpena» egiten diete. Koehlerrek adibide batekin ilustratu du: «Demagun trans emakume errusiar bat Maltako espetxe bateko gizonen moduluan dagoela. Bere naziotasuna dela-eta, gizonezkoa dela diote agiriek; baina aukera du, hala nahi badu, administraziotik emakume gisa tratatua izateko, eta, beraz, emakumeen modulura igarotzeko».

Maltaz gain, Norvegia eta Danimarkako ereduak ere txalotzen ditu TGEUk. Lehenbizikoan haurrek sei urtetatik aurrera har dezakete euren esku agirien prozesua. Danimarkan, duela hiru urte sartu zen indarrean lege berria: esterilizaziorako baldintza kendu eta genero nortasuna 18 urtetik aurrera libreki aldatzeko eskubidea bermatzen du.

Ikusgarritasunerako jauzia

Legeak ezinbestekoak dira transexual gisa bizitza normala eraman ahal izateko. Nolanahi ere, paperak dioena abiapuntua da, eta bide osoa egiteko askoz elementu gehiagoren beharra dago. Bizitako errealitatea zailagoa da gehienetan: «Ez dago herrialde segururik trans pertsonentzat». Azken hamarkadan, ehun hilketa baino gehiago dokumentatu ditu TGEUk, eta ondorioztatzen du: «Nabaritzeko moduan transgeneroa den ia edozein pertsonak sufritzen ditu jazarpena, abusuak edo indarkeria fisikoa». Hala eta guztiz ere, soilik hamahiru estatuk debekatzen dute indarkeria transfobikoa esplizituki.

Koehlerren arabera, Europako esparruan Turkian eta Italian sumatu dituzte egoera okerrenak. Nabarmendu duenez, transgeneroek «proportzio handiagoan» dute langabezian geratzeko arriskua, espazio publiko zein pribatuan sufritutako diskriminazioaren ondorioz. Hori nabarmena da iheslariengan edo atzerriko jatorria dutenengan: «Eraso gehien sufritzen dituztenak, alde handiarekin, sexu langile transgeneroak eta migratzaileak dira».

Tolerantziatik ikusgarritasunera ere jauzi handia dago oraindik: Koehler kexu da, hedabideetan joera handia dagoelako pertsona transgeneroak biktima gisa irudikatzeko, eta gutxiegitan ezagutarazten direlako eredu positiboak: «Laverne Cox aktorea bezalako pertsonek laguntzen diote ikusgarritasunari, euren ospea erabiltzen dutelako trans komunitatearen arazoei buruz hitz egiteko».