Apirilak 6, Asexualitatearen Ikusgarritasunaren Nazioarteko Eguna

Asexualitatearen nazioarteko egunean, aldarrikatu nahi dugu asexualitatea ez dela ez fase bat, ez moda bat ezta zentzugabeko aldarri bat ere.

Kataluniako Asexualen Elkarteak iaz argitaratutako manifestuaren hitzok ekarri nahi ditugu gaurkoan:

“Sistema kapitalista, patriarkal eta heteronormatibotik kanpo dagoen sexualitate eta afektuez hitz egin nahi dugu. Sistema horrek ez baitigu uzten erabakitzen gure gorputzaz eta gure desiraz. Zalantzan jartzen dugu sexua betebehar bat den sistema hau, non harremanak gorputzen kontsumoaren bidez egituratzen diren: lanerako kontsumitzen dira gorputzak, erreprodukziorako, besteen desirak asetzeko. Geure desiraren jabe izan nahi dugu, eta afektuak beste modu batean antolatu nahi ditugu, familia nuklearraren esparrutik harantzago zabaldu nahi ditugu zaintzak, baita baliabideak pribatizatu eta jendarte indibidualistak sortu nahi dituzten harreman-sistemetatik harantzago ere.

Derrigorrezko sexualitatearen aurka egiten dugu, mendeetan zehar gure gorputzaren eta desiraren gaineko autonomia galtzea eragin baitu. Zapalkuntza- eta jabetza-egiturak mantendu dituen amatonormatibitatearen aurka borrokatu nahi dugu. Sexualitate normatibotik harantzago dagoen desira aldarrikatzen dugu, hipersexualizaziotik eta desira normatibotik harantzago dauden gorputzak. Bizitza sostengatu nahi dugu desira normatiboaren esferatik harantzago, kapitalismotik harantzago.”