“Begira zer gertatu zaizun zuri, imajinatu futbolariok armairutik aterako bagina!”

“Normala da futbol jokalariak armairutik ez ateratzea. Begira zer gertatu zaizun zuri, imajinatu guri zer gertatuko litzaigukeen!”. Andrés Iniesta Bartzelonako kapitainaren hitzak dira, homosexuala dela publikoki adierazi eta eraso homofoboak jasan dituen Jesús Tomillero arbitro andaluziarrari esanak. Adierazpenek piztu duten eztabaidatik harago, Espainiako Liga jokatzen hasi zenetik izandako 15.000 futbolarietatik nolatan ez da gayrik agertu? Edota zergatik ez zen azkenean argitara atera euren sexu-joera publiko egiteko prest zeuden Lehen Mailako sei jokalariei (tartean Realeko eta Athleticeko hainbati) buruzko artikulua? Gako batzuk, segidan.

iniesta

Iniestaren hitzek hainbat internauten haserrea eragin dute: aitzakiak jarri ordez, eliteko jokalari homosexualek publikoki aurpegia ematea garrantzitsua litzatekeela uste dute, normalizazioaren mesedetan, eta ume askorentzako erreferentzia direlako. Beste batzuen iritziz, ordea, intimitatearen esparruari dagokion gaia da eta jokalariek ez dute zertan horren berri eman.

Kontuak kontu, gizonen futbolean ikusezina da homosexualitatea. Arbitro andaluziarrak berak esan zuen, armairutik irten zenean: “Gay asko dago ezkutuan Espainiako futbolean, baita Lehenengo eta Bigarren mailetan ere. Diskriminatuak izateko beldur dira eta ulertu dezaket. Baina nik jada ez dut beldurrik”. Handik bi hilabetera, arbitro izateari utzi behar izan zion, publikoaren eraso homofoboengatik eta ez duelako Andaluziako eta Espainiako federazioengandik inolako babesik sentitzen.

Gaia jorratzen duen erreportaje interesgarri honetan, hiru gako nagusi aipatzen dituzte: kluben eta futbol munduko erakundeen presioa, ikusle askoren jarrera intolerantea, eta futbolarien bizitza pribatua espektakulu bilakatzen duten hedabideak.

Kluben presioa, edo nola gelditu zuten argitalpen deserosoa

Klub eta erakundeek egiten duten presioaren erakusle, 2008an Zero aldizkarian homosexualak zirela agertzeko prest zeuden Lehen Mailako sei jokalarien kasua. Azkenean bertan behera geratu zen artikulua, klubetatik bai aldizkariak bai jokalariek eurek jaso zituzten presioengatik. “Futbolariek gogo handia zuten egiteko, baina kluba da agintzen duena, zelaira ateratzen edo bazter batean uzten dituena”, dio aldizkariko kazetariak. “Futbola oso mundu kontserbadorea da eta gayrik ez balego bezala jokatzen dute. Beldur handia dute, interes ekonomiko handiak daude tartean”.

Harmailetan, zirko erromatar inpunea

Partidua ikustera joaten diren zaleen artean irainik errepikatuenak homofoboak izatea (“marikoia!” da kuttunenetakoa) ez da kasualitatea. Ikusleek edozer esan arren duten inpunitatea salatzen dute erreportajean, eta gehitzen dutenez, irain arrazistekin egiten hasiak diren bezala eraso homofoboak zigortzen ez dituzten bitartean, gayak bistaratzeko oztopo handia izaten jarraituko du horrek. Beste herrialde batzuetan ohituta omen daude harmailetan ortzadarraren bandera ikustera, ez ordea Espainiako Ligan.

Hedabideen fribolitatea

Azkenik, hainbat hedabideren jokabidea kritikatzen du erreportajeak: futbolarien bizitza intimoa dutelako jomuga eta inongo errespetu eta duintasunik gabe sexu-joerari buruzko zurrumurruak zabalduz kaltea besterik ez dutelako egiten.