Azkenean, herrian ezkontzen ahalko da arrangoitzeko gay bikotea

Ipar Euskal Herriko Hitza

Arrangoitzeko auzapezak iragarri du bere ordezko batek ezkonduko duela gay bikotea. Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen (LGBT) Askapenerako Nazioarteko Eguna da gaur.

Arrangoitzeko auzapezak eta kontseilariek egindako bilera baten ostean, auzapezaren ordezko batek onartu zuen barda gay bikotea ezkontzea. Hala iragarri zuen Jean-Mixel Colo auzapezak ohar batean. Eta, horrenbestez, ekainaren 17an ezkontzeko eskatu zuen Arrangoitzeko gay bikotea herriko etxean ezkondu ahalko da. Ez dute hautetsiaren izena jakinarazi.

Gay_Pride_festa_Miarritzen-300x199

LGTB kolektiboak larunbatean Miarritzen egindako manifestazioa. / BOB EDME

Bikoteak auzapezaren aurkako salaketa jarri du egunotan, «homofobia diskriminazioa» pairatzen duelako. Maiatz amaieran sexu bereko pertsonak ezkontzearen aurka azaldu zen Colo, sutsu. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian indarrean sartu berri den lege berria ez zuela beteko agindu zuen. Astelehenean, Baionako suprefetarekin bilera izan zuen auzapezak. Bileraren ostean, 150 jarraitzailek baino gehiagok txalo artean hartu zuten Colo. Ipar Euskal Herriko Antifaxisten Sareak deiturik, berriz, elkarretaratzea egin zuten sexu berekoen eskubideen alde. Bi taldeen artean liskarrak izan ziren.

Bestalde, Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboko kideek suprefetarekin bilera izan zuten atzo Baionan, Arrangoitzeko gay bikotearen aferaz hitz egiteko.

Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen (LGBT) Askapenerako Nazioarteko Eguna da gaur eta hainbat ekimen burutuko dituzte Euskal Herrian gaindi. Ipar Euskal Herriari doakionez, iragan larunbatean ospatu zuten Harrotasun Martxa Miarritzen ehundaka herritarrek.