DIARIO VASCO: «Tematia naiz. Lau aldiz joan nintzen ‘Alpeetako distira’ harrapatzera»

Bakartxo Aniz Aldasoro, Argazkilaria

Bakartxo Aniz Aldasorok argazki-erakusketa ipini berri du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan

ugatza

Erakusketako argazki bat. Ugatza hegan argazkilariari begira. :: Bakartxo Aniz Aldasoro

Bakartxo Aniz Aldasorok argazki-erakusketa ipini berri du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Eta, Urretxura aldatu aurretik, Donostiako Boulevarrean izan da, oso harrera ona izan duelarik. Iruñean jaioa, aitaren herrian bizi da orain, Legardan. Gaztetan basozain moduan egin zuen lan, gero Donostiako Ivasfot-en egin zuen argazkigintza-ikastaroa, eta gaur egun argazkia du bizibide eta bizimodu.

-Erakusketan, tamaina handian ipini duzu Mattterhorn (Cervino) mendiaren argazki hori, eta azpiko azalpenean diozunez «obsesioa» izan da zuretzat.

-Suitzako Alpeetan dago mendi hori. Ikusia nuen liburuetan-eta, baina bertatik bertara ikusi nuen aurreneko aldian txundituta gelditu nintzen. Nahi nuen lortu argi berezi bat harrapatzea, «Alpeetako distira» esaten diotena.

-Eta zertan da distira hori?

-Zerikusia dauka atmosferako gas nobleekin. Jendeak uste du egunsentiko argi-motaren bat dela, baina ez da hala. Eguna argitzen hasi aurretik izan ohi da: mendiak tonu moreak hartzen ditu eta elurrak arroxa kolorea. Bi minutu irauten du fenomenoak. Gero, berriro gaua sar-tzen da, eta handik ordu erdira edo ordubetera hasten da egunsentia.

-Eta argazkia ez zen erraza izan.

-Ez. Askotan lainatuta egoten da alde hori. Lau urtetan joan nintzen bertaraino, furgoneta hartuta. Eta laugarren aldian lortu nuen. 2006an izan zen. Oso tematia naiz.

-Ematen du hegaztiak oso gustuko dituzula.

-Bai, oso animalia estetikoak dira. Guztiok ikusten ditugu hegaztiak, baina urruti samar beti, eta ezin izaten dugu, adibidez, lumajea behar bezala nabaritu. Eta argazkietan hegaztien begirada harrapatzea ere gauza ederra da.

-Erakusketako beste argazki deigarri bat: ugatza (Gypaetus barbatus, quebrantahuesos) ageri den hau. Zer distantziatara egina da?

-Hegazti sarraskijale hauen kasuan, normalean 40 metro izaten dira.

-Ugatza oso gustukoa duzu, ezta?

-Bai. Ikusten duzu bularreko lumaje gorrizta hori? Berez, lumajea txuria da, baina hegazti honek egiten du metal-urarekin tindatu. Ez dakigu zergatik; beharbada, zomorroak akabatzeko, edo beharbada estetikarengatik, bikotekidearen aurrean erakargarriago egoteko-edo.

-Azeriaren argazkiak ere badaude erakusketan. Ez ziren egiten errazak izango, usaimen oso garatua daukate-eta.

-Batzuetan azerien bila joan izan naiz, banekielako inguru horretan zebiltzalako. Beste askotan ‘hide’-etan egiten dugu lana, hau da, ezkutaleku berezietan gordeta. Jana ipintzen duzu gertu eta zain-zain geratzen zara. Hegaztiekin errazago izan ohi da; ugaztunek, berriz, segituan aditzen dute gizakiaren usaina eta hurbiltzekotan errezelo handiz hurbiltzen dira.

-Pirinioak izan dira zure ibiltoki printzipala, ezta?

-Nire bigarren etxea dira Pirinioak. Nahiko ongi kontserbaturik daude. Eski-estazioetatik kanpo, paraje basatiak dira oro har. Alpeak beharbada txundigarriagoak dira, baina hondatuago daude.

-Basa de la Mora-ko aintzira honen argazkia ere tamaina handian ipini duzu erakusketan.

-Jendeak uste du paisaiak erretratatzea errazago dela, baina ez dut uste. Hori ere obsesio izan nuen. Nahi nuen mendia ikus zedin uretan islatuta, eta egun batean -eguzkia ezkutatzen hasia zen arratsalde batean- lortu nuen azkenean. Paraje hori aski ezezaguna da, Benasque eta Bielsa artean dago.

-Zure lana bakartia da.

-Bai, halaxe da. Nahiago dut bakarrik ibili eta bakarrik egin argazkiak. Hasieran lagunak eramaten nituen aldamenean, baina desastrea zen: itxoinaldi luzeak egin behar bazuten aspertu egiten ziren. Normalean zazpi edo hamar eguneko irtenaldiak egiten ditut, eta egun batean igual berrehun metro besterik ez ditut egiten, sugandila bat ikusi dudalako eta hantxe gelditu naizelako, zulotik noiz irtengo zain.

-Aragoiko Pirinioetako hustutako herriei buruzko argazki-liburua prestatzen ari omen zara.

-Nahi dut hango atomosfera erakutsi. Kanpotik harri-pilak ematen dute, baina hori baino askoz gehiago dira. Hunkigarriak dira! Ez dakizu nolako energia sentitzen den herri horietan! Etxe haietan sartzen naizenetan beti hanka-puntetan ibiltzen naiz, halako zirrara eragiten didate.