BERRIA: Abortatzeko askatasun eske

Emakumeen Nazioarteko Eguna. Mobilizazioak

Abortuaren lege aldaketa «eskubideen atzerakadaren gailurra» dela salatu dute Emakumeen Eguneko ekitaldietan

«Emazte eta ama gisako» emakume eredua ezartzeko asmoez ohartarazi dute

aborto1

Ehunka lagun bildu ziren atzo eguerdian Gasteizen, Martxoaren 8ko manifestazioan. / JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

aborto2

Jendetza Bilbon. Manifestazio jendetsua egin zuten iluntzean Bilbon. Saltoki bateko erakusleihoko manikiak eraman, eta elkarren gainean bota zituzten kalean, hilotzak bezala. Performance bat egin zuten abortu eskubidearen alde, eta flashmob-a ere bai. / ARITZ LOIOLA / ARP

aborto3

Aldarria eta jaia Iruñean. Ehunka lagun bildu ziren Iruñeko martxan, eguerdian —4.000 lagun, udaltzainen arabera—. Abortu eskubidea eskatzeko kartel ugari eraman zituzten. Jai giroan egin zuten protesta, eta bukaeran flashmob bat egin zuten. / MANTEROLA / ARP

aborto4

Salaketa Baionako erdigunean. Martxoaren 8arekin batera emakumeen egoera salatzera dei egin zuten hainbat emakume taldek Baionan. Abortuaren legea, genero bortizkeria eta lan arloko diferentziak jarri zituzten egoera makurraren adibidetzat. / JULEN PASCUAL

Gure askatasuna borrokatuz lelopean, milaka lagunek ibili zituzten Euskal Herriko hiriburu eta herrietako kaleak, Emakumeen Nazioarteko Egunean. Haien bizitzen jabe direla aldarrikatu zuten, «bizitzea merezi duen bizitzaren jabe». Espainiako Gobernuak egindako «eskubide atzerakadaren» eta, bereziki, abortuaren legea aldatzeko proiektuaren aurrean, haien gorputzei buruz erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zuten; murrizketa horiekin emakumea «adingabeko pertsona gisa» hartzeko helburua dutela ohartarazi dute.

Gasteizko manifestazioa hasi aurretik, San Anton Plazan bildutako jendetza ikusita, behin-behineko balorazio «oso positiboa» egin zuen Eli Etxeberriak, Arabako Emakumeen Asanbladako kideak. Martxoaren 8a «aldarrikatzeko» egun berezia dela aitortu zuen, baita borroka feminista egunez egunekoa dela nabarmendu ere. «Abortuaren lege aldaketa atzerakada erraldoia da, baina ez da bakarra; emakumea berriro etxera itzul dadin saiatzen ari dira, zaintza lanak bere gain har ditzan. Eta ez dugu onartuko».

Martxoak 8 Gasteizko Plataforma Feministak abortatzeko eskubidea aldarrikatu du Emakumeen Egunean. Salatu du «ama eta emazte gisako» emakume eredua ezarri nahi dutela, betiere gizon eta emakumeek osatutako familia nukleoen barruan. «Amatasuna ezartzen diguten heinean, bestetik, debekatu egiten digute», salatu dute plataformako kideek, lagundutako amatasunerako doako sarbidean egindako murrizketak gogora ekarriz.

«Hasieran bezala gaude»

Sandy —ez du abizenik eman—, 61 urtekoa, bandera morez eta lagunez inguratuta dago San Anton plazan, manifestazioa hasteko zain. «Gauza asko aldarrikatu behar dira oraindik; hasieran bezala gaude», nabarmendu du. Abortua, emakumearen laneratzea… «Apur bat aurreratu dugula diote, baina desberdintasuna bertan dago oraindik: lanean, etxean, kalean…». Hori aldatzeko bidean manifestazioan parte hartu dutenen pausoa nabarmendu du; adin guztietako pertsonek parte hartu dute.

«Krisi ekonomiko-matxistaren» aitzakiarekin egiten ari diren eskubide murrizketa guztiak nabarmendu ditu Asun Ruizek, 47 urteko emakumezkoak. Abortuaren legea aldatzeko asmoa «azken gehiegikeria» dela azaldu du, baina mutur horretara heldu aurretik hamaika murrizketa gehiago ere egin dituztela. «Aurten, abortua da manifestazioaren ardatz nagusia, baina azken urteetako pankartak eta leloak ere manifestazioan daude, inplizituki bada ere».

Martxoak 8 Gasteizko Plataforma Feministak azken urteetan gizarte politiketan egindako murrizketak gogora ekarri ditu manifestazioaren bukaeran, eta hori bideratzeko eskatu du: Aberastasunaren banaketa zuzena eta orekatua, andre oro eta haien behar zehatzak artatuko dituen osasun sistema publikoa bermatzea…

Hezkuntza ere hizpide izan du plataformak, baita manifestazioan parte hartu duten hainbat pertsonak ere. «Gallardonek abortuan egin nahi duen gauza bera egin du Wertek hezkuntzan: eskubideetan hainbat urte egingo ditugu atzera», nabarmendu du Roberto Aialak, 43 urteko gasteiztarrak, manifestazioa Bakea kaletik jaisten ari dela. Aialak gogorarazi du hezkuntza lege berriak diru laguntza bermatzen diela ikasleak sexuaren arabera ikasleak banatzen dituzten ikastetxeei.

Jokabide atzerakoiak, saritu

Abortu legea aldatzeko egitasmoak borroka feminista «bizkortu» duen ustea agertu du Nekane Lopezek (32 urte). Ordea, gaineratu du gizartearen «erantzun bateratuak» ez duela eraginik izan eskubide murrizketa eragin duten agintari politikoengan. Are gehiago, jokabide «atzerakoiena» dutenak saritzen dituztela ohartarazi du. «Emakumeak iraindu eta bi egunera, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia Euskadiko PPko idazkariorde nagusi izendatu dute».

Gasteizko Bilgune Feministak gogorarazi du Gasteizko kaleak ibili zituzten emakumeen borrokatzeko grinak datozen egunotan jarraipena izango duela. Abortatzeko eskubidearen aldeko Gasteizko Asanblada hirugarrengoz bilduko da asteazkenean, 19:00etan Simone de Beauvoir elkarteen etxean. Bertan, besteak beste, apirilaren 5ean Iruñean egingo duten manifestazio nazionalerako prestaketa lanak egingo dituzte. Askatasunaren alde egunero borrokatzen jarraitzeko.