Betikoa betikotzen du

Espainiako Gobernuaren Familia Babesteko Plan Integralak gurasoen erantzukidetasuna bultzatu nahi duela dio. Baina mugimendu feministak ohartarazi du proposatzen dituen neurriek amaren esku uzten dutela zaintza berriro ere. Iruditzen zaie familia tradizionala lehenesten duela.

familia

Lehen ikustaldian, aurrerakoia da: kontzeptu aurrerakoiak erabiltzen ditu. Adibidez, aitatasunaren garrantziaz egiten du berba, erantzukidetasunaren ikuspegitik. Baina lerro artean badira arreta deitzen duten kontu batzuk». Mila Amurrio EHUko Soziologia irakasleak uste du Espainiako Gobernuaren Familia Babesteko Plan Integrala «asmo hutsak aurkeztera mugatu» dela hein batean. «Badira neurri interesgarri batzuk, baina gai askotan ez da ezer zehatzik aipatzen. Kanpainak egin behar direla baino ez du esaten». Testuak familiaren garrantzia azpimarratzen du, baina ez du zehazten zer ulertzen duen familia modura. Eta hori garrantzitsua iruditzen zaio. «Zein eredutan oinarritu dira? Gaur egun, familiak askotarikoak dira. Beraz, zeinentzat dira laguntzak?».

Dori Fernandezek badu erantzuna. Berdintasun teknikaria da, eta Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako eragileek sortutako PPIINA taldeko kidea (Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezinen aldeko Plataforma). Argi dauka zein ereduri begiratu dioten. «Aitak, amak eta bizpahiru seme-alabak osatzen dutenari; aitak etxetik kanpo lan egiten du, eta ama etxean dago umeak zaintzen. Hau da, familia patriarkala. Hori da babestu nahi duten sendi eredua». Baina halakoak gero eta gutxiago direla ekarri du gogora. Espainiako Estatistika Institutuaren datuak eman ditu. «Familien %10 guraso bakarrekoak dira. Normalean, emakumea izaten da, seme-alabekin. Eta lau familiatik bat pertsona bakarrekoak dira. Hau da, etxean bakarrik bizi den eta bere hipoteka edo alokairua ordaintzen duen jendea da».

Planak seme-alabak dituzten familiak ditu jomuga. Izan ere, asmo nagusietako bat jaiotze tasa haztea da, arazo demografikoari aurre egiteko. Fernandezek aitortu du egoera kezkagarria dela. «Belaunaldien arteko ordezkapena bermatzeko, ama izateko adinean dagoen emakume bakoitzak 2,1 ume izan beharko lituzke. Espainian, 1,4 ume da batez bestekoa». Eta Euskal Herrian are apalagoa da zenbatekoa. Baina ume horiek haztea eta zaintzea, berriro ere, andreen gain uzten duela iruditzen zaio Amurriori. Planak dio enpresariak sentsibilizatu egin behar direla erantzukidetasuna lortzeko. «Baina zer gehiago? Badago sentsibilizatzetik harago doan neurri zehatzik?». Gaur egun, legeak aitatasun eta amatasun baimenak jasotzen ditu, baina estatistikek argi uzten dute seme-alaben zaintza amaren gain geratzen dela gehienetan. «Ba al dago neurririk hori aldatzeko?». Amarengan, edo aitita-amamengan. Izan ere, familia zabala deitzen duena goraipatu du planak: familia barruko eta belaunaldien arteko elkartasuna. «Aitita-amamek umeen zaintzan eta heziketan egiten duten lana eskertzen du. Baina haien lana al da hori? Ez zuten horrelakorik egin beharko administrazioak benetako zerbitzu soziohezitzaileak eskainiko balitu».

Fernandezek ez du zalantzarik izan. Berdintasuna, erantzukidetasuna eta kontziliazioa bultzatzeko neurri garrantzitsuena falta du planak: aitatasun eta amatasun baimenak orekatzea. «Betikoa aipatzen dute: telelana, ordutegi malguak eta enparauak. Baina ez du jotzen gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren oinarrira». Haren ustez, enpresariek norbait kontratatu behar dutenean gizonezkoaren alde egingo dute beti. «Ama izan edo ez, enpresariek uste dute andreak arrisku handiko eskulana garela, obulu hankadunak. Nork egingo ditu zaintza lanak? Emakumeek!».

Gaur egungo egoera zein den azaldu du. Umea jaio eta aste bira, aita lanera itzultzen da, eta ama zaintzen geratzen da etxean, «per secula seculorum». Lanaldi murrizketak eta baimenak ere andreek eskatzen dituztela nabarmendu du. Espainiako legediak hamasei asteko amatasun baimena jasotzen du; horietatik sei transferiezinak dira. Aitatasun baimena, berriz, bi astekoa da. 2007ko Espainiako Berdintasun Legeak lau astera luzatzea onartu zuen, baina neurria ez dago indarrean oraindik. Aiten %84k hartzen dute bi asteko baimena. Zazpigarren astetik hamaseigarrenera artekoak aitei eman diezazkiekete amek. Baina aiten %1,72k bakarrik onartzen dute. «Zelan esango du gizon batek lanean umea zaintzeko baimena hartuko duela? Gure gizarte honetan, lana galduko luke». Horregatik uste dute iraupen bereko baimen transferiezinak behar direla halabeharrez.

Konponbide eta eredu

Proposamena landu, eta Espainiako Kongresura eroan zuten. Alderdiek oniritzia eman zioten, baina hitz hutsean geratu zirela salatu du Fernandezek. Hamazortzi asteko baimena proposatu dute. Lehen bi asteak bi gurasoek batera hartuko lituzkete. Gero, beste hamasei aste izango lituzke bakoitzak, batera edo txandaka hartzekoak. Horietatik sei hartzera behartuta leudeke bi gurasoak. Hamazortzigarren astera arte geratzen direnak ere biek izango lituzkete, eta nahi izanez gero hartzekoak lirateke.

Fernandezek dioenez, egungo gizonen eta andreen arteko berdintasunerako garrantzitsua ezik, etorkizuneko belaunaldientzat ere eredugarri izango litzateke neurria. «Umeek ikusten dute amak zaintzen dituela, eta, handitzean ere, alabak amaren ereduari segituko dio». Ostera, aita ere zaintzaz arduratzen dela ikusiz gero neska zein mutilentzat jarraibide bihurtuko dela deritzo.

Amurriok zalantza du planak ama izatera animatuko ote dituen andreak. Haren ustez, Espainiako hauteskundeei begira egindakoa da. Batetik, umeen pobrezia bukatzeko neurriak jasotzen ditu. Bestetik, abortuaren legea dela-eta haserretu zaizkion talde kontserbadoreak «lasaitzeko» erabil dezakeela uste du.