Chrysallis EHk ikus-entzunezko material didaktikoa aurkeztuko du astearte honetan
DONOSTIAKO GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIAN
Chrysallis Euskal Herria elkarteak “Zakila duten neskak, bulba duten mutilak: aniztasunaren adierazpen bat” ikus-entzunezko material didaktikoa lehenbiziko aldiz aurkeztuko du astearte honetan, apirilaren 4an, Donostiako XV. Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan.
DONOSTIA. Elkarteak jakinarazi duenez, aurre estreinaldia “Transexualitatea adin txikikoen artean” saioaren baitan egingo da, arratsaldeko 19:00etan, Victoria Eugenia antzokian, “Just a normal person” film suediarraren proiekzioaren ostean. Jarraian, gaiaren inguruko solasaldian izango dira Izaro Antxia Gehitu elkarteko transexualitate arloko arduraduna eta Aingeru Mayor sexologo eta Chrysallis Euskal Herria taldeko presidentea.
Chrysallis Euskal Herriak euskaraz eta gaztelaniaz egindako zortzi minutuko ikus-entzunezko muntaia “nazioartean aitzindaria da, haurren transexualitatea ikasgeletan lantzeko egin den lehendabiziko ikus-entzunezko materiala baita”.
“Zakila duten neskak, bulba duten mutilak: aniztasunaren adierazpen bat” auurki jarriko da eskuragarri Internet bidez, dagoeneko zortzi hizkuntzatan dauden “Neskak eta mutilak, identitatea eta gorputza” fitxa didaktikoekin egin zen bezala.