Bizkaiko Ekainaren 28 Koordinakundeak prentsaurrekoa eman du gaur, aurtengo 28ko manifestazioa aurkezteko

rutaMani2016

Prentsaurrekoan aurtengo ekitaldiaren leloa eta komunikatuen berri eman du Koordinakundeak: 

 

Harrotasunak ez du mugarik

 

Gaur, 2016ko ekainak 28, Bildu gara hemen mundura oihukatzeko berdintasunezko gizarte justuagoa nahi dugula guztiontzat, ditugun desioak, sexu-praktikak edo genero-identitatea kontuan hartu barik. Oihukatu nahi dugu, baita ere, mundu berri hori ez litzatekeela izango laguntza eta abegikortasuna eskatzen ari zaizkigun pertsona horiek bere barne hartuko ez balitu.

Europako hiritarrok azken boladan ez dugu harro egoteko moduko arrazoi askorik. Badugu, ordea, zertaz lotsatu. Egunero hamaika lagun hiltzen dira gure munduko atarian. Lagun horiek izugarrikeriatik ihesean datoz; geu gara, neurri handian, izugarrikeria horren erantzule. Lagun horiek behin sinistu zuten gure propaganda, eta pentsatu gurea abegiko kontinentea zela. Oker zebiltzan, alajainkoa!

Lagun horiek euren etxea utzi eta gurean etxe berria eraikitzeko dauzkaten arrazoi askoren arteko inportanteenetako bat izan daiteke, haientzako askorentzat, disidente sexualak izatea. Gerrak, ihesaldiak, errefuxiatu-guneetan sartu eta pilatzeak eragindako arazoei gehitu behar diete disidentzia sexualaren estigma. Bizkaiko E28 Koordinakundetik nahi ditugu gaur gay, lesbiana, trans… horiek guztiak ikusarazi.

Europar Batasunak duen errefuxiatuekiko jarrerak lotsa sentiarazteaz gain, mehatxatu ere egiten gaitu. Erakunde politiko gorenetatik ezberdinaren kontrako beldurraren eta erasoaren diskurtsoa eraikitzen denean, gorroto- errepresio- eta inpunitate-sentimenduak nabarmentzen direnean, batasun etniko, kultural edo erlijiosoaren aldeko deiak etengabe egiten direnean, gizabanakoaren askatasunen eta giza aniztasunari zor zaion errespetuaren kontrako giroa sortzen ari da, eta giro horrek gero isla izango du politikan, zalantza izpirik gabe. Denok argi eduki behar dugu gaur hemen aldarrikatzen ditugun askatasun sexualak, Bilbon azken 39 urteotan egin dugun bezalaxe, herritarron enparauko askatasunekin batera baino ezin direla benetan garatu. Paco Vidartek ederto asko azaltzen du errealitate hau “Ética Marica” lanean: “…la homofobia, como forma sistémica de opresión, forma un entramado muy tupido con el resto de formas de opresión, está imbricado con ellas, articulado con ellas de tal modo que, si tiras de un extremo, el nudo se aprieta por el otro, y si aflojas un cabo, tensas otro. Si una mujer es maltratada, ello repercute en la homofobia de la sociedad. Si una marica es apedreada, ello repercute en el racismo de la sociedad. Si un obrero es explotado por su patrón, ello repercute en la misoginia de la sociedad. Si un negro es agredido por unos nazis, ello repercute en la transfobia de la sociedad. Si un niño es bautizado, ello repercute en la lesbofobia de la sociedad”.

Badago beste muga mota bat,  maila pertsonalagoan geure buruei eraikitzen dizkiegun mugak, edota beste norbaitek inposatzen dizkigunak guk oztopo handirik jarri barik. Muga horiek gure askatasuna txikiagotu, eta gure harremantze librea oztopatu egiten dute. Ez dugu abagune hau pasatzen utzi nahi muga horiei buruz hausnartu gabe. Buruko mugak dira, normala zer den edo ez den esaten digutenak, zer garen edo besteak zer diren ere iradokitzen digutenak. Aldarrikatu nahi dugu gaur hemen ingurura pentsamolde zabalago batekin begiratu ahal izatea, eta bizimodu libreagoa eraiki ahal izatea, barruko zein kanpoko mugek gure baitan ahalmen eskasa izango luketen bizimodua alegia.

 

Harrotasunak ez du mugarik!

 

 

Bilbon, 2016ko ekainaren 28a

BIZKAIKO E28 KOORDINAKUNDEA

Bizkaiko Ekainaren 28 Koordinakundeak prentsaurrekoa eman du gaur, aurtengo 28ko manifestazioa aurkezteko

Read more