Bi gizon ezkondu eta legea bete du Arrangoitzeko Herriko Etxeak
ean-Michel Martin eta Guy Martineau-Espelek lortu dute azkenean ezkontzea. Lapurdin ezkondu ziren, atzo, 17:30ean, Arrangoitzeko Herriko Etxean. Jean Michel Colo Arrangoitzeko auzapezak ezarritako traba guztiak gainditu ditu bikoteak, Frantziako legeak aitortzen dien ezkontza eskubidea betearaziz. Frantzian sortuak dira bi gizonak, baina hitz batzuk euskaraz egin zituzten, azken asteotan Ipar Euskal Herrian jaso duten sostengua eskertzeko.
Izan ere, Frantziako Parlamentuak maiatzaren 18an onartu zuen sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea. Naturaltasunez, Martin eta Martineau-Espelek herriko etxera jo zuten, beren eskubidea baliarazteko. Auzapezak, ordea, argi adierazi zien ez zuela legea beteko. Baina adierazpenetik ekintzetara pasatu zen auzapeza, eta, bikoteak ezkontza eskaria ez egin ahal izateko, herriko erregistro zibila itxi zuen.
Martineau-Espelek eta Martinek hainbat elkarteren sostengua ukan zuten hastapenetik. Bertzeak bertze, Les Bascos elkarteak lagundu zuen bikotea legezko prozedura betetzen, bikoteak deliberatu zuelarik auzitegian salaketa ezartzea. Ipar Euskal Herriko hainbat taldek ere egin zuten ezkontza eskubidearen alde, hala nola EH Bai, LAB, CGT, PC, Berdeak, Planing Familialek eta hainbat talde feministek.
Adierazpen ugari egin arren, auzapezak ez zuen legerik urratu erabakia ekintzetara eraman artean. Horrela jakinarazi zuen Patrick Dallennes Baionako suprefetak, BERRIAri eta Ipar Euskal Herriko euskal hedabideei emandako elkarrizketan.
Frantziako agintariek berehala erran zuten ez zutela onartuko legea urratzea. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak adierazi zuen Auzapezak ezkontza ez egitea deliberatzen bazuen «zigor handiak» ukanen zituela. Vallsen hitzen garrantziaz ohartzeko, bilkura batera deitu zuen suprefetak Colo. Jakinarazi zion legea urratzen segitzen bazuen kargutik ken zezakeela. Horrekin batera, isun handiak ordaindu beharko zituela ere zion ezagutarazi suprefetak, Vallsen aginduz. Bost urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna har zezakeen zigortzat. Gibelera egitea deliberatu zuen auzapezak. Hautetsi batek onartu du egitea ezkontza.
Vallsek gogoratu zuen ezkontza legearen oinarria ez dela aldatu 1804az geroztik eta auzapez batek, edo ordainean herriko etxeko zinegotziek ezin diotela uko egin, ezkontza eskaria egin duen bikoteko kide bat bederen herri horretan bizi bada. Nabarmendu zuen lege horrek ez duela salbuespenik onartzen.
Eskuineko auzapez eta zinegotzi batzuen sostengua ukan zuen Colok. Baita Marc Aillet Baionako apezpikuarena ere. Kontzientzia eragozpena baliatzeko asmoa zuten hautetsien adorea goretsi zuen apezpikuak.
Azkenik, bikoteak saihestu du sortu den zirimola mediatikoa, eta egiazki lortu nahi zuena egin ahal izan du: ezkontzea. Sostengua adierazi dieten guztiei esker ona adierazi diete.