Posts

Homofobiaren aurkako neurriak hartzea eskatuko zaie auzapezei

Ipar Euskal Herriko Hitza

Gutun bat bidaliko die Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboak Ipar Euskal Herriko auzapezei, homofobiaren aurka engaiatzeko eskatuz. Gay eta lesbianei begira diren diskriminazioen eta erasoen aurkako mezua dakarten afixak emanez zein homofobiaren aurkako mozio bat bozkatuz, molde ezberdinez mezua zabaltzeko eskatzen die kolektiboak. Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren kari antolatu ekintzetan parte hartzea galdetuko die ere.

Gay eta lesbianen ezkontzaren aurkakoak

Gay eta lesbianen ezkontzaren aurkakoak

Nahiz beren burua ez-homofobotzat jo, gay eta lesbianentzako ezkontza eskubidearen aurka kokatu ziren Ipar Euskal Herriko hamabi auzapez. Horiei ere bidaliko die gutuna: “Beren burua ez daukate homofobotzat, ikusiko dugu beraz zer eginen duten”. Hala ere, ezkontza errefusatuko dutenik ez du uste Beñat Gachen kolektiboko kideak: “Legea hor da, ezingo dute errefusatu; herriko kontseilari baten esku utziko dute ardura”. Baina beste zalantza bat du: herri txikietan gay eta lesbianak ausartuko ote dira ezkontzen? Hori galdera inportanta dela dio.

Maiatzaren 17an mobilizaturik

Kolektiboari doakionez, Baionako Autre Cinema aretoan gaualdi bat antolatuko dute maiatzaren 17rako. Bertaratzeko deia egin diete herritarrei: “Egun horretan herritar orok salatu beharra du mila aurpegikoa den homofobia”. Azken hilabeteetan areagotu homofobiaz oso kezkaturik da kolektiboa: “Homofobia bortitz eta konplexurik gabekoaren adierazpena ahalbidetu dute erlijio-hierarkiek eta muturreko alderdi politiko kontserbadoreek bultzatu manifestazioek”. Legea pasa izana ospatu zuten dozenaka lagunek asteazkenean Baionako herriko etxe aitzinean

Bi gizon ezkondu eta legea bete du Arrangoitzeko Herriko Etxeak

Ipar Euskal Heriko Hitza

Zinegotzi batek ezkondu ditu, herriko auzapezak betebehar horri oldartu eta uko egin ondoren luzaroan

ezkontza

Asteetako ika-mikaren ondotik, atzo lortu zuen ezkontzea Arrangoitzeko bikoteak. / GAIZKA IROZ

ean-Michel Martin eta Guy Martineau-Espelek lortu dute azkenean ezkontzea. Lapurdin ezkondu ziren, atzo, 17:30ean, Arrangoitzeko Herriko Etxean. Jean Michel Colo Arrangoitzeko auzapezak ezarritako traba guztiak gainditu ditu bikoteak, Frantziako legeak aitortzen dien ezkontza eskubidea betearaziz. Frantzian sortuak dira bi gizonak, baina hitz batzuk euskaraz egin zituzten, azken asteotan Ipar Euskal Herrian jaso duten sostengua eskertzeko.

Izan ere, Frantziako Parlamentuak maiatzaren 18an onartu zuen sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eskubidea. Naturaltasunez, Martin eta Martineau-Espelek herriko etxera jo zuten, beren eskubidea baliarazteko. Auzapezak, ordea, argi adierazi zien ez zuela legea beteko. Baina adierazpenetik ekintzetara pasatu zen auzapeza, eta, bikoteak ezkontza eskaria ez egin ahal izateko, herriko erregistro zibila itxi zuen.

Martineau-Espelek eta Martinek hainbat elkarteren sostengua ukan zuten hastapenetik. Bertzeak bertze, Les Bascos elkarteak lagundu zuen bikotea legezko prozedura betetzen, bikoteak deliberatu zuelarik auzitegian salaketa ezartzea. Ipar Euskal Herriko hainbat taldek ere egin zuten ezkontza eskubidearen alde, hala nola EH Bai, LAB, CGT, PC, Berdeak, Planing Familialek eta hainbat talde feministek.

Adierazpen ugari egin arren, auzapezak ez zuen legerik urratu erabakia ekintzetara eraman artean. Horrela jakinarazi zuen Patrick Dallennes Baionako suprefetak, BERRIAri eta Ipar Euskal Herriko euskal hedabideei emandako elkarrizketan.

Frantziako agintariek berehala erran zuten ez zutela onartuko legea urratzea. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak adierazi zuen Auzapezak ezkontza ez egitea deliberatzen bazuen «zigor handiak» ukanen zituela. Vallsen hitzen garrantziaz ohartzeko, bilkura batera deitu zuen suprefetak Colo. Jakinarazi zion legea urratzen segitzen bazuen kargutik ken zezakeela. Horrekin batera, isun handiak ordaindu beharko zituela ere zion ezagutarazi suprefetak, Vallsen aginduz. Bost urteko espetxe zigorra eta 75.000 euroko isuna har zezakeen zigortzat. Gibelera egitea deliberatu zuen auzapezak. Hautetsi batek onartu du egitea ezkontza.

Vallsek gogoratu zuen ezkontza legearen oinarria ez dela aldatu 1804az geroztik eta auzapez batek, edo ordainean herriko etxeko zinegotziek ezin diotela uko egin, ezkontza eskaria egin duen bikoteko kide bat bederen herri horretan bizi bada. Nabarmendu zuen lege horrek ez duela salbuespenik onartzen.

Eskuineko auzapez eta zinegotzi batzuen sostengua ukan zuen Colok. Baita Marc Aillet Baionako apezpikuarena ere. Kontzientzia eragozpena baliatzeko asmoa zuten hautetsien adorea goretsi zuen apezpikuak.

