EHGAMen komunikatua, maiatzaren 17ko egunean
LGBTFOBIAREN AURKAKO EGUNAREN HARIRA
Ehgamek irakurketa bat egin beharrean ikusi du bere burua, azken asteotan jazo diren hainbat
gertakarik sortutako ezjakintasunezko egoera deseroso, mugitu eta mediatikoen aurrean. Beste
behin ere, hainbat komunikabidek gure bizitzen gaineko mediatizazio ikaragarria biziarazi izan
digute. Komunikabide batzuek morboa sortzeko duten neurrigabeko behar horrek geure bizitzak,
geure harremanak, geure gozamena eta geure askatasuna jopuntuan jarri ditu. Shock doktrina
etengabean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, beldurraren marko amaiezinean. Beldurraren marko
amaiezin hori, gainera, geure kolektiboaren baitako kide batzuek ere babesten dute eta ondorioz,
geure praktika sexualen estigmatizaziora batzen dira.
Zalantzaz beteriko asteak izan dira: informazio andana eta kontrajarria aurkeztu dizkigute. Oraindik
orain, hainbat kontu ez daude argi azken hilabeteotan Bilbon gertatu diren hilketen inguruan. Dena
dela, batzu batzuk bai topatu dute bidea: bidea biktimak estigmatizatzeko, bidea sare digitaletan
ligatzea estigmatizatzeko; bidea, azken finean, praktika sexual konkretu batzuk estigmatizatzeko eta
hala, LGTBI kolektiboa estigmatizatzeko.
Hainbat sektorek aukera txikiena ere ez du galdu arrazismoa agerian uzteko; eta arrazismo hori
plazaratzeko aukera aprobetxatu dute askok norberaren erru eta lotsak ezkutatzeko. Atxilotutako eta
espetxeratutako ustezko erasotzailearen gain kokatu dute LGTBIfobiaren karga guztia, beste oro,
jendartea bera, alegia, LGTBIfobikoa izango ez balitz bezala.
Bien bitartean, ez dakigu gertatutako hilketa hauek eraso homofoboak diren ala ez. Jakin badakigu,
ordea, estruktura homofobo baten baitako erasoak izan direla eta estruktura homofobo horrek
ahalbidetu egin dituela; izan ere, jendarte homofobo honen barne soilik uler daiteke, geure hainbat
kidek ezkutuan eta semi-klandestinitatean burutu behar izatea sexu praktika batzuk: geure praktika
sexualak. Armarizatuak dauden kideak, trans pertsonok… geure sexualitatea modu librean
gozatzeko zailtasunak edota ezintasunak ditugu, bizi dugun gizartea LGBTIfobikoa delako. Egoera
horrek are zaurgarriago egiten gaitu.
Aipatu behar baita, erlazio aske eta sanorik gabe, zaila dela elkar zaintzea. Tartean, zaila izan ahal
da esaterako lagun bati edo senide bati kontatzea sarean ezagututako beste pertsona batekin gelditu
garela sexua praktikatzeko. Zaintzarik gabeko espazio horrek babesgabe uzten gaitu gerta
daitezkeen egoeren aurrean.
Zelatatu egiten gaituzte, geure praktika sexualek eta geure existentziek beren estruktura normatiboa
kolokan jartzen dutelako. Horrexegatik, erasotzen gaituzte, hain zuzen ere; horrexegatik, hain zuzen
ere, hiltzen gaituzte; eta horrexegatik, hain zuzen ere, gure hilketak justifikatzen dituzte.
Emakumeek* jasandako erasoen kasuan, sarri entzun behar izan ditugu justifikazio hutsalak beren
janzteko moduagatik edota jarrerengatik. Azken hilabetetako kasuotan ere, hainbaten ahotatik
entzun behar izan ditugu sareetan ligatzearen albo-kalteen inguruko justifikazio hutsalak; tabernetan
edota diskoteketan ligatzea seguruagoa izango balitz bezala. Geuretzat, LGTBI pertsonentzat eta
emakumeentzat* orokorrean, ligatzea ez da segurua, ez saretan, ez tabernetan, ez inon. Bortizkeriaz
inguratuta bizi gara, guretzat segurua ez den sistema zisheteropatriarkalean bizi baikara. Horrek
ordea ez gaitu kikilduko. Geure bizitzak garatzen, gozatzen eta konpartitzen jarraituko dugu; tokiak
eta espazioak konkistatzen eta eraikitzen jarraituko dugu.
Azkenaldian indartzen ari diren diskurtso atzerakoiak (eskuina, ultraeskuina, diskurtso transbaztertzaileak…),
gure askatasunaren eta bizitzaren aurkako mehatxu zuzena dira.
Komunikabideetan, parlamentuetan eta kaleetan diskurtso hauek bide ematen diete emakumeen*
aurkako, migranteen aurkako, pobreen aurkako eta LGTBI pertsonen aurkako narratibei eta horien
ondorioz, erasoak gero eta ugariagoak dira; erasotzaileek babesa topatzen baitute diskurtso horietan
euren ekintzak zuritzeko garaian. Halaber, arestian aipatutako egoera eta eraso LGBTIfoboak ere
diskurtso atzerakoi hauen ondorio dira, jakina.
LGTBI pertsonok bide bakarra dugu: saretzea, artikulatzea, zaintzea, antolatzea; borrokatzearen
bidea. Geure bizipenek, geure praktikek, geure maitasunek eta geure identitateek lekua, tokia,
espazioa izan behar dute, eta leku toki eta espazio hori hartu egingo dugu, herriz herri eta auzoz
auzo. Sexu askapena ordea ez da soilik guri dagokigun kontua, jendarte osoaren aldarrikapen behar
du izan. Zishetero pertsonek ere isiltasuna alde batera utzi eta lubaki honen parte izan behar dute.
Horretara deitzen ditugu, euren askatasunak ere badirelako kolokan daudenak. Badugu denok
hitzordua, baditugu hitzorduak, herriz herri eta auzoz auzo ari dira antolatzen maiatzaren 17rako
deialdiak. Ehgamek deialdi horietan guztietan parte hartzera deitzen du. Askatasunez biziko garen
etorkizuna dugu xede, eta horretarako, Euskal Herrian egunez egun sexu askapenerantz pausuak
ematen jarraituko dugu.
Sexu disidente zaren hori,
Jendarte askea nahi duzun hori,
…maiatzaren 17an kalera!!