Sexu bereko bi pertsona ezkontzeari uko egin dio Arrangoitzeko auzapezak
Heldu da lehen ukoa. Arrangoitzeko auzapezak, Lapurdin, ezetz erran dio herriko etxean ezkondu nahi zuen sexu bereko bikote bati. Lehen uko publikoa da.
UMPko kidea da Jean-Michel Colo, Arrangoitzeko auzapeza. Kazeta.info atariak jakinarazi du berria, eta erantsi du Coloren errana, espero duela “beste auzapez anitzek” ere hark bezala egingo dutela. Colok adierazi du prefetari ere jakinarazi diola bere erabakiaren berri.
Ezkontzak ez dituztela eginen erran dute bederen hamabi auzapezek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Axuantei utziko diete zeregin hori batzuek; bertze batzuek erran dute ez dutela halako ezkontzarik eginen.
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legez onartu zituen Frantziako Parlamentuak joan den apirilaren 24an. Eztabaida luzea izan zen, eta iskanbila handiak eragin zituen nola parlamentarien artean, hala herritarren artean ere.
Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman zion legeari, eta maiatzaren 18an aldarrikatu zuen François Hollande presidenteak. Espero izatekoa da lehen ezkontza Hendaian eginen dutela, heldu den ekainaren 15ean.