Azkenik, bikoteak saihestu du sortu den zirimola mediatikoa, eta egiazki lortu nahi zuena egin ahal izan du: ezkontzea. Sostengua adierazi dieten guztiei esker ona adierazi diete.

Azkenean, herrian ezkontzen ahalko da arrangoitzeko gay bikotea

Ipar Euskal Herriko Hitza

Arrangoitzeko auzapezak iragarri du bere ordezko batek ezkonduko duela gay bikotea. Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen (LGBT) Askapenerako Nazioarteko Eguna da gaur.

Arrangoitzeko auzapezak eta kontseilariek egindako bilera baten ostean, auzapezaren ordezko batek onartu zuen barda gay bikotea ezkontzea. Hala iragarri zuen Jean-Mixel Colo auzapezak ohar batean. Eta, horrenbestez, ekainaren 17an ezkontzeko eskatu zuen Arrangoitzeko gay bikotea herriko etxean ezkondu ahalko da. Ez dute hautetsiaren izena jakinarazi.

Gay_Pride_festa_Miarritzen-300x199

LGTB kolektiboak larunbatean Miarritzen egindako manifestazioa. / BOB EDME

Bikoteak auzapezaren aurkako salaketa jarri du egunotan, «homofobia diskriminazioa» pairatzen duelako. Maiatz amaieran sexu bereko pertsonak ezkontzearen aurka azaldu zen Colo, sutsu. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian indarrean sartu berri den lege berria ez zuela beteko agindu zuen. Astelehenean, Baionako suprefetarekin bilera izan zuen auzapezak. Bileraren ostean, 150 jarraitzailek baino gehiagok txalo artean hartu zuten Colo. Ipar Euskal Herriko Antifaxisten Sareak deiturik, berriz, elkarretaratzea egin zuten sexu berekoen eskubideen alde. Bi taldeen artean liskarrak izan ziren.

Bestalde, Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboko kideek suprefetarekin bilera izan zuten atzo Baionan, Arrangoitzeko gay bikotearen aferaz hitz egiteko.

Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen (LGBT) Askapenerako Nazioarteko Eguna da gaur eta hainbat ekimen burutuko dituzte Euskal Herrian gaindi. Ipar Euskal Herriari doakionez, iragan larunbatean ospatu zuten Harrotasun Martxa Miarritzen ehundaka herritarrek.

Arrangoitzeko auzapezaren erabakiak zer esana utzi du

Ipar Euskal Herriko Hitza

Arrangoitzeko auzapezak, Jean-Michel Colo-k, sexu bereko bi gizonen ezkontza ezeztatzearen erabakia hartu ostean, erreakzio asko izan dira. Sare sozialetan auzapezaren dimisioa eskatu da ere.

herriko etxea

Arrangoitzeko Herriko Etxea

 

Ostiralean Colo auzapezak harturiko erabakiaren aitzinean, Colette Capdevielle diputatuak bere desadostasuna adierazi du eta Lionek Beffre prefetari gutun bat bidali dio, Arrangoitzeko auzapezari legea aplika dezan eskatuz. “Legea, legea da, aplikatu behar da gustoko izan ala ez, bestela edozer gauza gerta daiteke”. Capdeville-k larritzat jotzen du Colo-ren erabakia, auzapezen jarrera eredugarria izan behar dela gaineratuz.

SEXU_BEREKOEN_ARTEKO_EZKONTZA-150x150

LGBT Les Bascos elkarteak bere aldetik ere “legea aplikatu” behar dela adierazi du. Beñat Gachen lehendakariak erran ahal izan duenez le Journal du Pays Basque egunkariari, beste gutun bat bidaliko diote prefetari eta baita Manuel Valls Barne Ministroari eta Christiane Tauriba Justizia Ministroari.

 

Aipaturiko egunkariak jakinarazi duenez ere, Lionel Beffret-ek, prentsa agiri baten bidez adierazi du, Arrangoitzeko auzapezak eta orohar auzapeza guziek “errepublikako legeak errespetatu behar dituztela”.

Sexu bereko bi pertsona ezkontzeari uko egin dio Arrangoitzeko auzapezak

Ipar Euskal Herriko Hitza

Bederen hamabi auzapezek iragarria dute ez dutela sexu bereko pertsonarik ezkonduko, baina hau da lehen ukoa.

herriko etxea

Arrangoitzeko Herriko Etxea

 

Heldu da lehen ukoa. Arrangoitzeko auzapezak, Lapurdin, ezetz erran dio herriko etxean ezkondu nahi zuen sexu bereko bikote bati. Lehen uko publikoa da.

 

UMPko kidea da Jean-Michel Colo, Arrangoitzeko auzapeza. Kazeta.info atariak jakinarazi du berria, eta erantsi du Coloren errana, espero duela “beste auzapez anitzek” ere hark bezala egingo dutela. Colok adierazi du prefetari ere jakinarazi diola bere erabakiaren berri.

 

Ezkontzak ez dituztela eginen erran dute bederen hamabi auzapezek Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Axuantei utziko diete zeregin hori batzuek; bertze batzuek erran dute ez dutela halako ezkontzarik eginen.

 

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legez onartu zituen Frantziako Parlamentuak joan den apirilaren 24an. Eztabaida luzea izan zen, eta iskanbila handiak eragin zituen nola parlamentarien artean, hala herritarren artean ere.

 

Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman zion legeari, eta maiatzaren 18an aldarrikatu zuen François Hollande presidenteak. Espero izatekoa da lehen ezkontza Hendaian eginen dutela, heldu den ekainaren 15ean.