Homosexualitatea: arauen barnean, hobe
Gurasoei kontatzeko ezintasuna, lagunengandik jasotako mespretxua, irainak… Jarrera homofoboak ugariak dira gizartean, eta urteak joan, urteak etorri, joerak ez du zertan onera egin: gazteen artean ere gay, lesbiana, bisexual eta transexualen aurkako jarrerak badira, eta horixe erakutsi du Miarritzeko Atlantika Lizeoko zenbait ikaslek berriki eginiko ikerketak.
Homofobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, hain zuzen, eta egunaren bueltan eman du ikerketa ezagutzera Ipar Euskal Herrian LGTBI kolektiboaren eskubideen alde aritzen den Les Bascos elkarteak. 2014ko otsailetik abendura egin dute azterlana, Ipar Euskal Herriko sei ikastetxetan. 604 neska-mutilek hartu dute parte, eta hainbat joera adierazgarri erakusten dituzte ateratako datuek. Erraterako, gazteek onarpen maila handiagoa dutela gay eta lesbianen ezkontzari dagokionez orokorrean homosexualitateari buruz baino.
Ikusgarritasunean dago, nolanahi ere, lehenbiziko hutsunea: galdekaturiko gazteetatik, %62k baino ez dute ezagutzen pertsona homosexual bat, adibidez. Irain homofoboei dagokienez, bertzalde, lautik hiruk baieztatzen dute noizbait laidoren bat entzun izana, eta lautik batek, erregularki.
Heteroarauaren menpe
Lagun batek sexu bereko norbaitekin harremanak izan dituela erranez gero, egoeraren arabera ezberdinak dira gazteen erreakzioak: sexu bereko pertsona bikotekidetzat duela aitortuz gero, adibidez, %28k erantzuten dute lagunagatik poztuko liratekeela. Harekin ezkonduko dela entzunez gero, berriz, %43 poztuko lirateke. Eta haurrak adoptatzeko asmoa erakutsita, azkenik, %65ek animatuko lukete laguna. Ondorio argia ateratzen dute hortik ikerketaren egileek: heteroarautik hurbil dagoen bizitza izan nahi duten homosexualek onarpen handiagoa dute bertzelako bizi ereduak hautatzen dituztenek baino. Bikoterik ez dutenei buruz ez diete galdetu.